menu

Vanesa Martinek bere azken lana aurkeztuko du Kursaalen : “Munay”

Gaurkotasuna / 20 urria, 2017

Kursaal Auditorioan izango da kontzertua, datorren igandean, urriak 22, 19:00etan.

Munay kitxuar hitz bat da, “maitatu” esan nahi du, eta “kreatzaileak bere kreazioari dion maitasuna, naturarenganako maitasuna, eta norberarenganako eta lagun hurkoarenganako maitasuna…” definitzeko erabili ohi da. Munay da, halaber, Vanesa Martínek bere azken diskoari eta bira berriari jarri dion izenburu iradokitzailea.

Malagar abeslariaren bosgarren lana da “Munay”, eta bere karreraren une erabakigarrian iritsi da, gainera; izan ere, Vanesak erronka pertsonal izugarria zuen aurrez aurre, kaleratutako azken lanekin lortutako arrakastaren ondoren: bikaintasuna lortzea. Vanesak berak esan bezala, “Crónicas de un baile” diskoak “nire bizitza aldatu zuen, aurreko beste diskoek baino gehiago. Hura izan zen sendotasuna eta indarra eman zidan diskoa. Horregatik izan du horrenbesteko garrantzia disko berri honen prestakuntzak eta grabazioak”. “Munay” izan da bikaintasunaren bilaketa horri emandako erantzun irmoa.

“Munay” lanak barne-barneko sentimenduetan eta gogo-aldarteetan sakontzen du: “amets, bizitza eta esperientzietan barrena egindako hegaldi erregaitza. Bizitzaren aldeko aldarria dira “Munay” laneko abestiak”, dio Vanesa Martínek.

Vanesak, bere estiloarekin bat egingo duten hots eta esperientzia berriak bilatu nahian, Los Ánglesen grabatu zuen disko berria, Eric Rosseren ekoizpenarekin (Maroon 5, Sara Bareilles, Tori Amos…). Han eman zien forma disko berriaren abestiei, musikari handiez inguratuta. Eta horrela sortu zen “Munay”.

Urriaren 22an, Vanesa Martínek “Munay” lanaren magia ekarriko du Kursaaleko agertokira. Vanesaren kontzertuak berdinik gabeak dira.

Vanesa Martín
Urriak 22, igandea /19:00
21 €

 Sarrera erosi

“Hariekin lotu gabe, Pinotxo” euskarazko musikala ikusteko aukera izango da asteburu honetan Kursaalen

Gaurkotasuna / 19 urria, 2017

  • Oñatiko Ganbara Txiki Abesbatzak taularatuko duen musikal honek musika, dantza, antzerkia, magia eta ikusentzunezkoak uztartzen ditu. 
  • Ikuskaria familia osoarentzat da. Urriaren 21eko larunbatez ikusi ahal izango da Kursaalen, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Kursaal Eszenak etxeko txikienei eskaintzen dien programazioak, Musika familian atalak, larunbata honetan (urriak 21) izango du lehen hitzordua (18:00). Aitor Biainek zuzentzen duen Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzaren eskutik, “Hariekin lotu gabe, Pinotxo” euskarazko musikala eskainiko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Ikuskariak musika, dantza, antzerkia, magia eta ikusentzunezkoak bitarteko direla, Pinotxo, haur bihurtu nahi duen egurrezko txotxongiloari gertatutakoak biltzen ditu. Benetako haur bihurtu nahi du Pinotxok baina, noski, baldintza batzuk bete beharko ditu horretarako; besteak beste: eskolara joan, joango al da? Iritsiko al da inoiz? Inoiz ikusiko al dugu Pinotxo hariekin lotu gabe?

Oñatiko Ganbara Txiki Abesbatza 2004ko urrian hasi zen bere bidea egiten. Sorreratik bertatik, abesbatzak kontzertu ugari eskaini ditu Oñatin, Euskal Herriko hainbat tokitan eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Horra Mari!!, Alami, Jolasean edota Beltza ipuin musikalak taularatu dituzte eta 2008an Munduari begiratzeko diskoa argitaratu zuten. Aitor Biaian da proiektu honen sortzaile eta zuzendaria. Ganbara Txiki Abesbatzaz gain, EHUko Abesbatza, Bergarako Orfeoia eta Oñatiko Ganbara Abesbatza zuzentzen ditu eta, azken urteotan hainbat sari irabazi ditu talde hauekin.

Urriak 21, larunbata, 18:00
Kursaal Auditorioa
“Hariekin lotu gabe, Pinotxo”
Ganbara Txiki Abesbatza
Aitor Biain, zuzendaria
Ganbara Faktoriaren produkzioa
Sarreren zenbatekoa: 7 € / 3 € (˂ 12 urte)

Familia osoarentzat

 Sarrera erosi 

Kursaal Eszenaren denboraldi berriko eskaintza klasikoa, Haeneelen “Giulio Cesare” operarekin abiatuko da.

Gaurkotasuna / 18 urria, 2017

  • Konposagile alemanaren maisulana kontzertu bertsioan eskainiko du, Ottavio Dantonek zuzentzen duen Accademia Bizantina talde entzutetsuak.
  • Kontzertua ostiral honetan, urriak 20 (19:00), izango da, Kursaal Auditorioan.

 

Kursaal Eszenaren kontzertu-denboraldi berriko (2017ko urria-2018ko urtarrila)  lehen hitzordu klasikoak protagonista nagusi bat izango du: antzinako instrumentuekin interpretatzen espezialdua dagoen Italiako Accademia Bizantina taldea. Hogeita bost urteko ibilbide luze eta aberatsa egin ostean, aipatu formazioak merezitako aitorpena du gaur egun, errepertorio barroko nahiz klasikoari eman dion kreatibitate eta energiagatik. Taldearen zuzendariak, Ottavio Dantone organista eta klabezin-jotzaileak ez dio zorroztasun historizista bakarrik eman antzinako musikari; horrez gain, bere interpretazioekin, freskotasuna eta bapatekotasuna ere eman dizkio.

Urrian zehar, Accademia Bizantinak, Dantoneren zuzendaritzapean, Europa mailako bira entzutetsua egingo du Parisko Les Champs Elysées edo Vienako Theater an der Wien bezalako antzoki entzutetsuak bisitatuz. Donostian (urriak 20, ostirala, 19:00)

F. Haendel-en “Giulio Cesare in Egitto” opera eskainiko dute, kontzertu bertsioan; alemaniako konposagile ospetsuaren opera eder eta biribilenetako bat, bai musikaren ikuspegitik, bai dramaturgiari dagokionez ere. Hauxe da askorentzat Haendelen operarik landuena eta bereziki miresten dira ahozko melodiak, indar dramatikoa eta orkestrazio bikaina.

Gaur egun, “Giulio Cesare” erregularki aurkezten da munduko opera-antzoki guztietan, eta opera-errepertorio usadiozkoa osatzen duten Mozarten aurreko opera bakanetako bat da. Obra ia-ia biribila da, eta, Cesarren eta Kleopatraren amodioaren garaipena intriga exotiko eta politikoen giroan kokatzen baitu, historiak o garai guztietara eraman daitekeen errealismo batez dago aurkeztua.

