menu

Musika Hamabostaldiaren 78. edizioan, edukieraren 88% bete da Kursaal Auditorioa, eta aretoa 6 aldiz bete da erabat

Gaurkotasunak / 1 iraila, 2017

6 alditan bete da erabat Kursaal Auditorioa: “Carmen” (abuztuak 1 eta 2), BBC Philharmonic eta Donostiako Orfeoia (abuztuak 4), “Figaroren ezteiak” (abuztuak 13), Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Donostiako Orfeoia (abuztuak 26) eta Cincinnati Symphony Orchestra (abuztuak 30).

Atzo esan zion Musika Hamabostaldiak agur 78. edizioari azken kontzertu sinfonikoarekin. Cincinnati Symphony Orchestrak itxiera eman zion atzo hilabete osoan zehar 90etik gora proposamen eskaini dituen edizio honi. Kontzertuak zein bestelako egitasmoak eskaini dira, eta milaka lagunek gozatu ahal izan dute jaialdiaz. Aurtengoa gainera, Cincinnati Symphony Orchestra Hamabostaldian jardun den lehen aldia izan da. Bi kontzertu eskaini ditu talde estatubatuarrak estreinakoz Hamabostaldian, eta Louis Langrée bere zuzendari titularraren batutapean, kutsu amerikarreko programak eskaini dituzte. Lehen hitzorduan, joan den asteartean, abuztuak 29, Bernstein, Copland eta Txaikovski-ren lanak entzun ahal izan ziren, eta atzo, berriz, Kursaal Auditorioa lepo bete zen John Adams minimalistaren “Short ride in a fast machine”, Bruch-en “Biolinerako eta orkestrarako 1. Kontzertua” (Renaud Capuçon biolinistarekin batera), eta Dvorak-en 9. Sinfonia, “Mundu Berrikoa” deritzona, entzuteko.

Aurreko edizioetan bezala, Kursaal Auditorioa ezinbesteko gune bilakatu da Musika Hamabostaldiarentzat. Iazko egitarauarekin alderatuta, aurten hiru emanaldi gehiago hartu ditu aipatu agertokiak, eta arrakasta sarritan errepikatu da bertan: 6 emanalditan bete da guztiz, eta edukieraren %88 bete da, batez beste, aretoa.

Jaialdia dagoeneko amaituta, leihatilan bildutako diru kopurua 975.000 euro gordinekoa da, eta honek, 2016eko edizioarekin alderatuz, %21eko igoera adierazten du. Kursaal Auditorioak aurten hiru saio gehiago hartu dituelako eta Hamabostaldiak aurten babesletza jakin batzuk jaso dituelako eman dira aipatu emaitzok. Bestalde, ikus-entzuleei dagokienez, aipatu 39.000 lagun inguru bertaratu direla 78. edizio honetara, hots, iaz baino %10 gehiago.

Auditorioko proposamen arrakastatsuenen artean aurkitzen dira Víctor Ullate Balletak eskainitako “Carmen” ikuskariaren bi hitzorduak, 78. Musika Hamabostaldia zabaldu zutenak, hain justu. Erabat bete zen aretoa, eta beterik egon zen orobat BBC Philharmonic-ek Hamabostaldian eskaini zuen bigarren saioan (aurten aurrenekoz aritu da orkestra jaialdian). Orkestra britainiarrak Donostiako Orfeoiarekin batera taularatu zuen “Fidelio”, Beethovenek idatzitako opera bakarra; kontzertu bertsioan aurkeztu zuten Juanjo Mena zuzendari titularraren gidaritzapean (abuztuak 4). Horrez gain, opera eszenaratuaren lehen emanaldirako sarrera guztiak agortu ziren (abuztuak 13). “Figaroren ezteiak” izan da aurtengo titulu esanguratsua, izan ere, duela 70 urte estreinatu baizen Hamabostaldian, eta orduztik ez baizen berriro taularatu.

