menu

Kursaal biltzar-jauregiaren balantzea 2015: Susperraldia finkatu da

Gaurkotasuna / 11 otsaila, 2016

Negozio-bolumena % 4 hazi da 2014ari dagokionez eta, autofinantziazioari eutsita, % 8 handitu da superabita aurreko urtekoarekin alderatuta

Aurreko ekitaldiak finkatu egin du 2014an Kursaalen jardueran izandako susperraldia, negozio-bolumena (Kursaal Eszena aintzat hartu gabe) handitu egin baita, 3,3 milioira arte (hots, % 4 gehiago). Oraingoan ere, autofinantziazioari eutsita, superabita 502.034 euro handitu da, hau da, aurreko urtean baino % 8 gehiago.

Balantzea oso positiboa da. Haren oinarri nagusia da biltzarren arloko jarduerak % 22 handitu dituela salmentak, eta biltzarren nazioartekotasun-mailari ere eutsi zaiola (biltzar guztien % 33 izan dira nazioartekoak).

Bestalde, gogoan izan behar da Kursaalek autofinantziazioa darabilenez, ez duela ekarpen publiko ekonomikorik behar izan hamazazpi urtez jarraian, ateak zabaldu zituenetik, hots, 1999an.

44 milioiko eragin ekonomikoa

Donostiako biltzar-jauregiak susperraldi- eta finkatze-egoeran ematen dio amaiera ekitaldiari. Testuinguru horretan, esanguratsua da aipatzea, baita ere, jarduerak eragin ekonomiko handia izan duela Donostian eta Gipuzkoan, hain zuzen ere, 44 milioi eurokoa.

Zifra garrantzitsu horretara iristeko, nabarmentzekoa da iaz zenbait biltzar handi egin zirela, besteak beste, hauek: PSIK (nanoteknologiari buruzkoa), 1.100 pertsonakoa eta nazioartekoa; Geriatriako Biltzar Nazionala, arloko mila profesional baino gehiago bildu zituena; eta Medikuntza Intentsibo eta Kritikoko eta Unitate Koronarioetakoa (SEMICIUC), ia 1.500 pertsonakoa. HIESaren Biltzar Nazionalak eta Ugalketaren Biologiakoak ere mila ordezkari baino gehiago izan zituzten.

2015eko gertakarien artean nabarmentzekoa da, baita ere, bezeroen gogobetetasun-mailak markak hautsi dituela, 8,76ko batez besteko puntuazioa lortu baitu.
Bestalde, Kursaaleko zuzendari nagusi Iker Goikoetxea Espainiako Biltzar Jauregien Elkarteko (APCE) presidenteorde izendatu zuten urtarrilean. Elkarteak estatu osoko 33 azpiegitura biltzen ditu, eta kide diren biltzar-jauregien interes komunak defendatzea eta ordezkatzea du helburu.

Handitu egin da Kursaal Eszenaren kontzertuetara etorritakoen batez besteko kopurua

Kulturaren arloan aipagarriena da handitu egin dela Kursaal Eszenak programatutako kontzertu eta ikuskizunetara etorritakoen batez besteko ehunekoa (tokien % 75).

Guztira 119 ikuskizun kultural egin ziren, eta haietatik 23 Kursaal Eszenak programatu zituen. Azken horien artean daude, besteak beste, Morodo eta Neneh Cherry, James Taylor, Marseillako Balleta, Joe Satriani, Londreseko Orkestra Filarmonikoa eta Dantza Konpainia Nazionala. Jende asko erakarri zuten, baita ere, Musika Familian ataleko haurrentzako hiru ikuskizunek: “Suzko Txoria”, “El pájaro prodigioso” eta “Zirku soinua”.

Sustatzaile pribatuen kontzertuei dagokienez, bete egin zuten auditoriuma hauek: Sergio Dalma, Estrella Morente, Joan Manuel Serrat, Leo Harlem eta Kubako Balleta (“Beltxargen aintzira”). Haurrei izugarri gustatu zitzaizkien “Disney Live” eta, ohi bezala, “Pirritx, Porrotx eta Marimotots”.

