menu

Sir Neville Marriner zuzendari zendu berriari eskainiko dio Cadaqueseko Orkestrak bere kontzertua

Gaurkotasunak / 21 urria, 2016

Programa honetan, luxuzko bakarlari bat aurkeztuko da: Grammy bat irabazi berri duen Augustin Hadelich biolinista.

Donostiara etortzekoa zen britaniar zuzendaritzaren ezin eztabaidatuzko irudia, fonografia guztiko musikaririk emankorrenetako bat, Sir Neville Marriner, zendu delarik, Jaime Martín espainiar flautista eta zuzendariak ordezkatuko du kontzertu honetan. Aipatu kontzertua, datorren igandean izango da, urriak 23an, arratsaldeko 19:00etan Kursaal Auditorioan.

Programa abian jartzeko, “Alphonse et Leonore” balletaren obertura eskainiko da, Fernando Sor musikagile eta gitarrista katalanarena, zeina orobat baita ezaguna bere gitarra-metodoagatik eta tresna honentzako duen ekoizpen guztiz oparoagatik ere. Sorrek balletaren generoa landu zuen 1821 eta 1826 bitartean, seguru asko Felicité Hullin dantzariarekin izan zuen harremanaren ondorioz. Dozena bat ballet konposatu zituen, baina lau bakarrik heldu dira gugana. Era honetan, kontzertu honetan sorkuntza baliotsu horietako bat entzuteko aukera izango dugu. Sor-en konposizioarekin batera, lehenengo zatian Mendelssohnen biolinerako 2. kontzertua entzungo da. Instrumentu honen errepertorioko funtsezko obra da, gehien interpretatzen den kontzertuetako bat, eta ezaguenetakoa. Zailtasun tekniko handiak dituen obra da, eta interpretearen aldetik joaldi erabat kontrolatua eskatzen du, bai adierazpenean, bai partiturak eskatzen dituen distira-efektuetan, eta leku guztiz berezia hartzen du biolinerako literatura erromantikoan. Programa honetan luxuzko bakarlari bat aurkeztuko da gainera: Grammy bat irabazi berri duen Agustin Hadelich, hain zuzen ere.

Beethovenen 2. sinfonia 1802an idatzi zen, eta, Grove ingeles musikologoak dioenez, hauxe da “Antzinako Erregimenaren gailurra, iraultzaren aurrekoarena, Haydn eta Mozarten ondoren, puntu horretatik abiatuko baitzen Beethoven beraren aurretik inor sartzen ausartu ez zen munduetara”. Urte kritikoa izan zen musikagilearentzat, gorreria golpetik larriagotu zitzaiona, eta suizidatzea ere bururatu zitzaion; gogo-egoera horrek, ordea, ez zuen izan islarik musika honetan, gainezka egiten duen poz baten notak baitaude pasarte askotan.

Cadaqueseko Orkestra
Jaime Martín, zuzendaria
Agustin Hadelich, biolina
Urriak 23 Igandea / 19:00
51 / 41 /33 / 27 / 12 €

carrito Sarrera erosi

 

Bill_Frisell_Kursaal

Bill Frisellek Kursaalen aurkeztuko du zinemako musikari eskaini dion diskoa

Gaurkotasunak / 20 urria, 2016

Bill Frisell gitarrista egokikorrak, bere bandarekin batera, emanaldi bat eskainiko du urriaren 26an Kursaalen, eta “When you wish upon a star” bere azken albuma osatzen duten gaiak aurkeztuko ditu bertan, zeinean zinemako edo telebistako musika-tema ezagunak landu baititu.

Kontzertuan zinemako abesti hautatuak eskainiko dira, eta era horretan zinemaren eta telebistaren magian sartuko gara, film guztiz ezagunen soinu-banden bitartez, nola diren To Kill a Mockingbird, Pinocchio, Psycho, The Godfather, Beauty and the Best, Moon River… baita divertimentoak ere, esate baterako Bonanzaren sintoniaz egiten duen irakurketa. Gitarrista proiektu honen talde titularrarekin arituko da: Bill Frisell (gitarra elektrikoa), Petra Haden (ahotsa) , Thomas Morgan (baxua) eta Rudy Royston (bateria)

Bill Frisellek inoiz ez du birtuosismora jo beharrik izan planetako gitarrista hoberenetako bat dela erakusteko. Baltimoren jaio zen, eta klarinetea joaz hasi zen musikagintzan, haurtzaroan, Denverren, Coloradon. Pop musika eta rock musika irratian aditzen hasi zenean hasi zen gitarrarekin zaletzen. Laster bihurtuko zen Chicagoko bluesa haren grina nagusia, besteren artean Otis Rush, BB King, Paul Butterfield eta Buddy Guy artisten lanari esker.

