menu

ATZERATU EGIN DA DONOSTIAKO ORFEOIAK AZAROAREN 23AN EMAN BEHAR ZUEN KONTZERTUA

Gaurkotasunak / 21 azaroa, 2017

Donostiako Orfeoiak jakitera ematen du 120. urteurrenaren ospakizunei amaiera eman behar zien kontzertua, azaroaren 23an Kursaal auditoriumean egitekoa zena, tamalez, atzeratu egin behar dela, zuzendariak osasun-arazoak dituelako atzoz geroztik.
Barkamena eskatzen dizuegu atzeratzeak eragin ditzakeen eragozpenak direla eta. Gaur-gaurkoz ezin dizuegu zehaztu noiz egin ahal izango den kontzertua.
Sarrerak erosi dituztenek dirua itzultzeko aukera dute erosteko erabilitako bide berak baliatuta: Internet edo Kursaaleko txarteldegia.

“El bosque de Grimm” Grimm anaien maitagarrien ipuinen giroan inspiratzen da, eta hauxe izango da Kursaal Eszenako familiako hurrengo saioaren protagonista  

Gaurkotasunak / 17 azaroa, 2017

 

Datorren azaroan 18, larunbata, La Maquinék produzituriko “El bosque de Grimm” ikuskaria eskainiko da Kursaaleko Ganbera Aretoan, Charles Perraultek eta Grimm anaiek bildutako maitagarrien ipuinetako giroan inspiratutako lana. Maurice Ravel frantses-euskaldunaren “Ma mère l’Oye” musika-piezaren bitartez egituratua dago obra, eta zuzeneko pianoarekin interpretatuko da. Haurrentzat eta familientzat dago obra hau pentsatua; keinu-antzerkia da, eta txotxongiloak eta bideoa ere badira.

Ravelen musikak hezurmamitzen du obra, eta haur-ipuinen birsorkuntza estilizatua gertatzen da. Piezak hizkuntza iradokitzaile baten moduan jokatzen du, belaunaldiz belaunaldi igaro diren ipuin tradizional ezagunenetako batzuen giroa eta une nagusiak deskribatuz: Txanagorritxo, Barbantxo, Edurnezuri edota Errauskine.

Grimmen basoak ipuin guztiak sortzen diren eta pertsonaia guztiak elkarrekin bizi diren irudimeneko toki bat gogorarazten du. Ipuinetako pertsonaia ezagunenetako batzuk, nola diren Txanagorritxo, Barbantxo eta Edurnezuri, basoan bizi dira elkarrekin, baina otso gaiztoak denak jan nahi ditu. Otsoak, une batez agertuta, pertsonaia guztiak jaten ditu; Txanagorritxok, ordea, otsoaren sabeletik denak ateratzea lortzen du.

Joaquín Casanovak eta Elisa Ramosek (La Maquinéren sortzaileek) sorturiko ikuskariak tolesgabetasunera itzularazten gaitu, ikusleari asko gustatuko zaion obra delikatu batean, musikaren bitartez berrituz denok ezagutzen ditugun ipuin herrikoiak.

Ikuskari honek antzezpen-arteen MAX 2014 saria eskuratu du haur-ikuskari hoberenaren kategorian, eta berebat lortu du Teatro Andaluz SGAE haur-ikuskari hoberenaren saria.

EL BOSQUE DE GRIMM
Kursaal Ganbera Aretoa
Larunbata, azaroak 18/ 18:00
7 € / 3 € (<12 urte)

 

 

Philippe Jaroussky kontratenorrak bere azken diskoa aurkeztuko du Kursaalen, Haendelen operako ariek osatua

Gaurkotasunak / 16 azaroa, 2017

Philippe Jaroussky gaur egungo kontratenor hoberentzat hartzen da, eta datorren ostiralean eskainiko du Kursaaleko emanaldia, azaroaren 17an, 20:00etan, Ensemble Artaserse bere taldeak lagunduta.

Zaila bada ere kontzertu bakar batean Haendelen opera-ekoizpen osoa biltzea, hamar operatako ariek osaturiko sorta honek musikagilearen Londreseko operen handitasuna berresten du, aldi barrokoko sorkuntza musikalaren eta dramatikoaren altxor baliotsua baitira.

Haendelen operetako ariek osaturiko errepertorioa eskainiko du, gutxiena ezagutzen diren ariak hain zuzen ere. Jarousskyk berak dioen bezala, “aria hauetako batzuk urte askoan interpretatu ditut, eta orain prest sentitzen nintzen nire taldearekin grabatzeko”.