Urriak 20, ostirala, 19:00
Kursaal Auditorioa
“Giulio Cesare”, G.F. Haendel
Accademia Bizantina
Octavio Dantone, zuzendaria
Lawrence Zazzo, Giulio Cesare
Emoke Barath, Cleopatra
44/ 35 / 29 / 23 / 12 €

 Sarrera erosi

ATZERATU EGIN DA Opus Líricaren GORA MUSIKA! opera-ikuskizuna

Gaurkotasuna / 18 urria, 2017

Opus Líricak urriaren 27rako, ostirala, Kursaal auditorioan antolatuta zuen ikuskizuna azaroaren 18ra atzeratu da, 19:30era, ekoizpen- eta logistika-arazoak direla medio. Erositako sarrerek data berrirako ere balio dute. Dirua itzultzea nahi izanez gero, gaurtik aurrera, urriak 18, eskatu ahal izango da, sarreren salmenta-puntuetan (linean edo leihatilan).

SS Gastronomika 2017: chef onenen biltzarra gourmet afizionatuen eskueran

Gaurkotasuna / 6 urria, 2017

Urriaren 8tik 11ra, San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country izango da Kursaalen. Urtetik urtera, gero eta programazio osatuagoa du, eta, aurten, munduko chef onenen hitzaldiak eta dastatzeak ez ezik, jarduera ugari ere proposatzen ditu biltzarrak, hala nola ardo-dastatzeak Josep Rocarekin, edaria eta janaria uztartzea Josean Alijarekin, edo xanpain-lehiaketak.
Hona hemen jarduera aipagarrienetako batzuk:
Chefekin sukaldean
Biltzarreko jarduera esklusiboenetako bitan, gutxi batzuek sukaldean sartzeko eta gaur egungo chef onenetako batzuekin batera lan egiteko aukera dute. Oraingoan, chef hauek jarriko dira jendearen esanetara 10 lagunentzako klase praktikoak eskaintzen dituen “…kin sukaldean” atalean: Andreu Genestra (Andreu Genestra Restaurant, Capdepera, Mallorca), Fran López (Villa Retiro, Xerta, Tarragona) eta Pedro Subijana (Akelarre). Bestalde, San Sebastián Gastronomikak antolatzen dituen 40 lagunentzako sukaldaritza-tailer monografikoetan, “Sukaldaritza pribatuak” deiturikoetan, Nandu Jubanyk parte hartuko du (Can Jubany, Calldetenes, Bartzelona), baita Miquel Brossa gastronomoak eta Francis Paniegok (Echaurren, Ezkarai, Errioxa) ere. Azken biek tailer esklusibo bat emango dute batera.
Wine&Win lehiaketa
Bosgarren urtez egingo da binakako ardo-dastatze lehiaketa ospetsu hau. Erronka honek parte-hartzaileen ezagutza teoriko eta praktikoak neurtzen ditu, eta jakintza eta entretenimendua elkartu. Wine&Win afizionatuentzat eta profesionalentzat da, baina beti bikoteka. Final handian, parte-hartzaileek zenbait galderari erantzun behar diete, eta dastatzeak egin, zuzenean. Agertokiko mahai batzuen atzean egongo dira lehiakideak, eta ikus-entzunezko diseinu bat erabiliko dute, telebistako lehiaketetan bezalaxe.
“The Txoko Experiencie” dokumentalaren estreinaldia
Suak eta mikrofonoak alde batera utzi, eta pantailara begiratuko dugu, “The Txoko Experience. The Secret Culinary Space of the Basques” lehenengo dokumental gastronomikoa aurkeztuko baita, Espainian soilik. Dokumental horrek Euskal Herriko txokoak eta elkarte gastronomikoak, 0 km-ko produktuak eta abangoardiako euskal sukaldaritza ditu aztergai. Lana bizkaitar politologo Yuri Morejónen zuzendaritzapean egin da, New Yorken, eta, bertan, euskal gastronomian erreferentzia garrantzitsuak diren chefek parte hartu dute, besteak beste, Elena Arzak, Josean Alija, Aitor Arregi eta Bittor Arginzoniz. Haietako asko estreinaldian izango dira.
Wine Session onenak
Wine Session delakoen barruan, bi saio nabarmendu behar dira: batetik, 2008an Europako sommelier onena izan zen Isa Balen tailerra, “¿Cómo llegar a ser ‘master sommelier’?”; eta, bestetik, Ars Natura Líquidako Josep Rocak (El Celler de Can Roca) zuzenduko duen saioa, Celler jatetxeak antzinako ezagutza berreskuratzeko eta likore, pattar, olio esentzial eta fruitu aromatikoak sortzeko egin duen lana erakusten duena. Horretaz gain, Bodegas Torres upategiak ere parte hartuko du, eta berreskuratutako antzinako barietateak dastatzeko saio gidatu bat eskainiko du: Gramona, uzta hoberenetako batzuetakoa; Chivite, Chivite Colección 125 gamako ardoen uztetako 15 ardo aparta eskainiko dituena; Ribera del Duero, bere #espirituribera erakutsiko duena, eta bere ardo onenetako hamar dastatzeko aukera eskainiko duena; eta DO Cava, Paraje Calificado cava-kategoria berriko lehenengo caven dastatze enigmatiko eta harrigarri bat aurkeztuko duena.
Edaria eta janaria uztartzea: zapore hautatuak eta modako zaporeak
Edaria eta janaria uztartzean, zaporeak elkartu eta batzen dira. Gastronomikak edaria eta janaria uztartzeko hiru saio programatu ditu Off atalean, ezagutza partekatuan sakontzeko. S.Pellegrinok saio gidatu bat aurkeztuko du, eta Josean Alija chefak (Nerua) eta Juan Cruz sommelierrak parte hartuko dute; San Miguelek esne gordinaren produktu nagusia goraipatzen du, eta bost garagardo eta nazioarteko gazta onenetako bost uztartzen ditu; eta Ostras Améliek kontsumo-esperientzia berriei buruz hitz egingo du, joera berrien showcooking baten bidez, “limoiaz, tabaskoaz eta mignonetteaz harago berritzea helburu duten guztiengana kalitatezko produktu bat hurbiltzeko”.
Atlantikoa eta Mediterraneoa
Bi jarduerak penintsula zeharkatuko dute, eta lurraldea eta produktua erakutsiko dituzte. Lisboatik, André Magalhãesek (Taberna da Rua das flores) Portugalgo petisco (pintxo) tradizionalez hitz egingo du, ikuspegi berritzaile garaikidetik, eta hango zapore tradizionalen kalitate handia eta aniztasuna erakutsiko ditu. Penintsularen beste muturretik, Balfegók Mediterraneoko atungorriaren ataltze ospetsuari buruz hitz egingo digu, eta Marc Miró chefak zuzenean kozinatuko du atungorria, hainbat eratara.
Xanpain-lehiaketa eta -dastatzea
Donostia xanpainaren munduko hiriburu bihurtuko da, “La Flèche d’Or” xanpain-lehiaketa izango baita. Lehiaketa horretan, xanpain-ekoizle enblematikoenetako batzuek parte hartuko dute, baina baita kontsumitzaile bakar batzuei zuzendutako ekoizpen mugatuak dituzten mahastizain txikiek ere. Horretaz gain, Vigneronek munduko xanpain esklusiboenetako bost dastatzeko tailerra eskainiko du; bost xanpain horiek nekez eskura daitezke merkatuan.
Gainera…
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarra da, eta zenbait jarduera nahitaezkoak dira. Adibidez, Nerabeentzako Gastronomika dago, Gipuzkoako eskola-umeei zuzendutako hitzaldi berezia, Euro-Toquesen laguntzarekin emana. Oraingoan, Ramón Rotetak, Ander Gonzálezek eta Ivan Surinder chefak hitzaldi gastronomiko atsegin bat eskainiko dute, gazteenek modu dibertigarrian eta osasuntsu nola jan ikas dezaten, baita Indiako sukaldaritza ere.
Aurten ere Gastronomikan izango da “Aukeratu sukalde-laguntzailea”, Makroren eskutik. Jarduera dibertigarri horretan, chef handiak sukaldari gazteen laguntzaile gisa arituko dira. Parrilla Lehiaketa Nazionala ere ikusiko dugu. Zortzigarren urtea du aurtengoa, eta haragizaleen topaleku izango da. Lehiaketan, haragi onena eta parrillari onena sarituko dira.

