Gaurkotasuna / 28 martxoa, 2017

78. Musika Hamabostaldiko kartel berrian, Manu Muniategiandikoetxeak sortua, agertoki gainean zintzilik dagoen uztai konzentrikoz osatutako eskultura abstraktua ikus daiteke. Alexander Rodchenkoren sail bateko 9. artelanean arnas hartutako pieza abstraktua da, 78. Musika Hamabostaldiak irudi izango duen kartelaren abiapuntua. Egileak, Manu Muniategiandikoetxea margolari eta eskultoreak (Bergara, 1966), hamar urtetik gora daramatza artista errusiarraren artelan honekin lanean: “Rodchenkoren pieza horretan inspiratzen diren eta modu ezberdinetara berrinterpretatzen duten marrazki, margolan eta eskultura ugari dauzkat, baina pieza hau berezia da, arraroa, amaitugabeko artelan bat, barnealdean piezak falta dituen eskultura osatugabea dirudielako. Dena den hutsune hori, erdialdean marko batek inguratuta bezala gelditzen den espazio hori, nik gogoko dut, gertatzeke dagoena, gertatzea espero duguna irudikatzen bait du eta horixe bait da, hain zuzen ere, musika; Musika Hamabostaldia bera”. Eskultura, elkar lotzen eta elkar gurutzatzen diren egurrezko bost uztai konzentrikok osatzen dute. Ozta-ozta igartzen den burdinazko hari bat bitarteko dela, pieza zintzilik ageri da jaialdiaren datuek osatzen duten habetik (78 Quincena Musical / Musika Hamabostaldia / Abuztua 1-30 Agosto / 2017 / Donostia-San Sebastián), eta gainaldetik datorren argi indartsu batek bere itzala agertoki batean irudikatzen du: “Nere ustez, kartelaren zati garrantzitsu bat da itzala: musikari eta Musika Hamabostaldia berari forma eman nahian sortu dudan pieza abstraktua gorpuzten bait du itzal horrek, ikusten ez badira ere hor daudela sumatzen diren agertoki batean eta publiko baten aurrean”. Kartel honekin Manu Muniategiandikoetxea Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artisten zerrenda luzean sartzen da non, besteak beste, izen hauek ageri diren: Eduardo Chillida, Vicente Ameztoy, José Luis Zumeta, Cristina Iglesias Manu Muniategiandikoetxeri buruz gehiago Manu Muniategiandikoetxea lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako pintura eta eskultura espezialitateetan. Erakusketen eremuko ibilbidea  1989. urtean urratu zuenetik, bakarkako nahiz taldekako hainbat erakustaldi egin ditu. Era berean, modu aktiboan parte hartu du lehiaketa eta sariketeta ezberdinetan, aitorpen ugari lortuz. Bere lanetan, Muniategiandikoetxea ikertzaile nekaezin bat bezala agertzen da. Historiografiaren iturrietara sarritan jotzen du eta bere intereseko diren beste artista batzuen lanak disekzionatzen ditu, haien poetikak maileguan hartu eta bere sorkuntza lanetan berrinterpretatzeko. Artistak honela azaltze du sorkuntza hau: “Gisa honetako lanei ekiterakoan, lehen lehenik egiten dudana era guztietako informazioa jasotzea da: norentzat den kartela, zeini zuzentzen zaion…. Era berean, kasu konkretu honetan, Hamabostaldiko kartelen historia ere aztertu dut, kartel ezberdinak gauzatu dituzten artistetan erreparatuz eta horietako bakoitzak bere artelana ebazteko enplegatutako teknika ikertuz. Eta behin informazio hori guztia barneratuta, osagai guztiak bildu, lapikoan sartu eta su geldoan sukaldatu ostean, lehen proposamenak itxuratzen hasten dira”.

Sevillako Orkestra Barrokoak Bachen “Brandenburgoko kontzertu” ezagunak ekarriko ditu Kursaal Eszenara

Alemandar musikagilearen obraren 300. urteurrenean. Abenduaren 2an, ostegunarekin, Sevillako Orkestra Barrokoa Kursaal Auditorioan ariko da, Kursaal Eszenaren  musika klasikoko atalaren baitan. Alfonso Sebastiánek zuzenduko duen emanaldiarekin, orkestrak bat egiten du Bachen Brandenburgoko Kontzertu ospetsuen hirugarren […]

Marizak Amália, fadoaren diva handia omenduko du Kursaal Eszenara bueltan

Azaroaren 30 asteartean, Mariza, egungo portugaldar ahots handia bezala aitortua, Kursaal Eszenara bueltan da ospakizun bikoitza izango den kontzertuarekin: eszenatokietan daramatzan hogei urteak ospatzearekin batera, Amália, fadoaren ahots ospetsua jaio zenaren mendeurrena ere ospatuko du. […]

Mozartland o cómo dar a conocer la figura de Mozart y su música a niños y niñas a partir de 3 años, de la mano de Kursaal Eszena

Mozartland kontzertu-ikuskizunean gonbit egiten zaio publikoari hezur-haragizko bi haurrek interpretatzen dituzten Mozarten eta bere arreba Nannerlen jolas-gelan eser dadin. Han, hari eta flauta laukote batek zuzenean interpretatuko duen Mozarten musikaren erritmora, hiru antzezlek Salzburgeko jenio […]