menu

Doce propuestas conforman la nueva temporada de Kursaal Eszena

Gaurkotasunak / 30 abuztua, 2016

Kursaal Eszenak dozena bat kontzertu atondu ditu bere denboraldi berrirako. Denboraldia urriaren 9an hasiko da, antzinako musikaren ordezkaririk garrantzitsuenetako bat izateaz gain, da gamba biolaren interpreterik hoberenetakoa den Jordi Savallen eskutik. Savall, berak sortutakoak diren La Capell Reial de Catalunya eta Hespèrion XXI taldeekin batera ariko da eta, guztiek elkarrekin, Miguel de Cervantes-en “Bidaia, amets eta utopietan” arnas hartutako programa eskainiko dute, idazlearen heriotzaren laugarren mendeurrena betetzen den honetan.

Denboraldiko lehen kontzertu hau, Donostia 2016ko Elkarrizketak lerroaren baitan egingo da. Beste hainbaten artean Marta Zabaleta pianistak eta Asier Polo biolontxelistak gorpuztuko duten “Ohiberritze” egitasmoa berriz, Europako Kultur Hiriburutzaren amaierako programaren zati izango da. Parisko Udazkeneko Jaialdiak ere hartu du parte, euskal sustrai kulturalak gaur egunera ekarriko dituen eta Ramon Lazkano musikari donostiarrak ondutako azken lanaren estreinaldia hartuko duen proiektu berezi honetan (abenduak 18).

Denboraldiak, esparru klasikoan, beste hainbat hitzordu ere izango ditu: Cadaquesko Orkestra eta Erresuma Batuko orkestra-zuzendaritzan ospe handikoa den Sir Neville Marriner (urriak 23); Stuttgarteko Irratiko Orkestra zeinak, Christoph Eschenbachek zuzenduta, XX.mendearen lehen erdiko funtsezko bi obra aurkeztuko dituen (azaroak 14); eta Suisse Romandeko Orkestra, Jonathan Nott polifazetikoaren agindutara eta oso-osorik Beethoven-eri eskainitakoa izango den programa batekin (urtarrilak 29). Esparru hau opera lan batek osatuko du: G. Bizeten “Carmen” operak, Opus Lirica konpainia donostiarrak ondutako produkzio berrian eta rol nagusia gaur egungo mezzosopranorik aipagarrienetako batek, María José Montielek, abestuko duelarik (otsailak 10/12).

Musika herrikoien atalean, berriz, era ezberdineko proposamenak egingo dira; jazz esparruko gitarrista eta konpositore handia den Bill Frisellen azken proiektu diskografikotik hasi (urriak 26), eta Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, musika eta gastronomia uztartuz, ospatuko den afari berezi bat arterakoak hain zuzen (abenduak 3). Anjel Mariezkurrenak zuzenduta, Donostiako Kantu Zaharren Afaria izenpean egingo den bilkura honetan, euskal kantutegi tradizionaleko abestiak kantatuz Ni Neu jatetxeak zerbitzatutako afariaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Dantzarekin hitzordua Momix taldearen eskutik etorriko da;  mundu osoko dantza-konpainia berritzaileenetakoa den eta ospe handienetakoa duen taldearen eskutik hain zuzen. “W Momix Forever” da bi egunez (azaroak 8 eta 9) aurkeztuko duen ikuskizunaren izena eta, bertan, Moses Pendleton-ek konpainiaren zuzendari gisa eman dituen 35 urteetan sortutako koreografia garrantzitsuenen bilduma moduko bat egiten da. Hala, Momix-en historian esanguratsuenetakoak diren 7 muntaiatatik hartutako koreografiak (“Momix Classics”, “Passion”, “Baseball”, “Opus cactus”, “Lunar sea”, “Botánica” eta “Alquimia”), eta ospakizun honetarako bereziki sortutako lau pieza berri uztartuko ditu ikuskariak.

Musika herrikoei eskainitako atala, Klasizismo beltzaren pizkundean izen handienetako bat den Lee Fields eta haren The Expressions taldearen emankizunarekin osatuko da. Kontzertua urriaren 9an egingo da, Kursaaleko K Espazioa deiturikoan. Espazio honek, pasa den denboraldiaz geroztik, gazte jendeari zuzendutako proposamenak hartzen ditu eta, hori horrela, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan egiten dira zuzenekoak eserlekurik gabe, formalismoak baztertuta, musikaren gozamena errazte aldera.

