menu

Kursaal kongresu jauregiaren 2014 balantzea: Susperraldia

Gaurkotasuna / 3 martxoa, 2015

Jarduera maila, ekitaldi kopuruari dagokionez, % 37 hazi da 2013ari dagokionez; negozio bolumena 3,2 milioira iritsi da eta %15eko hazkundea eta, beste urtebetez, diruzaintza operatiboan superabita ekarri ditu -aurreko urteko emaitza hirukoizten du-. Kursaalen balantzea osatzen duten datu hauek erakusten dutenez, 2014a “susperraldi”-tzat har daiteke ezbairik gabe.

Balantze hau, Donostiako kongresu jauregiak izan duen eta etorkizun hurbilean sendotu nahi duen susperraldi nabarmenaren erakusle dena, aurrez aipaturiko hiru daturen emaitza da, eta orain zehaztuko ditugu datu horiek. Alde batetik, oso nabarmen hazi da jarduera maila; 274 ekitaldi izan dira guztira, 2013an baino % 37 gehiago. Bestetik, fakturazio edo negozio bolumena, Kursaal Eszena kontuan hartu gabe, 3,2 milioi eurora iritsi da, eta aurreko urtean baino %15 handiagoa izan da, Kursaal fundazioa kontuan hartu gabe. Azkenik, 481.005 euroko superabita lortu da diruzaintza operatiboan, eta datu horrek hirukoiztu egiten du aurreko ekitaldikoa.

48 milioi euroko eragin ekonomikoa

Kursaalen 2014ko jarduerak eta bere datu positiboek 48 milioi euroko eragin ekonomikoa dute Donostian eta Gipuzkoan, 428.054 pertsona bertaratu baitira, aurreko urtean baino % 11 gehiago, kultura arlokoak zein bilerak kontuan hartuta (hau da, biltzarkideak, jardunaldi eta konbentzioetako ordezkariak, azoketako bisitariak zein ikuskizun eta kontzertuetako publikoa).

2014ko gertakarien artean nabarmentzekoa da ekitaldi korporatiboak pixkanaka areagotu egin direla, izan ere, nabarmen gehitu dira enpresa batzarrak, eta % 76 hazi dira sektore honetako salmentak (2008az geroztik lortutako zifrarik hoberena da). Bestalde, biltzarren batez besteko tamaina hazi da (623 ordezkari) eta horien herena nazioartekoak izan dira 2014an.

Biltzarren arloan, 2014an nazioarteko lau biltzar egin ziren (Kontrazepzioa, Lanbide Heziketa, Aquaculture eta 28th Symposium on Fusion Technology – SOFT) guztira antolatutako 11 hitzordu profesionaletatik.

 

Kursaalek bezeroen gogobetetze maila altuari eustea ere lortu zuen (10etik 8,3), eta lan arriskuen OSHAS 18.001 ziurtagiria lortu zen, lan arloko prebentzioaren kudeaketa sistemarekiko bat-etortzearen aintzatespen eta erakusgarri gisa.

Datu ekonomikoetatik eta jarduera datuetatik ondorioztatzen diren inpresio on berberak ondorioztatzen dira bi urtez behin Kursaalek Ikerfel Merkatu eta Marketin Estrategikoko Ikerketen Institutuari eskatzen dion inkestatik ere. 2014ko abenduan egindako inkestaren ondorio nagusia da jardueraren ospea eta balorazioa hazi egin direla, eta bertaratzea egonkortu egin dela. Inkestatutakoen % 79k (gipuzkoarrak) Kursaalen jardueraren balorazio positiboa egin dute, eta 10etik 7 ekitaldiren batean izan dira.

Kultura arloko % 40 ekitaldi gehiago

Kultura arloko eskaintza nabarmen hazi da, izan ere, iaz mota honetako % 40 ekitaldi gehiago izan ziren Auditorioan eta Ganbera Aretoan. Guztira 139 izan ziren, eta horietatik 32 Kursaal Eszenak antolatu zituen.

Bertako kontzertuez gain -Kursaal Eszena- eta EOSen ordainpeko denboraldiko ohikoez gain, sustatzaile pribatuek antolatutako ikuskizunen artean honako musikal hauek nabarmentzen dira: “Sonrisas y lágrimas” eta “Los Miserables”, bien artean, ia 15.000 pertsona erakarri zituzten Auditoriora.

Oreka TX-tik hasi eta Raphael eta “Peppa Pig” arte

Erabateko betealdiak eta publiko arrakastak lortu zituzte hainbat talde, abeslari eta komikok. Besteak beste, honako hauek: Les Luthiers,  Oreka TX, Estopa, Andrés Calamaro, Vetusta Morla, Roger Hodson, Leo Harlem eta Raphael. Haurren kapituluan, Kursaal Eszenaren kontzertu didaktikoek ez ezik –Musika Familian–, milaka haur erakarri zituzten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo klasikoek eta 2014an nobedade izan dugun “Peppa Pig”-ek ere.

 

Hamar biltzar 2015erako

Kursaalen egingo dira, 2015eko ekainean, alde batetik, Medikuntza Intentsiboaren, Kritikoaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen 50. Biltzarra (SEMICYUC), 2.000 ordezkarirekin, eta, bestetik, aldi berean, Erizaintza Intentsiboaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen biltzarra.  Ekainean izango da 57. Geriatria Biltzar Nazionala ere, 800 parte-hartzailerekin. PSI-K – Electronic Structure Calculation of Complex Processes in Materials, material berrien, biomolekulen eta nanoegituren simulazio teorikoaren arloko bilera espezializatua, 1.500 ordezkarirekin, urteko hirugarren biltzar nagusia izango da.

Donostiako kongresu jauregian izango dira, 2015ean, ICAE 2015 – Inguratzaile Arkitektonikoei buruzko 7. Nazioarteko Biltzarra, eta Ugalketaren Biologia Aztertzeko Elkartearen (ASEBIR) VIII. Biltzarra, Medikuen, Sendatzaileen eta Terapeuten 4. Biltzarra, HIESari buruzko Biltzar Nazionala eta Terapia Genikoari eta Zelularrari buruzko Biltzarra.

2015eko biltzar eta azoka nagusiak

Biltzarrak

  • Medikuntza Intentsiboaren, Kritikoaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen (SEMICYUC) L. Biltzarra eta Erizaintza Intentsiboaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen (SEEIUC) XLI. Biltzar Nazionala (2.600 ordezkari)
  • San Sebastián Gastronomika 2014 (1.800 ordezkari)
  • PSI-K – Electronic Structure Calculation of Complex Processes in Materials (1.800)
  • 57. Geriatria Biltzar Nazionala (800) eta Euskadiko Geriatria Elkartearen XIV. Biltzarra (200)
  • Ugalketaren Biologia Aztertzeko Elkartearen (ASEBIR) VIII. Biltzarra (500)
  • Medikuen, Sendatzaileen eta Terapeuten 4. Biltzarra (500)
  • ICAE 2015 – Inguratzaile Arkitektonikoei buruzko Nazioarteko Biltzarra (300)
  • HIESari buruzko Biltzar Nazionala (300)
  • Osasun-arloko Zuzendarien Espainiako Elkartearen Biltzarra (300)
  • Terapia Genikoari eta Zelularrari buruzko Biltzarra (300)
  • 5th Young Neurosurgeons Committee Meeting – Neurokirurgialari Gazteen 5. Biltzarra (50)

Azokak

  • Sevatur 2014, turismoaren azoka handia 
  • DonostiArtean
  • 11. Stock azoka
  • SS Gastronomika
  • Kursaal Ezkontzak
  • Unibertsitate Azoka