menu

Jordi Savallek zabalduko du Kursaal Eszenako kontzertu-denboraldi berria, cervantesen eta “on kixote”ren musikekin

Gaurkotasuna / 8 urria, 2016

Datorren igandean, urriak 9 (19:00), hasiko da Kursaal Eszenako denboraldi berria, antzinako musikaren ordezkaririk garrantzitsuenetako bat izateaz gain, da gamba biolaren interpreterik hoberenetakoa den Jordi Savallen eskutik. Miguel de Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrena betetzen den honetan, idazlearen “Bidaia, amets eta utopietan” arnas hartutako programa eskainiko du. Horretarako La Capella Reial de Catalunyako ahotsak eta Hespèrion XXI taldeko instrumentuak izango ditu alboan. Jordi Boixaderas aktoreak berriz, On Kixoteren ibilerak errezitatuko ditu.

Miguel de Cervantesen garaiko musikek eta haren “On Kixote” obran aipatzen direnek osatuko dute Jordi Savall musikari katalanak igande honetan, urriak 9, Kursaal Auditorioan eskainiko duen kontzertuaren muina. Kontzertu honekin abiaraziko da, gainera, Kursaal Eszenak denboraldi berrirako atondu duen kontzertu-eskaintza zabala. Hasierako kontzertu hau gorpuzteko, Savall-ek berak sortutako bi formazio izango ditu lagun: duela hainbat hamarkadaz geroztik Europako musika historizistaren esparruan talde esanguratsuenetakoak diren La Capella Reial de Catalunya eta Hespèrion XXI hain zuzen ere. Errezitatzaile lanetan berriz, Jordi Boixaderas bikoizketa-aktorea ariko da.

Filologoa izateaz gain Cervantesen ondarean aditu ere baden Francisco Ricok azaltzen duen bezala: “Cervantesen liburuek deskribapen ugari eskaintzen dituzte (baita letrak ere), bere garaiko bizimoduan musikak zuen presentziaz. On Kixotek berak badaki musikaz zerbait, eta praktikan ere moldatzen da. Musika akzio edo jokaera konkretu bat bezala agertzen da beti, nobelaren argumentuaren parte bezala. Jordi Savall-ek asmatu du, beraz, kontzertu hau Cervantesen bizitzako pasarteekin eta On Kixoteko zatiekin gorpuzterakoan, melodiari narrazio-dimentsioak eman nahian bezala, eleberrigilearen beraren erara”.

Hau horrela, Cervantesen liburuetan azaleratzen diren kantu eta dantza modalitateen lagin bikaina izango da igande honetan Savall-ek Kursaalen eskainiko duen kontzertua: romantzeak eskainiko dira, segidillak, zarabandak, txakonak, villanoak…..

Jordi Savall (Igualada, 1941) musikariak ibilbide luze bezain aberatsa du musika historikoak errekuperatzen. Kontzertu ugari eskaintzen (140 inguru) eta 6 grabazio inguru egiten ditu urtero eta, modu honetan garbi uzten du antzinako musikak ez duela zertan elitista izan eta adinez geroz eta anitzagoa eta ugariagoa den publikoari interesatzen zaiola gainera.

JORDI SAVALL
La Capella Reial de Catalunya / Hespèrion XXI
Jordi Boixaderas,
errezitatzailea
Urriak 9 igandea / 19:00
“Miguel de Cervantes: Bidaiak, ametsak& utopiak