menu

Bihar jarriko dira salgai Kursaal Eszenako denboraldi berrirako sarrerak

Gaurkotasuna / 8 iraila, 2015

o Salmenta puntuak honakoak izango dira: sarrerak.kursaal.eus, entradas.diariovasco.com eta Kursaaleko leihatilan

Kursaal Eszenak dozena bat kontzertu atondu ditu bere denboraldi berrirako. Denboraldia irailaren 30an hasiko da, itzal handiko Joe Satriani gitarrista estatubatuarrak eskainiko duen kontzertuarekin eta berrikuntzen artean aipatzekoa da, izpiritu gazte eta informaleko kontzertu-ildo berria.

Morodoren reggae eta hip-hop nahasketa bereziak (azaroak 7) eta pop arloko ikono den Neneh Cherry musikariaren azken lanak (azaroak 28) emango diote hasiera gazteei zuzendutako ekimen berri honi. Bi zuzenekoak Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan egingo dira baina eserlekurik gabe, formalismoak baztertuta, musikaren gozamena errazte aldera.

Denboraldiak, musika herrikoien atalean, Estatu Batuetako beste gitarrista esperientziadun baten bisita, Marc Ribot eklektikoarena (azaroak 15), eta euskal musikari eskainitako “Donostia kantuan” hitzordu kolektiboa (azaroak 27) hartuko ditu.

Esparru klasikoan, berriz, bost proposamen egingo dira; Vladimir Jurowskik zuzenduta London Philharmonic Orchestrak eskainiko duen errepertorio sinfonikotik hasi (urriak 9) eta Euskal Barrokensemblek gerturatuko digun antzinako musika arterakoak (urtarrilak 17). Gainera, Christian Zacharias pianista (azaroak 18) eta Dantza Konpainia Nazionala (azaroak 26), azken hau “Carmen” oinarri hartuta egin duen produkzio berrriarekin, bueltan izango dira. Esparru hau maisulan batek osatuko du; Gabrieli Consort taldeak interpretatuko duen Haendel-en “El Mesías” lanak (abenduak 22) hain zuzen.

Musika Familian izenpean etxeko gazteenentzat prestatzen den ohiko programazioak, azkenik, bi hitzordu izango ditu:”Zirku Soinua!” (urriak 24) eta “El Pájaro prodigioso” (abenduak 14).

Programazio berri honek pasa den ekainean amaitu zen denboraldia osatzen du. 2015eko lehen sei hilabeteetan hamabi kontzertu eskaini ziren, %70eko okupazioa eta 11.450 ikus-entzule lortuz.

Informazio gehiagorako gure web gunea kontsultatu dezakezue
http://www.kursaaleszena.kursaal.eus/es/