menu

Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdiak gaztaren mundua gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei

Gaurkotasunak / 14 azaroa, 2016

Datorren asteazkenetik, azaroaren 16tik, ostiralera, azaroaren 18ra bitarte, munduko 3.061 gazta jarriko dira herritarren eskura Donostiako Kursaal Jauregian, inoiz izan den gazta kopuru handiena. Publiko guztiarentzat irekia den jaialdiak gaztaren mundua gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei. Ekintzaz beteriko egitarauak World Cheese Awards sariak, Artzai Gazta Nazioarteko Artzaintzaren Lehen Topaketa, “Champions of the Champions” lehiaketa, hitzaldiak edota nazioarteko ekoizleen 38 standetara bisitak jasotzen ditu, besteak beste. Prentsa akreditazioa eskatzeko epea datorren astelehenean, azaroaren 14an, amaituko da, eguerdiko 12.00etan.

Artzai Gazta Elkartearen eskutik iristear da Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdia Donostiara. Datorren asteazkenean, azaroaren 16an, emango zaio hasiera ofiziala, goizeko 10.00etan. Une horretatik aurrera Kursaal Jauregia gaztaren gazteluan bilakatuko da.

Lehen aldiz, mundu osoko 3.061 gazta bilduko ditu jaialdiak, World Cheese Awards lehiaketan inoiz izan den gazta kopuru handiena. Hori horrela, World Cheese Awards lehiaketarako izen emateak itxi behar izan dira. 5 kontinenteetatik datozen gaztek 35 herrialde ordezkatuko dituzte.

Publiko guztiari irekia den jaialdiak gaztaren mundua gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei. Halaber, Gipuzkoako hiriburua ekoizle, artisau, sektoreko profesional eta gazta zale guztien bilgune bilakatuko da.

Hiru eguneko egitarau zabala

Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdiak ekintzaz beteriko egitaraua prestatu du azaroaren 16tik 18ra bitarte.

Jaialdia asteazkenean hasiko bada ere, asteartean, azaroaren 15ean, inaugurazio ekitaldia egingo da Miramar Jauregian, arratsaldeko 20.00etan. Gazta ekoizleen, antolatzaileen, instituzioen, enpresa kolaboratzaileen, nazioarteko dastatzaileen, sukaldaritza berri eta tradizionaleko sukaldarien eta komunikabideen arteko topaketak ongietorria emango dio gazta ekitaldiari.

Azaroak 16

Datorren asteazkena, azaroak 16, izango du lehen eguna jaialdiak. Hasiera ofiziala goizeko 10.00etan izango da Kursaalen. Irekiera ekitaldiaren lekukoa World Cheese Awards sariek hartuko dute, munduko gazta txapelketa garrantzitsuenak. 29. Edizioan barneratuta, mundu osoko 3.061 gazta, inoiz lehiaketa izan den gazta kopuru handienak, Gipuzkoako hiriburura bidaituko dute, 260 ahosabai eta usaimen onenak epaitu ditzaten.

Epaimahaia, gazta ekoizleak, teknikoak, erosleak, saltzaileak edota elikagai idazleek osatuko dute. Aukeraketa prozesuaren lehen urratsa lau pertsonaz osatutako epaileek emango dute. Horiek, Brontzezko, Zilarrezko eta Urrezko sariak merezi dituzten gaztak identifikatuko dituzte. Talde bakoitzak bere gazta aukeratuko du, Super Gold-a, eta, ondoren, epaile gorenek, nazioarteko aitorpena duten 16 adituz osatutako taldeak, aukeratu diren 66 gaztak kalifikatuko ditu bigarren aldiz. 66 gaztetatik epaile goren bakoitzak gazta bat aukeratuko du, azken kalifikazio fasean defendatzeko.

Epaimahai gorenak 16 gazta finalisten artean azken eztabaida hasiko du, kontsumitzaile eta sektoreko ordezkarien aurrean. Bertan, World Champion Cheese-a aukeratuko da. Arratsaldeko 18.00etan emango da jakitera aurtengo irabazlea prentsaurreko batean.

Halaber, epaileek beren lana egiten duten bitartean jaialdiak aurrera jarraituko du, herritarrak gaztaren mundura gerturatuz, hitzaldi eta nazioarteko ekoizleen 38 standetara bisiten eta dastaketa gidatuen bidez.

Azaroak 17

Munduko gazta onena ezagutzearen biharamunean, ostegunean, azaroaren 17an, iritsiko da, lehenengoz, “The Champion of the Champions” lehiaketa. Bertan, epaile gorenek, World Cheese Awards-eko 28 edizioetako irabazleen artean hoberena aukeratuko dute.