Horrez gainera, castratorako zenbait aria interpretatuko ditu: “Gaur egun, guretzat idatzi ez diren ariak abesten ditugu ia beti, eta egokitu behar izaten dugu, baina Haendelek paper osoak lekualdatzen zituen, abeslari berriei egokitzeko bere operetan. Zenbait ariarekin gauza bera egitea erabaki nuen, ahalik eta modurik erosoenean interpretatzeko”, adierazi du Jarousskyk.

Jarousskyk Ensemble Artaserserekin abestuko du. Ensemble hau Europako talde barroko ospetsuenetako musikariek osatua da, eta Jarousskyk berak, Christine Plubeauk (viola da gamba), Claire Antoninik (tiorba) eta Yoko Nakamurak (klabea eta organoa) fundatu zuten 2002an.

Nazioarteko panoramako kontratenor nagusietako bat da Jaroussky. Halaxe agertzen dute jaso dituen sari ospetsuetako batzuek: Victoires de la Musique (Errebelazio Artista Lirikoa, 2004; Artista Lirikoa 2007an eta 2010ean); eta Echo Klassik, besteak beste. Trebetasun tekniko harrigarria duelarik, ñabardurarik ausartenak eta pirotekniarik ikusgarrienak egiteko gauza da, eta oso-oso errepertorio zabala du, XVII. mendeko dotoretasunetik hasita,  Monteverdi, Sances edo Rossi bezalako konpositoreekin, Handel edo Vivaldiren birtuosismo ikusgarriraino.

PHILIPPE JAROUSSKY & ENSEMBLE ARTASERSE
Ostirala, azaroak 17 / 20:00
44 / 35 / 29 / 23 /12 €
Sarrera erosi 

Kursaal Eszenak jazzeko bi izen handi hartuko ditu: Chick Corea eta Steve Gadd

Gaurkotasunak / 16 azaroa, 2017

 Erabat luxuzkoa den banda batekin batera eskainiko dute kontzertua, datorren asteartean, azaroak 14 (20:00), Kursaaleko Ganbera Aretoan.

Chick Corea-ren izena jazzeko handien artean dago, zalantzarik gabe, eta estatubatuarra musika-ikono izatera iritsi dela esan daiteke. Pianista ezezik teklista, konposagile eta talde-buru ere baden Corea, laugarren artista proposatuena da Grammy Sarien historian, 63 izendapen eta 22 sarirekin. Sasoi onean iritsi da 76 urte betetzera; agenda Steve Gadd bezalako aspaldiko lagunekin batera gauzatzeko proiektu berriz gainezka duela, alegia.

Steve Gadd, berriz, musika garaikidean eragin handienetakoa duen bateria-jotzailea dela esan dezakegu. Modern Drummer eta Drummer World bezalako aldizkari espezialduek munduko hamar bateria-jotzaile hoberenen artean aipatu izan dute eta, besteak beste, Paul McCartney, Paul Simon, Steely Dan, Joe Cocker eta Eric Clapton-en mailako musikariekin aritu izan da.

Bi artista hauek, fusio elektriko nahiz rockeroen laborategia izan zen Return Forever hartan ezagutu zuten elkar eta, harrezkero, sarritan aritu izan dira elkarlanean. Kolaborazio horien emaitzak: “The Leprechaun” (1975), “My Spanish Heart” (1976), “The Mad Hatter” (1978)  edo ”Three Quartets” (1981) bezalako diskoetan entzun daitezke. Denborak aurrera egin ahala, Corea eta Gadd-en arteko harremana  adiskidantzakoa izatera iritsi da, elkarrenganako miresmena tarteko. Coreak dio: “Steve eta biok aspalditik gara gertukoak bai musikari bezala, bai lagun bezala ere. Elkartzen garen aldiro, automatikoki pizten den zerbait dago”. Eta Gadd-ek eransten du: “Chick-ekin aritzeko aukera oro aprobetxatzen dut, horrek beste musika maila batera eramaten nauelako”.

2017ko bigarren seihilekoan, bi geinu hauek errepidera bueltatu dira, beste behin ere, orain arte gidatu gabeko banda batekin: Beningo Lionel Loueké, gitarrra jotzen; Estatu Batuetako Steve Wilson, saxoa eta flautekin; Carlitos del Puerto kubatarra kontrabaxu eta baxu elektrikoan, eta Venezuelako Luisito Quintero perkusioarekin. Datorren asteartean, azaroak 14, Kursaalen eskainiko duten kontzertuan, hainbat urteetan elkarrekin egindako lana eta abestiak errepasatuko dituzte.

