menu

“Las bodas de Fígaro”, BBC Philharmonic eta Juanjo Mena 78 Musika Hamabostaldian Kursaalean

Gaurkotasunak / 27 apirila, 2017

BBC Philharmonic Juanjo Menaren zuzendaritzapean, operaren berreskuratzea “Las bodas de Fígaro”rekin eta lau ospe handiko orkestra internazional dira, beste batzuen artean, abuztuaren 1etik 30era izango den 78 Musika Hamabostaldiko berritasun nabarmenenak.

Kursaal Auditoriorako diseinatu den programa BBC Philarmonic-en bi kontzerturekin zabalduko da. 2011az geroztik bere zuzendari titularra den Juanjo Menaren gidaritzapean ariko da orkestra britainiarra (abuztuak 3 eta 4). Mena gasteiztarraren konpromezu sendoa du BBC Philarmonic-ek, hain justu Hamabostaldian lehen aldiz parte hartuko duen orkestra britainiar handienetarikoa. Hala, abuztuaren 3ko programan Berliozen “Sinfonia fantastikoa” interpretatuko du, eta jarraian Elgarren “Biolontxelorako Kontzertua”, Asier Polo bakarlariaren partehartzearekin. Hurrengo egunean Donostiako Orfeoia izango du bidelagun orkestra britainiarrak “Fidelio” operaren eszenarik gabeko moldaketa eskaintzeko. Londreseko Proms-ak eta Musika Hamabostaldia elkarlanean ariko dira Beethovenek idatzitako opera bakarraren kontzertu-bertsio honetan.

Iazko edizioan izandako arrakastaren ondotik, Balthasar-Neumann-Abesbatza eta Bakarlariak & Balthasar-Neumann-Ensemblek Kursaaleko bigarren hitzordu sinfonikoa sinatuko dute aurten. Hamabostaldiko publikoak bigarrenez entzun ahal izango ditu bi taldeak (abuztuak 19) Thomas Hengelbrock maisu alemaniarraren esanetara.

Hain zuzen ere, beste meza bat bilakatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren egitarauaren protagonista (abuztuak 21): Haydn-en “Nelson”, musikagile austriarraren lan sinfoniko-koral handienetakoa, orain arte jaialdian interpretatu gabea. Antzinako musikan aditua den Paul Goodwin-en batutapean ariko da orkestra, eta bere osotasunean eskainiko den barrokoaren pieza bitxi batekin emango dio itxiera emanaldiari, hots, Haendel-en “Musika Urtarra”-rekin.

Asian Youth Orchestrak hartuko du EOSen lekukoa Kursaal Auditorioan. Asiako musikari gazte gailenak biltzen dituen orkestra lehen aldiz aurkeztuko da aurtengo Musika Hamabostaldian (abuztuak 23), musikari gazteekin trebatu den James Judd zuzendari britainiarraren aginduetara.

BBC Philarmonic eta Asian Youth Orchestrarekin batera, Orcheste Philarmonique du Luxembourg izango da aurtengo edizioan estreinakoz ariko den beste orkestretako bat. Bi egitarau ezberdin dakartza taldeak: Lehenengo saioak, (abuztuak 25) XIX. eta XX. mendeko musika errusiarrari eskainiak. Bigarren emanaldian (abuztuak 26) Donostiako Orfeoia izango du lagun Verdiren “Messa da Requiem” entzutetsuari ekiteko. Bi kontzertuetan 2015/16 ekitaldiaz geroztik bere zuzendari titularra den Gustavo Gimeno-ren batutapean jardungo du orkestrak. Juanjo Mena eta Pablo Heras-Casado bezala, nazioarteko agertokietan arrakasta lortzen ari den espainiar zuzendarien belaunaldi berriaren protagonistetako bat da Gimeno balentziarra.

Egitarau sinfonikoari itxiera emango dioten azken bi emanaldiak AEBko talde batek sinatuko ditu, Cincinnati Symphony Orchestrak. Ospakizunerako aitzakia izango da Hamabostaldiarentzat, izan ere, 1996an jaso baizuen azkenekoz amerikar kontinentetik heldutako orkestra baten bisitaldia, Cleveland-eko Orkestrarena, alegia. Oraingoan, eta Louis Langrée zuzendari titularraren esanetara, Cincinnati Symphony Orchestrak 78.

