menu

Europako akuikultura-sektorea Donostian elkartuko da, AZTIk eta EASek antolatutako ekitaldi batean

Gaurkotasuna / 16 urria, 2014

Enpresaburuak, zientzialariak, ekoizleak, teknologia-hornitzaileak eta eragile publiko eta pribatuak elkartuko dira bihartik aurrera, Kursaalean (Donostia), Europako akuikulturaren egoerari buruz eztabaidatzeko eta arrain-eskaera asetzeko proposamenak bilatzeko. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak emango dio hasiera ekitaldiari, eta han izango dira, orobat, Andrés Hermida, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Arrantzako idazkari nagusia; Kjell Maroni, EASeko lehendakaria; eta Rogelio Pozo, AZTIko zuzendari nagusia.

"Aquaculture Europe 2014" ekitaldiak balio erantsia sortzea du xede nagusi; alderdi horixe izango dute ardatz aurreikusitako 24 saioetako askok. Akuikulturak balioa ematen dio gizarteari. Izan ere, aukera ematen die kontsumitzaileei arrain-eskaera gero eta handiagoa asetzeko, eta, era berean, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ditu. Konferentzian, aditzera emango da nola erants dakiekeen balioa akuikulturako produktuei elaborazio-, transformazio- eta ontziratze-prozesuen bidez, eta ekoizpen-prozesuan, teknologia berrien eta jardueraren parametroak hobetzeko prozesuen bidez.
Ekitaldian, akuikulturarekin edo haren produktuekin erlazionatutako nazioarteko enpresen eta produktu komertzialen erakusketa bat ere egongo da, eta, beren azken nobedadeak eta zerbitzuak aurkeztuko dituzte han abangoardiako 100 enpresak baino gehiagok. Halaber, Europako Foroa egingo da: Europako Batzordeko kideak ditu buru, eta EBk finantzatutako proiektu zientifiko garrantzitsuenak aurkezten dira han. Aldi berean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Itsas Haztegiei buruzko Aholku Batzordeak (JACUMAR) bilera egingo du, eta estatuko plangintza estrategikoko gaiak lantzeko aukera izango dute han Arrantzako zuzendariek eta autonomia-erkidegoetako ordezkariek. Nobedade gisa, showcooking bat egingo du Mikel Gallo chefak (Ni Neu jatetxea) kongresuan, eta maila gastronomiko handiko proposamenak prestatuko ditu akuikultura-produktuekin.

Topaketak itsasoko eta ur gezako akuikulturarekin erlazionatutako Europako eragile guztien arteko sinergiak sustatuko ditu, jarduera honi lotutako informazioaren gizarte osora hedatzen lagunduko du, eta ikerketa eta ezagutza zientifikoa bultzatuko ditu. Orobat, administrazioen, sektoreko elkarteen, komunitate zientifikoaren eta sektore honi lotutako pertsona guztien arteko lankidetza hobetzeko ere balioko du (elikagai-industria, ingeniaritza eta abar).
 
Akuikultura, sektore estrategiko bat

Akuikultura sektore estrategikotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak, eta EAEko arrantza-produktuak lortzeko bideak gehitzeko edo dibertsifikatzeko aukera bat da. Era berean, bide ematen du arrain-inportazioen mendekotasuna murrizteko. Iaz, 19.455 tona akuikultura-produktu kontsumitu ziren EAEn; 149,2 milioi euroko negozio-bolumena osatu zuten. Gaur egun, ordea, Europako beste eskualde batzuetatik inportatzen da bolumen hori guztia. Espainia osoan, 295.049 tona ekoitzi ziren —457,3 milioi euroko negozio-bolumena—, eta sektoreak 25.764 pertsonari eman zion enplegua. Europan, urtean 2,5 bat milioi tona ekoizten dira, eta 3.850 bat milioi euroko etekin ekonomikoa ematen du; halaber, zuzeneko eta zeharkako 190.000 bat enplegu sortzen ditu.

Akuikulturatik datorren arrainaren kontsumoa urtean 20.000 tona inguru izan da EAEn azken zazpi urteotan; arrain-kontsumo totalaren % 26 da hori. Pertsonako kontsumoa urtean 33,6 kg da; Espainia osoan, berriz, 28,1 kg. EAEko kontsumitzaileen arrantza-produktuekiko zaletasunari eta EAEko aukera geografiko eta teknologikoei esker, ekonomikoki hazteko aukera handiak ditu akuikulturak.