Chick Corea & Steve Gadd Quartet
Azaroak 14, asteartea, 20:00
Kursaal Ganbera Aretoa
Steve Gadd, bateria / Lionel Loueké, gitarrak eta ahotsa /Carlitos del Puerto, kontrabaxua eta baxu elektrikoa /Luisito Quintero, perkusioak / Steve Wilson, saxoa eta flautak
Sarreren zenbatekoa: 41 €

Los Planetas taldeak bere azken diskoa aurkeztuko du Kursaalen, beren arrakasta handientzat ere lekua izango den kontzertu batean

Gaurkotasunak / 10 azaroa, 2017

  • Kontzertua, Kursaal Eszenaren denboraldiaren baitan, datorren larunbatean izango da, azaroak 11

Los Planetas granadar taldeak eszenatokietara itzuli dela berretsi du, eta disko berri baten etorri da gainera: “Zona temporalmente autónoma”. Diskoak 14 abesti ditu, eta bandaren bederatzigarren lana da. Disko honetan, musiakren esparruari dagokionez, taldeak flamenkoa ikertzen jarraitzen du, baina letrak inoiz baino politikoagoak dira taldeak.

“Zona Temporalmente Autónoma” izenekoa (Hakim Bey-ren saikaera-lanaren oroitzapenetik dator titulua), Estatutik eta Kapitaletik aparte dagoen tokia da, non gure kulturaren balio gorenak, baita manipulazio sentimentalarekiko sentikorrak direnak ere, bizirik iraun baitezaketen. (“Ijitoek kantu flamenkoarekin egin duten bezala”, azpimarratzen du Jotak.) Hamalau abesti, bederatzigarren diskoa. Disko horretan, elkarren ondoan daude maitasunaren tesi politikoak (himno politikoak ziren “La canción del fin del mundo” edota “Reunión en la cumbre”) eta esaldi batean zifra genitzakeen abesti asko: Hegoaldeko ontologia.

Baina flamenkoa hortxe dago, baita hain agerikoa ez denean ere. Izan ere, konplikatua bezain alferrekoa da rock and rolla eta flamenkoa bereiztea Los Planetasen musikan. Haientzat ez dira mundu desberdinak, eta erabateko askatasunez igarotzen dira batetik bestera, harmoniak bereizketarik egin gabe trukatuz.

Rock-banda bakar batzuek baizik ezin irabazi dute gogoangarri kalifikatzailea; izan ere, urteetan eta hamarkadetan dirauen aztarren guztiz nahastezina uzten denean herri-kulturan, orduan bakarrik lortzen da adjektibo hori. Laurogeita hamarren lehen urteetan hasi ziren Los Planetas musikagintzan, baina adiskideekin eta adiskideentzat bakarrik joaz. Alabaina, ez zen denbora asko igaro zenbait abestiren grabazioa egin eta irrati, fanzine eta aldizkari programetara bidaltzen hasi zen arte, eta aldi berean publikoak bere banda gogokoena ezagutu zuen.

LOS PLANETAS
Larunbata, azaroak 11   / 20:00
29 €
Sarrerak erosi

Azaroaren 23an, Orfeoiak Kursaalean emango dio amaiera 120. urteurrenaren ospakizunari