Musika Hamabostaldiak opera antzeztuarekin izan ohi duen hitzordua berreskuratu du 78. ediziorako eta W.A. Mozarten sorkuntzarik interesgarrienetakoa, eta gaur arte jaialdian interpretatu gabekoa dakar: “Figaroren Ezteiak” (abuztuak 13 eta 15). Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza ariko dira Yi-Chen Lin Taiwaneko zuzendari gaztearen batutapean. Hain justu, Hamabostaldian emakume bat zuzendari gisa jardungo den lehen aldia izango da hau.

Azkenik, Kursaal Auditorioan urtero egiten den dantza-saioan, Víctor Ullateren Balleta eta haren “Carmen” ikuskariaz gozatu ahal izango dugu.

Sarreren salmenta

Sarreren salmenta ekainaren 1ean hasiko da, Kursaaleko leihatiletan eta www.quincenamusical.eus -en.

Txaikovskiren musika izango da Kursaal Eszenako hurrengo kontzertuko protagonista

Gaurkotasunak / 20 apirila, 2017

Txaikovskiren musika-jeinuak bere indar eta edertasun guztia berreskuratuko du, Tchaikovsky Symphony Orchestrak datorren apirilaren 22an, 20:00etan Kursaal Auditorioan eskainiko duen kontzertuan.

Moskuko Txaikovski Orkestra Sinfonikoa Errusiako orkestra ospetsuena eta egokikorrenetako bat delakoan hartzen da. 1930ean sortu zen, Sobietar Irratiko lehen orkestra gisa. 1974az gero Vladimir Fedoseyev da orkestraren zuzendaria, eta Opernhaus Zurich eta Zuricheko Tonhalle-ko zuzendari gonbidatua ere bada.

Varvara piano jolearen talentuaz lagunduta Txaikovskiri buruzko lan monografiko bat aurkezten dute, egilearen lan ezagun eta interpretatuenetako birekin: sinfonismoa, birtuosismoa, folklorearen eta dantzaren elementuak ageri dira errusiar musikagilearen Pianorako 1. kontzertuan, zeina dinamismo handikoa eta lirismo zabalekoa baita.

Txaikovskik suite bat konposatzeko asmoa zuen 1875ean idatzitako Beltxargen aintzira balletetik abiatuta,  baina ez zen asmo hura betetzera heldu. Maitasunaren eta magiaren artean gertatzen da obra, bere koadroetan ongiaren eta gaizkiaren betiereko borroka lotuz. Sigfrido printzea da protagonista, zeina Odetterekin maitemindua baitago, Von Rothbartzitalaren aztikeria batek beltxarga bihurtu duen neskatxa.1900. urtean haren editore Jurgensonek hautaturiko ballet-zati batzuk argitaratu zituen, eta harrezkero orkestra-zuzendari askok ballet honen hainbat suite osatu dituzte, bakoitzak bere gustu pertsonalen arabera. Kasu honetan, Fedoseyevek gehiena interpretatzen diren zenbakietako batzuk hautatu ditu Balsa, Sarrera, Beltxarga txikien dantza eta Ekintza Pausoa bere biolin-solo zoragarriarekin, edota Azken Eszena.

 

TCHAIKOVSKY SYMPHONY ORCHESTRA

Apirilak 22 larunbata  / 20:00

51 / 41 / 33 / 27 / 12 €

Vladimir Fedoseyev, zuzendaria

Varvara, pianoa

Determinazioa da 15. Eurogap Marketig Foroko gakoa

Gaurkotasunak / 3 apirila, 2017

15. Eurogap Marketing Foroa, “Determinación. La clave para construir valor en tu empresa” lelopean, apirilaren 27an izango da Kursaal Jauregiko Kamera Gelan, non Pilar Jéricok mahai gainean jarriko duen “nahi dut eta ahal dut” idea.

15. Eurogap Marketing Foroak bizitza pertsonalerako eta profesionalerako kontzeptu berria, freskoa eta ezin garrantzitsuagoa landuko du: determinazioa. “Determinación. La clave para construir valor en tu empresa” lelopean, Pilar Jéricok erakunde barruan erabakiak hartzeko gaitasunaz eta “nahi dut eta ahal dut” gaiak landuko ditu. Enpresek balio irabazteko gaitasuna garatzearen helburuarekin.

Ekitaldian 4. Eurogap eker ona egingo zaio Javier Roquerori, Salto Systemseko bazkide eta sortzaile eta egun Zuzendari Exekutibo, ibilbide profesional zabala duena kontsumo, industria eta teknologia sektoreetan, beti koherentzia eta integritate eredu izanik.

Bertaratzen den orori, “¿Y si realmente pudieras? La fuerza de tu determinación” liburuaren alea emango zaio.