menu

“Las bodas de Fígaro”, BBC Philharmonic eta Juanjo Mena 78 Musika Hamabostaldian Kursaalean

Gaurkotasuna / 27 apirila, 2017

BBC Philharmonic Juanjo Menaren zuzendaritzapean, operaren berreskuratzea “Las bodas de Fígaro”rekin eta lau ospe handiko orkestra internazional dira, beste batzuen artean, abuztuaren 1etik 30era izango den 78 Musika Hamabostaldiko berritasun nabarmenenak.

Kursaal Auditoriorako diseinatu den programa BBC Philarmonic-en bi kontzerturekin zabalduko da. 2011az geroztik bere zuzendari titularra den Juanjo Menaren gidaritzapean ariko da orkestra britainiarra (abuztuak 3 eta 4). Mena gasteiztarraren konpromezu sendoa du BBC Philarmonic-ek, hain justu Hamabostaldian lehen aldiz parte hartuko duen orkestra britainiar handienetarikoa. Hala, abuztuaren 3ko programan Berliozen “Sinfonia fantastikoa” interpretatuko du, eta jarraian Elgarren “Biolontxelorako Kontzertua”, Asier Polo bakarlariaren partehartzearekin. Hurrengo egunean Donostiako Orfeoia izango du bidelagun orkestra britainiarrak “Fidelio” operaren eszenarik gabeko moldaketa eskaintzeko. Londreseko Proms-ak eta Musika Hamabostaldia elkarlanean ariko dira Beethovenek idatzitako opera bakarraren kontzertu-bertsio honetan.

Iazko edizioan izandako arrakastaren ondotik, Balthasar-Neumann-Abesbatza eta Bakarlariak & Balthasar-Neumann-Ensemblek Kursaaleko bigarren hitzordu sinfonikoa sinatuko dute aurten. Hamabostaldiko publikoak bigarrenez entzun ahal izango ditu bi taldeak (abuztuak 19) Thomas Hengelbrock maisu alemaniarraren esanetara.

Hain zuzen ere, beste meza bat bilakatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren egitarauaren protagonista (abuztuak 21): Haydn-en “Nelson”, musikagile austriarraren lan sinfoniko-koral handienetakoa, orain arte jaialdian interpretatu gabea. Antzinako musikan aditua den Paul Goodwin-en batutapean ariko da orkestra, eta bere osotasunean eskainiko den barrokoaren pieza bitxi batekin emango dio itxiera emanaldiari, hots, Haendel-en “Musika Urtarra”-rekin.

Asian Youth Orchestrak hartuko du EOSen lekukoa Kursaal Auditorioan. Asiako musikari gazte gailenak biltzen dituen orkestra lehen aldiz aurkeztuko da aurtengo Musika Hamabostaldian (abuztuak 23), musikari gazteekin trebatu den James Judd zuzendari britainiarraren aginduetara.

BBC Philarmonic eta Asian Youth Orchestrarekin batera, Orcheste Philarmonique du Luxembourg izango da aurtengo edizioan estreinakoz ariko den beste orkestretako bat. Bi egitarau ezberdin dakartza taldeak: Lehenengo saioak, (abuztuak 25) XIX. eta XX. mendeko musika errusiarrari eskainiak. Bigarren emanaldian (abuztuak 26) Donostiako Orfeoia izango du lagun Verdiren “Messa da Requiem” entzutetsuari ekiteko. Bi kontzertuetan 2015/16 ekitaldiaz geroztik bere zuzendari titularra den Gustavo Gimeno-ren batutapean jardungo du orkestrak. Juanjo Mena eta Pablo Heras-Casado bezala, nazioarteko agertokietan arrakasta lortzen ari den espainiar zuzendarien belaunaldi berriaren protagonistetako bat da Gimeno balentziarra.

Egitarau sinfonikoari itxiera emango dioten azken bi emanaldiak AEBko talde batek sinatuko ditu, Cincinnati Symphony Orchestrak. Ospakizunerako aitzakia izango da Hamabostaldiarentzat, izan ere, 1996an jaso baizuen azkenekoz amerikar kontinentetik heldutako orkestra baten bisitaldia, Cleveland-eko Orkestrarena, alegia. Oraingoan, eta Louis Langrée zuzendari titularraren esanetara, Cincinnati Symphony Orchestrak 78.

Musika Hamabostaldiak opera antzeztuarekin izan ohi duen hitzordua berreskuratu du 78. ediziorako eta W.A. Mozarten sorkuntzarik interesgarrienetakoa, eta gaur arte jaialdian interpretatu gabekoa dakar: “Figaroren Ezteiak” (abuztuak 13 eta 15). Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza ariko dira Yi-Chen Lin Taiwaneko zuzendari gaztearen batutapean. Hain justu, Hamabostaldian emakume bat zuzendari gisa jardungo den lehen aldia izango da hau.

Azkenik, Kursaal Auditorioan urtero egiten den dantza-saioan, Víctor Ullateren Balleta eta haren “Carmen” ikuskariaz gozatu ahal izango dugu.

Sarreren salmenta

Sarreren salmenta ekainaren 1ean hasiko da, Kursaaleko leihatiletan eta www.quincenamusical.eus -en.