Gaurkotasunak / 9 azaroa, 2017

Azaroaren 23an, Orfeoiak Kursaaleko Auditoriumean emango dio amaiera 120. urteurrenaren ospakizunari. Kontzertua Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin batera izango da, alegia, Errege Antzokiko orkestra titularrarekin. Agertoki enblematiko horri oso lotuta dago abesbatza, 123 aldiz abestu baitu bertan. Kontzertu honen bidez, bi erakundeen arteko lotura artistikoak sendotu nahi dira.
Ospakizun bikoitz honetarako Prokofieven Ivan Izugarria obra hautatu da. Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, Orfeoia eta Orfeoi Txikiaren ahotsez gain, Ainhoa Zubillaga (mezzosopranoa) eta Eneko San Sebastián (baritonoa) bakarlariek ere abestuko dute, Sainz Alfaroren gidaritzapean. Obrak Ivan Izugarria tsarraren bizitza gorabeheratsua kontatzen du, azpijokoz, hilketez eta guduz betea. Istorioak narratzaile bat behar du, eta kasu honetan, Iñaki Gabilondo kazetaria izango da.
Aire errusiar patriotikoez betetako kantata ospetsua Sergei Eisensteinen zinemako trilogiarako konposatu zuen Prokofievek. Kantatak zati gogorrak ditu, tesituragatik eta testura, estilo eta dinamikaren kontrasteengatik. Hala ere, Orfeoiko ahotsek zailtasun horiei aurre egin diete kantata osorik interpretatu duten bederatzi aldietan, besteak beste, Txekiako Orkestra Sinfonikoarekin, Sofiako Opera Nazionalekoarekin, San Petersburgoko Filarmonikarekin eta EOSarekin batera.
Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta Laboral Kutxak babesten du.
Elkarri lotutako historiak
Errege Antzokiaren eta Orfeoiaren historiak oso lotuak egon dira 1916tik, abesbatzak urte hartan eman baitzuen lehenengo kontzertua antzoki historikoan. Ordutik, 123 emanaldi egin dituzte, tartean, kontzertu sinfoniko-koralak hainbat orkestrarekin, opera abestua eta antzeztua edo, lotura artistikoaren lehen urteetan, euskal kanta herrikoien programak.
Orfeoiak Errege Antzokiaren lehen berrirekitzean parte hartu zuen. Ondoren, Aste Santuan –1977 arte–, Bachen San Mateoren Pasioa interpretatzen zuen Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta bertako titularra zen Frühbeck de Burgosekin. Urtero hiru edo lau aldiz interpretatzen zuten, eta aretoa erabat betetzen zen. Hiru urtetan, 1968an, 1970ean eta 1972an, agerpen ugari egin zituzten, urtean bederatzina kontzertu interpretatu baitzituzten.
Opera-antzoki bezala bigarren aldiz berrireki zenean, 1991 eta 1997ko jarduera-ezaren ostean, Orfeoiak Fallaren Bizitza laburra interpretatu zuen. Sei aldiz abestu zen, eta, jakina, 2007an,berrirekitzearen hamargarren urteurrenean, berriz interpretatu zuten.
120. urteurrenaren une esanguratsuenak
Orfeoiak hiru kontzertu berezirekin ospatu nahi zuen 120. urteurrena. Lehena, etxekoekin ospatzeko, ekainaren 24an izan zen, Konstituzio plazan. Ospakizun herrikoi eta donostiar horretan, hiru gertakizun historiko ospatu ziren: Konstituzio plazan jarri zen lehen harriaren 200. urteurrena, Orfeoiaren 120. urteurrena eta Udala plaza horretatik gaur egun dagoen tokira lekualdatzearen 70. urteurrena. Udal-liburutegiaren aurrealdean proiektatu ziren irudiek eta argi-jokoek giro berezia sortu zuten. Horrek eta publikoak betidanik entzun dituen abestiek emozio ugari piztu zituen entzuleen artean. Orfeoi Txikiko haurren ahotsek ere ospakizunean parte hartu zuten.
Bigarren kontzertua Londresko Royal Albert Hallen ospatzen den Proms zikloko debuta izan zen. Beethovenen Fidelio opera kontzertu bertsioan interpretatu zuten BBC Filarmonikoarekin batera eta Juanjo Menaren zuzendaritzapean.
Aretoa ia beteta zegoen, eta ikaragarri gustatu zitzaien 6.000 ikusleei. Ikuskizun «kementsu eta alaia» eman zuen Orfeoiak (Musicomh hedabide ingelesaren arabera) eta emanaldia emakumezkoen ahotsen «alaitasun-oihuarekin» amaitu zuten (Bachtrack). Abesbatzarekin batera, nazioarteko abeslari hauek abestu zuten: Stuart Skelton, Ricarda Merbeth, James Creswell, Louise Alder, Benjamin Hulett, Detlef Roth eta David Soar.
Eta tokiko ospakizuna borobiltzeko, hirugarren kontzertu-trukaketa antolatu da Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin.
Datorren urteko irailaren 26an ere beste kontzertu bat emango da Errege Antzokian orkestra berdinarekin (programa oraindik ez dago zehaztuta).
Espainiako orkestra sinfoniko egonkor zaharrena
Orkestra 1903an sortu zen. 1904ko otsailaren 7an, Madrilgo Errege Antzokian aurkeztu zen, Alonso Cordelásen zuzendaritzapean, eta Espainiako lehen orkestra sinfoniko egonkorra izan zen. 1905an, Enrique Fernández Arbósekin batera lan egiten hasi zen, eta hiru hamarkadatan zehar aritu ziren elkarlanean. Horrez gain, podiumean, maisu garrantzitsuak egon ziren, esaterako, Richard Strauss eta Igor Stravinski.
Arbósen heriotzaz geroztik, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren (OSM) zuzendaritza hainbat zuzendari espainiarrek hartu zuten, esaterako, Conrado del Campo, José María Franco, Enrique Jordá eta Vicente Spiterik.
1981ean, Kultura Ministerioarekin egindako hitzarmen baten ondorioz, Zarzuelako Antzokiko ikuskizun guztien orkestra egonkor bihurtu zen. Halaber, jarduera sinfonikoa berreskuratu zuen. Arlo horretan, hain zuzen ere, aipagarria da Musika Auditorium Nazionalean ospatzen den Madrilgo Erkidegoko urteko kontzertu-zikloa. Espainiako zuzendari garrantzitsuenekin lan egiteaz gain, maisu hauen zuzendaritzapean ere egon da orkestra: Peter Maag, Kurt Sanderling, Krzysztof Penderecki, Mstislav Rostropovitx, Semion Bitxkov, Pinchas Steinberg, Armin Jordan, Peter Schneider, James Conlon, Hartmut Haenchen, Thomas Hengelbrock, Jeffrey Tate, Nicola Luisotti eta Lothar Koenigs.
OSM, 1997tik, Antzerki Lirikoaren Fundazioarekin egindako kontratu ugariren bitartez, Errege Antzokiko Orkestra titularra izango da 2026. urtera arte. Luis Antonio García Navarro (1999-2002) eta Jesús López Cobos (2002-2010) Orkestraren zuzendari izandakoak dira, eta gaur egun, Ivor Bolton da zuzendaria; Pablo Heras-Casado, aldiz, zuzendari gonbidatu nagusia da.
Orkestraren diskografian, aipagarriak dira Auvidisentzat grabatutako zarzuelak eta opera espainiarrak, Artsentzat grabatutako Felix Mendelssohnen Sinfoniak, Peter Maagen zuzendaritzapean, eta Deccarentzako Isaac Albénizen Merlin eta Henry Clifford operen munduko lehen grabazioak, José de Eusebioren zuzendaritzapean. Errege Antzokian eskaini dituzten emanaldi ugari CDan nahiz DVDan argitaratzen ari dira. (www.osm.es)

