menu

san sebastián gastronomika

India da San Sebastián Gastronomika-Euskadi Basque Country 2017ko herrialde gonbidatua

Gaurkotasunak / 28 otsaila, 2017

Euskal, espainiar eta mundu osoko sukaldaritzaren eliteak Gipuzkoan izango du begira-puntua San Sebastián Gastronomika-Euskadi Basque Country 2017ren eskutik, urriaren 8tik 11ra ospatuko dena India izanik herrialde aukeratua.

Roser Torrasek, San Sebastián Gastronomika-Euskadi Basque Countryko zuzendariak, dionez “India misteriotsua, liluragarria, magikoa, ezezaguna, exotikoa, menderaezina eta infinitua da”. Pikantetik eta espezietatik harago, sukaldaritza indiarrak aroma bezalako nolakotasunak ditu plateretan. Horregatik guztiagatik, India erronka eta gozamena izango da.

Herri-sukaldaritzak, street foodak, tandoorrak eta biryaniak, espeziak, curryak, esnekiak, haragiak, arrainak, barazkiak eta besta hainbat elementu izango dira plateretan. Herrialdeko chef onenek sukaldaritza anitza eskainiko dute.

Indiar gastronomia geroz eta famatuagoa da, presentzian munduan areagotzen ari da gainera. Torrasek beste hainbatek bezala uste dute sukaldaritza txinatarrak edo mexikarrak duten fama lortzeko bidean dela.

Kursaal

2016: Lasaitasuna nagusi, maximo historikoetara itzuli ostean

Gaurkotasunak / 20 otsaila, 2017

Maximizatu egin da autofinantziazioa, eta markak hautsi dira EBITDA adierazlean.
2016a urte bikaina izan da Kursaalen jardueran, maximo historikoetara itzuli baita; horrela, % 13 hazi da negozio-bolumena 2015ekin alderatuta, marka historikoak hautsi dira EBITDA adierazlean, eta eragiketen altxortegiko superabita 875.985 eurora iritsi da (alegia, aurreko urtean baino % 74 handiagoa izan da).

Balantze hori historikotzat jo daiteke. Haren oinarri nagusia da jarduera oso nabarmen hazi dela; izan ere, 2015ean baino % 23 ekitaldi gehiago egin dira (guztira, 297).

Bestalde, urterik onenetako bat izan da biltzarrei dagokienez, bai fakturazioan (% 27 handiagoa), bai biltzar kopuruan. Oso nabarmena izan da, baita ere, azoka kopuruaren gorakada; historiako hirugarren ekitaldi onena izan da, salmentek % 98 egin baitute gora. Bestalde, markak hautsi dira eskainitako ikuskizun kulturalen kopuruan, guztira 145 izan baitira, 2015ean baino % 22 gehiago.

Gogoan izan behar da, Kursaalek autofinantziazioa darabilenez, hemezortzi urtez jarraian (alegia, zabaldu zenetik, 1999an) ez dela beharrezkoa izan Kursaal Elkartea osatzen duten bi erakundeek (Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia) ekarpen publiko ekonomikorik egitea gastu arrunta ordaintzeko.

48 milioiko eragin ekonomikoa Gipuzkoan

Donostiako biltzar-jauregiak maximo historikoekin ematen dio amaiera ekitaldiari. Testuinguru horretan, esanguratsua da aipatzea, baita ere, jarduerak eragin ekonomiko handia izan duela Donostian eta Gipuzkoan, hain zuzen ere, 48 milioi eurokoa.

Nabarmentzekoa da, zifra garrantzitsu horretara iristeko, iaz zenbait biltzar handi egin zirela, besteak beste, nazioarteko hauek: Hizkuntza Aniztasunaren Europako Gailurra, Donostia-San Sebastián 2016 ekimenaren esparruan; Umeen eta Nerabeen Psikiatriako Biltzarra (AEPNyA), 800 pertsonakoa; eta XXII. CIDEU Biltzarra (Hiri Garapen Estrategikoko Zentro Iberoamerikarra), “Hirien etorkizuna: erronka handiak” lelopean.

Biltzar mediko nazionalen artean hauek aipa daitezke: Alergologia (1.000 profesional), Podologia (700), Gineonkologia (500 baino gehiago), GESIDA (HIESa Aztertzeko Taldea; 600 profesional) eta Neuroraquis. Biltzar hauek ere egin dira 2016an: Gastronomika, Administrazio Publikoen Kudeaketa, Endodontzia, Justizia Leheneratzailea, etab.; guztira, 25.

