menu

Dantzari eta koreografa donostiarrak “Legitimo/Rezo” aurkezten du Kursaalen maiatzaren 30ean

Gaurkotasunak / 30 maiatza, 2016

Donostia 2016k Jone San Martin dantzari eta koreografoari Karta Zuria eman dio, Europako Kultur Hiriburutzaren programako Elkarrizketak lerroa aberats dezan. Gonbitari erantzunez, dantzari donostiarrak bost proposamen aurkeztuko ditu lurraldeko hainbat leku esanguratsutan. Hala, bere nazioarteko ibilbidea eta jaioterria batuko ditu. Horietan lehenengokoa da Legitimo/Rezo (hitzaldi dantzatu eta bakarkako batek osatutako programa bikoitza), eta William Forsythe koreografo ospetsuarekin hogei urtetik gora lanean aritu ondoren Jone San Martinek lortu duen esperientzia du abiapuntu. “Lan honen ideia W. Forsytherekin elkarrizketan hasi zen, eta Josh Johnsonekin batera garatu genuen. Legitimo/Rezo benetan berezi egiten duena da hitzari dantzariaren ikuspegitik heldu diodala. Elkarrizketatzen gaituztenean, dantzariei beti galdetzen digute obraren sorkuntzari buruz, baina ez, ordea, sortzaile edo koreografoarekin batera egiten dugun lanaz. Dantzaria, eszenan, koreografoak dauzkan ideien interpretea da. Horregatik, interesgarri suertatu zitzaidan, hain zuzen, egoera hori hizpide izatea. Hitzaldi dantzatu honetan zera egiten dut, agertoki gainean dantzari gisa aurki dezakedan egoera bat deskribatu eta ikusleen aurrean irtenbidea eman, aldi berean azalduz pentsatzen ari naizena eta zein diren aurkezten zaizkidan aukerak. Egunero egiten dudan hori erakustea da: nola egiten ditudan gauzak eta zein eratan pentsatzen dudan. Ikuslearen eta interpretearen arteko harremana intimoagoa bilakatzen da. Egoera honetan izatez tentsio tematiko txikiagoa dago eta, azken finean, kontua agertokia desakralizatzean datza, publikoa partaide bilakatuz. Ikusleak interesa agertuaz bat hartzen du parte, sartu egiten da, eta agertokia eguneroko leku arrunt bezala ikus dezake. Honen emaitza bigarren zatiko soloa da. Ikusleekin batera lagunarteko egoera sortzea da nire ideia.”

 

JONE SAN MARTIN: “LEGITIMO REZO”
Maiatzak 30 , Kursaal / 20:00
16€

Donostia 2016-ekin lankidetzan

Reggae festa K espazioan Rapsusklei & The Flow Fanatics-ekin

Gaurkotasunak / 19 maiatza, 2016

  • Hitzordu honetan izango dira berebat Híbrido (showcase) eta Indaglory Hall, reggae-arekin eta hip hop-arekin lotutako standak eta jarduerak izango diren espazio bat.
  • Emanaldia maiatzaren 21ean egingo da, K Espazioan. Espazio irekia da, eta butakarik ez da izango, musikaz zuzenean gozatu ahal izateko.

Rapsusklei rap eta reggae artista zaragozatarra, “Oihaneko mutila” deitua da, Kursaalen jardungo da, The Flow Fanatics musikari taldeaz lagundurik, eta haiek arduratuko dira erritmoa jartzeaz abeslariaren azken albumeko bertsoei. Rapsusklei eskola baten sortzailea da. Bere letren melankoliagatik da ezaguna, estrofa poetikoak bihurtzen diren bere errimen leuntasunagatik. Inork ez daki hark bezala publikoaren bihotzera heltzen, baita errealitate jakinak salatzen diren gaiak direnean ere. Baina badu alderdi dibertitu eta seriotasunik gabeko bat ere, eta hartan ateratzen du bere artilleria, skill (trebetasun) moduan, mikroan, lehia une batean, non gainerako MC’ek babespean jarri behar duten, ez badute akabera txarra izan nahi.

Rapsusklei Espainia osoan ibilia da, eta atzerrian ere eskaini ditu saioak. Bere karreran zehar kartela partekatu du hip hop amerikar eta frantseseko talde gehientsuenekin, nola diren Busta Rhymes, Wu Tang Clan, The Game, etab.

Zaragozako la Magdalena auzoko kaleetan hasi zen Rapsuskleiren ibilbidea. 10 urte besterik ez zuela, bere lehen abestiak egiten hasi zen, rap amerikarraren talde nagusien eraginpean. “Rapsusklei & Hazhe, La Historia Mas Real De Vuestras Vidas” (2002) izan zuen lehen diskoa.  Ondoren bigarren LPa etorri zen, “Elipsis” (2003) eta hura ere, aurrekoa bezala, Hazhe eta Rapsuskleiren arteko elkarlanaren emaitza izan zen. Bi disko haiek arrakasta handia izan zuten, eta orduan hirugarrena eta azkena kaleratu zuten, “Hijos De Puta Para Todo” (2004),  eta itzuliak egin zituzten Espainia osoan eta atzerrian. 2008an bereizi egin ziren bi mc-ak, eta Rapsuskleik bakarka jarraitu zuen bere karrera.

