menu

Cateurako Instrumentu Birziklatuen Orkestra Donostian izango dugu Ecoembesen eskutik

Gaurkotasunak / 21 abendua, 2016

Istorio guztiek dute hasiera bat eta honako hau zabor artean aurkitutako biolin batekin hasten da. 2006ean gertatu zen. Tokia Paraguayko hiriburua den Asuncióneko Cateura zabortegi handia. Bertan pilatutako hondakinek paisaiarekin bat egiten dute eta aldi berean haiek berreskuratzen diharduten pertsona askorentzat bizimodu dira.

Fabio Chávez musikari paraguaiarrari material hauek erabiliz instrumentuak egin eta inguru hartako haurrei musika irakastea otu zitzaion orduan. Hala hasi ziren gitarrak, biolinak, kontrabaxuak edo saxofoiak egiten. Zabortegiko langileen seme-alabak diren hogei haur instrumentuak jotzen hasi ziren eta orkestrako aitzindari bihurtu ziren, beraien ametsa egi bihurtuz.

Azken 3urtetako Eguberrietan Orkestrak Espainiako hiri desberdinetan izandako arrakastaren ondoren, bueltan da Cateurako Instrumentu Birziklatuen Orkestra
Espainian birziklapena eta ontzien ekodiseinua koordinatuz ingurumena zaintzen duen Ecoembesen eskutik. Urtarrilaren 2an arratsaldeko 8etan eskainiko dute beraien kontzertua Donostiako Kursaalean. Sarreren salmentan bildutako diru guztiak Cateurako giza proiektu honi jarraipena ematea xede duen beraien fundazioa izango du helburu. Gainera, Donostiako Orfeoia lagun izango duten kontzertuan.
Ikuskizunari buruzko informazio gehiago web orri honetan: http://www.recycledorchestracateura.com/

Kursaal Eszena 2017 otsaila-ekaina denboraldia

Gaurkotasunak / 12 abendua, 2016

  • Kursaal Eszenako denboraldi berriak 15 musika-hitzordu ezberdin eskainiko ditu: 7 musika klasikoaren esparruan; 6 herri musikari eskainitakoan eta 2 haur nahiz gaztetxoei zuzenduta.
  • Musika klasikoko abonuak bihar asteartea, abenduak 13, hasita erosi ahal izango dira. Sarrera solteen salmenta berriz, datorren astelehenean, abenduaren 19an, abiaraziko da, goizeko 11:30etan. 

    Kursaal Eszenak dozenatik gora kontzertu atondu ditu bere denboraldi berrirako. Denboraldia otsailaren 4an hasiko da kontzertu berezi batekin, “Soinu-Mosaikoa”rekin. Familia-moldeko proposamen honetan, bestelakotasun funtzionala duten 19 lagun (Gipuzkoako Aspace, Gautena eta Uliazpi elkartetakoak) Euskadiko Orkestrako musikariekin batera ariko dira, Emilio Aragonek Jose Saramagoren ipuin batean oinarrituta konposatu duen pieza bat interpretatzeko ahaleginean. Musika eta gizarte-inklusioa uztartzen dituen proposamen honek, musikaz aurreiritzi eta intransigentziarik gabe gozatzeko gonbitea luzatuko die bertaratutakoei; bihotza lehenetsiz eta hunkitzeko aukera berriak aurkituz.

    Egun batzuk beranduago (otsailak 10 eta 12) Bizet-en “Carmen” opera ezagunaz gozatzeko aukera izango da Kursaal Auditorioan, Opus Lirica konpainia donostiarraren eskutik. Neurri haundi batean bertako abeslariez osatutako zerrendaren buru, Carmenen paperean gaur egungo mezzosopranorik gailenetakoa den María José Montiel izango da. “Bizet eta Merimeé-ren lana ahalik eta gehien errespetatuz, pertsonaiaren ikuspegi egunerotu eta modernoa” emango duen muntaia honen zuzendaritza eta produkzioa, berriz, gipuzkoarrak izango dira %eko 100ean.

    Denboraldi berriak, esparru klasikoan, musika barrokoaren historiako obra nagusiena ere, Bach-en “Nekaldia San Mateoren arabera”, hartuko du. Aipatu lana Ámsterdam Baroque-ko abesbatzak eta orkestrak interpretatuko dute (Apirilak 1). Tchaikovsky Symphony Orchestrak eta Varvara pianista moskutarrak eskainiko duten kontzertuak berriz, P.I. Tchaikovsky konposagile errusiarraren errepertorioan ezinbesteko diren bi lan izango ditu zutarri: “Beltxargen aintzira” balletaren suitea eta “Pianorako 1. kontzertua” (apirilak 22).

    Musika barrokoaren esparruan gaur egun ukaezinezko erreferentzia den René Jacobs maisu belgikarra, Helsinkiko Orkestra Barroko entzutetsuarekin batera itzuliko da Donostiara (maiatzak 11), eta azken hamarkadetako pianistarik nabarmenenetakoa den Vladimir Ashkenazy berriz, bere seme Vovka-rekin batera ariko da, musika errusiarrez atondutako errepertorioa bi pianotara interpretatzeko lanetan (ekainak 4).

