menu

Donostiako Zinemaldia: hiru Donostia sari eta 30 milioi euroko eragin ekonomikoa

Gaurkotasunak / 26 iraila, 2017

Berrogeita zazpi aktorek eta bi zuzendarik (Francis Ford Coppola eta Oliver Stone) jaso dute Donostiako Zinemaldiko Donostia Saria, eta, aurten, Agnès Varda zuzendari belgikarrari, Ricardo Daríni eta Monica Belluciri emango zaie. Darínek La cordillera filma aurkeztuko du eta Kursaal Jauregian jasoko du saria. Monica Belluciri, aldiz, Anoetako belodromoan emango zaio saria, ekitaldi «popular» batean, eta aktorea protagonista gisa duten filmak ere proiektatuko dira.
Aurten, nazioarteko izar ugari etorriko dira Donostiara, tartean Glenn Close, James Franco eta Arnold Schwarzenegger, baina baita bertako izar handiak ere, besteak beste, Javier Bardem, Penélope Cruz, Paz Vega, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Gorka Otxoa eta Javier Cámara. Baina, nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuekin alderatuta, Zinemaldiaren ezaugarririk nabarmenena herrian duen onarpen handia da; iaz, esaterako, 175.267 ikusle erakarri zituen aretoetara, eta ikusle kopurua handitu besterik ez da egiten José Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendari denetik.

30 milioiko eragina

Batzuentzat, Europako ekitaldi kultural eta sektorial nagusietako bat da Zinemaldia; beste batzuentzat, berriz, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ditu. Donostiako eta Gipuzkoako hotelak beteta daude, aurreko urteetan bezala. Halaber, inguruko jatetxe garrantzitsu guztiek, dauzkaten Michelin izarrei ohore eginez, dena prest dute urtean jarduera handiena duten asteetako baterako.
EUSTAT – Euskal Estatistika Erakundearen datuek erakusten dutenez, 2016ko irailean 108.000 pertsona baino gehiago etorri ziren Gipuzkoara; haietatik ia 60.000k Donostiako establezimendu turistikoetan hartu zuten ostatu, eta 127.000 gau baino gehiago egin zituzten hirian. Eta zinemaren asteak zerikusi handia du datu horietan.
Donostiako Udalak egindako kalkuluen arabera, 30 milioi euro inguruko eragina dute zinema-izarrek hirian. Oso datu aipagarria da hori, kontuan izanda Zinemaldiaren aurtengo aurrekontua 7,9 milioikoa dela, finantziazio mistoan oinarritua (publikoa eta pribatua). Zuzenean lau erakunde publikok babesten dute: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kultura Ministerioa. Haietako bakoitzak milioi bat euro inguru jartzen du; hau da aurrekontu osoaren % 52. Gainerakoa babesleek ematen dute, nagusiki RTVE, Movistar eta Gas Natural, baita beste kolaboratzaile batzuek ere, tartean EITB.
Profesionalei dagokienez, aurten ere oso ona da profesional akreditatuen kopurua (iaz 3.800 baino gehiago izan ziren). Hain zuzen ere, Donostia zinemaren industriarako funtsezko topaleku bihurtzeko apustuaren ondorioz, ia % 60 handitu da jarduera horri lotutako profesionalen kopurua duela zazpi urte oraingo zuzendaritza-taldea lanean hasi zenetik. Horretan oso lagungarriak izan dira sail ofizial berriak (hala nola Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Zinema Eraikitzen), bisitari berriak erakarri baitituzte Donostiako Zinemaldira.
Hedabide akreditatuei dagokienez, ia 600 hedabidetako 1.100 profesional inguruk lantzen dituzte Zinemaldiko askotariko alderdiak, eta haietatik erdiak baino gehiago atzerritarrak dira. (El Economista)