Informazio gehiago lortzeko, hizlarien eta hitzaldien zerrenda osoa ikusteko, eta sarrerak erosteko: www.sansebastiangastronomika.com

Kursaal Eszenaren denboraldi berria, Estatu Batuetako Luna taldearekin hasiko da

Gaurkotasuna / 27 iraila, 2017

New Yorkeko rockaren ikurretako bat den Dean Wareham-ek zuzentzen duen taldeak, Kursaleko K Espazioan eskainiko du kontzertua, datorren asteartean, urriak 3 (20:00).
Estatubatuarren aurretik, Ramirez Exposure balentziarra eta Donostiako Oso Fan bikotea ariko dira hasierako kantari bezala.

Kursaal Eszenaren kontzertu-denboraldi berria (2017ko urria-2018ko urtarrila) datorren asteartean, urriaren 3an hasiko da, Luna taldearen kontzertuarekin (20:00). Emanaldia Kursaaleko K espazioan eskainiko da; 2015.urteaz geroztik, eta musikaren gozamena errazte aldera, zuzenekoak eserlekurik gabe eta formalismoak baztertuta eskaintzen dituen espazioan hain zuzen ere.

Dean Wareham (Galaxie 500 ohia) buru duen bandak bere azken bi lanak aurkeztuko ditu: alde batetik “A Sentimental Education” LPa, non bertsioak biltzen diren (The Cure, Fleetwood Mac, Mercury Rev, MInk DeVille…); eta bestetik “A Place of Greater Safety” EPa, zeina sei abesti instrumental berrik osatzen duten.

Kursaaleko kontzertua, penintsulan barna egingo den bira zabal baten lehendabiziko hitzordua izango da. Aipatu birak Bilbo, Santander, Zaragoza, Bartzelona, Mallorca edota Madril bezalako hiriak bisitatuko ditu urriaren 3tik 15 era.

Bere rock limurtzaileari esker, Luna taldea Lour Reed eta Tom Verlainek irudikatu zuten New York lakoniko haren ikur ezinhobea da. 2004ko udazkenean, taldeak zera jakin arazi zuen: “Rendezvous”, estudioko euren azken lanaren eta hura aurkezteko egingo zuten biraren ostean, agur esango zietela agertokiei. Hala, 2005ko otsailean euren ibilbidea eten zuten. 2015ean, aldiz, ibilbide horri berriz ekitea erakabi zuten, 1999 eta 2005 artean izan zuten formazio berarekin: Dean Wareham, Britta Phillips, Lee Wall eta Sean Eden.

Itzulerako birak (2015) ondorengoa egiaztatzeko balio izan zuen: bere aurreko taldea, Galaxie 500, desengin zenean Wareham urratzen hasi zen bide beretik jarraitzen zuela taldeak; aurreko banda haren abesti eliptiko eta limurtzaileak pultsazio gehiagoko zonaldetara gerturatzeko ahaleginean hain zuzen. Rosebuds-etik Broken Social Scene-ra, Beachwood Sparks-etik Black Rebel Motorcycle Club-era, Luna taldearen itzala oso luzea da. Pasa den irailaren 22an bandaren berpizkundea are agiazkoago egin zen gainera, urriaren 3an Kursaalen aurkeztuko dituzten bi disko berrien argitalpenarekin.

Urriak 3, asteartea, 20:00
LUNA+ Ramirez Exposure+ Oso fan
Kursaal-eko K Espazioa

Donostiako Zinemaldia: hiru Donostia sari eta 30 milioi euroko eragin ekonomikoa

Gaurkotasuna / 26 iraila, 2017

Berrogeita zazpi aktorek eta bi zuzendarik (Francis Ford Coppola eta Oliver Stone) jaso dute Donostiako Zinemaldiko Donostia Saria, eta, aurten, Agnès Varda zuzendari belgikarrari, Ricardo Daríni eta Monica Belluciri emango zaie. Darínek La cordillera filma aurkeztuko du eta Kursaal Jauregian jasoko du saria. Monica Belluciri, aldiz, Anoetako belodromoan emango zaio saria, ekitaldi «popular» batean, eta aktorea protagonista gisa duten filmak ere proiektatuko dira.
Aurten, nazioarteko izar ugari etorriko dira Donostiara, tartean Glenn Close, James Franco eta Arnold Schwarzenegger, baina baita bertako izar handiak ere, besteak beste, Javier Bardem, Penélope Cruz, Paz Vega, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Gorka Otxoa eta Javier Cámara. Baina, nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuekin alderatuta, Zinemaldiaren ezaugarririk nabarmenena herrian duen onarpen handia da; iaz, esaterako, 175.267 ikusle erakarri zituen aretoetara, eta ikusle kopurua handitu besterik ez da egiten José Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendari denetik.

30 milioiko eragina

Batzuentzat, Europako ekitaldi kultural eta sektorial nagusietako bat da Zinemaldia; beste batzuentzat, berriz, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ditu. Donostiako eta Gipuzkoako hotelak beteta daude, aurreko urteetan bezala. Halaber, inguruko jatetxe garrantzitsu guztiek, dauzkaten Michelin izarrei ohore eginez, dena prest dute urtean jarduera handiena duten asteetako baterako.
EUSTAT – Euskal Estatistika Erakundearen datuek erakusten dutenez, 2016ko irailean 108.000 pertsona baino gehiago etorri ziren Gipuzkoara; haietatik ia 60.000k Donostiako establezimendu turistikoetan hartu zuten ostatu, eta 127.000 gau baino gehiago egin zituzten hirian. Eta zinemaren asteak zerikusi handia du datu horietan.
Donostiako Udalak egindako kalkuluen arabera, 30 milioi euro inguruko eragina dute zinema-izarrek hirian. Oso datu aipagarria da hori, kontuan izanda Zinemaldiaren aurtengo aurrekontua 7,9 milioikoa dela, finantziazio mistoan oinarritua (publikoa eta pribatua). Zuzenean lau erakunde publikok babesten dute: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kultura Ministerioa. Haietako bakoitzak milioi bat euro inguru jartzen du; hau da aurrekontu osoaren % 52. Gainerakoa babesleek ematen dute, nagusiki RTVE, Movistar eta Gas Natural, baita beste kolaboratzaile batzuek ere, tartean EITB.
Profesionalei dagokienez, aurten ere oso ona da profesional akreditatuen kopurua (iaz 3.800 baino gehiago izan ziren). Hain zuzen ere, Donostia zinemaren industriarako funtsezko topaleku bihurtzeko apustuaren ondorioz, ia % 60 handitu da jarduera horri lotutako profesionalen kopurua duela zazpi urte oraingo zuzendaritza-taldea lanean hasi zenetik. Horretan oso lagungarriak izan dira sail ofizial berriak (hala nola Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Zinema Eraikitzen), bisitari berriak erakarri baitituzte Donostiako Zinemaldira.
Hedabide akreditatuei dagokienez, ia 600 hedabidetako 1.100 profesional inguruk lantzen dituzte Zinemaldiko askotariko alderdiak, eta haietatik erdiak baino gehiago atzerritarrak dira. (El Economista)

Kursaal Eszenak kontzertu-eskaintza handitu du bere denboraldi berrirako

Gaurkotasuna / 1 iraila, 2017

Hainbat eratako 16 proposamenek —popa, rocka, jazza, gospela, musika klasikoa, dantza eta musika familian—  osatuko dute 2017ko urria eta 2018ko urtarrila artean gauzatuko den denboraldia.