    Atal klasikoa Prokofieven “Romeo eta Julieta” ballet mitikoak osatuko du. Les Ballets de Monte Carlo konpainia entzutetsuak taularatuko du lana, J.C. Maillot-en koreografia zirraragarrian oinarrituta, zeinak kapuleto eta monteskoen arteko liskarra ikuspegi guztiz original bat enplegatuz aurkeztuko duen (otsailak 15).

    Denboraldi berriko bigarren dantza-hitzordua Kukai Dantza Konpainiaren eskutik etorriko da. Taula gainean hamabost urte daramatzala ospatzeko, “Adiskideak” izeneko ikuskaria eskainiko du konpainiak, lagun dituen hainbat talde eta musikarirekin eszenatokia partekatuz (martxoak 11).

    Herri musikari eskainitako atala “Zuhainpeko Soinuak: ahozko transmisioa” ikuskariarekin abiatuko da, non Juan Mari Beltran folklorista donostiarra eta  Zuberoako musiken ordezkari ezagunena den Jean Mixel Bedaxagar izango diren protagonista nagusi (otsailak 19). Nazioarteko hitzorduak: Genesis taldeko gitarrista izan zen Steve Hackett eta Pat Metheny estatubatuarraren eskutik etorriko dira. Lehena “Genesis Revisited with Classic Hackett” biraren baitan izango da Kursaalen (martxoak 24). Bigarrenak berriz, gitarrista bikain honen talentu berdingabeaz gozatzeko aukera emango duen lagunarteko emanaldia eskainiko du (maiatzak 29).

    Bukatzeko, estatu mailako rock-aren bi ordezkari ere izango ditugu bisitan denboraldi berriaren baitan: Leivak (apirilak 2) eta Loquillok (maiatzak 5) euren azken lanak aurkezteko helburuz egingo dute bisita Kursaal Auditoriora.

    Musika familian izenpean etxeko txiki nahiz gazteentzat prestatzen den ohiko programazioak, azkenik, bi hitzordu izango ditu: hasieran aipatutako “Soinu-Mosaikoa” (otsailak 4) eta “Ene haize maitea” izeneko proposamena, non txikiek gure aire preziatuarekin jolasteko beste modu bat ezagutzeko aukera izango duten (martxoak 25).

    Kursaal Eszenako denboraldi berriko hitzordu guzti hauen aurretik, urtarrilaren 29an, Suisse Romandeko Orkestrak eskainiko du kontzertua (2016-2017 denboraldiko kontzertua da). Jonathan Nott polifazetikoak zuzenduta, oso-osorik L.V. Beethoven-eri eskainitako programa interpretatuko dute.

    Musika Klasikoko Spotify Zerrenda:

    https://open.spotify.com/user/jaecheniqueecheverria/playlist/0QPG2EmdyHOqwHE3loCTtF

    Herri Musiken Spotify Zerrenda :

    https://open.spotify.com/user/mmartin2009/playlist/2e1v2gHFmpbIiT1xigSr09

     

    Abonuak eta Sarrerak

    Abonuak saltzeko epea, esparru klasikoko kontzertuetarako bakarrik, bihar, abenduak 13, hasiko da eta otsailaren 15eko asteazkenez amaituko. Kursaal Eszenako denboraldi berriko abonuak 5 kontzertu/ikuskizun barne hartzen ditu (“Romeo eta Julieta” balleta; “Nekaldia San Mateoren arabera”; Tchaikovsky Symphony Orchestra; Helsinki Orkestra Barrokoa; Vladimir eta Vovka Ashkenazy) eta bost ikuskizun horien banakako sarreren salneurriaren %20ko beherapena eskaintzen du.

    Abonuen salmenta Kursaal Eszenako bulegoetan egingo da (astelehenetik ostiralera, 9:30etatik 13:30etara) edo 943 00 31 70 zenbakia bitarteko dela (abonuen salmentarako soilik eta leihatilako ordutegian bakarrik).

    Denboraldi berriko sarrera solteen salmenta, bestalde, datorren astelehenean, abenduaren 19an, abiaraziko da. Kursaaleko leihatilan (astelehenetik ostiralera 11:30etatik 13:30etara. Ostegun eta ostiraletan baita 17:00etatik 20:00etara ere. Larunbatetan 17:00etatik 20:00ra), edota Kursaal zentroko web orrian: www.sarrerak.kursaal.eus helbidean erosi ahal izango dira sarrerak.

    Kultura Bonua

    Kursaal Eszenako kontzertu-denboraldi berriak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Kultura Bonua ekimenarekin.

    Kursaal Zentroaren kasuan, eta hedaduraz Kursaal Eszenako programazioarenean, Kultura Bonuak kultur-programazioko sarrerak beherapen bereziarekin eskuratzeko aukera eskaintzen dio erabiltzaileari: bonu bat erosita (15 euro) 25 euroko gastua egiteko aukera hain zuzen.

