menu

Kursaal Eszenaren denboraldi berria, Estatu Batuetako Luna taldearekin hasiko da

Gaurkotasunak / 27 iraila, 2017

New Yorkeko rockaren ikurretako bat den Dean Wareham-ek zuzentzen duen taldeak, Kursaleko K Espazioan eskainiko du kontzertua, datorren asteartean, urriak 3 (20:00).
Estatubatuarren aurretik, Ramirez Exposure balentziarra eta Donostiako Oso Fan bikotea ariko dira hasierako kantari bezala.

Kursaal Eszenaren kontzertu-denboraldi berria (2017ko urria-2018ko urtarrila) datorren asteartean, urriaren 3an hasiko da, Luna taldearen kontzertuarekin (20:00). Emanaldia Kursaaleko K espazioan eskainiko da; 2015.urteaz geroztik, eta musikaren gozamena errazte aldera, zuzenekoak eserlekurik gabe eta formalismoak baztertuta eskaintzen dituen espazioan hain zuzen ere.

Dean Wareham (Galaxie 500 ohia) buru duen bandak bere azken bi lanak aurkeztuko ditu: alde batetik “A Sentimental Education” LPa, non bertsioak biltzen diren (The Cure, Fleetwood Mac, Mercury Rev, MInk DeVille…); eta bestetik “A Place of Greater Safety” EPa, zeina sei abesti instrumental berrik osatzen duten.

Kursaaleko kontzertua, penintsulan barna egingo den bira zabal baten lehendabiziko hitzordua izango da. Aipatu birak Bilbo, Santander, Zaragoza, Bartzelona, Mallorca edota Madril bezalako hiriak bisitatuko ditu urriaren 3tik 15 era.

Bere rock limurtzaileari esker, Luna taldea Lour Reed eta Tom Verlainek irudikatu zuten New York lakoniko haren ikur ezinhobea da. 2004ko udazkenean, taldeak zera jakin arazi zuen: “Rendezvous”, estudioko euren azken lanaren eta hura aurkezteko egingo zuten biraren ostean, agur esango zietela agertokiei. Hala, 2005ko otsailean euren ibilbidea eten zuten. 2015ean, aldiz, ibilbide horri berriz ekitea erakabi zuten, 1999 eta 2005 artean izan zuten formazio berarekin: Dean Wareham, Britta Phillips, Lee Wall eta Sean Eden.

Itzulerako birak (2015) ondorengoa egiaztatzeko balio izan zuen: bere aurreko taldea, Galaxie 500, desengin zenean Wareham urratzen hasi zen bide beretik jarraitzen zuela taldeak; aurreko banda haren abesti eliptiko eta limurtzaileak pultsazio gehiagoko zonaldetara gerturatzeko ahaleginean hain zuzen. Rosebuds-etik Broken Social Scene-ra, Beachwood Sparks-etik Black Rebel Motorcycle Club-era, Luna taldearen itzala oso luzea da. Pasa den irailaren 22an bandaren berpizkundea are agiazkoago egin zen gainera, urriaren 3an Kursaalen aurkeztuko dituzten bi disko berrien argitalpenarekin.

Urriak 3, asteartea, 20:00
LUNA+ Ramirez Exposure+ Oso fan
Kursaal-eko K Espazioa

Donostiako Zinemaldia: hiru Donostia sari eta 30 milioi euroko eragin ekonomikoa

Gaurkotasunak / 26 iraila, 2017

Berrogeita zazpi aktorek eta bi zuzendarik (Francis Ford Coppola eta Oliver Stone) jaso dute Donostiako Zinemaldiko Donostia Saria, eta, aurten, Agnès Varda zuzendari belgikarrari, Ricardo Daríni eta Monica Belluciri emango zaie. Darínek La cordillera filma aurkeztuko du eta Kursaal Jauregian jasoko du saria. Monica Belluciri, aldiz, Anoetako belodromoan emango zaio saria, ekitaldi «popular» batean, eta aktorea protagonista gisa duten filmak ere proiektatuko dira.
Aurten, nazioarteko izar ugari etorriko dira Donostiara, tartean Glenn Close, James Franco eta Arnold Schwarzenegger, baina baita bertako izar handiak ere, besteak beste, Javier Bardem, Penélope Cruz, Paz Vega, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Gorka Otxoa eta Javier Cámara. Baina, nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuekin alderatuta, Zinemaldiaren ezaugarririk nabarmenena herrian duen onarpen handia da; iaz, esaterako, 175.267 ikusle erakarri zituen aretoetara, eta ikusle kopurua handitu besterik ez da egiten José Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendari denetik.