Kursaal Eszenak hamasei hitzordu proposatzen ditu bere denboraldi berrirako, zeina urriaren 3an hasiko baita, estatubatuar banda mitiko baten eskutik: Luna. New Yorkeko rockaren ikonoetako bat den Dean Wareham-ek zuzentzen duen taldea, bere azken bi diskoak aurkeztera etorriko da Kursaalera: bertsioez osaturiko LP bat da lehena, eta sei abesti instrumental berri jasotzen dituena bigarrena.

Denboraldi honetan, pop/rock atalean, berebat entzun ahal izango da Vanesa Martín Malagako abeslari eta konpositorea, zeinak bere album berria aurkeztuko duen (urriak 22); indie nazionalaren ikonoa den Los Planetas banda (azaroak 11); eta Ken Zazpi. Gernikarrek, Kursaalen eskainiko duten emanaldiarekin (azaroak 30), ipiniko diote urrezko brotxea Phoenicoperus beren azken sorkariaren aurkezpen-itzuliari.

Atal honetako eskaintza osatzeko, Holy Holy bandak omenaldi bat egingo dio David Bowieri (azaroak 2). Horretarako, musikari-talde honek — beraiek diotenez, “ez dira omenaldizko banda bat, egiazkoak baizik, espiritu hartatik bizirik geratzen direnak”— “Ziggy Stardust”en azken itzuliko errepertorio bera eskainiko du Kursaaleko kontzertu honetan.

Jazza maite dutenentzat, azaroaren 14an izango da Kursaal Eszenako denboraldi berriarekiko hitzordua, esparru honetako izen handietako baten eskutik. Chick Corea pianista, teklista eta konpositorea, oraingo honetan, Steve Gadd-en eta luxuzko banda baten ondoan arituko da gainera.

Gospel-musika, bestalde, proposamen gastro-musikal original baten ildo nagusia izango da. Hala, parte hartzaileek, Ni Neu jatetxeak zerbitzatutako afari batez (azaroak 25) edo bazkari batez (azaroak 26) gozatu ahal izango dute, The Como Mothers amerikar gospel-hirukotearen ahots indartsuez gozatzen duten bitartean.

Denboraldi honetako dantza-hitzorduan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko dantzari-talderik hoberenak izango dira protagonistak. Donostia Dantzan izenburupean, Euskal Herriko hainbat lekutan oraindik bizirik dirauten eta dantzatzen diren dantza tradizionalak eskainiko dituzte dantzari hauek (abenduak 10).

Kursaal Eszenako denboraldi berriko alderdi klasikoa G.F. Haendelen Giulio Cesare operarekin hasiko da, zeina kontzertuko bertsioan interpretatuko duen  Accademia Bizantina talde barroko ospetsuak (urriak 20). Operaren ondoren, denboraldi berri honetan bisitatuko gaituzte, baita: Bamberger Symphoniker orkestrak, nazionalismo musikalarekin estu lotutako programa sinfoniko batekin (azaroak 9); Philippe Jaroussky abeslari frantses erreferentziazkoak, zeinak, Ensemble Artaserse taldearekin batera, opera barrokoko ariez osaturiko programa bat landuko duen (azaroak 17); eta Yuja Wang  txinatar pianista famatuak. Azken hau, Europa osoko musikariek osaturiko ganbera-orkestra batekin, aurreneko aldiz arituko da Donostian (urtarrilak 15). Musika erlijiosoko maisulan batekin bururatuko da atal klasikoa: G.F. Haendelen Mesias, The King´s Consort taldeak interpretaturik (abenduak 16).

ursaal Eszenaren denboraldi berria osatzen duten proposamenen artean, aipamen berezia merezi du Jane Birkin abeslari, antzezle eta ikono estetikoak. Artista anglo-frantses honek bere disko berria aurkeztuko du, “Birkin-Gainsbourg le symphonique”, non Serge Gainsbourg konpositorearen abestirik txalotuenak interpretatzen dituen, Nobuyuki Nakajima japoniar pianistak eta 90 instrumentuko orkestra sinfoniko batek lagundurik (azaroak 29).

Azkenik, Musika Familian, gazteenei eskainitako tradiziozko programaren baitan, bi hitzordu eskainiko dira: “Hariekin lotu gabe, Pinotxo” (urriak 21) eta “Grimmen basoa” (azaroak 18).

Programazio berri honek ekainean bukatu zen denboraldia osatzen du. 2017ko lehen sei hilabetean, denboraldiak, hamasei kontzertu eskaini zituen, eta 20.088 ikusle bildu zituen guztira.

 KURSAAL ESKURA

Kursaal Eszenak, oraingo denboraldi honetan ere, aurrera egingo du Kursaal Eskura proposamenarekin; Donostiatik urrutien dauden gipuzkoar udalerrietatik datozen zaleei  Kursaalerako etorrera erraztea da ekimen honen helburua.

Antzuola, Arrasate, Bergara, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Oñati, Elgoibar,  Ezkio-Itxaso, Zumaia, Getaria eta Zarautzeko entzuleek izan dute jadanik ekimen honetaz gozatzeko aukera, Kursaal Eszenak antolatutako hamaika kontzertuetan, eta laster beste udalerri batzuek ere proiektu honetan parte hartzea espero da.

Kursaal Eskura 2014. urtean sortu zen, Kursaal Eszenaren eta Gipuzkoako zenbait udaletxeren elkarlanaren emaitzaz, eta doako autobus-zerbitzu bat jartzen du zaleen esku, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskaria amaitzen denean, jatorrizko abiapuntuetara itzultzen dena.

ABONUAK ETA SARRERAK

Abonuen salmenta,  musika klasikoko kontzertuetarako bakarrik, datorren astelehenean, irailaren 4an, hasiko da eta urriaren 20ra arte luzatuko da aldia. Abonuak Kursaal Eszenako bulegoetara gerturatuz (Zurriola 1,  Donostia. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 9:30etatik 13:30ra) edota 943 00 31 70 telefonora deituz eskuratu ahal izango dira.

Bestalde, denboraldi honetako kontzertuetarako banakako sarreren salmenta irailaren 12an hasiko da, 11:30 h-tan, Kursaaleko leihatilan eta baita Kursaal Zentroaren weborrian (www.sarrerak.kursaal.eus).

Musika Hamabostaldiaren 78. edizioan, edukieraren 88% bete da Kursaal Auditorioa, eta aretoa 6 aldiz bete da erabat

Gaurkotasuna / 1 iraila, 2017

6 alditan bete da erabat Kursaal Auditorioa: “Carmen” (abuztuak 1 eta 2), BBC Philharmonic eta Donostiako Orfeoia (abuztuak 4), “Figaroren ezteiak” (abuztuak 13), Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Donostiako Orfeoia (abuztuak 26) eta Cincinnati Symphony Orchestra (abuztuak 30).