Urteotan zehar, ondorengo musikariekin aritu da Frisell elkarlanean: Paul Motian, John Zorn, Elvis Costello, Ginger Baker, Los Angeles Philharmonic, Suzanne Vega, Loudon Wainwright III, Van Dyke Parks, Vic Chesnutt, Rickie Lee Jones, Ron Sexsmith, Vinicius Cantuaria, Marc Johnson, Ronald Shannon Jackson eta Melvin Gibbs, Marianne leial, John Scofield, Jan Garbarek, Lyle Mays, Vernon Reid, Julius Hemphill, Paul Bley, Wayne Horvitz, Hal Willner, Robin Holcomb, Rinde Eckert, Frankfurt Ballet, Gus Van Sant zinema-zuzendaria, David Sanborn, David Sylvian, Petra Haden eta beste asko. Badira zerrenda horretan musikaren pertsonaia handiak, nola diren Bono (U2), Brian Eno, Jon Hassell eta Daniel Lanois (Wim Wendersen Million Dollar Hotel filmaren soinu-bandan). Bere lana dela medio, eskaerarik handiena duten gitarristetako bat da Frisell gaurko musikan. Haren emanaldien eta grabazioen zabaltasunak ongi adierazten du Frisellek gitarraz duen ikusmolde berezia eta egokikortasun musikala.

Bill Frisell, Gitarra elektrikoa; Petra Haden, ahotsa; Thomas Morgan, baxua; Rudy Royston, bateria
Urriak 26 asteazkena / 20:00etan
19 €

carrito Sarrera erosi

“El traje nuevo del emperador” ikuskizunak emango dio hasiera, Kursaal Eszenaren denboraldi berriko “Musika familian” atalari

Gaurkotasunak / 14 urria, 2016

Kursaal Eszenak haurrentzako atondu duen eskaintza berriak larunbat honetan, urriak 15 (18:00), izango du lehen hitzordua “El traje nuevo del emperador” ikuskariarekin; publiko guztientzako egokia den ekitaldi bakarreko opera komikoarekin. Ikuskizuna gazteleraz taularatuko da.

Nafarroako Ganbera Operaren produkzio honek Hans Christian Andersen-ek idatzitako izen bereko ipuina du oinarrian. Musika Iñigo Casalí konposagile nafarrak jarri dio; testua, berriz, Pablo Valdés idazle eta dramaturgoak moldatu du. 75 minutuz musikak, kantuak, antzerkiak eta dantzak bat egingo dute zera erakusteko: itxura, azalekoa eta tentelkeria satiraren protagonistak eta biktima zuzenak direla aldi berean.

Taula gainean abeslari nahiz aktore eta dantzariek Comedia Dell´Arteren kutsua eta barroko garaiko eragina duen ikuskizuna eskainiko digute. Ekintza XVIII.mendeko gorte batean garatzen da: Badulio errege harroputzak senar bila dabilen Sirolé enperatriza maitemindu nahi du. Hala, inoiz josi den janzkirik ederrena egingo diotela agindu dioten bi komikok ziria sartzen diote; haien esanetan janzkia egiteko erabili den oihal zoragarria azkarrak diren pertsonek bakarrik ikus bait dezakete, ergelak eta traketsak direnentzat ikus-ezinezkoa den oihala izanik. Han daudenek ez diote kontrarik egiten erregerari, harik eta haur batek kirtenkeria begibistan uzten duen zera esanaz: “baina biluzik dago eta!”.

Andersen-en elezaharrak bezalaxe larunbat honetan Kursaaleko Ganbera Aretoan ikusi ahal izango den haurrentzako ikuskizunak ere mezu argia du: “mundu guztiak zerbait egiazkoa dela pentsatzeak ez du esan nahi benetan egia denik”.

Musika Familian

“El traje nuevo del emperador”
Kursaaleko Ganbera Aretoa
Urriak 15, larunbata/18:00

7€ /3€ (12urtetik beherakoentzat)

3 urtetik aurrera

 

Jordi Savallek zabalduko du Kursaal Eszenako kontzertu-denboraldi berria, cervantesen eta “on kixote”ren musikekin

Gaurkotasunak / 8 urria, 2016

Datorren igandean, urriak 9 (19:00), hasiko da Kursaal Eszenako denboraldi berria, antzinako musikaren ordezkaririk garrantzitsuenetako bat izateaz gain, da gamba biolaren interpreterik hoberenetakoa den Jordi Savallen eskutik. Miguel de Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrena betetzen den honetan, idazlearen “Bidaia, amets eta utopietan” arnas hartutako programa eskainiko du. Horretarako La Capella Reial de Catalunyako ahotsak eta Hespèrion XXI taldeko instrumentuak izango ditu alboan. Jordi Boixaderas aktoreak berriz, On Kixoteren ibilerak errezitatuko ditu.