Jaialdian lehen aldiz jardun den beste orkestretako bat izan da Luxenburgoko Filarmonikoa, eta Gustavo Gimeno zuzendari titularraren aginduetara, aretoa lepo bete zuten joan den abuztuaren 26an. Donostiako Orfeoiarekin batera, Verdi-ren “Requiem”-aren interpretazio hunkigarria bizitzeko parada izan zuten ikus-entzuleek. Halaber, esan bezala, Louis Langrée-ren zuzendaritzapean, Cincinnati Symphony Orchestrak lepo bete zuen atzo Kursaal Auditorioa edizio honetako azken kontzertuarekin.

Era berean, Antzinako Musika Zikloa, jarraitzaile fidelak izateaz gain, urtez urte, Santa Teresa Komentura ikus-entzule berri mordoa erakartzeko gai den zikloa da. Aurten, sekulako arrakasta izan du, izan ere, erabat bete baita agertoki hau eman diren bost kontzertuetan. Zikloak Claudio Monteverdi omendu zuen bere jaiotzaren 450. urteurrenean, eta Barrokoaren Urrezko Aroko musikagile alemaniar eta italiarren musika entzuteko parada izan zen, baita XVIII. mendeko espainiar errepertorioko lan
Musika Garaikideko Zikloak sorkuntza berritzaileenentzako plataforma ezin hobea izaten jarraitzen du. Aurten ere, proposamen urratzaileenekin txunditu gaitu zikloak, eta ohikoa denez, estreinaldiak hartu ditu, bi, hain zuzen ere: Elena Rykova eta Alberto Posadas-en lanena. Lehehengoa, Rykova-ren “Speaking objects”-en mundu mailako estreinaldia, Ricardo Descalzoren kontzertuan entzun ahal izan genuen (abuztuak 24). Eta bestetik, Sigma Project saxofoien laukoteak ekin zion Alberto Posadas-ek sortutako “Poética del Laberinto”-ren Europa mailako estreinaldiari (abuztuak 27), arreta handiena bereganatu zuen kontzertua bilakatuz.

Zintzo bete nahian haurrei zuzendutako eskaintza, Musika Hamabostaldiak beste pauso bat eman du honako 78 edizio honetan, babes handiagoa emanez aurreko edizioan abian jarri zituen ekimenei. Halaxe gertatzen da “Kantu Kontari” saioan: formato txikiko ikuskaria da, ipuin-kontalari bat eta haren laguntza musikala direla protagonista, iaz abuztuko hilabetean Kursaal Auditorioko Foyer-ean egin zena. Aurtengo edizioan, Kursaaleko saioak mantentzeaz gainera, ibiltaria bihurtu da “Kantu Kontari”, Haurren Hamabostaldi Ibiltaria eratuz, eta, hala, Zumaia (abuztuak 4), Getaria (abuztuak 17), Mutriku (abuztuak 24) eta Irun (abuztuak 25) bisitatu ditu. Orobat, txikienei zuzendutako tailerrak Donostiatik harago gauzatu dira, Irunen (abuztuak 11) eta Oñatin (abuztuak 18), hain zuzen ere. Egitasmo guztiek erantzun bikaina jaso dutela azpimarratzekoa da.

2018ko egitarauaren aurrerapena

Jaialdiko antolatzaileek hurrengo urteko edizioari begira lanean dihardute dagoeneko. 79. Musika Hamabostaldiak bere ikus-entzuleen artean arras ezaguna den orkestra bat hartuko du berriro ere, hots, Budapest Festival Orchestra, Ivan Fischer maisuaren zuzendaritzapean. Iaz aritu zen azkenekoz gurean, eta orduko hartan orkestra egoiliar gisa jardun zen, Kursaal Auditorioan hiru programa desberdin eskainiz. Bestalde, operarekin egin ohi den hitzorduari dagokionez, Hamabostaldiak Gioachino Rossini-ren obra bat eszenaratuko du bere 79. edizioan.