Atzo esan zion Musika Hamabostaldiak agur 78. edizioari azken kontzertu sinfonikoarekin. Cincinnati Symphony Orchestrak itxiera eman zion atzo hilabete osoan zehar 90etik gora proposamen eskaini dituen edizio honi. Kontzertuak zein bestelako egitasmoak eskaini dira, eta milaka lagunek gozatu ahal izan dute jaialdiaz. Aurtengoa gainera, Cincinnati Symphony Orchestra Hamabostaldian jardun den lehen aldia izan da. Bi kontzertu eskaini ditu talde estatubatuarrak estreinakoz Hamabostaldian, eta Louis Langrée bere zuzendari titularraren batutapean, kutsu amerikarreko programak eskaini dituzte. Lehen hitzorduan, joan den asteartean, abuztuak 29, Bernstein, Copland eta Txaikovski-ren lanak entzun ahal izan ziren, eta atzo, berriz, Kursaal Auditorioa lepo bete zen John Adams minimalistaren “Short ride in a fast machine”, Bruch-en “Biolinerako eta orkestrarako 1. Kontzertua” (Renaud Capuçon biolinistarekin batera), eta Dvorak-en 9. Sinfonia, “Mundu Berrikoa” deritzona, entzuteko.

Aurreko edizioetan bezala, Kursaal Auditorioa ezinbesteko gune bilakatu da Musika Hamabostaldiarentzat. Iazko egitarauarekin alderatuta, aurten hiru emanaldi gehiago hartu ditu aipatu agertokiak, eta arrakasta sarritan errepikatu da bertan: 6 emanalditan bete da guztiz, eta edukieraren %88 bete da, batez beste, aretoa.

Jaialdia dagoeneko amaituta, leihatilan bildutako diru kopurua 975.000 euro gordinekoa da, eta honek, 2016eko edizioarekin alderatuz, %21eko igoera adierazten du. Kursaal Auditorioak aurten hiru saio gehiago hartu dituelako eta Hamabostaldiak aurten babesletza jakin batzuk jaso dituelako eman dira aipatu emaitzok. Bestalde, ikus-entzuleei dagokienez, aipatu 39.000 lagun inguru bertaratu direla 78. edizio honetara, hots, iaz baino %10 gehiago.

Auditorioko proposamen arrakastatsuenen artean aurkitzen dira Víctor Ullate Balletak eskainitako “Carmen” ikuskariaren bi hitzorduak, 78. Musika Hamabostaldia zabaldu zutenak, hain justu. Erabat bete zen aretoa, eta beterik egon zen orobat BBC Philharmonic-ek Hamabostaldian eskaini zuen bigarren saioan (aurten aurrenekoz aritu da orkestra jaialdian). Orkestra britainiarrak Donostiako Orfeoiarekin batera taularatu zuen “Fidelio”, Beethovenek idatzitako opera bakarra; kontzertu bertsioan aurkeztu zuten Juanjo Mena zuzendari titularraren gidaritzapean (abuztuak 4). Horrez gain, opera eszenaratuaren lehen emanaldirako sarrera guztiak agortu ziren (abuztuak 13). “Figaroren ezteiak” izan da aurtengo titulu esanguratsua, izan ere, duela 70 urte estreinatu baizen Hamabostaldian, eta orduztik ez baizen berriro taularatu.

Jaialdian lehen aldiz jardun den beste orkestretako bat izan da Luxenburgoko Filarmonikoa, eta Gustavo Gimeno zuzendari titularraren aginduetara, aretoa lepo bete zuten joan den abuztuaren 26an. Donostiako Orfeoiarekin batera, Verdi-ren “Requiem”-aren interpretazio hunkigarria bizitzeko parada izan zuten ikus-entzuleek. Halaber, esan bezala, Louis Langrée-ren zuzendaritzapean, Cincinnati Symphony Orchestrak lepo bete zuen atzo Kursaal Auditorioa edizio honetako azken kontzertuarekin.

Era berean, Antzinako Musika Zikloa, jarraitzaile fidelak izateaz gain, urtez urte, Santa Teresa Komentura ikus-entzule berri mordoa erakartzeko gai den zikloa da. Aurten, sekulako arrakasta izan du, izan ere, erabat bete baita agertoki hau eman diren bost kontzertuetan. Zikloak Claudio Monteverdi omendu zuen bere jaiotzaren 450. urteurrenean, eta Barrokoaren Urrezko Aroko musikagile alemaniar eta italiarren musika entzuteko parada izan zen, baita XVIII. mendeko espainiar errepertorioko lan
Musika Garaikideko Zikloak sorkuntza berritzaileenentzako plataforma ezin hobea izaten jarraitzen du. Aurten ere, proposamen urratzaileenekin txunditu gaitu zikloak, eta ohikoa denez, estreinaldiak hartu ditu, bi, hain zuzen ere: Elena Rykova eta Alberto Posadas-en lanena. Lehehengoa, Rykova-ren “Speaking objects”-en mundu mailako estreinaldia, Ricardo Descalzoren kontzertuan entzun ahal izan genuen (abuztuak 24). Eta bestetik, Sigma Project saxofoien laukoteak ekin zion Alberto Posadas-ek sortutako “Poética del Laberinto”-ren Europa mailako estreinaldiari (abuztuak 27), arreta handiena bereganatu zuen kontzertua bilakatuz.

Zintzo bete nahian haurrei zuzendutako eskaintza, Musika Hamabostaldiak beste pauso bat eman du honako 78 edizio honetan, babes handiagoa emanez aurreko edizioan abian jarri zituen ekimenei. Halaxe gertatzen da “Kantu Kontari” saioan: formato txikiko ikuskaria da, ipuin-kontalari bat eta haren laguntza musikala direla protagonista, iaz abuztuko hilabetean Kursaal Auditorioko Foyer-ean egin zena. Aurtengo edizioan, Kursaaleko saioak mantentzeaz gainera, ibiltaria bihurtu da “Kantu Kontari”, Haurren Hamabostaldi Ibiltaria eratuz, eta, hala, Zumaia (abuztuak 4), Getaria (abuztuak 17), Mutriku (abuztuak 24) eta Irun (abuztuak 25) bisitatu ditu. Orobat, txikienei zuzendutako tailerrak Donostiatik harago gauzatu dira, Irunen (abuztuak 11) eta Oñatin (abuztuak 18), hain zuzen ere. Egitasmo guztiek erantzun bikaina jaso dutela azpimarratzekoa da.

2018ko egitarauaren aurrerapena

Jaialdiko antolatzaileek hurrengo urteko edizioari begira lanean dihardute dagoeneko. 79. Musika Hamabostaldiak bere ikus-entzuleen artean arras ezaguna den orkestra bat hartuko du berriro ere, hots, Budapest Festival Orchestra, Ivan Fischer maisuaren zuzendaritzapean. Iaz aritu zen azkenekoz gurean, eta orduko hartan orkestra egoiliar gisa jardun zen, Kursaal Auditorioan hiru programa desberdin eskainiz. Bestalde, operarekin egin ohi den hitzorduari dagokionez, Hamabostaldiak Gioachino Rossini-ren obra bat eszenaratuko du bere 79. edizioan.