30 milioiko eragina

Batzuentzat, Europako ekitaldi kultural eta sektorial nagusietako bat da Zinemaldia; beste batzuentzat, berriz, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ditu. Donostiako eta Gipuzkoako hotelak beteta daude, aurreko urteetan bezala. Halaber, inguruko jatetxe garrantzitsu guztiek, dauzkaten Michelin izarrei ohore eginez, dena prest dute urtean jarduera handiena duten asteetako baterako.
EUSTAT – Euskal Estatistika Erakundearen datuek erakusten dutenez, 2016ko irailean 108.000 pertsona baino gehiago etorri ziren Gipuzkoara; haietatik ia 60.000k Donostiako establezimendu turistikoetan hartu zuten ostatu, eta 127.000 gau baino gehiago egin zituzten hirian. Eta zinemaren asteak zerikusi handia du datu horietan.
Donostiako Udalak egindako kalkuluen arabera, 30 milioi euro inguruko eragina dute zinema-izarrek hirian. Oso datu aipagarria da hori, kontuan izanda Zinemaldiaren aurtengo aurrekontua 7,9 milioikoa dela, finantziazio mistoan oinarritua (publikoa eta pribatua). Zuzenean lau erakunde publikok babesten dute: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kultura Ministerioa. Haietako bakoitzak milioi bat euro inguru jartzen du; hau da aurrekontu osoaren % 52. Gainerakoa babesleek ematen dute, nagusiki RTVE, Movistar eta Gas Natural, baita beste kolaboratzaile batzuek ere, tartean EITB.
Profesionalei dagokienez, aurten ere oso ona da profesional akreditatuen kopurua (iaz 3.800 baino gehiago izan ziren). Hain zuzen ere, Donostia zinemaren industriarako funtsezko topaleku bihurtzeko apustuaren ondorioz, ia % 60 handitu da jarduera horri lotutako profesionalen kopurua duela zazpi urte oraingo zuzendaritza-taldea lanean hasi zenetik. Horretan oso lagungarriak izan dira sail ofizial berriak (hala nola Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Zinema Eraikitzen), bisitari berriak erakarri baitituzte Donostiako Zinemaldira.
Hedabide akreditatuei dagokienez, ia 600 hedabidetako 1.100 profesional inguruk lantzen dituzte Zinemaldiko askotariko alderdiak, eta haietatik erdiak baino gehiago atzerritarrak dira. (El Economista)

Kursaal Eszenak kontzertu-eskaintza handitu du bere denboraldi berrirako

Gaurkotasunak / 1 iraila, 2017

Hainbat eratako 16 proposamenek —popa, rocka, jazza, gospela, musika klasikoa, dantza eta musika familian—  osatuko dute 2017ko urria eta 2018ko urtarrila artean gauzatuko den denboraldia.

Kursaal Eszenak hamasei hitzordu proposatzen ditu bere denboraldi berrirako, zeina urriaren 3an hasiko baita, estatubatuar banda mitiko baten eskutik: Luna. New Yorkeko rockaren ikonoetako bat den Dean Wareham-ek zuzentzen duen taldea, bere azken bi diskoak aurkeztera etorriko da Kursaalera: bertsioez osaturiko LP bat da lehena, eta sei abesti instrumental berri jasotzen dituena bigarrena.

Denboraldi honetan, pop/rock atalean, berebat entzun ahal izango da Vanesa Martín Malagako abeslari eta konpositorea, zeinak bere album berria aurkeztuko duen (urriak 22); indie nazionalaren ikonoa den Los Planetas banda (azaroak 11); eta Ken Zazpi. Gernikarrek, Kursaalen eskainiko duten emanaldiarekin (azaroak 30), ipiniko diote urrezko brotxea Phoenicoperus beren azken sorkariaren aurkezpen-itzuliari.

Atal honetako eskaintza osatzeko, Holy Holy bandak omenaldi bat egingo dio David Bowieri (azaroak 2). Horretarako, musikari-talde honek — beraiek diotenez, “ez dira omenaldizko banda bat, egiazkoak baizik, espiritu hartatik bizirik geratzen direnak”— “Ziggy Stardust”en azken itzuliko errepertorio bera eskainiko du Kursaaleko kontzertu honetan.

