menu

Prime Timen atal pilotua estreinatuko da ostiralean Kursaaleko terrazan

Gaurkotasuna / 8 iraila, 2016

Donostia 2016k erronka bat ezarri zuen: posible al da Europako kulturan oinarritutako kalitatezko telebista saio bat izatea PrimeTime ordutegian?
Pixel ekoizpen-etxeak, galdera horri erantzunez “La Cápsula” izeneko saioa garatu du.
Ostiralean izango da pilotuaren estreinaldia Kursaal kanpoaldean antolatu den ekitaldi ireki batean.

Donostia 2016k telebistak hezkuntzaren eta kulturaren arloan duen ahalmena nabarmenduko zuen proiektua jarri zuen abian, hedabide nagusian emititzen diren edukiei buruzko hausnarketa bultzatuz. Xede horrekin jaio zen Prime Time. 2015eko ekainan deialdi ireki bat egin zitzaien nazioarteko ekoizpen etxeei telebista formatu berritzaile baten formatua aurkezteko, beti ere, kultura ardatz hartuta, audientzia handieneko ordutegira egoki zitekeen formatua.
Jasotako proposamen guztien artean irabazlea izango zena erabakitzeko nazioartetik iritsitako epaimahai bat izan zen gurean; Jan Salling (FRAPA Internacional-eko presidentea); Natalie Wogue (Ascendo TV); Triona Campbell (Be Active) eta Bertrand Villegas (The Wit). Bi egunez jasotako proposamenen inguruan hitz egin ostean, Pixel ekoiztetxearen “La Cápsula” formatua izan zen hautatua, eta horren atal pilotua sortzeari ekin zioten.

“La Cápsula”

Pixelek denboraren kapsularen kontzeptua sortu zuen etorkizuneko belaundaliengan hausnarketa sustatzeko ideian oinarrituta. Hain zuzen ere, hau izan zen Pixelek proposatutakoa: Europar gizartearen isla diren objektuak, testigantzak eta kontzeptuak kapsula batean sartzea, hori Donostiako lekuren batean lurperatzea eta 30 urte barru berau ateratzea.
Horren emaitza 28 ataleko telebistarako formatu bat izan da. Atal bakoitzean, kultur arloko pertsona garrantzitsu batek “aurkeztuko” du eta haren egitekoa, Europar Batasuneko 28 herrialdetako batera bidaiatzea izango da. Bertan, zazpi eguneko apean, lurralde hura identifikatzen duen objektu bat topatu beharko du. Objektu hori denboraren kapsulan sartuko da, eta gero, beste 27 objekturekin batera lurperatuko da (formatua erosten duen katearen herrialdearen arabera).
Horretarako, “aurkezleak” herrialdean barrena bidaiatu beharko du, hango biztanleekin biziz. Atal pilotuan, luxuzko protagonista batek hartu du parte: Kimberley Tell aktore, kantari eta Arte Ederretan lizentziadunak. Beste lan batzuen artean, Ulrike-ren papera egin zuen “Buscando el norte” telesailean.

Estreinaldia, Kursaalen

Bihar, ostirala, arratsaldeko 18:30etatik aurrera antolatu den ekitaldi ireki batean estreinatuko da “La Cápsula”. Sorpresaz betetako ekitaldia izango da, non, hiritarrek modu aktibo batean parte hartuko ahalko duten ondorengo galdera honi erantzunda: Zer sartuko zenuke denboraren kapsula batean?

Egitaraua:

18:30 Musika / Garagardo barra, freskagarriak eta food truck-ak
19:30 Sara Cozarren zuzeneko aurkezpena (Kimberley Tell-en parte hartzearekin)
20:00 Lehenengo kapituluaren proiekzioa “La Cápsula: Polonia” (54 min)
22:00 DJ Zuhaitz – Set funky electro disco

EITBk, Donostia 2016 Fundazioaren media partner ofizialak, udazken aldean estreinatuko du atal pilotua, eta horrela abiaraziko da proiektu honen azken etapa: munduko ikus-entzunezko merkatu garrantzitsuenean aurkeztea, Cannes-ko MIPCOMen hain zuzen ere, Eiken Basque Audiovisual-en eskutik.