menu

Kursaal Eszenak kontzertu-eskaintza handitu du bere denboraldi berrirako

Gaurkotasunak / 1 iraila, 2017

Hainbat eratako 16 proposamenek —popa, rocka, jazza, gospela, musika klasikoa, dantza eta musika familian—  osatuko dute 2017ko urria eta 2018ko urtarrila artean gauzatuko den denboraldia.

Kursaal Eszenak hamasei hitzordu proposatzen ditu bere denboraldi berrirako, zeina urriaren 3an hasiko baita, estatubatuar banda mitiko baten eskutik: Luna. New Yorkeko rockaren ikonoetako bat den Dean Wareham-ek zuzentzen duen taldea, bere azken bi diskoak aurkeztera etorriko da Kursaalera: bertsioez osaturiko LP bat da lehena, eta sei abesti instrumental berri jasotzen dituena bigarrena.

Denboraldi honetan, pop/rock atalean, berebat entzun ahal izango da Vanesa Martín Malagako abeslari eta konpositorea, zeinak bere album berria aurkeztuko duen (urriak 22); indie nazionalaren ikonoa den Los Planetas banda (azaroak 11); eta Ken Zazpi. Gernikarrek, Kursaalen eskainiko duten emanaldiarekin (azaroak 30), ipiniko diote urrezko brotxea Phoenicoperus beren azken sorkariaren aurkezpen-itzuliari.

Atal honetako eskaintza osatzeko, Holy Holy bandak omenaldi bat egingo dio David Bowieri (azaroak 2). Horretarako, musikari-talde honek — beraiek diotenez, “ez dira omenaldizko banda bat, egiazkoak baizik, espiritu hartatik bizirik geratzen direnak”— “Ziggy Stardust”en azken itzuliko errepertorio bera eskainiko du Kursaaleko kontzertu honetan.

Jazza maite dutenentzat, azaroaren 14an izango da Kursaal Eszenako denboraldi berriarekiko hitzordua, esparru honetako izen handietako baten eskutik. Chick Corea pianista, teklista eta konpositorea, oraingo honetan, Steve Gadd-en eta luxuzko banda baten ondoan arituko da gainera.

Gospel-musika, bestalde, proposamen gastro-musikal original baten ildo nagusia izango da. Hala, parte hartzaileek, Ni Neu jatetxeak zerbitzatutako afari batez (azaroak 25) edo bazkari batez (azaroak 26) gozatu ahal izango dute, The Como Mothers amerikar gospel-hirukotearen ahots indartsuez gozatzen duten bitartean.

Denboraldi honetako dantza-hitzorduan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko dantzari-talderik hoberenak izango dira protagonistak. Donostia Dantzan izenburupean, Euskal Herriko hainbat lekutan oraindik bizirik dirauten eta dantzatzen diren dantza tradizionalak eskainiko dituzte dantzari hauek (abenduak 10).

Kursaal Eszenako denboraldi berriko alderdi klasikoa G.F. Haendelen Giulio Cesare operarekin hasiko da, zeina kontzertuko bertsioan interpretatuko duen  Accademia Bizantina talde barroko ospetsuak (urriak 20). Operaren ondoren, denboraldi berri honetan bisitatuko gaituzte, baita: Bamberger Symphoniker orkestrak, nazionalismo musikalarekin estu lotutako programa sinfoniko batekin (azaroak 9); Philippe Jaroussky abeslari frantses erreferentziazkoak, zeinak, Ensemble Artaserse taldearekin batera, opera barrokoko ariez osaturiko programa bat landuko duen (azaroak 17); eta Yuja Wang  txinatar pianista famatuak. Azken hau, Europa osoko musikariek osaturiko ganbera-orkestra batekin, aurreneko aldiz arituko da Donostian (urtarrilak 15). Musika erlijiosoko maisulan batekin bururatuko da atal klasikoa: G.F. Haendelen Mesias, The King´s Consort taldeak interpretaturik (abenduak 16).

ursaal Eszenaren denboraldi berria osatzen duten proposamenen artean, aipamen berezia merezi du Jane Birkin abeslari, antzezle eta ikono estetikoak. Artista anglo-frantses honek bere disko berria aurkeztuko du, “Birkin-Gainsbourg le symphonique”, non Serge Gainsbourg konpositorearen abestirik txalotuenak interpretatzen dituen, Nobuyuki Nakajima japoniar pianistak eta 90 instrumentuko orkestra sinfoniko batek lagundurik (azaroak 29).

Azkenik, Musika Familian, gazteenei eskainitako tradiziozko programaren baitan, bi hitzordu eskainiko dira: “Hariekin lotu gabe, Pinotxo” (urriak 21) eta “Grimmen basoa” (azaroak 18).

Programazio berri honek ekainean bukatu zen denboraldia osatzen du. 2017ko lehen sei hilabetean, denboraldiak, hamasei kontzertu eskaini zituen, eta 20.088 ikusle bildu zituen guztira.

 KURSAAL ESKURA

Kursaal Eszenak, oraingo denboraldi honetan ere, aurrera egingo du Kursaal Eskura proposamenarekin; Donostiatik urrutien dauden gipuzkoar udalerrietatik datozen zaleei  Kursaalerako etorrera erraztea da ekimen honen helburua.

Antzuola, Arrasate, Bergara, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Oñati, Elgoibar,  Ezkio-Itxaso, Zumaia, Getaria eta Zarautzeko entzuleek izan dute jadanik ekimen honetaz gozatzeko aukera, Kursaal Eszenak antolatutako hamaika kontzertuetan, eta laster beste udalerri batzuek ere proiektu honetan parte hartzea espero da.

Kursaal Eskura 2014. urtean sortu zen, Kursaal Eszenaren eta Gipuzkoako zenbait udaletxeren elkarlanaren emaitzaz, eta doako autobus-zerbitzu bat jartzen du zaleen esku, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskaria amaitzen denean, jatorrizko abiapuntuetara itzultzen dena.

ABONUAK ETA SARRERAK

Abonuen salmenta,  musika klasikoko kontzertuetarako bakarrik, datorren astelehenean, irailaren 4an, hasiko da eta urriaren 20ra arte luzatuko da aldia. Abonuak Kursaal Eszenako bulegoetara gerturatuz (Zurriola 1,  Donostia. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 9:30etatik 13:30ra) edota 943 00 31 70 telefonora deituz eskuratu ahal izango dira.

Bestalde, denboraldi honetako kontzertuetarako banakako sarreren salmenta irailaren 12an hasiko da, 11:30 h-tan, Kursaaleko leihatilan eta baita Kursaal Zentroaren weborrian (www.sarrerak.kursaal.eus).