Miguel de Cervantesen garaiko musikek eta haren “On Kixote” obran aipatzen direnek osatuko dute Jordi Savall musikari katalanak igande honetan, urriak 9, Kursaal Auditorioan eskainiko duen kontzertuaren muina. Kontzertu honekin abiaraziko da, gainera, Kursaal Eszenak denboraldi berrirako atondu duen kontzertu-eskaintza zabala. Hasierako kontzertu hau gorpuzteko, Savall-ek berak sortutako bi formazio izango ditu lagun: duela hainbat hamarkadaz geroztik Europako musika historizistaren esparruan talde esanguratsuenetakoak diren La Capella Reial de Catalunya eta Hespèrion XXI hain zuzen ere. Errezitatzaile lanetan berriz, Jordi Boixaderas bikoizketa-aktorea ariko da.

Filologoa izateaz gain Cervantesen ondarean aditu ere baden Francisco Ricok azaltzen duen bezala: “Cervantesen liburuek deskribapen ugari eskaintzen dituzte (baita letrak ere), bere garaiko bizimoduan musikak zuen presentziaz. On Kixotek berak badaki musikaz zerbait, eta praktikan ere moldatzen da. Musika akzio edo jokaera konkretu bat bezala agertzen da beti, nobelaren argumentuaren parte bezala. Jordi Savall-ek asmatu du, beraz, kontzertu hau Cervantesen bizitzako pasarteekin eta On Kixoteko zatiekin gorpuzterakoan, melodiari narrazio-dimentsioak eman nahian bezala, eleberrigilearen beraren erara”.

Hau horrela, Cervantesen liburuetan azaleratzen diren kantu eta dantza modalitateen lagin bikaina izango da igande honetan Savall-ek Kursaalen eskainiko duen kontzertua: romantzeak eskainiko dira, segidillak, zarabandak, txakonak, villanoak…..

Jordi Savall (Igualada, 1941) musikariak ibilbide luze bezain aberatsa du musika historikoak errekuperatzen. Kontzertu ugari eskaintzen (140 inguru) eta 6 grabazio inguru egiten ditu urtero eta, modu honetan garbi uzten du antzinako musikak ez duela zertan elitista izan eta adinez geroz eta anitzagoa eta ugariagoa den publikoari interesatzen zaiola gainera.

JORDI SAVALL
La Capella Reial de Catalunya / Hespèrion XXI
Jordi Boixaderas,
errezitatzailea
Urriak 9 igandea / 19:00
“Miguel de Cervantes: Bidaiak, ametsak& utopiak

Lee Fields & The Expressions-ek kontzertua eskainiko dute Kursaalen

Gaurkotasunak / 7 urria, 2016

Igande honetan, urriak 9, soularen eta dantzaren zaleek hitzordu bat dute Kursaaleko K Espazioan, Lee Fields eta The Expressions, haren talde banaezinarekin.

60ko hamarkada amaieratik, katalogo oparo bat osatu du jatorria Ipar Carolinan duen abeslari honek. Katalogo horrek hainbat estilo bateratzen ditu gainera; besteak beste: funka, bluesa eta Hegoaldeko soul garaikidea.

70. hamarkadan eratu zen abeslari honen zaleen talde nagusia, funk-aren zale amorratuen artean, diskoetxe txikientzako grabatu zituen single sail bati esker (bere ibilbide osoan, Lee Fieldsek dozena bat disketxerentzat egin ditu grabazioak), eta single horiek, denborarekin, oso objektu estimatuak bihurtu dira, bildumazaleentzat bereziki. “Little JB” ezizena ipini zioten, begiratua, kantatzeko modua eta groovea Mr. Brownen parekoak zituela. Konparazioak gorrotagarriak dira ordea, eta horretan bakarrik geratzea abeslari on honen talentua mespretxatzea litzateke.

90eko hamarkadan berriz ere suspertu zen, arnasa betean aritzen zen soul-blueseko abeslari bihurtuta. Ezusteko ikaragarria izan zen Hegoaldeko zirkuituan, eta emakumeak urtu egiten ziren bere musikarekin. Mundu hori txiki geratu zitzaion hamarkada bukaeran, aldi berean deitzen baitzioten hip hopetik eta rare grooves-etatik, eta publikoa berriz ere bere izena erreibindikatzen hasi bait zen, single berriei esker, gordintasunean eta indarrean 70etako maila berdintzen zutenak, eta baita gainditu ere.

“Problems”etik hasi (2002) “Emma Jean” arte (2014) grabazio bat bestearen atzetik egin du Lee Fields-ek, eta hala, Sharon Jonesen maila berean jarri da bere generoan, hots, musika beltzaren susperraldian. Eta batek Dap-Kings daukan bezala euskarri-banda gisa, besteak, The Expressions talde bikaina dauka.
Lee Fields & The Expressions
Urria / Octubre
Igandea 09 Domingo / 19:00
19 €