menu

Sara Barasek “Voces” ikuskizunaren bigarren saio bat eskainiko du Musika Hamabostaldiaren baitan

Gaurkotasuna / 10 uztaila, 2015

Sara Barasen “Voces” izan da 76. Musika Hamabostaldiko egitarauan sarrerak agortu dituen lehen ikuskizuna. Abuztuaren 20rako aurreikusitako saioak ikus-entzuleen artean sortu duen ikusmina kontuan hartuta, bigarren emanaldi bat eskainiko da abuztuaren 21ean, ostiralean (20:00, Kursaal Auditorioa).

Abuztuaren 21eko saio berri hori ikusi eta entzun ahal izateko sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Musika Hamabostaldiko web orriaren bidez eskura daitezke (www.quincenamusical.eus).

Sara Baras bera arduratu da “Voces” ikuskizunaren gidoiaz, zuzendaritza eszenikoaz eta koreografiaz, eta ikuskariaren beste zenbait atalen sorkuntzan ere esku hartu du dantzariak. Cadizeko artista polifazetikoak, harengan eragin nabarmena izan duten maisu handiei -hala nola, Paco de Lucia, Camaron de la Isla, Enrique Morente, Moraito, Antonio Gades edota Carmen Amayari- egingo die gorazarre.

Honela, “Voces” ikuskizunaren arrakasta Donostiara helduko da, nazioarteko beste hainbat hiritara -Paris, Mexico DF, New York, Washington, Miami edota Spoletora- iritsi den bezala. Dantza, kantu flamenkoa eta ‘tokea’ ahots bakarrean uztartuko ditu “Voces” ikuskizunak, Sara Barasen eskutik etorriko den eta flamenkoaren maisu handiak gogora ekarriko dituen ahotsean.