Agour gaztandegia izan da bi urteetan txapelketa honetako garaile eta, beraz, azken 28 edizioetako txapeldunen artean onena izateko aukera izango du Peio Etxelekuren gaztandegiak. Hain justu, hau da lehia honetan parte hartuko duen euskal gaztandegi bakarra. Goizeko 11.00etan emango da jakitera nor den txapeldunen artean onena.

Txapeldunen artean txapeldun nor den jakin ostean, lehenengoz, Artzai Gazta Nazioarteko Artzantzaintzaren Lehen Topaketa hasiko da, 12.00etan. Bertan bilduko dira landa sektorean lanean ari diren teknikoak eta artzainak, taldean etorkizunari buruz gogoeta egiteko. Taldearen, olektiboaren eta komunitatearen kontzeptuak ardatz hartuta esperientzia lokalak nazioarteko ereduekin konpartituko dira.

Eztabaidak, proposamenak eta esperientziak egungo artzaintzaren inguruan. Nekazaritza eta gizartea garatzeko abeltzainak babestu eta sustatzen dituzten udalerrien Europar RED-AREQ Sarearen aurkezpena, baita garapen biojasangarriruntz doazen negozio eredu berriak.

Besteak beste, ondorengoa landuko da bertan: artzaintza ikuspegi publikotik, naturaren ikuspegitik, Artzai Gazta Manifestuaren irakurketa, komunikazioa etorkizuneko kontsumitzaileei begira, Artzai Gazten lan-esperientzia eta etorkizuneko erronkak, eredu ekonomiko komertzialen adibideak, baita ikus-entzunezko proiekzioak ere.

Halaber, egunean zehar gaztaren mundura bidaiatu eta gertutik ezagutzeko aukera eskainiko duten hitzaldi ezberdinak, nazioarteko ekoizleen 38 standetara bisita eta dastaketa gidatuak egingo dira.

Azaroak 18

Ostiralean jaialdiaren itxiera eguna izanagatik ere herritarrek jaialdiaz gozatzen jarraitu ahal izango dute. World Cheese Awards-eko gazten bisitak eta dastaketak, nazioarteko ekoizleen 38 standetara bisitak eta dastaketa gidatuak edota Jatorri Izendapenen standak gertutik jarraitu ahal izango ditu bisitariak.

Halaber, gaztaren kultura eta istorioak bertatik bertara jarraitzeko aukera ahalbidetuko dute egunean zehar antolatutako ponentziek eta ikus-entzunezko proiektuek. Horrek guztiak, aurtengo Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdiaren amaierara iragarriko du; munduko toki ezberdinetako 3.000 gazta baino gehiago presente izan dituena, herritarrek gaztaren mundura gerturatu dituena, lehenengoz World Cheese Awardseko txapeldunen artean txapelduna nor izan den ezagutu duena eta, batez ere, txikitasunetik gauza handiak lortu daitezkeela egiaztatu duena, izan ere, 116 artisau ekoizlez osatutako elkarteari esker, Donostiako hiriak gaztaren ekitaldi garantzitsu honen ospakizuna bere begiekin eta gertutik ikustea ahalbidetu du.

Prentsa akreditazioak

Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdia bertatik bertara jarraitu nahi duten komunikabideek akreditazioa eskatzeko duten epea datorren astelehenean, azaroak 14an, amaituko da, 12.00etan. Akreditazio eskaria egiteko  webgunean topatuko duzuen prentsa atalean dagoen formularioa bete behar da. Akreditazioa doakoa da.

  • Jaialdira sartzeko beharrezkoa da akreditatuta egotea eta akreditazioa uneoro gainean izatea.
  • Akreditazioak Kursaal Jauregiko sarrerako lehiatilan jaso beharko dira azaroaren 15etik aurrera.

Gomendagarria da asteartean, azaroaren 15ean jasotzea, arratsaldeko 16.00etik 20.00etara, jende pilaketak ekiditeko jaialdiaren lehen egunean.

▪ Akreditazioa jasotzeko ordutegiak:

Azaroak 15: 16.00-20.00.

Azaroak 16: 8.00etatik aurrera.

Azaroak 17 eta 18: 10.00etatik aurrera.

  • Akreditazioa izateak ondorengoa zerbitzuak eta baimenak eskaintzen dizkie akreditatuei:

◦ Jaialdirako hiru egunetarako sarbidea, azaroaren 16an, 17an eta 18an.

◦ Lan egiteko prentsa aretoa egongo da Kursaal Jauregiaren barnean.

◦ Argazkiak eta prentsa-oharrak bidaliko diren zerrendan egongo da akreditatuaren kontaktua.

◦ Jaialdiko ekintza guztietara sarbidea aldez aurretik ohartaraziz gero. Aldez aurretik abisurik jasotzen ez bada akreditatua tokia egonez gero sartuko da.

◦ Sei gazta zati dastatzeko aukera.

