menu

Orchestre Suisse Romandek, musikaren historiako sinfoniarik ezagunenetako bat den Beethovenen 5. Sinfonia eskainiko du

Gaurkotasunak / 27 urtarrila, 2017

Beethovenen Bosgarren Sinfonia, eta besteak beste,  “La gata sobre el tejado de zinc”, “Austin Power” edota “Bosten kluba” pelikuletan enplegatu izan da

 Genevan egoitza duen Orchestre de la Suisse Romande, Kursaalen arituko da urtarrilaren 29ko igandez, 19:00etan, eta erreferentziazko obrak eskainiko ditu gainera.

Beethovenen Pianorako 4. kontzertua, kontzertu-literaturaren maisulana da inolako zalantzarik gabe. 1808ko abuztuan estreinatu zen, eta Austriako Rudolf artxidukeari eskainia da, zeina gaztetan Beethovenen ikaslea izan baitzen. Perfekzio formal eta tekniko harrigarriak dituen obra da, eta egileak agerian jartzen ditu hemen bere prestakuntza, baita bere inspirazioa eta nortasun indartsua ere. Musikagileak erabateko askatasunez gozatzen du instrumentua, bere aurreko kontzertuen mugak gaindituz, inprobisazio arinekin, inolako muga formalik gabe.  Funtsezko pieza hau, egungo piano-jole handienetakoa den Nelson Goernerrek joko du.

Beethovenen Bosgarren Sinfonia guztiz ospetsua, Vienan estreinatu zen 1808ko abenduaren 22an, Beethovenek beraren zuzendaritzapean, nahiz eta lehen zirriborroak 1803. urtekoak izan. Saio horretan bertan estreinatu zen baita, Beethoven bera bakarlari zela, igandean Kursaalen interpretatuko den pianorako kontzertua.

Igandeko hitzordua, Jonathan Nott zuzendari balioaniztasunaren zuzendaritzapean egingo da. Suisse Romande Orkestraren zuzendari titularra da Nott, oraingo denboraldi honetatik hasita. Orkestra hau 1918an sortu zuen Ernest Ansermetek, eta bere jardueren artean badira abonuko kontzertuak, Genevan eta Lausannen, Genevako hiriko kontzertu sinfoniko ofizialak, opera-emanaldiak Genevako Grand Théâtre antzokian, etab. Orkestrarako musika berriak babestea da, musikagile suitzarrena batez ere, orkestra honen eginkizun nagusietako bat.

Orchestre de la Suisse Romande
Jonathan Nott, zuzendaria
Nelson Goerner, pianoa
Urtarrilak 29  Igandea / 19:00Domingo
51 / 41 / 33 / 27 / 12 €
+ Info

 

c de c 2017

Club de Creativos de España (c de c) elkartearen sormena berriz ere Kursaalen izango da

Gaurkotasunak / 26 urtarrila, 2017

2016an bezalaxe, aurten ere Donostian izango da Club de Creativos de España (c de c) elkartearen sormenari buruzko foroa. Martxoaren 16an, 17an eta 18an izango da, Kursaalen.
Foroak «La creatividad es mucho más que los creativos» izango du goiburu, eta Facebook-ekin batera antolatu da, San Sebastián Turismo & Convention Bureau erakundeak lagunduta. Topaketa honen helburua da «marketarako komunikazioan esku hartzen duten profil profesional guztien lana aintzatestea».
Bertan izango dira bai komunikazioaren arloko profesionalak (besteak beste, sormen-zuzendariak, marketin-zuzendariak, produktu-zuzendariak, eduki-kudeatzaileak, diseinatzaileak, argazkilariak, kontuen zuzendariak eta planner delakoak), bai baliabideetako profesionalak. Hiru egunetan zehar, 80 jarduera baino gehiago eskainiko dira, hala nola mintzaldiak, tailerrak, eztabaidak eta erakusketak. Topaketari amaiera emateko, Espainiako Sormenaren Sari Nazionalak banatuko dira.
1.500 profesional baino gehiago izan ziren ekitaldi honetan iaz, aurreko urtean baino bi aldiz profesional gehiago; aurten, kopuru hori soberan gainditzea espero da. Topaketan izango dira, besteak beste, Wieden+Kennedy agentziako sormen-zuzendari Susan Hoffman; Facebook-eko presidenteorde Nicola Mendelsohn; David Trott publizitate-sortzaile ingelesa; eta Unilever-eko Marketin Orokorreko presidenteorde Aline Santos.
Horretaz gain, aurten beste eremu bat izango da, «D&AD talks», Britainia Handiko erakundearen eta c de c elkartearen arteko elkarlanaren emaitza gisa. Eremu horretan, Nils Leonard egongo da, Grey agentziaren Londreseko egoitzako sormen-zuzendaria eta presidentea. Tailerrei eta eskola magistralei dagokienez, profesional ugarik eskainiko dituzte, tartean Paco Conde, Beto Fernández, Magali Folmer, Ignasi Giró, Marius Zorrilla eta Belén Coca.
Lehen aldiz, zuzenean igorriko dira, Facebook Live bidez, sormenari buruzko foroan parte hartuko duten Estatuko eta nazioarteko sortzaile nagusietako batzuei egingo zaizkien elkarrizketak.
Erakusketak eta maratoia
Topaketak iraungo dituen hiru egunetan zehar, bi erakusketa izango dira Kursaalen: batetik, «ADCE Awards» erakusketa, Europako arte-zuzendarien elkarteak (ADCE) saritutako kategoria grafikoko eta diseinu grafikoko 86 pieza eskainiko dizkiguna (elkarte horretako kide bihurtu da aurten Club de Creativos de España ere); eta «La mejor creatividad del Anuario de la Creatividad Española 2016» izenekoa, Club de Creativos de España elkarteak saritutako eta urtekarian sartutako kanpaina grafikoak eskainiko dizkiguna.
Estatuko eta nazioarteko publizitate-piezen maratoi bat ere izango da, haien sormenagatik azken hiru urteotan hautatutakoak.

