menu

#BonitaSimbiosis, Club de Creativos elkartearen 2018ko topaketaren goiburua

Gaurkotasuna / 25 urtarrila, 2018

Club de Creativos de España (c de c) elkartearen hurrengo c de c topaketa apirilaren 12tik 14ra izango da, Kursaalen, #BonitaSimbiosis goiburupean. Kontzeptu horren bidez, harreman berriak ezartzen lagundu nahi zaie komunikazioko profesionalei, konponbide berriak aurkitzeko.

Aurreko urteetan bezala, c de c 2018 topaketaren antolatzaileetako bat Facebook da, eta San Sebastián Turismo & Convention Bureau, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ditu laguntzaile.

c de c egunen zuzendari Guillermo Viglionek c de c 2018 topaketaren aurkezpenean esan du profesional guztiei zuzenduta dagoela topaketa, ez bakarrik sortzaileei, eta jende desberdina elkartuta soilik atera daitezkeela ideia desberdinak eta «ustekabeko erreakzioak». c de c elkarteko presidente Uschi Henkesek hausnarketarako foro ireki bihurtzearen ideian sakondu du.

Hiru egun

c de c 2018 hiru egunez izango da, eta 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu; besteak beste, hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak eta erakusketak. Haietako gehienak Kursaalen izango dira, eta, topaketari amaiera emateko, Espainiako Sormenaren Sari Nazionalak banatuko dira. Iaz, 1.800 profesional baino gehiago izan ziren topaketan, eta aurten 2017ko kopurua gainditzea espero da.

Besteak beste, hauek hartuko dute parte c de c 2018 topaketako hitzaldietan: Fernando Machado, Burger Kingeko Marketineko presidenteorde nagusia; Kazuhiro Shimura, Dentsuko sormen-zuzendaria; Kevin Brady, Droga 5 taldeko sormen-zuzendaria; eta Carl Jonhson, Anomalyren sortzailea, bazkidea eta zuzendari exekutiboa. Horretaz gain, apirilaren 13an, ostirala, Happy Films filma estreinatuko da, Stefan Sagmeister diseinatzailearena. Sagmeister ere Donostian izango da filma aurkezteko.

Hitzaldiez gain, bi solasaldi ere izango dira. Bata sektoreko enpresetan lana eta familiako bizitza bateragarri egiteari buruzkoa da; c de c elkarteak Más Mujeres Creativas elkartearekin batera antolatu du, eta, besteak beste, hauen partaidetza izango du: Mónica Moro, McCanneko sormen-zuzendari nagusia; Chacho Puebla, Lola Mullenloweko sormen-zuzendari exekutiboa; Laura Sampedro, Wieden+Kennedy agentziako sormen-zuzendaria; eta Guillermo Viglione, Dimensióneko presidentea eta sormen-zuzendari exekutiboa. Beste solasaldian, berriz, hainbat sortzailek Madrilen, Parisen eta Londresen egindako hiru mahai-ingurutan atera dituzten ondorioak ezagutuko dira.

A eguna

Hirugarren urtez jarraian, apirilaren 12an, osteguna, A eguneko lan-mahaiak izango dira, arratsaldez. A egunean, sortzaileen eta iragarleen arteko harremana lantzen da. Lan-mahaiak egiten diren bitartean, zenbait tailer egingo dira, bertaratzen diren guztien interesei erantzuten saiatzeko. Besteak beste, gai hauek landuko dira: taldeetako lidergoa, berrikuntza, eta agentziek bezeroekin ezarri behar duten harreman berria.

 

Yuja Wang pianojole gaztea “munduko ganbera orkestrarik onena”rekin batera arituko da

Gaurkotasuna / 12 urtarrila, 2018

Chamber Orchestra of Europe Claudio Abbadok sortu zuen 1981

Yuja Wang-en musika egiteko moduak publiko berriekin nahiz zaletu sutsuekin egiten du bat eta bereziki jarraitzaile gazteak erakartzen ditu.

 

Yuja Wang da gaur egun nazioartean proiekziorik handiena duten pianistetako bat, eta bigarrenez bisitatuko gaitu orain, 2011ko emanaldiaren ondoren, musikari guztiz famatua bihurtuta. Prestakuntza klasiko sendoa du, birtuosismo erabatekoa, sekulako energia, pasioa, sentikortasuna, era guztietako publikoekin sintonizatzeko erraztasuna… Bere karisma eta presentzia xarmangarriagatik, poparen estetikagandik hurbilago dago, musika klasikoarengandik baino, eta hala, Yuja Wang-en kontzertuak musika-festa bat izaten dira, zentzu guztietan.Oraingo honetan munduko ganbera-orkestrarik hoberenetako bat delakoan hartzen denari laguntzen dio, Europako Ganbera Orkestrari, zeina maisurik handienek zuzendu baitute, nola diren Abbado, Harnoncourt, Haitink edo Jurowski. Obra guztiz erakargarriak dauzkan programa bat dakarte: besteak beste, Beethovenen 1. piano-kontzertua  eta Mendelssohnen-en Udako gau bateko ametsaren suite instrumentala.Haydn baten eta Mozart baten eragin estilistiko bikoitza agertzen da Beethovenen 1. piano-kontzertua, baina ez litzateke zuzena izango ez aitortzea hartan Beethovenen aztarrenak, ongi sumatzen baitira erdiko mugimenduan: lied moduko bat da, pianoaren partea nagusitzen dena, bai melodian, bai apaingarrietan. Mendelssohn Poitierseko elezaharrean eta Melusinaren ipuinetan inspiratzen da. Sugearen antzekoa bihurtzeko boterea zeukan maitagarria eta printzesa zen Melusina hau, eta Mendelssohnek Melusina Ederra oberturarako erabili zuen. Aitzakia bat besterik ez da, egiazko euskarri literariorik gabea; baina  Udako gau bateko ametsa  obrak badu euskarri hori, Shakespeareren testuak inspiratzen baitu musikagilea, lehenbizi 1826an, 17 urte besterik ez zuela, obertura ezaguna konposatu zuenean, eta 15 urte geroago, gainerako eszena-musika idatzi zuenean. Teknika helduagoa bada ere, ideiak lehen bezain gazteak dira, eta, hala, bi parteak elkarren osagarri ezinhobeak gertatzen dira.

Yuja Wang-ek aukera egokia izango du inondik ere bere baliabide guztiak erakusteko programa ixten duen Chopinen Andante spianato interpretatuz,  Polonesa distiratsu eta handientsuarekin kontraste bizia sortzen duen edertasun handiko orria.

YUJA WANG, pianoa
CHAMBER ORCHESTRA OF
EUROPE
Astelehena 15 Lunes / 20:00
50 / 40 / 32 / 26 / 12 €

 Sarrerak erosi