DonostArtean: Gaueko lehenengo arte-azoka izango da Donostian, eta azken belaunaldiko joera artistikoak eta musika ekarriko ditu

Gaurkotasuna / 11 uztaila, 2017

  • Bertaratzen direnek 150 artista baino gehiagoren 30 galeria eta obratik gora ikusi ahal izango dituzte
  • Musika-jaialdietan joera bihurtzen ari diren nazioarteko izen handien abestiak izango dira entzungai
  • Bertaratzen direnei edari bat ordainduko zaie, berariaz ekitaldi artistikorako sortutakoa

Uztailaren 20an, osteguna, jarriko da martxan Donostiartean International Art Night Market-en laugarren edizioa, eta Europa, Asia eta Erdialdeko Amerikako bederatzi herrialdetako galeriak eta artistak izango dira bertan. Nazionalitateen «koktel» horretaz gain, bestelako koktela eskainiko die azokak bisitariei zer pieza erosiko duten erabakitzen laguntzeko.

Donostian egingo den gaueko lehenengo arte-azoka da, eta joera artistiko eta musikal berritzaileenak bilduko ditu Kursaalen. Aurten, Donostiartean azokak galeria eta artista gehiago izango ditu, eta artelanek arrazoizko batez besteko prezioa izatea nahi du, artea guztiengana hurbiltzeko eta, horrela, arte-azoken beste kontzeptu bat sortzeko.

International Art Night Market berrikuntza, diseinu eta joera artistikoen gune konbinatua bihurtuko da, eta giro lasaia izango da bertan, gozatzeko eta bizitzeko.

Esan bezala, 30 galeria erakusketari baino gehiago izango dira, herrialde hauetatik etorritakoak: Alemania, Costa Rica, Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Iran, Italia, Errusia eta Suitza. Galeria horietan, 150 artista baino gehiagoren lanak erosi ahal izango dira. Bost erakusketa-gune izango dira: Bertako eta nazioarteko galeriak; Kolaborazio-gunea, hainbat artistaren proiektuak eta egile-altzariak kokatzeko; Bertako artistak, bertako artistentzako gunea; Digital Room, arte digitala protagonista duen gunea, modan dagoen teknologia erabilita; eta Street Art for Kids, haurrentzat.

Azokaren lau egunetan, galerien inaugurazioak egingo dira etengabe; haietan, sektoreko profesionalak, bildumagileak eta artezaleak giro lasaian elkartzen dira, ingurune artistikoaz gozatzeko, zuzeneko musikaz, koktelez eta mokaduez lagunduta.

Azokak globoz beteko du hiria; promozio deigarria eta dibertigarria egingo du, eta lau informazio-puntu izango ditu Donostiako erdialdeko kaleetan. Globo arrosek identifikatuko dituzte puntu horiek, uztailaren 16tik 23ra Donostiartean International Art Night Market azokaren espiritua Donostian barrena zabaltzeko.

Ashkenazy-tar bi belaunaldik bi pianorentzako errepertorioan murgilduko dira

Gaurkotasuna / 2 ekaina, 2017

Teknika lanuda eta musikaltasun bikaina dituen Vladimir Ashkenazy, azken belaunaldiko pianistarik nabarmenetakoa da, zalantzarik gabe.

 

Zenbait urte eman ondoren pianista gisa jendaurrean jardun gabe, eta oso errezital-agenda murritzarekin, Vladimir Ashkenazy Vovka bere semearekin dator Kursaalera, lau eskuko eta bi

pianoko programa interesgarri batekin. Lau eskuko errepertorioa oso zabala da, eta etxe barneko entretenimendurako egindako musikarekin dago batez ere lotua. Bi pianorako obrak, berriz,

jendaurrean interpretatzekoak izaten dira, eta, gehienetan, efektistagoak eta birtuosoagoak izan ohi dira esku bakarrekoak baino. XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, musikagileek etengabe erantzuten diote bikoteko pianoarentzako musitaren eskariari. Schuberten lau eskuko pianorako

lanak salbuespen dira, eta parekorik gabea, literatura musikalean; ez dago genero honetan halako intentsitatez aritu den konpositorerik. Divertissement la hongroise obra 1824an konposatu

zuen Schubertek, Hungarian egin zuen egonaldi batean, herri-doinu hungariar batean oinarriturik, eta obra folklorista da, jeinuz eta Schubertek berezkoa zuen nostalgiaz betea.

 

Smetanaren Nire aberria saila osatzen duten sei poema sinfonikoetako bat da Vltava (edo Moldava ibaia). Honako hauxe da inondik ere egilearen piezarik ezagunena, eta XVI. mendeko

doinu ospetsu baten egokitzapenean oinarritzen da. Izan ere, herri askok beren errepertoriokotzat hartzen dute obra hau, besteak beste bretoiek, eskoziarrek, poloniarrek eta flamenkoek.

XIX eta XX. mendeetan asko zabaldu zen pianorako literatura, baita bi interpreterentzako piezen errepertorioa ere. Ravelen Espainiar Rapsodia bi pianorako obra gisa sortu zen aurrena,

eta egileak segituan orkestratu zuen. Obraren lau mugimenduek oso multzo homogeneoa osatzen dute, eta hartan iritsi zuen Ziburuko musikagilearen birtuosismo tinbrikoak mailarik gorena.

Erromantizismoaren estetika berriak bi pianoren erabilera sustatu zuen, instrumentuaren efektuak eta soinukalitatea areagotzeko xedeaz. Horren erakusgarri argia da Rachmaninoven 1. suitea, 1893an konposatua, Lermontov, Byron, Tiutchev eta Komiakov idazleen poemen zati banarentzako.

 ASHKENAZY-TARRAK ETA ERRUSIAR MUSIKA
Ekainak 4 igandea / 19:00
36 / 29 / 24 / 20 /12 €
Vladimir Ashkenazy, piano
Vovka Ashkenazy, piano

Kursaalean izango da Mediku Orokorren eta Familiakoen XXIV. Biltzar Nazionala, 4.000 pertsona bilduko ditu Donostian

Gaurkotasuna / 11 maiatza, 2017

Mediku Orokorren eta Familiakoen Espainiako Elkarteak (SEMG) 4.000 pertsona bilduko ditu Donostian maiatzaren 18tik 20ra bitartean, urteko hitzordurik garrantzitsuenean.

Egun horietan, Mediku Orokorren eta Familiakoen XXIV. Biltzar Nazionala izango da. Aurten, lehen aldiz, Euskal Herrian egingo da, hain zuzen ere, Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. Biltzarraren harira, lehen mailako arretarako garrantzitsuak diren gai ugari aztertuko dira hiru egunez, lehen mailako arretaren bidez sartzen baitira pazienteak osasun-sisteman.

Orobat, SEMG elkartearen biltzar nazionala topagune ere bada patologia eta gaixotasunei dagokienez egunean egon nahi duten herrialdeko hainbat tokitako familiako medikuentzat, pazienteei arretarik onena eskaintzen jarraitu nahi baitute.

Interes handiena pizten ari diren gaien artean sedazio aringarria dago; bizitzaren amaierako zaintzei buruzko eztabaida-mahaian aztertuko da gai hori. Bertan, tratamendu mediko horri buruzko ika-mika batzuk argitzen saiatuko dira; hain zuzen ere, ea, medikuak sedazio aringarria jartzen dionean fase terminaleko gaixoari, heriotza eragiten ari zaion edo hil bitartean sufritzea saihesten ari den.