Akuikultura Garatzeko Plan Estrategikoa (2014-2020)

EAEk Akuikultura Garatzeko Plan Estrategikoa (2014-2020) du, non jarduera honen garapen jasangarrirako jardueraren lerro estrategikoak definitzen baitira, Europar Batasunak sustatzen dituen gainerako ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-estrategiekin bat etorriz. Tokiko plan honen helburuak hauek dira: enpresa-sarearentzako balio erantsi handiko jarduera gisa sustatzea akuikultura, eta arrantza-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko sektoreei laguntzea.

Akuikultura Garatzeko Plan Estrategikoaren xedea da akuikultura-industria jasangarri, espezializatu eta kalitate oneko bat finkatzea, ezagutza tekniko aurreratuena eta berrikuntza teknologikoa oinarri dauzkana. Industria horrek aukera emango du ekonomia dibertsifikatzeko eta landa-eremuak eta kostaldea garatzeko.

AZTI, erreferentea akuikulturaren ikerketan

Oinarri zientifiko aurreratu eta berritzaileena izateko beharraren ondorioz, hiru arlo hauetako irtenbide teknologikoak ikertu ditu AZTIk: akuikulturatik datozen produktu berrien garapena; itsaso zabaleko nahiz lurreko ekoizpen-sistemen/-prozesuen diseinua, garapena eta optimizazioa; eta akuikultura-jardueraren ingurumen-kudeaketa. AZTIk, besteak beste, hainbat espezieri (izokinari, muskuiluari, mihi-arrainari eta abarri) buruzko bideragarritasun-azterketak, produktuen elikagai-kalitatearen azterketak, itsaso zabaleko hazkuntzen hobekuntzak eta ingurumen-kudeaketako azterketak egin ditu akuikultura-industriarako.

Esperientzia horri esker, itsasoaren eta elikagaien ikerketako erreferente bihurtu da AZTI. Sektore horren eta arrantzaren eta arrantza-produktuen eraldaketaren sektoreen eraginkortasuna handitzen laguntzen du zentro teknologikoak, baita itsasoaren eta itsas baliabideen ustiapenarekin zuzenean edo zeharka lotutako jarduera guztiena ere.

OESA Fundazioaren erakusketa

"Aquaculture 2014" ekimenaren barruan, "Akuikultura? Ezagutu ezazu" erakusketa aurkeztuko dute Donostian, eta guztiontzat irekita egongo da gaurtik hasi eta azaroaren bukaerara arte. Erakusketa ibiltari bat da, OESA Fundazioak (Espainiako Akuikultura Behatokia) antolatua, eta haren helburua da herritarrei kalitateko arrain-proteinak ematen funtsezko rol bat betetzen duen sektore estrategiko baten errealitatea eta ikuspuntuak gizarteari hurbiltzea.

Bisitariak hauen berri izango du erakusketan: akuikulturaren jatorria eta gaur egunera arteko historia, ekoizpenaren aldetik izan duen eboluzioa, itsasoko eta kontinenteetako hazkuntzaren berezitasunak eta hazkuntzako espezie nagusiak, produktu horiek gure elikaduran duten rola, I+G+Baren garrantzia eta jarduera honek garapen jasangarrian eta nazioarteko lankidetzan duen garrantzia.

AZTI-Tecnaliari buruzko informazioa

AZTI zentro teknologikoa itsas eta elikagai-berrikuntzan aditua da. 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta 45 herrialdetan baino gehiagotan dihardu, 230 lagunetik gorako aditu-talde baten laguntzarekin. Adituon zeregina da ideiei forma ematea, gero ideiok, produktu eta zerbitzu bilakatuta, enpresa-ekimenak sortzeko, eta natura-baliabideak berreskuratzeko eta zaintzeko balio dezaten.

Ikerketa estrategiko eta aplikatua egiten du nazioartean, Tecnalia Korporazioarekin aliantzan, bezeroei soluzio integral eta berritzaileak emateko. Zientzia gaur egungo eta etorkizuneko gizarteentzako balio eta aberastasun bilakatzea da AZTIren nortasun-adierazgarria.