menu

Kursaal Eszena: Hamabi hitzordu eta musika norabide berriak gazteei begira

Gaurkotasuna / 31 abuztua, 2015

Kursaal Eszenak dozena bat kontzertu atondu ditu bere denboraldi berrirako. Denboraldia irailaren 30an hasiko da, itzal handiko Joe Satriani gitarrista estatubatuarrak eskainiko duen kontzertuarekin eta berrikuntzen artean aipatzekoa da, izpiritu gazte eta informaleko kontzertu-ildo berria.

Morodoren reggae eta hip-hop nahasketa bereziak (azaroak 7) eta pop arloko ikono den Neneh Cherry musikariaren azken lanak (azaroak 28) emango diote hasiera gazteei zuzendutako ekimen berri honi. Bi zuzenekoak Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan egingo dira baina eserlekurik gabe, formalismoak baztertuta, musikaren gozamena errazte aldera.

Denboraldiak, musika herrikoien atalean, Estatu Batuetako beste gitarrista esperientziadun baten bisita, Marc Ribot eklektikoarena (azaroak 15), eta euskal musikari eskainitako “Donostia kantuan” hitzordu kolektiboa (azaroak 27) hartuko ditu.

Esparru klasikoan, berriz, bost proposamen egingo dira; Vladimir Jurowskik zuzenduta London Philharmonic Orchestrak eskainiko duen errepertorio sinfonikotik hasi (urriak 9) eta Euskal Barrokensemblek gerturatuko digun antzinako musika arterakoak (urtarrilak 17). Gainera, Christian Zacharias pianista (azaroak 18) eta Dantza Konpainia Nazionala (azaroak 26), azken hau “Carmen” oinarri hartuta egin duen produkzio berrriarekin, bueltan izango dira. Esparru hau maisulan batek osatuko du; Gabrieli Consort taldeak interpretatuko duen Haendel-en “El Mesías” lanak (abenduak 22) hain zuzen.

Musika Familian izenpean etxeko gazteenentzat prestatzen den ohiko programazioak, azkenik, bi hitzordu izango ditu:”Zirku Soinua!” (urriak 24) eta “El Pájaro prodigioso” (abenduak 14).

Programazio berri honek pasa den ekainean amaitu zen denboraldia osatzen du. 2015eko lehen sei hilabeteetan hamabi kontzertu eskaini ziren, %70eko okupazioa eta 11.450 ikus-entzule lortuz.
Kursaal Eskura

Kursaal Eszenak aurrera segiko du, denboraldi honetan ere, Kursaal Eskura proposamenarekin. Ekimen honen helburua, Donostiatik urrutien dauden udalerrietako zaletuei Kursaal Eszenak antolatzen dituen kontzertuak eskura jartzea da. Gaurdaino Antzuola, Arrasate, Bergara, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako publikoak izan du aipatu ekimenaz gozatzeko aukera baina, denbora asko baino lehen, ekimena herri gehiagotara zabaltzea espero da.
Kursaal Eskura, Kursaal Eszena eta Gipuzkoako hainbat udalerriren arteko elkarlanaren emaitza da, eta doaneko autobus zerbitzua jartzen du, Kursaal Eszenak antolatutako kontzertuetara etortzeko interesa duten zaletuen eskura. Autobusak aurrez aipatutako herrietatik atera eta, behin Kursaaleko kontzertu/ikuskizuna amaitutakoan, berriz ere jatorrizko herrietara bueltatzen dira.

Abonuak eta Sarrerak
Abonuak saltzeko epea, esparru klasikoko kontzertuetarako bakarrik, datorren ostirala arte, irailaren 4 arte, zabaldu da. Hainbat denboralditan abonudunen zenbateko osoak murrizketa txikiak izan baditu ere, denboraldi berriari begira aurreratu daiteke joera hori alderantzizkoa izango dela.

Bestalde denboraldi berriko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta irailaren 9an hasiko da. Sarerrak Kursaaleko leihatilara gerturatuta edota Kursaal zentroko webgunean (www.sarrerak.kursaal.eus) erosi ahal izango dira.

Salbuespen bezala aipatu, Joe Satrianiren kontzerturako sarrerak uztailean jarri zirela salgai. Salmenta erritmo onean doa eta, gauzak horrela, datozen asteotan kontzertu honetarako edukiera handitu egingo da.