Era berean, eguneratze-foroan, lehen mailako arretaren erronketako bati helduko zaio; hots, kronikotasunari. Izan ere, bizi-itxaropena handitu denez, osasun publikoa eta osasun-arreta hobetu direnez, eta bizi-estilo jakin batzuk hartu direnez, gaur egun nazioarteko eredu epidemiologiko nagusia gaixotasun kronikoek osatzen dute. Bi ikuspegitatik aztertuko da kronikotasuna; batetik, lehen mailako arretako profesionalaren ikuspegitik, eta, bestetik, pazientearen beraren ikuspegitik.

Paraleloki, askotariko komunikazioen bidez partekatuko dituzte esperientzia klinikoak Espainiako hainbat tokitako eta beste herrialde batzuetako (adibidez, Latinoamerika) familiako medikuntzako profesionalek. Hain zuzen ere, 1.800 komunikazio baino gehiago jaso dira, eta biltzarrean aurkeztuko dira, poster moduan edo ahozko aurkezpen gisa.

Inaugurazio-hitzaldia

Mediku Orokorren eta Familiako Medikuen XXIV. Biltzar Nazionaleko inaugurazio-hitzaldia Edurne Pasabanek emango du, hobetzeko nahiaren eredu, munduko 14 zortzi milakoak igo dituen lehenengo emakumea izan baita. Ardura eta ahalegin horren emaitza gisa, sari ugari jaso ditu, besteak beste, Kirol Merituaren urrezko domina eta Urteko Kirolari Onenaren Reina Sofia saria (2011).

Jarduera kultural gisa, Donostiako Orfeoiak kontzertu bat eskainiko die SEMG elkartearen biltzar nazionalean parte hartuko dutenei, ostiral gauean, Kursaaleko auditorioan, Donostiako Udalaren eskutik. Izan ere, bai Udala, bai Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean aritu dira biltzarra hirian izan zedin.

Mediku Orokorren eta Familiakoen XXIV. Biltzar Nazionala gure herrialdean gaitasunen arabera egiaztatuta egongo den lehenengo biltzar nazionala izango da. Biltzarraz gain, Mediku Orokorren eta Familiakoen Espainiako Elkarteak ikastaroak ere eskaini ditu, medikuek zer gaitasun izan behar dituzten dioen txostenarekin batera, oso erabilgarria etorkizunean medikuak berriro ziurtatzeko.

Rene Jacobs Maisu handia Kursaalera dator berriz ere Mozart eta Beethovenen obrak interpretatzeko

Gaurkotasuna / 10 maiatza, 2017

Rene Jacobs Maisu ezaguna Kursaalen arituko da bihar ostegunean (Maiatzak 11), Helsinki Baroque Orchestrarekin batera, Mozart eta Beethovenen interpretazio berezi bat eskaintzeko.

René Jacobsek 250 grabaziotik gora egin ditu; oso lan handia egin du abeslari, zuzendari, ikerlari eta irakasle gisa, eta leku nabarmena eskuratu du ahozko musika barrokoaren eta klasikoaren esparruan. Garai klasikoko musikagile nagusietako biren obrekiko programa bat aurkezten du oraingoan, Beethovenen lehen garaiko bi obrekin batera.

Kontzertua, “Mozart suediarra” deitzen zaion, Kraus konpositorearen Dido eta Eneas obraren suitearekin hasiko da. Haydnek aitortu zuen bi jeinu ezagutu zituela bere bizitzan; Kraus zen haietako bat (bestea, nonbait, Mozart zen). Oso obra oparoa utzi zuen, besteren artean beste musikagileei egotzi zitzaizkien sinfonia batzuk, eta galdu diren beste asko. Krausek Dido & Eneas opera idatzi zuen (“Eneas Kartagon” ere esaten zitzaion) Stockholmeko opera berrirako, Dido, Kartagoko erreginaren eta Eneas troiar heroiaren arteko maitasunezko istorioa kontatuz.

Jacobsek Mozarten errepertorioa sakontzen du austriar musikagilearen aria-sorta batekin. Izan ere, Mozart izan da ahotserako konpositoreetan historiado handienetako bat. Kontzertuko aria operako arien antzeko aria edo eszena bat da, egitura eta estilo librean eta ahotserako eta orkestrarako ondua, eta Mozartenak dira gaur egun maizenik interpretatzen direnak. Alma grande e nobil core guztiz ezaguna historiako soprano handi guztiek interpretatu dute, baita Bella mia fiamma, addio! zoragarria ere.

Kontzertuaren bigarren zatian, Beethovenen lehen sinfonia izango da nagusi. “Adio XVIII. mendeari” den honetan (ia segurua baita 1799koa dela), estiloa tradizionala da oraindik, eta orkestra tipikoki haydindarra da; alabaina, badira berezitasun batzuk Beethovenen talentua agertzen dutenak, orduantxe azaltzekoa baitzen hura bere betetasunean; xehetasun askok osaturiko berezitasun bat da, obra honen lehen entzuleei inondik ere harrigarria gertatuko zitzaiona.

HELSINKI BAROQUE ORCHESTRA
Maiatzak 11 osteguna / 20:00
46 / 37 / 30 / 24 / 12 €

Helsinki Baroque Orchestra
René Jacobs, zuzendaria
Sophie Karthäuser, sopranoa

carritoSarrera erosi

Loquilloren biharko kontzerturako azken sarrerak

Gaurkotasuna / 4 maiatza, 2017

Bihar, maiatzak 5, helduko da Loquillo Kursaal Auditoriora (20:00), “Salud y Rock & Roll” bere itzulian. Titulu hori bera du 2016ko arrakasta handietako bat izan den disko baten lehen bakunak ere.

“Salud y Rock & Roll” himno errebelde bat da, Loquillok berak eta Juan Mari Montes poetak izenpetua. Horrek eta beste 11 abestik osatzen dute Loquilloren azkeneko diskoa, “Viento del este” (Warner). Disko horretan, rockaren hizkera erabiliz, gaurko errealitateaz eta jadanik ez dauden gauzen eta pertsonen oroitzapenaz mintzatzen da Loquillo. José María San-ek jadanik existitzen ez den Clot bere auzoan duela bost urte egin zituen argazki batzuetatik sortu zen ideia.

Albuma Josu Garcíak eta Mario Cobok ekoitzi dute eta hamabi abesti dauzka, besteren artean, “En el final de los días”, “Limousinas y estrellas”’, “A tono bravo”,  “El mundo que conocimos” edota “Viaje al norte” titulu iradokitzaileak dauzkatenak. Abesti horiek guztiak Carlos Segarrak, Sabino Méndezek, Igor Paskualek, Mario Cobok eta Leivak sinatu dituzte, eta Loquillo eta Carlos Zanón, berriz, arduratu dira hitzen idazketaz.

Loquillo, morroi gogorra, itxura bikainekoa, askoz ere gehiago da rock and roll-eko ohiko abeslaria baino. Auzoko makarraren larrua eta traje akasgabea eta ganster-kapela daramatzan dandyaren estiloa bateratzen ditu haren estetikak. Ez daki ahoa itxita edukitzen, eta beraren adierazpenak zurrunbiloaren erdi-erdian egoten dira beti. Loquilloren iritziak su-piztaileak izaten dira beti. Hurbildu izan da politikaren mundura, baina, denbora igaro ahala, desilusionatuz joan da; ez da otzandu ordea, hortxe jarraitzen du, beha, inork uste ez duenean eraso egiteko.

