menu

SS Gastronomika 2017: chef onenen biltzarra gourmet afizionatuen eskueran

Gaurkotasunak / 6 urria, 2017

Urriaren 8tik 11ra, San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country izango da Kursaalen. Urtetik urtera, gero eta programazio osatuagoa du, eta, aurten, munduko chef onenen hitzaldiak eta dastatzeak ez ezik, jarduera ugari ere proposatzen ditu biltzarrak, hala nola ardo-dastatzeak Josep Rocarekin, edaria eta janaria uztartzea Josean Alijarekin, edo xanpain-lehiaketak.
Hona hemen jarduera aipagarrienetako batzuk:
Chefekin sukaldean
Biltzarreko jarduera esklusiboenetako bitan, gutxi batzuek sukaldean sartzeko eta gaur egungo chef onenetako batzuekin batera lan egiteko aukera dute. Oraingoan, chef hauek jarriko dira jendearen esanetara 10 lagunentzako klase praktikoak eskaintzen dituen “…kin sukaldean” atalean: Andreu Genestra (Andreu Genestra Restaurant, Capdepera, Mallorca), Fran López (Villa Retiro, Xerta, Tarragona) eta Pedro Subijana (Akelarre). Bestalde, San Sebastián Gastronomikak antolatzen dituen 40 lagunentzako sukaldaritza-tailer monografikoetan, “Sukaldaritza pribatuak” deiturikoetan, Nandu Jubanyk parte hartuko du (Can Jubany, Calldetenes, Bartzelona), baita Miquel Brossa gastronomoak eta Francis Paniegok (Echaurren, Ezkarai, Errioxa) ere. Azken biek tailer esklusibo bat emango dute batera.
Wine&Win lehiaketa
Bosgarren urtez egingo da binakako ardo-dastatze lehiaketa ospetsu hau. Erronka honek parte-hartzaileen ezagutza teoriko eta praktikoak neurtzen ditu, eta jakintza eta entretenimendua elkartu. Wine&Win afizionatuentzat eta profesionalentzat da, baina beti bikoteka. Final handian, parte-hartzaileek zenbait galderari erantzun behar diete, eta dastatzeak egin, zuzenean. Agertokiko mahai batzuen atzean egongo dira lehiakideak, eta ikus-entzunezko diseinu bat erabiliko dute, telebistako lehiaketetan bezalaxe.
“The Txoko Experiencie” dokumentalaren estreinaldia
Suak eta mikrofonoak alde batera utzi, eta pantailara begiratuko dugu, “The Txoko Experience. The Secret Culinary Space of the Basques” lehenengo dokumental gastronomikoa aurkeztuko baita, Espainian soilik. Dokumental horrek Euskal Herriko txokoak eta elkarte gastronomikoak, 0 km-ko produktuak eta abangoardiako euskal sukaldaritza ditu aztergai. Lana bizkaitar politologo Yuri Morejónen zuzendaritzapean egin da, New Yorken, eta, bertan, euskal gastronomian erreferentzia garrantzitsuak diren chefek parte hartu dute, besteak beste, Elena Arzak, Josean Alija, Aitor Arregi eta Bittor Arginzoniz. Haietako asko estreinaldian izango dira.
Wine Session onenak
Wine Session delakoen barruan, bi saio nabarmendu behar dira: batetik, 2008an Europako sommelier onena izan zen Isa Balen tailerra, “¿Cómo llegar a ser ‘master sommelier’?”; eta, bestetik, Ars Natura Líquidako Josep Rocak (El Celler de Can Roca) zuzenduko duen saioa, Celler jatetxeak antzinako ezagutza berreskuratzeko eta likore, pattar, olio esentzial eta fruitu aromatikoak sortzeko egin duen lana erakusten duena. Horretaz gain, Bodegas Torres upategiak ere parte hartuko du, eta berreskuratutako antzinako barietateak dastatzeko saio gidatu bat eskainiko du: Gramona, uzta hoberenetako batzuetakoa; Chivite, Chivite Colección 125 gamako ardoen uztetako 15 ardo aparta eskainiko dituena; Ribera del Duero, bere #espirituribera erakutsiko duena, eta bere ardo onenetako hamar dastatzeko aukera eskainiko duena; eta DO Cava, Paraje Calificado cava-kategoria berriko lehenengo caven dastatze enigmatiko eta harrigarri bat aurkeztuko duena.