Jazza maite dutenentzat, azaroaren 14an izango da Kursaal Eszenako denboraldi berriarekiko hitzordua, esparru honetako izen handietako baten eskutik. Chick Corea pianista, teklista eta konpositorea, oraingo honetan, Steve Gadd-en eta luxuzko banda baten ondoan arituko da gainera.

Gospel-musika, bestalde, proposamen gastro-musikal original baten ildo nagusia izango da. Hala, parte hartzaileek, Ni Neu jatetxeak zerbitzatutako afari batez (azaroak 25) edo bazkari batez (azaroak 26) gozatu ahal izango dute, The Como Mothers amerikar gospel-hirukotearen ahots indartsuez gozatzen duten bitartean.

Denboraldi honetako dantza-hitzorduan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko dantzari-talderik hoberenak izango dira protagonistak. Donostia Dantzan izenburupean, Euskal Herriko hainbat lekutan oraindik bizirik dirauten eta dantzatzen diren dantza tradizionalak eskainiko dituzte dantzari hauek (abenduak 10).

Kursaal Eszenako denboraldi berriko alderdi klasikoa G.F. Haendelen Giulio Cesare operarekin hasiko da, zeina kontzertuko bertsioan interpretatuko duen  Accademia Bizantina talde barroko ospetsuak (urriak 20). Operaren ondoren, denboraldi berri honetan bisitatuko gaituzte, baita: Bamberger Symphoniker orkestrak, nazionalismo musikalarekin estu lotutako programa sinfoniko batekin (azaroak 9); Philippe Jaroussky abeslari frantses erreferentziazkoak, zeinak, Ensemble Artaserse taldearekin batera, opera barrokoko ariez osaturiko programa bat landuko duen (azaroak 17); eta Yuja Wang  txinatar pianista famatuak. Azken hau, Europa osoko musikariek osaturiko ganbera-orkestra batekin, aurreneko aldiz arituko da Donostian (urtarrilak 15). Musika erlijiosoko maisulan batekin bururatuko da atal klasikoa: G.F. Haendelen Mesias, The King´s Consort taldeak interpretaturik (abenduak 16).

ursaal Eszenaren denboraldi berria osatzen duten proposamenen artean, aipamen berezia merezi du Jane Birkin abeslari, antzezle eta ikono estetikoak. Artista anglo-frantses honek bere disko berria aurkeztuko du, “Birkin-Gainsbourg le symphonique”, non Serge Gainsbourg konpositorearen abestirik txalotuenak interpretatzen dituen, Nobuyuki Nakajima japoniar pianistak eta 90 instrumentuko orkestra sinfoniko batek lagundurik (azaroak 29).

Azkenik, Musika Familian, gazteenei eskainitako tradiziozko programaren baitan, bi hitzordu eskainiko dira: “Hariekin lotu gabe, Pinotxo” (urriak 21) eta “Grimmen basoa” (azaroak 18).

Programazio berri honek ekainean bukatu zen denboraldia osatzen du. 2017ko lehen sei hilabetean, denboraldiak, hamasei kontzertu eskaini zituen, eta 20.088 ikusle bildu zituen guztira.

 KURSAAL ESKURA

Kursaal Eszenak, oraingo denboraldi honetan ere, aurrera egingo du Kursaal Eskura proposamenarekin; Donostiatik urrutien dauden gipuzkoar udalerrietatik datozen zaleei  Kursaalerako etorrera erraztea da ekimen honen helburua.

Antzuola, Arrasate, Bergara, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Oñati, Elgoibar,  Ezkio-Itxaso, Zumaia, Getaria eta Zarautzeko entzuleek izan dute jadanik ekimen honetaz gozatzeko aukera, Kursaal Eszenak antolatutako hamaika kontzertuetan, eta laster beste udalerri batzuek ere proiektu honetan parte hartzea espero da.

Kursaal Eskura 2014. urtean sortu zen, Kursaal Eszenaren eta Gipuzkoako zenbait udaletxeren elkarlanaren emaitzaz, eta doako autobus-zerbitzu bat jartzen du zaleen esku, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskaria amaitzen denean, jatorrizko abiapuntuetara itzultzen dena.