COMIKD, Nazioarteko Komiki eta Manga Jaialdia, otsailaren 3tik 5era Kursaalen

Gaurkotasunak / 24 urtarrila, 2017

Komikiak, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, egileen sinadurak, argitaletxeen berriak, cosplay deiturikoak, txapelketak eta beste hainbat jarduera izango dira hiru egunez, otsailaren 3tik 5era, Kursaalen, COMIKD Nazioarteko Komiki eta Manga Jaialdiaren esparruan.
Jaialdian nazioarteko artista ugari izango dira. Artistek beren esperientziak partekatuko dituzte entzuleekin, eta, editoreekin batera, aparteko taldea osatuko dute, interes berezikoa beren ibilbidea komikietara bideratu nahi duten guztientzat. Horrela, hainbat topaketa profesional izango dira etorkizun hurbilean liburu-dendak beteko dituzten argitalpenak egunero erabakitzen dituztenekin. Editoreek zaleei entzungo diete, aztertu egingo dituzte, eta aholku emango diete, txandaka; baliteke talentu berriren bat aurkitzea.
Komeni da komikia egunero erreibindikatzea arte gisa; horregatik, erakusketek –oso berezia den batek izan ezik– euskal komikia ekarriko digute gogora, baita haren garrantzia nabarmendu ere.
Star Wars unibertsoa Donostian lurreratuko da
Donostia prestatzen ari da bertan indarra nola iratzartzen den ikusteko, erakusketa batek zientzia-fikziozko sagako 100 bildumagile-pieza baino gehiago eskainiko baititu. 2017an, berrogei urte beteko dira Donostiako Zinemaldian Star Wars sagaren IV. atala estreinatu zela, George Lucasen sei obra galaktikoetako lehenengoa. Nazioarteko Komiki eta Manga Jaialdiaren antolatzaileak ondo gogoan izan dute urteurrena. Zientzia-fikziozko sagarik ospetsuenak lehentasunezko tokia izango du jaialdian, benetako altxorrez beteriko erakusketa bat izango baitu.
Hona hemen erreplika esklusiboez osatutako erakusketa horretako erlikia batzuk: Milennium Falcon mitikoaren bi metroko maketa bat; Han Solok eta Chewbaccak gidatutako ontzia, argiaren abiaduran joateko gai zena; laser sableen ezpata-buruak; Darth Vaderren jantzi osoa; soldadu inperial baten maniki bat; R2-D2 robota; eta Han Soloren irudi izoztua, tamaina errealekoa.
Beste erakusketa batzuek ez bezala, erakusketa honek saga fantastikoaren historiako zazpigarren atalean («Indarraren iratzartzea») ageri diren elementu berriak dakartza, besteak beste, Erregearen makila eta BB-8 robota. Horretaz gain, kaleratu berri den azken filma ere, Rogue One, oraindik ikusgai dagoena, erakusketako beira-arasetan izango da, filmeko soldadu inperial berrien kaskoak izango baitituzte.
501 legioaren photocall-a
José María Arosa da elementu horiek guztiak Donostiako biltzar-jauregian izatearen errudun. Ikusi ahal izango den material guztia 10.000 pieza inguruko bilduma pribatu batekoa da. Gauzarik ikusgarrienak ekarriko ditu Donostiara. Estatuko Star Wars bildumagile nagusietako bat da bilbotarra, eta bera izango da erakusketaren komisarioa.
Arosak hitzaldi bat eskainiko du otsailaren 5ean, igandea, 12:30ean, Kursaalen, eta Star Wars sagak pizten dion grinaren berri emango du. Baina hor ez da amaituko Star Wars unibertsoarekin erlazionatutako eduki guztia, hiru aste barru esparrura etortzen diren guztiek argazkia atera ahal izango baitute 501 legioko soldaduekin «photocall ikusgarri» batean; halaxe zin egin du. Leia printzesa donostiar bat ere bertan izango da, Carrie Fisherren omenez, hura izan baitzen pertsonaia hori zineman, eta berriki hil baita.
Jaialdiak iraungo duen hiru egunei amaiera emateko, sari bat emango da, ibilbide eredugarria eta inspiragarria duen eta izan duen nazioarteko egile bati omenaldia egiteko. Azken finean, arteak arte izateari uzten dio maisuak gogoan ez baditu.
Sarrerak eta ordutegiak
Komiki Jaialdirako bi sarrera mota daude: batetik, egun batekoa; eta, bestetik, hiru egunetakoa. Sarrera horien prezioa 7 eurokoa eta 15 eurokoa da, hurrenez hurren.
Ordutegiei dagokienez, otsailaren 3an, ostirala, 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik jaialdia; otsailaren 4an, larunbata, 11:00etatik 21:00etara; eta otsailaren 5ean, igandea, 11:00etatik 20:00etara.