    Aukera hau aprobetxatzeko interesa duten lagunek Kursaal Zentroko leihatilan erosi beharko dute euren bonua eta, gero, euren sarrera edo abonuak erosterakoan trukea egin besterik ez dute izango.

 

Lehenengo Donostiako Kantu Zaharren afaria ospatuko da Kursaalen, sarrera guztiak agortuta daudelarik

Gaurkotasunak / 2 abendua, 2016

  • Kantutegi tradizionala eta gastronomia uztartzen dituen Donostiako Kantu Zaharren Afariak bat egiten du Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin .

Donostiako Kantu Zaharren Afariak, musikaz eta gastronomiaz beteko du Kursaala, datorren abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Kontzertua partehartzailea izango da, non bertaratutakoak protagonista nagusi bihurtuko diren euskal kantak abestuz, NiNeu jatetxeak eskainitako afariaz gozatzen duten bitartean. Donostiako Kantu Zaharren Afariak, familia eta laguntarteko ohizko bileretan sortzen den giroa birsortu nahi du; bazkari edo afari on baten inguruan, euskal kantuak abestuz, sortzen den giro jatorra hain zuzen ere.

Errepertorioa Euskal Herriko kantu herrikoi sorta zabalak osatuko du, eta partaide guztiei banatuko zaien liburuxka batean jaso dira kantu horiek guztiak. Proposamen honen sortzaile den Angel Mariezkurrena izango da 20:00etan hasi eta gau erdian amaituko den ekitaldi honen gidari eta animatzailea.

Musikari profesionalek girotuko dute Donostiako Kantu Zaharren Afaria, kultur-munduko hainbat gonbidaturekin batera, hala nola, Aitor Mendiluze, Estitxu Pinatxo, Juanpa Agirre, Jaione Olazabal, Zubietako Joaldunak, Leitzako Dantzariak, Menditarrak, eta beste hainbat ezusteko gonbidatu.

Ikuskizun honen jatorria 2004 urtean kokatzen da, Baztanen. 67ko kintoak urtero elkartzen ziren eta bazkari hura beti amaitzen zuten kantuan. Angel Mariezkurrena, kultur-eragilea eta ekimen honen sortzailea, konturatu zen jende askok ez zituela abestiak osorik ezagutzen. Hau horrela, letrak fotokopiatan banatzea erabaki zuen, jendeak abesti guztiak hasieratik bukaeraraino kanta zitzan. Ordutik hona, Kantu Zaharren Afaria Euskal Herrian barna zabaldu da, ezagunena telebistan eman ohi duten Dantxarineako Kantu Zaharren Eguna izanik.

DONOSTIAKO KANTU ZAHARREN AFARIA
Larunbata 03 Sábado / 20:00
Diciembre 2016 Abendua
51 € (Sarrerak agortuta)

Toy pianoak eta biolontxeloa protagonista izango diren “Zirku Hegalaria” ikuskizuna izango da Kursaaleko Musika Familian zikloko hurrengo hitzordua

Gaurkotasunak / 1 abendua, 2016

  • Ikuskizuna abenduaren 3an izango da Kursaaleko Ganbera Aretoan

 Datorren larunbatean, abenduak 3, arratsaldeko 18:00etan, Kursaal Eszenak Musika Familian zikloko bigarren kontzertua eskainiko du. Oraingoan, “Zirku Hegalaria” ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu, toy pianoak eta biolontxeloa nagusi izango diren kontzertu-eszenikoa. Aipatu kontzertuan, Mar Benegasen bertsoek, Don Nicanor eta bere zirkoaren istorioa deskubrituko digute. Ikuskizuna, Mar Benegas berak idatzi eta Ximo Abadiak marraztu zuen “Cómo abrió don Nicanor el gran circo volador” liburuan oinarritzen da.

 

“Este es Don Nicanor/ que vivía en una flor/ Esto que os voy a contar/ lo saben aquí y allá/ que el bueno de Nicanor /montó un circo por amor”. Honela abiatzen da Ana Hernández Sanchiz-ek kontatuko duen istorioa: Don Nikanor, pertsonaia bihotz-zabala eta fantastikoa, arazoak dauzkaten animaliak erreskatatuz ibili ohi da munduan barna: behi bat, tximu bat, pinguino bat, hartz bat, katu bat, zakur bat, katxalote bat… Denek elkarrekin, zirku bat zabaltzea erabaki dute, eta hartan bakoitzak bere abileziak erakutsiko ditu.

 Musika Familian
“Zirku Hegalaria”

Kursaaleko Ganbera Aretoa
Abenduak 3 , larunbata/18:00
7€ /3€ (12urtetik beherakoentzat)
3 -6 urte


Interpreteak
Ana Hernández Sanchiz,
narratzailea
Víctor Trescolí Sanz, toy pianoak
Diego Alonso, biolontxeloa
Víctor Trescolí Sanz, musika
Mar Benegas, testu orijinala
Ximo Abadía, ilustrazioak
Ana Hernández Sanchiz, sorkuntza, diseinua eta ikuskizunaren zuzendaritza

carrito Sarrerak erosi