menu

“Hariekin lotu gabe, Pinotxo” euskarazko musikala ikusteko aukera izango da asteburu honetan Kursaalen

Gaurkotasunak / 19 urria, 2017

  • Oñatiko Ganbara Txiki Abesbatzak taularatuko duen musikal honek musika, dantza, antzerkia, magia eta ikusentzunezkoak uztartzen ditu. 
  • Ikuskaria familia osoarentzat da. Urriaren 21eko larunbatez ikusi ahal izango da Kursaalen, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Kursaal Eszenak etxeko txikienei eskaintzen dien programazioak, Musika familian atalak, larunbata honetan (urriak 21) izango du lehen hitzordua (18:00). Aitor Biainek zuzentzen duen Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzaren eskutik, “Hariekin lotu gabe, Pinotxo” euskarazko musikala eskainiko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Ikuskariak musika, dantza, antzerkia, magia eta ikusentzunezkoak bitarteko direla, Pinotxo, haur bihurtu nahi duen egurrezko txotxongiloari gertatutakoak biltzen ditu. Benetako haur bihurtu nahi du Pinotxok baina, noski, baldintza batzuk bete beharko ditu horretarako; besteak beste: eskolara joan, joango al da? Iritsiko al da inoiz? Inoiz ikusiko al dugu Pinotxo hariekin lotu gabe?

Oñatiko Ganbara Txiki Abesbatza 2004ko urrian hasi zen bere bidea egiten. Sorreratik bertatik, abesbatzak kontzertu ugari eskaini ditu Oñatin, Euskal Herriko hainbat tokitan eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Horra Mari!!, Alami, Jolasean edota Beltza ipuin musikalak taularatu dituzte eta 2008an Munduari begiratzeko diskoa argitaratu zuten. Aitor Biaian da proiektu honen sortzaile eta zuzendaria. Ganbara Txiki Abesbatzaz gain, EHUko Abesbatza, Bergarako Orfeoia eta Oñatiko Ganbara Abesbatza zuzentzen ditu eta, azken urteotan hainbat sari irabazi ditu talde hauekin.

Urriak 21, larunbata, 18:00
Kursaal Auditorioa
“Hariekin lotu gabe, Pinotxo”
Ganbara Txiki Abesbatza
Aitor Biain, zuzendaria
Ganbara Faktoriaren produkzioa
Sarreren zenbatekoa: 7 € / 3 € (˂ 12 urte)

Familia osoarentzat

 Sarrera erosi