EOSen ordainpeko denboraldiko kontzertuek, Hamabostaldikoek, Heineken Jazzaldikoek eta Zinemaldiko proiekzio zinematografikoek osatzen dute 2015eko atal kulturala.

Estreinaldia: “Kursaal besaulkirik gabe”

Kulturaren arloan aipatzekoa da, halaber, K espazioaren estreinaldia, “Kursaal besaulkirik gabe”, kontzertu gazte eta informalagoetarako. Arrakasta handiz estreinatu zen, azaroan, Morodo eta Neneh Cherryren ikuskizunetarako.

Morodoren reggae eta hip-hopak eta pop-ikono Neneh Cherryren azken lanaren aurkezpenak eman zioten hasiera gazteentzako ekimen berri honi. Zuzeneko bi kontzertuok K gunean egin ziren. Eremu gardena da, besaulki eta formalismorik gabea, zenbait motatako musikaz hobeto gozatzeko.

Hogei biltzar 2016rako

2016an hogei biltzar izango dira Kursaalen. Hauek dira nazioartekoetako batzuk: Hizkuntza Aniztasunaren Europako Gailurra, Donostia-San Sebastián 2016 ekimenaren esparruan; Umeen eta Nerabeen Psikiatriako Biltzarra (AEPNyA), 800 pertsonakoa; eta XXII. CIDEU Biltzarra (Hiri Garapen Estrategikoko Zentro Iberoamerikarra), “Hirien etorkizuna: erronka handiak” lelopean.

Bereziki aipatzekoa da, aurten, eta datozen bi urteetan, Club de Creativos elkartearen egoitza izango dela Kursaal. Elkarteak estatu osoan dihardu, eta Publizitate Sormeneko Sari Nazionala banatzen du. Aurtengo ekitaldiak publizitatearen arloko 800 bat profesional bilduko ditu.

Biltzar mediko nazionalen artean hauek aipa daitezke: Alergologia (1.000 profesional inguru), Podologia (700 bat espero dira), Gineonkologia (500 baino gehiago), GESIDA (HIESa Aztertzeko Taldea; 600 profesional) eta Neuroraquis.

Hauek ere aurreikusita daude: Gastronomika, Administrazio Publikoen Kudeaketa, Endodontzia, Justizia Leheneratzailea, etab.; guztira, 20 bat.
2016ko biltzar eta azoka nagusiak

Biltzarrak

• Neuroraquis Biltzarra (250 pertsona)
• CIDEU (400)
• Club de Creativos (500) XIII. Sormen Lehiaketa (Día C) eta VII. Sortzaileen eta Iragarleen arteko Topaketa (Día A)
• LH Biltzarra (apirila)
• IX. Administrazio Publikoen Kudeaketako Biltzarra (200)
• Osasun Eskolen Jardunaldi Nazionalak
• Nerabezaroa, aukerez betetako garaia
• Umeen eta Nerabeen Psikiatriako Biltzarra – AEPNyA (800)
• Podologiako Biltzar Nazionala (700)
• Justizia Leheneratzaileko Biltzarra (300)
• LH Biltzarra (ekaina)
• San Sebastián Gastronomika (1.000)
• Alergologiako Biltzar Nazionala – SEAIC (1.000)
• Endodontziako Biltzar Nazionala – AEDE (400)
• Gineonkologiako Biltzar Nazionala (550)
• Laneko Traumatologiako Biltzarra – SETLA (300)
• GESIDA Biltzarra (600)
• Hizkuntza Aniztasunaren Europako Gailurra (Donostia-San Sebastián 2016)
Azokak

• Playmobil
• Sevatur 2016, turismoaren azoka handia (18.900)
• Stock Azoka (13.000)
• III. DonostiArtean (4.000)
• San Sebastián Gastronomika (12.000)
• Gipuzkoako Ezkontzak (1.500)
• Graduondokoen eta Hizkuntzen EspecializaT Aretoa