 

Ostirala, maiatzak 5 / 20:00

25 €

Últimas entradas para el concierto de Loquillo en el Kursaal

Gaurkotasuna / 4 maiatza, 2017

Datorren ostiralean, maiatzak 5, helduko da Loquillo Kursaal Auditoriora (20:00), “Salud y Rock & Roll” bere itzulian. Titulu hori bera du 2016ko arrakasta handietako bat izan den disko baten lehen bakunak ere.

“Salud y Rock & Roll” himno errebelde bat da, Loquillok berak eta Juan Mari Montes poetak izenpetua. Horrek eta beste 11 abestik osatzen dute Loquilloren azkeneko diskoa, “Viento del este” (Warner). Disko horretan, rockaren hizkera erabiliz, gaurko errealitateaz eta jadanik ez dauden gauzen eta pertsonen oroitzapenaz mintzatzen da Loquillo. José María San-ek jadanik existitzen ez den Clot bere auzoan duela bost urte egin zituen argazki batzuetatik sortu zen ideia.

Albuma Josu Garcíak eta Mario Cobok ekoitzi dute eta hamabi abesti dauzka, besteren artean, “En el final de los días”, “Limousinas y estrellas”’, “A tono bravo”, “El mundo que conocimos” edota “Viaje al norte” titulu iradokitzaileak dauzkatenak. Abesti horiek guztiak Carlos Segarrak, Sabino Méndezek, Igor Paskualek, Mario Cobok eta Leivak sinatu dituzte, eta Loquillo eta Carlos Zanón, berriz, arduratu dira hitzen idazketaz.

Loquillo, morroi gogorra, itxura bikainekoa, askoz ere gehiago da rock and roll-eko ohiko abeslaria baino. Auzoko makarraren larrua eta traje akasgabea eta ganster-kapela daramatzan dandyaren estiloa bateratzen ditu haren estetikak. Ez daki ahoa itxita edukitzen, eta beraren adierazpenak zurrunbiloaren erdi-erdian egoten dira beti. Loquilloren iritziak su-piztaileak izaten dira beti. Hurbildu izan da politikaren mundura, baina, denbora igaro ahala, desilusionatuz joan da; ez da otzandu ordea, hortxe jarraitzen du, beha, inork uste ez duenean eraso egiteko.

LOQUILLO
Ostirala, maiatzak 5 / 20:00
25 €

“Las bodas de Fígaro”, BBC Philharmonic eta Juanjo Mena 78 Musika Hamabostaldian Kursaalean

Gaurkotasuna / 27 apirila, 2017

BBC Philharmonic Juanjo Menaren zuzendaritzapean, operaren berreskuratzea “Las bodas de Fígaro”rekin eta lau ospe handiko orkestra internazional dira, beste batzuen artean, abuztuaren 1etik 30era izango den 78 Musika Hamabostaldiko berritasun nabarmenenak.

Kursaal Auditoriorako diseinatu den programa BBC Philarmonic-en bi kontzerturekin zabalduko da. 2011az geroztik bere zuzendari titularra den Juanjo Menaren gidaritzapean ariko da orkestra britainiarra (abuztuak 3 eta 4). Mena gasteiztarraren konpromezu sendoa du BBC Philarmonic-ek, hain justu Hamabostaldian lehen aldiz parte hartuko duen orkestra britainiar handienetarikoa. Hala, abuztuaren 3ko programan Berliozen “Sinfonia fantastikoa” interpretatuko du, eta jarraian Elgarren “Biolontxelorako Kontzertua”, Asier Polo bakarlariaren partehartzearekin. Hurrengo egunean Donostiako Orfeoia izango du bidelagun orkestra britainiarrak “Fidelio” operaren eszenarik gabeko moldaketa eskaintzeko. Londreseko Proms-ak eta Musika Hamabostaldia elkarlanean ariko dira Beethovenek idatzitako opera bakarraren kontzertu-bertsio honetan.

Iazko edizioan izandako arrakastaren ondotik, Balthasar-Neumann-Abesbatza eta Bakarlariak & Balthasar-Neumann-Ensemblek Kursaaleko bigarren hitzordu sinfonikoa sinatuko dute aurten. Hamabostaldiko publikoak bigarrenez entzun ahal izango ditu bi taldeak (abuztuak 19) Thomas Hengelbrock maisu alemaniarraren esanetara.

Hain zuzen ere, beste meza bat bilakatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren egitarauaren protagonista (abuztuak 21): Haydn-en “Nelson”, musikagile austriarraren lan sinfoniko-koral handienetakoa, orain arte jaialdian interpretatu gabea. Antzinako musikan aditua den Paul Goodwin-en batutapean ariko da orkestra, eta bere osotasunean eskainiko den barrokoaren pieza bitxi batekin emango dio itxiera emanaldiari, hots, Haendel-en “Musika Urtarra”-rekin.

Asian Youth Orchestrak hartuko du EOSen lekukoa Kursaal Auditorioan. Asiako musikari gazte gailenak biltzen dituen orkestra lehen aldiz aurkeztuko da aurtengo Musika Hamabostaldian (abuztuak 23), musikari gazteekin trebatu den James Judd zuzendari britainiarraren aginduetara.

BBC Philarmonic eta Asian Youth Orchestrarekin batera, Orcheste Philarmonique du Luxembourg izango da aurtengo edizioan estreinakoz ariko den beste orkestretako bat. Bi egitarau ezberdin dakartza taldeak: Lehenengo saioak, (abuztuak 25) XIX. eta XX. mendeko musika errusiarrari eskainiak. Bigarren emanaldian (abuztuak 26) Donostiako Orfeoia izango du lagun Verdiren “Messa da Requiem” entzutetsuari ekiteko. Bi kontzertuetan 2015/16 ekitaldiaz geroztik bere zuzendari titularra den Gustavo Gimeno-ren batutapean jardungo du orkestrak. Juanjo Mena eta Pablo Heras-Casado bezala, nazioarteko agertokietan arrakasta lortzen ari den espainiar zuzendarien belaunaldi berriaren protagonistetako bat da Gimeno balentziarra.

Egitarau sinfonikoari itxiera emango dioten azken bi emanaldiak AEBko talde batek sinatuko ditu, Cincinnati Symphony Orchestrak. Ospakizunerako aitzakia izango da Hamabostaldiarentzat, izan ere, 1996an jaso baizuen azkenekoz amerikar kontinentetik heldutako orkestra baten bisitaldia, Cleveland-eko Orkestrarena, alegia. Oraingoan, eta Louis Langrée zuzendari titularraren esanetara, Cincinnati Symphony Orchestrak 78.

Musika Hamabostaldiak opera antzeztuarekin izan ohi duen hitzordua berreskuratu du 78. ediziorako eta W.A. Mozarten sorkuntzarik interesgarrienetakoa, eta gaur arte jaialdian interpretatu gabekoa dakar: “Figaroren Ezteiak” (abuztuak 13 eta 15). Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza ariko dira Yi-Chen Lin Taiwaneko zuzendari gaztearen batutapean. Hain justu, Hamabostaldian emakume bat zuzendari gisa jardungo den lehen aldia izango da hau.

Azkenik, Kursaal Auditorioan urtero egiten den dantza-saioan, Víctor Ullateren Balleta eta haren “Carmen” ikuskariaz gozatu ahal izango dugu.

Sarreren salmenta

Sarreren salmenta ekainaren 1ean hasiko da, Kursaaleko leihatiletan eta www.quincenamusical.eus -en.