menu

Kursaalak eta Donostiako Zinemaldiak definizio ultra handiko 4K teknologia estrainiatuko dute 64. edizioan

Gaurkotasunak / 16 iraila, 2016

Bihartik aurrera, 64. Donostiako Zinemaldiaren inaugurazioarekin batera, Kursaal Auditorioak definizio ultra handiko 4K teknologia duten 2 proiektore estrainiatuko ditu, hau da, lau bider definizio gehiago eta gutxi gorabehera argi potentzia bikoitza eskaintzen dutenak, Sail Ofizialen parte hartzen duten filmez are gehiago gozatzeko.

Datozen hamar egunetan Zinemaldiko egoitza nagusi eta nazioarteko zinemagintzaren fokuen xede izango den Kursaalak filmen proiekzioan kalitaterik gorenena eskainiko du, baita 3Dan argi galerarik gabe, 34.000 lumenei eta proiektore bikoitzari esker.

Zinema-ekoizpenarentzat definizio ultra handiak dakartzan aukera eta erronken inguruan eztabaidatuko da Zinemaldian, hilaren 20ean Kursaaleko areto batean eta Hispasatek antolatuta “Cine y tecnología. Los retos de rodar en 4K” izeneko workshopean.

Sektoreko azken iraultza teknologiko handia

Zinema munduko adituak sektoreko azken iraultza teknologikoa suposatzen duen 4K teknologian grabatutako ikus-entzunezko edukien sortze eta emanaldia sustatzen saiatzen ari dira. Formatu honek ikusleei aldez aurretik posible ez zen irudi kalitateari esker zinema esperientzi berri batez gozatzeko aukera ematen die. Izan ere, formatu honek ohizko definizio pantaila batek baino lau bider pixel gehiago ditu.

Bestalde, musika-entzunaldi areto gisa sortu eta urtean zehar hartarako egokituta egoten den Kursaal Auditorioak, zenbait aldaketa jasaten ditu egunotan Zinemaldiko areto nagusia den K-1ean eraldatzeko, Sail Ofizialeko filmen emanaldiak bertan izaten baitira. Proiektore berriez gain, eta Zinemaldiko lankidetzari esker, 2014a ezkero zinema entzunaldirako egokitze akustikoa ere badauka. Etengabeko hobetze-espirituari jarraiki eta soinu kalitate handiagoa lortzeko asmoz, irailero xurgatze gaitasuna duten harri-zuntzez egindako panelak jartzen dira, baita lau friso eta hiru teloi ere eszenatoki atzean, aretoko estetikan ondorio kaltegarririk sortu gabe.

Prime Timen atal pilotua estreinatuko da ostiralean Kursaaleko terrazan

Gaurkotasunak / 8 iraila, 2016

Donostia 2016k erronka bat ezarri zuen: posible al da Europako kulturan oinarritutako kalitatezko telebista saio bat izatea PrimeTime ordutegian?
Pixel ekoizpen-etxeak, galdera horri erantzunez “La Cápsula” izeneko saioa garatu du.
Ostiralean izango da pilotuaren estreinaldia Kursaal kanpoaldean antolatu den ekitaldi ireki batean.

Donostia 2016k telebistak hezkuntzaren eta kulturaren arloan duen ahalmena nabarmenduko zuen proiektua jarri zuen abian, hedabide nagusian emititzen diren edukiei buruzko hausnarketa bultzatuz. Xede horrekin jaio zen Prime Time. 2015eko ekainan deialdi ireki bat egin zitzaien nazioarteko ekoizpen etxeei telebista formatu berritzaile baten formatua aurkezteko, beti ere, kultura ardatz hartuta, audientzia handieneko ordutegira egoki zitekeen formatua.
Jasotako proposamen guztien artean irabazlea izango zena erabakitzeko nazioartetik iritsitako epaimahai bat izan zen gurean; Jan Salling (FRAPA Internacional-eko presidentea); Natalie Wogue (Ascendo TV); Triona Campbell (Be Active) eta Bertrand Villegas (The Wit). Bi egunez jasotako proposamenen inguruan hitz egin ostean, Pixel ekoiztetxearen “La Cápsula” formatua izan zen hautatua, eta horren atal pilotua sortzeari ekin zioten.

“La Cápsula”

Pixelek denboraren kapsularen kontzeptua sortu zuen etorkizuneko belaundaliengan hausnarketa sustatzeko ideian oinarrituta. Hain zuzen ere, hau izan zen Pixelek proposatutakoa: Europar gizartearen isla diren objektuak, testigantzak eta kontzeptuak kapsula batean sartzea, hori Donostiako lekuren batean lurperatzea eta 30 urte barru berau ateratzea.
Horren emaitza 28 ataleko telebistarako formatu bat izan da. Atal bakoitzean, kultur arloko pertsona garrantzitsu batek “aurkeztuko” du eta haren egitekoa, Europar Batasuneko 28 herrialdetako batera bidaiatzea izango da. Bertan, zazpi eguneko apean, lurralde hura identifikatzen duen objektu bat topatu beharko du. Objektu hori denboraren kapsulan sartuko da, eta gero, beste 27 objekturekin batera lurperatuko da (formatua erosten duen katearen herrialdearen arabera).
Horretarako, “aurkezleak” herrialdean barrena bidaiatu beharko du, hango biztanleekin biziz. Atal pilotuan, luxuzko protagonista batek hartu du parte: Kimberley Tell aktore, kantari eta Arte Ederretan lizentziadunak. Beste lan batzuen artean, Ulrike-ren papera egin zuen “Buscando el norte” telesailean.

Estreinaldia, Kursaalen

Bihar, ostirala, arratsaldeko 18:30etatik aurrera antolatu den ekitaldi ireki batean estreinatuko da “La Cápsula”. Sorpresaz betetako ekitaldia izango da, non, hiritarrek modu aktibo batean parte hartuko ahalko duten ondorengo galdera honi erantzunda: Zer sartuko zenuke denboraren kapsula batean?

Egitaraua:

18:30 Musika / Garagardo barra, freskagarriak eta food truck-ak
19:30 Sara Cozarren zuzeneko aurkezpena (Kimberley Tell-en parte hartzearekin)
20:00 Lehenengo kapituluaren proiekzioa “La Cápsula: Polonia” (54 min)
22:00 DJ Zuhaitz – Set funky electro disco

EITBk, Donostia 2016 Fundazioaren media partner ofizialak, udazken aldean estreinatuko du atal pilotua, eta horrela abiaraziko da proiektu honen azken etapa: munduko ikus-entzunezko merkatu garrantzitsuenean aurkeztea, Cannes-ko MIPCOMen hain zuzen ere, Eiken Basque Audiovisual-en eskutik.