ABONUAK ETA SARRERAK

Abonuen salmenta,  musika klasikoko kontzertuetarako bakarrik, datorren astelehenean, irailaren 4an, hasiko da eta urriaren 20ra arte luzatuko da aldia. Abonuak Kursaal Eszenako bulegoetara gerturatuz (Zurriola 1,  Donostia. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 9:30etatik 13:30ra) edota 943 00 31 70 telefonora deituz eskuratu ahal izango dira.

Bestalde, denboraldi honetako kontzertuetarako banakako sarreren salmenta irailaren 12an hasiko da, 11:30 h-tan, Kursaaleko leihatilan eta baita Kursaal Zentroaren weborrian (www.sarrerak.kursaal.eus).

Musika Hamabostaldiaren 78. edizioan, edukieraren 88% bete da Kursaal Auditorioa, eta aretoa 6 aldiz bete da erabat

Gaurkotasunak / 1 iraila, 2017

6 alditan bete da erabat Kursaal Auditorioa: “Carmen” (abuztuak 1 eta 2), BBC Philharmonic eta Donostiako Orfeoia (abuztuak 4), “Figaroren ezteiak” (abuztuak 13), Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Donostiako Orfeoia (abuztuak 26) eta Cincinnati Symphony Orchestra (abuztuak 30).

Atzo esan zion Musika Hamabostaldiak agur 78. edizioari azken kontzertu sinfonikoarekin. Cincinnati Symphony Orchestrak itxiera eman zion atzo hilabete osoan zehar 90etik gora proposamen eskaini dituen edizio honi. Kontzertuak zein bestelako egitasmoak eskaini dira, eta milaka lagunek gozatu ahal izan dute jaialdiaz. Aurtengoa gainera, Cincinnati Symphony Orchestra Hamabostaldian jardun den lehen aldia izan da. Bi kontzertu eskaini ditu talde estatubatuarrak estreinakoz Hamabostaldian, eta Louis Langrée bere zuzendari titularraren batutapean, kutsu amerikarreko programak eskaini dituzte. Lehen hitzorduan, joan den asteartean, abuztuak 29, Bernstein, Copland eta Txaikovski-ren lanak entzun ahal izan ziren, eta atzo, berriz, Kursaal Auditorioa lepo bete zen John Adams minimalistaren “Short ride in a fast machine”, Bruch-en “Biolinerako eta orkestrarako 1. Kontzertua” (Renaud Capuçon biolinistarekin batera), eta Dvorak-en 9. Sinfonia, “Mundu Berrikoa” deritzona, entzuteko.

Aurreko edizioetan bezala, Kursaal Auditorioa ezinbesteko gune bilakatu da Musika Hamabostaldiarentzat. Iazko egitarauarekin alderatuta, aurten hiru emanaldi gehiago hartu ditu aipatu agertokiak, eta arrakasta sarritan errepikatu da bertan: 6 emanalditan bete da guztiz, eta edukieraren %88 bete da, batez beste, aretoa.

Jaialdia dagoeneko amaituta, leihatilan bildutako diru kopurua 975.000 euro gordinekoa da, eta honek, 2016eko edizioarekin alderatuz, %21eko igoera adierazten du. Kursaal Auditorioak aurten hiru saio gehiago hartu dituelako eta Hamabostaldiak aurten babesletza jakin batzuk jaso dituelako eman dira aipatu emaitzok. Bestalde, ikus-entzuleei dagokienez, aipatu 39.000 lagun inguru bertaratu direla 78. edizio honetara, hots, iaz baino %10 gehiago.

Auditorioko proposamen arrakastatsuenen artean aurkitzen dira Víctor Ullate Balletak eskainitako “Carmen” ikuskariaren bi hitzorduak, 78. Musika Hamabostaldia zabaldu zutenak, hain justu. Erabat bete zen aretoa, eta beterik egon zen orobat BBC Philharmonic-ek Hamabostaldian eskaini zuen bigarren saioan (aurten aurrenekoz aritu da orkestra jaialdian). Orkestra britainiarrak Donostiako Orfeoiarekin batera taularatu zuen “Fidelio”, Beethovenek idatzitako opera bakarra; kontzertu bertsioan aurkeztu zuten Juanjo Mena zuzendari titularraren gidaritzapean (abuztuak 4). Horrez gain, opera eszenaratuaren lehen emanaldirako sarrera guztiak agortu ziren (abuztuak 13). “Figaroren ezteiak” izan da aurtengo titulu esanguratsua, izan ere, duela 70 urte estreinatu baizen Hamabostaldian, eta orduztik ez baizen berriro taularatu.