Musika Familian izenpean etxeko gazteenentzat prestatzen den ohiko programazioak, azkenik, bi hitzordu izango ditu denboraldi berri honetan: “Enperadorearen jantzi berria” (urriak 15) eta “Zirku Hegalaria” (abenduak 3).

Programazio berri honek pasa den uztailean amaitu zen denboraldia osatzen du. 2016ko lehen sei hilabeteetan hemezortzi kontzertu eskaini ziren, %80ko okupazioa eta 16.986 ikus-entzule lortuz.

KURSAAL ESKURA
Kursaal Eszenak aurrera segiko du, denboraldi honetan ere, Kursaal Eskura proposamenarekin. Ekimen honen helburua, Donostiatik urrutien dauden udalerrietako zaletuei Kursaal Eszenak antolatzen dituen kontzertuak eskura jartzea da.
Gaurdaino Antzuola, Arrasate, Bergara, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Oñati, Elgoibar eta Ezkio-Itxaso-ko biztanleek izan dute, aipatu ekimena bitarteko dela, Kursaal Eszenak antolatutako zortzi kontzertuetaz gozatzeko aukera baina, denbora asko baino lehen, ekimena beste hainbat herrietara zabaltzea espero da.

Kursaal Eskura 2014. urtean sortu zen, Kursaal Eszena eta Gipuzkoako hainbat udalerriren arteko elkarlanari esker, eta doaneko autobus zerbitzua jartzen du, Kursaal Eszenak antolatutako kontzertuetara etortzeko interesa duten zaletuen eskura. Autobusak aurrez aipatutako herrietatik atera eta, behin Kursaaleko kontzertu/ikuskizuna amaitutakoan, berriz ere jatorrizko herrietara bueltatzen dira.

ABONUAK ETA SARRERAK
Abonuak saltzeko epea, esparru klasikoko kontzertuetarako bakarrik, pasa den ostiralean jarri zen martxan eta urriaren 9 arte egongo da zabalik.

Bestalde denboraldi berriko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta irailaren 2an hasiko da, goizeko 11:30etatik aurrera. Sarrerak Kursaaleko leihatilara gerturatuta edota Kursaal zentroko webgunean (www.sarrerak.kursaal.eus) erosi ahal izango dira.

ni neu jatetxeak afari musikala eskainiko du Hamabostaldiari amaiera emateko

Gaurkotasunak / 5 abuztua, 2016

  • Sorpresaz beteriko afarian musika izango da protagonista nagusia.
  • Jatetxeko goiko solairuan ospatuko da, abuztuaren 31an, amaierako kontzertuaren ondoren
  • Pertsona kopurua mugatua da, eta menuak 40 euroko kostua izango du

ni neu jatetxeak beste urte batez Donostiako Musika Hamabostaldiarekiko duen konpromisoa indartuko du abuztuaren 31an, asteazkena, Hamabostaldiaren 77. edizioa amaitzeko, goiko solairuan antolatu duen afari musikalarekin. Sorpresaz beteriko afaria izango da, eta musika izango du protagonista nagusia.

Edonori zuzendutako ekimena izan arren, gau horretan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Iruñeko Orfeoiak eskainiko duten amaierako kontzertura joaten diren entzuleek aukera izango dute auditoriumetik zuzenean jangelara sartzeko.

Mikel Gallo chefak okasiorako diseinatu duen menua “Hamabostaldiko pintxoa”-rekin hasiko da eta, aurtengoan, orkestra zuzendariek besoekin egiten dituzten mugimenduek inspiratuta, olagarroa eskabetxean izango da. Ondoren, hegaluze tartarra ahuakate kremarekin, legatz errea leka salteatuekin eta saltsa holandesarekin txakolin erara, arkume errea eta hezurgabea Irati gazta parmentierrarekin zerbitzatuko dira, eta postre moduan, ni neuko torrada ospetsua zartaginean karamelatuta etxean egindako izozkiarekin emango dute.

Afariaren prezioa, BEZa eta edariak barne, 40 eurokoa izango da.