Bezeroak oso pozik, eta gero eta ikusgaitasun handiagoa herritarren artean

Ekitaldi bakoitzaren ondoren, zerbitzua kalifikatzeko eskatzen zaie bezeroei. Horri dagokionez, nabarmendu behar da 2016an batez beste 8,7 puntukoa izan dela kalifikazioa, 10etik, eta 2015ekoak soilik gainditzen duela.

Gipuzkoarren bizimoduan duen inplikazioagatik, ingurunean duen eragin ekonomikoagatik eta bertako taldearen profesionaltasunagatik, bistakoa da herritarrek oso ondo baloratzen dutela Kursaal biltzar-jauregia eta auditorioa. Ikerkel enpresak bi urtez behin egiten duen inkestak oso datu pozgarriak dakartza 2016rako, Kursaalek proposatutako ekitaldien agendaren ikusgaitasunari, balorazioari eta partaidetza-mailari dagokienez, inkestari erantzun diotenen % 82k (guztiak gipuzkoarrak) jardueraren balorazio positiboa egiten baitute. Inauguratu eta 18 urteren ondoren, lau herritarretik hiruk diote inoiz egon direla eraikinean ekitaldi batean, kulturakoa, bilera, biltzarra edo azoka izan.

Kursaal Eszena berriz ere handitzen

Kulturaren arloan aipagarriena da handitu egin dela Kursaal Eszenak programatutako kontzertu eta ikuskizunetara etorritakoen batez besteko ehunekoa (tokien % 79). Hortaz, 2016an, % 4 handitu da aurreko urteko datuekin alderatuta.

Guztira 145 ikuskizun kultural egin ziren, eta haietatik 29 Kursaal Eszenak proposatu zituen, alegia, Kursaalen beraren programazioak. Azken horien artean hauek aipa daitezke: “La Traviata” opera, Opus Líricarekin elkarlanean; Shasha Waltz eta Momix konpainien dantza; Elvis Costello; eta Toulouse Orkestrak Donostiako Orfeoiarekin eskainitako kontzertua.

Sustatzaile pribatuen kontzertuei dagokienez, besteak beste, ikuskizun eta kontzertu hauek lortu zuten auditorioa betetzea: La Oreja de Van Gogh, Dani & Flo, Raphael, Leo Harlem, Sergio Dalma, The Nex Step, Clan TV, Alabama Gospel Choir eta Mariachi Vargas de Tecalitlán taldeak Donostiako Orfeoiarekin eskainitako fusio argitaragabea. “Mamma Mia” musikalak ia 10.000 ikus-entzule erakarri zituen eta, ohi bezala, haurrentzako “Pirritx, Porrotx eta Marimotots” ikuskizunak jendez bete zuen Kursaal bi saioetan.

EOSen ordainpeko denboraldiko kontzertuek, Hamabostaldikoek, Heineken Jazzaldikoek eta Zinemaldiko proiekzio zinematografikoek osatzen dute 2016ko atal kulturala.

Bigarren urtez K Espazioa (Kursaal besaulkirik gabe)

Bigarren urtez, K Espazioa erabili da jarduera kulturalean; “Kursaal besaulkirik gabe” ere esaten zaio, eta 2015ean zabaldu zen, kontzertu gazte eta informalagoetarako. Arrakasta handiz inauguratu zen, Morodoren reggae musika eta Neneh Cherry pop-mitoa entzuteko. Zuzeneko bi kontzertu horiek eman zioten hasiera gazteentzako ekimen berri honi. Eremu gardena da, besaulki eta formalismorik gabea, zenbait motatako musikaz hobeto gozatzeko.

2016an, besaulkirik gabeko bi kontzertu egin ziren K Espazioan, oso estilo desberdinetakoak: Rapsusklei + Indagloryren hip hop, dancehall eta reggaea; eta, abenduan, Donostiako Kantu Zaharren Afaria, aretoa musikaz eta gastronomiaz bete zuena.

Terraza berria ni neu jatetxearen lehenengo solairuan

Gaur estreinatu dugu ni neu jatetxearen lehenengo solairuko terraza berria, 206 metro koadrokoa. Alde batean, Urumea ibaiaren ikuspegi panoramikoa du, Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokia nagusi dituena; eta, bestean, Zurriola hiribide jendetsua, atzealdean Ulia mendia duela. Balio anitzeko eremua da, oso atsegina, apala eta hegoaldera ematen duena.