Jaialdian lehen aldiz jardun den beste orkestretako bat izan da Luxenburgoko Filarmonikoa, eta Gustavo Gimeno zuzendari titularraren aginduetara, aretoa lepo bete zuten joan den abuztuaren 26an. Donostiako Orfeoiarekin batera, Verdi-ren “Requiem”-aren interpretazio hunkigarria bizitzeko parada izan zuten ikus-entzuleek. Halaber, esan bezala, Louis Langrée-ren zuzendaritzapean, Cincinnati Symphony Orchestrak lepo bete zuen atzo Kursaal Auditorioa edizio honetako azken kontzertuarekin.

Era berean, Antzinako Musika Zikloa, jarraitzaile fidelak izateaz gain, urtez urte, Santa Teresa Komentura ikus-entzule berri mordoa erakartzeko gai den zikloa da. Aurten, sekulako arrakasta izan du, izan ere, erabat bete baita agertoki hau eman diren bost kontzertuetan. Zikloak Claudio Monteverdi omendu zuen bere jaiotzaren 450. urteurrenean, eta Barrokoaren Urrezko Aroko musikagile alemaniar eta italiarren musika entzuteko parada izan zen, baita XVIII. mendeko espainiar errepertorioko lan
Musika Garaikideko Zikloak sorkuntza berritzaileenentzako plataforma ezin hobea izaten jarraitzen du. Aurten ere, proposamen urratzaileenekin txunditu gaitu zikloak, eta ohikoa denez, estreinaldiak hartu ditu, bi, hain zuzen ere: Elena Rykova eta Alberto Posadas-en lanena. Lehehengoa, Rykova-ren “Speaking objects”-en mundu mailako estreinaldia, Ricardo Descalzoren kontzertuan entzun ahal izan genuen (abuztuak 24). Eta bestetik, Sigma Project saxofoien laukoteak ekin zion Alberto Posadas-ek sortutako “Poética del Laberinto”-ren Europa mailako estreinaldiari (abuztuak 27), arreta handiena bereganatu zuen kontzertua bilakatuz.

Zintzo bete nahian haurrei zuzendutako eskaintza, Musika Hamabostaldiak beste pauso bat eman du honako 78 edizio honetan, babes handiagoa emanez aurreko edizioan abian jarri zituen ekimenei. Halaxe gertatzen da “Kantu Kontari” saioan: formato txikiko ikuskaria da, ipuin-kontalari bat eta haren laguntza musikala direla protagonista, iaz abuztuko hilabetean Kursaal Auditorioko Foyer-ean egin zena. Aurtengo edizioan, Kursaaleko saioak mantentzeaz gainera, ibiltaria bihurtu da “Kantu Kontari”, Haurren Hamabostaldi Ibiltaria eratuz, eta, hala, Zumaia (abuztuak 4), Getaria (abuztuak 17), Mutriku (abuztuak 24) eta Irun (abuztuak 25) bisitatu ditu. Orobat, txikienei zuzendutako tailerrak Donostiatik harago gauzatu dira, Irunen (abuztuak 11) eta Oñatin (abuztuak 18), hain zuzen ere. Egitasmo guztiek erantzun bikaina jaso dutela azpimarratzekoa da.

2018ko egitarauaren aurrerapena

Jaialdiko antolatzaileek hurrengo urteko edizioari begira lanean dihardute dagoeneko. 79. Musika Hamabostaldiak bere ikus-entzuleen artean arras ezaguna den orkestra bat hartuko du berriro ere, hots, Budapest Festival Orchestra, Ivan Fischer maisuaren zuzendaritzapean. Iaz aritu zen azkenekoz gurean, eta orduko hartan orkestra egoiliar gisa jardun zen, Kursaal Auditorioan hiru programa desberdin eskainiz. Bestalde, operarekin egin ohi den hitzorduari dagokionez, Hamabostaldiak Gioachino Rossini-ren obra bat eszenaratuko du bere 79. edizioan.