◦ Asteartean, azaroaren 15ean, Miramar Jauregian, arratsaldeko 20.00etan, egingo den

ongietorri jaialdirako gonbidapena

◦ Ostegunean, azaroaren 17an, Artzai Gazta Nazioarteko Lehen Topaketara bertaratzen den orok, foroan parte hartzen dute artzaiekin Union Artesanan egingo den bazkarirako onbidapena izango dute.

 

◦ Eskatu nahi diren elkarrizketak lotzeko kontaktua

▪ Aitor: 679202899

▪ Iñigo: 647279826

 

Web-a eta Sare Sozialak

Aurkeztutako informazio oro, jaialdiaren web orrialde ofizialean eskuragarri izango www.internationalcheesefestival.eus , eta sare sozialetan: #intcheesfestival traolarekin.

 

Artzai Gazta Elkartea: 35 urteko kalitatea eta bermea

1980ko hamarkadaren erdialdetik hona artzainek modu artisauan eta latxa esne gordinez ekoizten duten gaztaren kalitatea hobetu eta produktu honen nortasunaren aldarria egiteko lanetan ari da Artzai Gazta Elkartea. Ohituran, naturan eta kulturan oinarritutako filosofia defendatuz eta honen inguruan lan eginez, gure mugetatik haratago ezagunak izatera iritsi dira.

Egun, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko 116 artzain gaztagilek osatzen dute elkartea, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztaren %50 ekoizten dutenak besteak beste. Baina artzain guztiak ez dira Idiazabal gaztaren ekoizle, eta horretan datza elkarte honen aberastasuna: mota ezberdineko gaztak egiten dituzten ekoizleak elkarrekin lanean aritzea.

 

 

Christoph Eschenbachek, orkestra zuzendaritzako kondairak, Stuttgarteko Orkestra zuzenduko du Donostian egingo duen lehen agerraldian

Gaurkotasunak / 11 azaroa, 2016

Tzimon Bartok, kulturistak, nobelistak, poetak, filosofoak eta eleaniztunak, Ravelen “Piano eta kontzerturako kontzertua” interpretatuko du.

Stuttgarteko Orkestra Sinfonikoa, lehen aldiz arituko da Donostian, datorren astelehenean, azaroak 14ean egingo den kontzertu batean. Aipatu kontzertuan, XX.mendearen lehen erdiko oinarrizko bi obra aurkeztuko ditu: Ravelen Pianorako kontzertua eta Mahlerren 5.Sinfonia.

Ravelen sol maiorreko pianorako kontzertua, birtuosismo handiko obra da. Iparramerikako bizimodu bizkorra eta egokikorra islatzen du, han izan baitzen musikagilea 1928an. Jazzaren eragina antzematen zaio, nahiz eta Ezker eskurako kontzertuan nabarmenagoa den ere eragin hori. Huts-hutsik instrumentalak diren eta programarik ez duten sinfoniatrilogia bateko lehena da Mahlerren 5. Sinfonia, haren tarteko garaikoa, bilakaera sortzaileari dagokionez. Giza ahotsaren falta osatzeko, modu berrian azpimarratzen da orkestraren polifonia sinfoniaren bost mugimenduetan.

Bada ezaugarri bat kontzertu honetako zuzendariak eta bakarlariak amankomunean dutena: eklektizismoa. Christoph Eschenbach zuzendaria eta pianista da, eta oso diskografia aberatsa osatu du, bi alderdi horieklanduz, azken bost hamarkadetan, Atlantikoaren bi aldeetako orkestren titularra izateaz gainera; TzimonBarto, kulturista, nobelista, poeta, filosofoa eta eleaniztuna, batere konbentzionala ez den pianista bat da, kritika espezializatuaren oniritzia duena eta, batez ere, Eschenbachena, zeinak sarritan lagundu baitio Bartori.

Furtwängler, Celibidache, Solti, Kleiber eta Prêtreren mailako zuzendarien batutapean trebaturiko Stuttgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoaren eta SWR Baden-Baden eta Freiburgeko Orkestra Sinfonikoaren batasunaren emaitza da. Orkestra hauek tradizio garrantzitsua eta zazpi hamarkadako esperientziak metatu zituzten, eta tradizio eta esperientzia horiek bat egin dute orain talde berri honetan, zeinak formatu berrian debuta egiten baitu gure hirian.

 SWR Orquesta Sinfónica de Stuttgart
Christian Eschenbach, zuzendaria
Tzimon Barto, pianoa
Azaroak 14 astelehena / 20:00
51 / 41 / 33 / 27 / 12 €

carrito Sarrerak erosi

Momix dantza konpainiak Kursaalen ospatuko du bere 35. urteurrena

Gaurkotasunak / 4 azaroa, 2016

Mundu mailan dantzaren erreferente den Momix konpainia estatubatuarra, Kursaalen izango da azaroaren 8 eta 9an, azken 35 urteetan sortutako koreografia hoberenen aukeraketa bat aurkezten.

