menu

DonostArtean: Gaueko lehenengo arte-azoka izango da Donostian, eta azken belaunaldiko joera artistikoak eta musika ekarriko ditu

Gaurkotasunak / 11 uztaila, 2017

  • Bertaratzen direnek 150 artista baino gehiagoren 30 galeria eta obratik gora ikusi ahal izango dituzte
  • Musika-jaialdietan joera bihurtzen ari diren nazioarteko izen handien abestiak izango dira entzungai
  • Bertaratzen direnei edari bat ordainduko zaie, berariaz ekitaldi artistikorako sortutakoa

Uztailaren 20an, osteguna, jarriko da martxan Donostiartean International Art Night Market-en laugarren edizioa, eta Europa, Asia eta Erdialdeko Amerikako bederatzi herrialdetako galeriak eta artistak izango dira bertan. Nazionalitateen «koktel» horretaz gain, bestelako koktela eskainiko die azokak bisitariei zer pieza erosiko duten erabakitzen laguntzeko.

Donostian egingo den gaueko lehenengo arte-azoka da, eta joera artistiko eta musikal berritzaileenak bilduko ditu Kursaalen. Aurten, Donostiartean azokak galeria eta artista gehiago izango ditu, eta artelanek arrazoizko batez besteko prezioa izatea nahi du, artea guztiengana hurbiltzeko eta, horrela, arte-azoken beste kontzeptu bat sortzeko.

International Art Night Market berrikuntza, diseinu eta joera artistikoen gune konbinatua bihurtuko da, eta giro lasaia izango da bertan, gozatzeko eta bizitzeko.

Esan bezala, 30 galeria erakusketari baino gehiago izango dira, herrialde hauetatik etorritakoak: Alemania, Costa Rica, Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Iran, Italia, Errusia eta Suitza. Galeria horietan, 150 artista baino gehiagoren lanak erosi ahal izango dira. Bost erakusketa-gune izango dira: Bertako eta nazioarteko galeriak; Kolaborazio-gunea, hainbat artistaren proiektuak eta egile-altzariak kokatzeko; Bertako artistak, bertako artistentzako gunea; Digital Room, arte digitala protagonista duen gunea, modan dagoen teknologia erabilita; eta Street Art for Kids, haurrentzat.

Azokaren lau egunetan, galerien inaugurazioak egingo dira etengabe; haietan, sektoreko profesionalak, bildumagileak eta artezaleak giro lasaian elkartzen dira, ingurune artistikoaz gozatzeko, zuzeneko musikaz, koktelez eta mokaduez lagunduta.

Azokak globoz beteko du hiria; promozio deigarria eta dibertigarria egingo du, eta lau informazio-puntu izango ditu Donostiako erdialdeko kaleetan. Globo arrosek identifikatuko dituzte puntu horiek, uztailaren 16tik 23ra Donostiartean International Art Night Market azokaren espiritua Donostian barrena zabaltzeko.