menu

Nazionalismoari lotuta dauden bi konposagile, Sibelius eta Smetana, izango dira Kursaal Eszenaren hurrengo kontzertuaren protagonista nagusiak.

Gaurkotasunak / 8 azaroa, 2017

“Biolinaren dama” handietako bat den Viktoria Mullovak Sibelius-en “Biolinerako kontzertua” interpretatuko du.

Kursaal Eszenaren kontzertu denboraldiaren baitan Bamberg-eko Sinfonikoak datorren ostegunean, azaroak 9, eskainiko duen  kontzertuan, nazionalismoa izango da oinarri nagusia. Bertan Sibelius eta Smetana-ren obrez osatutako programa eskainiko baita; zein bere herrian, Finlandian eta Txekian, mugimendu honetako musikari nagusietakoak izan ziren konpositoreen lanak hain zuzen.

Sibelius finlandiar jeinuak , bere “Biolinerako kontzertu” bakarrean, etorkizunerako monumentu bat eraiki zuen. Nahiz eta kontzertu honetan egilea garai nazionalista gainditzen ari, eta bere garaiko joeretan jadanik ezin sailkatuzkoa zen estilo batean murgiltzen hasia izan, aurki daitezke oraindik obra honetan folklore horren arrasto batzuk, piezari halako kutsu mistiko eta alaia ematen diotenak.

Alemaniako formazio entzutetsuak Txekiako Smetana konposagilearen “Nire Aberria” obraren 1, 2, 3 eta 4 zenbakiak ere interpretatuko ditu (obra osoa sei zenbakik osatzen dute). Txekiar musikaren aitatzat hartzen den Smetana izan zen, bere herriko folklorean oinarritutako hizkuntza musíkala erabili zuen lehen konposagilea.

Bamberg-eko Orkestra Sinfonikoa, 2016. urteaz geroztik formazioaren  zuzendari titularra den Jakub Hrusa-ren agindupean ariko da, eta Viktoria Mullova biolin-jotzailearen partehartzea izango du. Orkestra, musikari aleman eta txekiarrek sortu zuten duela zazpi hamarkada, eta bere errepertorioan XVIII eta XIX. mendeetako lanak nabarmentzen dira bereziki.

BAMBERGER SYMPHONIKER
Osteguna, azaroak 9 / 20:00
50 / 40 / 32 / 26 /12 €
Jakub Hrusa, zuzendaria
Viktoria Mullova, biolina

Sarrera erosi