Momix, nazioarteko eszenako dantza-konpainia berrizaleenetako eta ospetsuenetako baten 35 urteko existentziaren erakusleiho da  Momix Forever. Ikuskari honek beste guztiek baino hobeto jasotzen ditu taldearen nortasun-ezaugarriak: ilusioa, edertasuna, magia eta asmamena, eta honekin Moses Pendletonek, taldearen sortzaile karismatikoak arrakastaz beteriko historia bat ospatu nahi izan du. Pendeltonek, bere koreografietan jartzen duen xehetasunagatik mirestua dena, gorputz espresioa, argia, musika…uztartzen ditu, teknologia berrien erabilera ere gehitzen duen ikuskizun batean.

35 urtetan zehar, Pendletonek konpainiaren gidaritzan sortu dituen koreografia iradokitzaile eta esangurantsuenen bilduma da Momix Forever ikuskizuna. Izan ere, Momix Forever, konpainiaren ibilbidean eragina izan dute koreografien collage bat da (Momix Classics, Passion, Baseball, Opus cactus, Lunar Sea, Botanica eta Alquimia), Espainian aurkeztu gabeko 4 pieza guztiz berriez gainera, zeinak ospakizun honetarako apropos sortuak baitira.

Momix Forever 2015eko ekainaren 10ean estreinatu zen Milango Barclays Antzoki Nazionalean, hau da, 1980. urtean konpainiaren historia hasi zen data eta antzoki berean. Gau gogoangarri hartan, duela orain 35 urte, liluratuak geratu ziren ikusleak agertokiaren gainean ikusi zuten edertasun, poesia eta originaltasun handiarekin, eta ezaugarri horiek guztiek nabarmendu dute gerora ere talde honen obraren ibilbide luzea.

MOMIX FOREVER
Azaroak 8 asteartea / 20:00
Azaroak 9 asteazkena  / 20:00
29 €

carrito Sarrera erosi  (azaroak 8)

carrito Sarrera erosi (azaroak 9)

Film Symphony Orchestrak zinema-musikaz beteko du Donostiako Kursaal jauregia azaroaren 4an, ostirala

Gaurkotasunak / 2 azaroa, 2016

Iazko arrakasta ikusita, azaroaren 4an, ostirala, Donostiako Kursaal jauregira itzuliko da Film Symphony Orchestra (FSO), zinema-musikako kontzertu-birak soil-soilik ematen dituen Europako lehenengo orkestra.

Bere sortzaile Constantino Martínez-Ortsen zuzendaritzapean, Espainian estreinatuko diren lanez beteriko egitaraua du aurten FSOk, besteak beste, The Hateful Eight (2016an Ennio Morriconeri Oscar saria eman ziona), Captain America: The First Avenger, Chicken Run, The Dark Knight eta Sherlock Holmes: A Game of Shadows. Horretaz gain, egitarauak Star Wars saga mitikoari erreparatzen dio oraingoan (haren musika John Williamsek egin zuen), eta hamar minutuko suite bat du, The Force Awakens zazpigarren ataleko abestiei buruzkoa, besteak beste, hauei buruzkoa: Erresistentziaren martxa, erregearen abestia eta Ala-X delakoen scherzoa.

Ikuskizunaren bi zatietan, FSOk estilo guztietako hamasei soinu-banda joko ditu: suspensearen klasikoak (Psycho), westernak (Silverado), zinema fantastikoa (Gremlins eta Star Trek Into Darkness), zinema beliko handia (The Great Escape) eta Ennio Morriconek Cinema Paradiso filmerako egindako musika iradokitzailea.

Egitaraua hainbat sari irabazi dituzten edo haietara izendatuta egon diren jatorrizko soinu-bandez beteta dago, tartean Oscar, Bafta, International Film Music Critics Award (IFMCA), ASCAP Film and Television Music Awards eta Academy of Science Fiction, Fantasy & Horror Films akademiak ematen dituen sariak.

Soinu-bandarik zirraragarrienak ere entzun ahal izango dira, tartean Schindler’s List filmeko musika eder-ederra (1994an John Williamsi Oscar saria eman ziona), eta Chocolat filmekoa, soinu-bandak egiten dituzten emakume gutxi horietako batek egina, hots, Rachel Portman britainiarrak (2001ean Oscar sarirako izendatua, filmean egindako lanagatik). Suite batek film horretako abesti nagusiak bilduko ditu eta dantzan jarriko ditu ikus-entzuleak. Horretaz gain, aurreko biretan jendeak eskatutako abestiak ere eskainiko dira, besteak beste, film hauetakoak: Conan the Barbarian eta Harry Potter and the Philosopher’s Stone (hura ere John Williamsek egina eta 2001ean Oscar sarietarako izendatua).

 

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=_IGnegPxFMg