Kursaal biltzar-jauregiko auditoriotik soilik irits daiteke bertara, edo ni neu jatetxetik bertatik, baina jatetxeko taldeentzat, ekitaldietarako edo ezkontzetarako soilik eskainiko du. Biltzar-jauregiak gauza askotarako erabiliko du, eraikineko ekitaldietarako osagarri gisa, nagusiki koktel, aurkezpen edo beste erabilera informal batzuetarako.

Hemeretzi biltzar 2017rako

SEMG, bigarrena Kursaalen historiako ordezkari kopuruan

Medikuntza Orokorreko Espainiako Elkartearen (SEMG) Biltzar Nazionala maiatzaren 18tik 20ra izango da, eta familiako 2.000 mediku baino gehiago ekarriko ditu. Biltzarrak Kursaalen historian orain arte egin direnen artean bigarren ordezkari kopuru handiena du, eta toki ezin hobea da profesionalak elkartzeko, prestakuntzarako, hausnarketarako eta eztabaidarako.

2017an, hogei bat biltzar egingo dira Kursaalen eta, SEMG Biltzarraz gain, hauek ere aipatu behar dira nazioartekoen artean: NanoSpain, martxoaren 7tik 20ra; IEEE Congress on Evolutionary Computation, ekainaren 5etik 8ra; Mundura begira – Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren Kongresua; Ecoplayas, XIX. Hondartzen Nazioarteko Biltzarra eta Erakusketa; eta Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarra.
Hauek ere aipagarriak dira biltzar nazionalen artean: XII. Material Konposatuen Biltzar Nazionala (MATCOMP 2017); Espainiako Dermatologia eta Benereologia Elkarteko Dermatologia Kirurgikoko, Laserreko eta Azaleko Onkologiako Espainiako Taldearen (GECIDOC) XL. Bilera; XXI. KOT Erizaintzako Jardunaldi Nazionalak; Gastroenterologia, Hepatologia eta Nutrizio Pediatrikoko Espainiako Elkartearen Biltzarra (SEGHNP 2017), 600 bat parte-hartzailerekin. Parte-hartzaile kopuru bera izango du, ekainaren 2an eta 3an, GEER 2017 Biltzarrak, Bizkarrezurraren Espainiako Elkartearenak.
Bereziki aipatzekoa da, aurten, Club de Creativos elkartearen bigarren biltzarra egingo dela, 2016an Kursaal elkartearen egoitza bihurtu ostean, hurrengo hiru urteetarako. Elkarteak Publizitate Sormeneko Sari Nazionala banatzen du, eta publizitatearen arloko 1.000 bat profesional biltzen ditu Donostian. Ohiko SS Gastronomikak 18. edizioa izango du Kursaalen, eta mundu osoko ia 2.000 sukaldari profesional bilduko ditu.

2017ko biltzar eta azoka nagusiak

Biltzarrak (ordena kronologikoan)

  • NanoSpain (150 pertsona)
  • Club de Creativos 2017 (1.000)
  • KOT Erizaintzako Jardunaldi Nazionalak (600)
  • Medikuntza Orokorreko Espainiako Elkartearen (SEMG) Biltzar Nazionala (2.000)
  • Gastroenterologia, Hepatologia eta Nutrizio Pediatrikoko

Espainiako Elkartearen Biltzarra (SEGHNP 2017) (600)

  • Bizkarrezurraren Espainiako Elkartearen Biltzarra (GEER 2017) (500)
  • IEEE-Congress on Evolutionary Computation (400)
  • Material Konposatuen Biltzar Nazionala (MATCOMP 2017) (200)
  • Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarra (600)
  • San Sebastián Gastronomika 2017 (1.800)
  • Ecoplayas, Hondartzen Nazioarteko Biltzarra eta Erakusketa (200)
  • Espainiako Dermatologia eta Benereologia Elkarteko Dermatologia Kirurgikoko, Laserreko eta Azaleko Onkologiako Espainiako Taldearen (GECIDOC) XL. Bilera (450)

Azokak

  • Komiki eta Manga Jaialdia – COMIKD (10.000)
  • Sevatur 2017, ihesbidearen eta turismoaren azoka (19.000)
  • Stock Azoka (13.000)
  • DonostiArtean (4.000)
  • Expofarma (farmazietarako azoka espezializatu berria)
  • In Love Market (moda, dekorazioa, imitaziozko bitxiak, markak, vintage eta gehiago)
  • San Sebastián Gastronomika (12.000)
  • Kursaal Ezkontzak (1.500)
  • Especializa-T (400)