Edaria eta janaria uztartzea: zapore hautatuak eta modako zaporeak
Edaria eta janaria uztartzean, zaporeak elkartu eta batzen dira. Gastronomikak edaria eta janaria uztartzeko hiru saio programatu ditu Off atalean, ezagutza partekatuan sakontzeko. S.Pellegrinok saio gidatu bat aurkeztuko du, eta Josean Alija chefak (Nerua) eta Juan Cruz sommelierrak parte hartuko dute; San Miguelek esne gordinaren produktu nagusia goraipatzen du, eta bost garagardo eta nazioarteko gazta onenetako bost uztartzen ditu; eta Ostras Améliek kontsumo-esperientzia berriei buruz hitz egingo du, joera berrien showcooking baten bidez, “limoiaz, tabaskoaz eta mignonetteaz harago berritzea helburu duten guztiengana kalitatezko produktu bat hurbiltzeko”.
Atlantikoa eta Mediterraneoa
Bi jarduerak penintsula zeharkatuko dute, eta lurraldea eta produktua erakutsiko dituzte. Lisboatik, André Magalhãesek (Taberna da Rua das flores) Portugalgo petisco (pintxo) tradizionalez hitz egingo du, ikuspegi berritzaile garaikidetik, eta hango zapore tradizionalen kalitate handia eta aniztasuna erakutsiko ditu. Penintsularen beste muturretik, Balfegók Mediterraneoko atungorriaren ataltze ospetsuari buruz hitz egingo digu, eta Marc Miró chefak zuzenean kozinatuko du atungorria, hainbat eratara.
Xanpain-lehiaketa eta -dastatzea
Donostia xanpainaren munduko hiriburu bihurtuko da, “La Flèche d’Or” xanpain-lehiaketa izango baita. Lehiaketa horretan, xanpain-ekoizle enblematikoenetako batzuek parte hartuko dute, baina baita kontsumitzaile bakar batzuei zuzendutako ekoizpen mugatuak dituzten mahastizain txikiek ere. Horretaz gain, Vigneronek munduko xanpain esklusiboenetako bost dastatzeko tailerra eskainiko du; bost xanpain horiek nekez eskura daitezke merkatuan.
Gainera…
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarra da, eta zenbait jarduera nahitaezkoak dira. Adibidez, Nerabeentzako Gastronomika dago, Gipuzkoako eskola-umeei zuzendutako hitzaldi berezia, Euro-Toquesen laguntzarekin emana. Oraingoan, Ramón Rotetak, Ander Gonzálezek eta Ivan Surinder chefak hitzaldi gastronomiko atsegin bat eskainiko dute, gazteenek modu dibertigarrian eta osasuntsu nola jan ikas dezaten, baita Indiako sukaldaritza ere.
Aurten ere Gastronomikan izango da “Aukeratu sukalde-laguntzailea”, Makroren eskutik. Jarduera dibertigarri horretan, chef handiak sukaldari gazteen laguntzaile gisa arituko dira. Parrilla Lehiaketa Nazionala ere ikusiko dugu. Zortzigarren urtea du aurtengoa, eta haragizaleen topaleku izango da. Lehiaketan, haragi onena eta parrillari onena sarituko dira.

Informazio gehiago lortzeko, hizlarien eta hitzaldien zerrenda osoa ikusteko, eta sarrerak erosteko: www.sansebastiangastronomika.com