menu

Sir Neville Marriner zuzendari zendu berriari eskainiko dio Cadaqueseko Orkestrak bere kontzertua

Gaurkotasuna / 21 urria, 2016

Programa honetan, luxuzko bakarlari bat aurkeztuko da: Grammy bat irabazi berri duen Augustin Hadelich biolinista.

Donostiara etortzekoa zen britaniar zuzendaritzaren ezin eztabaidatuzko irudia, fonografia guztiko musikaririk emankorrenetako bat, Sir Neville Marriner, zendu delarik, Jaime Martín espainiar flautista eta zuzendariak ordezkatuko du kontzertu honetan. Aipatu kontzertua, datorren igandean izango da, urriak 23an, arratsaldeko 19:00etan Kursaal Auditorioan.

Programa abian jartzeko, “Alphonse et Leonore” balletaren obertura eskainiko da, Fernando Sor musikagile eta gitarrista katalanarena, zeina orobat baita ezaguna bere gitarra-metodoagatik eta tresna honentzako duen ekoizpen guztiz oparoagatik ere. Sorrek balletaren generoa landu zuen 1821 eta 1826 bitartean, seguru asko Felicité Hullin dantzariarekin izan zuen harremanaren ondorioz. Dozena bat ballet konposatu zituen, baina lau bakarrik heldu dira gugana. Era honetan, kontzertu honetan sorkuntza baliotsu horietako bat entzuteko aukera izango dugu. Sor-en konposizioarekin batera, lehenengo zatian Mendelssohnen biolinerako 2. kontzertua entzungo da. Instrumentu honen errepertorioko funtsezko obra da, gehien interpretatzen den kontzertuetako bat, eta ezaguenetakoa. Zailtasun tekniko handiak dituen obra da, eta interpretearen aldetik joaldi erabat kontrolatua eskatzen du, bai adierazpenean, bai partiturak eskatzen dituen distira-efektuetan, eta leku guztiz berezia hartzen du biolinerako literatura erromantikoan. Programa honetan luxuzko bakarlari bat aurkeztuko da gainera: Grammy bat irabazi berri duen Agustin Hadelich, hain zuzen ere.

Beethovenen 2. sinfonia 1802an idatzi zen, eta, Grove ingeles musikologoak dioenez, hauxe da “Antzinako Erregimenaren gailurra, iraultzaren aurrekoarena, Haydn eta Mozarten ondoren, puntu horretatik abiatuko baitzen Beethoven beraren aurretik inor sartzen ausartu ez zen munduetara”. Urte kritikoa izan zen musikagilearentzat, gorreria golpetik larriagotu zitzaiona, eta suizidatzea ere bururatu zitzaion; gogo-egoera horrek, ordea, ez zuen izan islarik musika honetan, gainezka egiten duen poz baten notak baitaude pasarte askotan.

Cadaqueseko Orkestra
Jaime Martín, zuzendaria
Agustin Hadelich, biolina
Urriak 23 Igandea / 19:00
51 / 41 /33 / 27 / 12 €

carrito Sarrera erosi