Nazionalismoari lotuta dauden bi konposagile, Sibelius eta Smetana, izango dira Kursaal Eszenaren hurrengo kontzertuaren protagonista nagusiak.

Gaurkotasunak / 8 azaroa, 2017

“Biolinaren dama” handietako bat den Viktoria Mullovak Sibelius-en “Biolinerako kontzertua” interpretatuko du.

Kursaal Eszenaren kontzertu denboraldiaren baitan Bamberg-eko Sinfonikoak datorren ostegunean, azaroak 9, eskainiko duen  kontzertuan, nazionalismoa izango da oinarri nagusia. Bertan Sibelius eta Smetana-ren obrez osatutako programa eskainiko baita; zein bere herrian, Finlandian eta Txekian, mugimendu honetako musikari nagusietakoak izan ziren konpositoreen lanak hain zuzen.

Sibelius finlandiar jeinuak , bere “Biolinerako kontzertu” bakarrean, etorkizunerako monumentu bat eraiki zuen. Nahiz eta kontzertu honetan egilea garai nazionalista gainditzen ari, eta bere garaiko joeretan jadanik ezin sailkatuzkoa zen estilo batean murgiltzen hasia izan, aurki daitezke oraindik obra honetan folklore horren arrasto batzuk, piezari halako kutsu mistiko eta alaia ematen diotenak.

Alemaniako formazio entzutetsuak Txekiako Smetana konposagilearen “Nire Aberria” obraren 1, 2, 3 eta 4 zenbakiak ere interpretatuko ditu (obra osoa sei zenbakik osatzen dute). Txekiar musikaren aitatzat hartzen den Smetana izan zen, bere herriko folklorean oinarritutako hizkuntza musíkala erabili zuen lehen konposagilea.

Bamberg-eko Orkestra Sinfonikoa, 2016. urteaz geroztik formazioaren  zuzendari titularra den Jakub Hrusa-ren agindupean ariko da, eta Viktoria Mullova biolin-jotzailearen partehartzea izango du. Orkestra, musikari aleman eta txekiarrek sortu zuten duela zazpi hamarkada, eta bere errepertorioan XVIII eta XIX. mendeetako lanak nabarmentzen dira bereziki.

BAMBERGER SYMPHONIKER
Osteguna, azaroak 9 / 20:00
50 / 40 / 32 / 26 /12 €
Jakub Hrusa, zuzendaria
Viktoria Mullova, biolina

Sarrera erosi