2010ean bere bakarkako lehen LPa argitaratu zuen, “Pandemia” izenekoa, eta Espainiako hip hop-eko album hoberenaren saria eman zioten “musika independentearen sarietan”, eta urteko disko hoberenarena, Aragoiko musikaren sarietan. Disko horretan, errima onak eta hitz-jokoak egiteaz arduratu zen Rapsusklei gehienbat. Bigarren mailan utzi zuen une horretaraino ezaugarritu zuena, hau da, errima sakonak eta sentimenduz beteak, poetikorasunera heltzen zirenak, eta “Pandemia” zuzeneko emanaldietarako diskoa egitea erabaki zuen, jendeari salto eginaraziko ziona.

2012an “Melancolía” albuma argitaratu zuelarik, Eterno Miusik-en grabatua, abiapuntura itzuli zen. Disko horretan ezaugarritzen duen poesiaren sugarrari bizirik eusten saiatu zen, berriz konkistatuz era horretan bere jarraitzailerik leialenen bihotza. 2014an ostera ere agertu zen herriko plazan, The Flow Fanatics bandarekin grabatutako “Reality Flow” lanarekin (Eterno Miusik/Boa).

Rapsusklei & The Flow Fanatics (+ Híbrido) // Indaglory Hall

Larunbata, maiatzak 21, 19:00etan // Espacio K Espazioan // 13 €

Enbaxadore Programak 5 enbaxadore berri izendatu ditu

Gaurkotasunak / 13 maiatza, 2016

Bost profesional Donostiako enbaxadore izendatu dira Donostia Turismo & Convention Bureauk eta Kursaalek sustatutako Enbaxadore Programaren baitan. Programa honen helburua da, hirian egiten diren bilerei lotutako turismoa babestea eta bultzatzea.

Ekitaldia Aquarium-ean egingo da eta buru izango ditu Eneko Goia – Donostia Turismo & Convention Bureauko presidente eta Donostiako alkate- eta Markel Olano – Kursaaleko presidente eta Gipuzkoako Diputatu nagusi. “Enbaxadore” berriez gain, Manu Narvaez, Donostia Turismo & Convention Bureauko zuzendaria, Iker Goikoetxea, Kursaaleko zuzendaria, Denis Itxaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatua, eta aurreko ediziotan izendatutako profesionalak gerturatuko dira.

Enbaxadore programa 2012an sortu zen Kursaalen ekitaldi edo kongresuak antolatu dituzten profesionalak nabarmentzeko. Estatu mailakoak direnean, 450 pertsonatik gorakoak izan behar dira, eta nazioartekoak badira, 200 pertsonatik gorakoak.

Aurten gehitu diren enbaxadore berriak honako hauek dira: Arantza Lekuona Artola, Ginekologia eta Obstetricia Zerbitzuko burua Donostiako Hospitalean,  SEGO 2016 Ginekologia onkologiko eta bular gaixotasunaren Estatuko bilera antolatzeagatik; José Antonio Lozano Alonso, Intelligent Systems Group (UPV/EHU) taldekoa, IEE Congress on Evolutionary Computation erakartzeagatik; Luis M. Liz-Marzón, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa, International Conference on Self-Assembly in Confined Spaces (SACS 2016) antolatzeagatik; José Ramón Aranzabal Otaduy, Bidasoa Ospitaleko kirurgialari ortopedikoa, Congress of the International Society for Medical Shockwave Treatments (ISMST 2017) ekartzeagatik; eta Guille Viglione Urbieta, Dimensión DMDko zuzendaria, Sormen Lehiaketa (C Eguna) eta Sortzaileen eta Irgarleen arteko topaketa (A eguna) antolatzeagatik.

“Enbaxadore” berriak gehituta, 42 profesionalek osatzen dute 2012an sortutako elkarte prestigiotsua.

Biltzarren eragina Gipuzkoan

Kursaalek eta Donostia Turismo & Convention Bureauk sustatutako programa honen xedea da Estatuko zein nazioarteko ekitaldi garrantzitsuak Donostiara eta Gipuzkoara ekartzea, eta kongresuak antolatzen dituzten pertsonen lana aintzatestea. Hautagaitza aurkezteak eta biltzar bat antolatzeko ardura hartzeak eskatzen duen ahalegina nabarmendu nahi dute Kursaalek eta Donostia Turismo & Convention Bureauk, izan ere, lan desinteresatu honek eragin handia du; bai ekonomian bai gure ingurunean jakintza sortu eta zabaltzeari dagokionez.

 

Biltzarrek hazkunderako indar handiena duen segmentua osatzen dute; kuantitatiboki lurraldeko baliabide ekonomikoak dinamizatzen dituen ekintza da. 2015ean 131 bilera antolatu dira hirian (kongresuak, jardunaldiak, batzarrak…), 35.800.000€-ko inpaktuarekin (ostatu gauak x partehartzaileen batez besteko gastua (350 €)).

Biltzarren jarduera lurraldearen apustu estrategiko bat da, jakintzaren ekonomia bultzatzen duen jarduera bat. Estatu mailan, Gipuzkoa eta Donostia posizio bikainean daude sektorean: Kursaal APCEren (Espainiako Biltzar Jauregien Elkartea) biltzar jauregien sailkapeneko 4. postuan egon zen 2010. urtean, hiriaren edertasunari, gastronomiari eta giza kapitalari esker.

Enbaxadore berriak

 

Arantza Lekuona Ginecología Onkologikoaren Estatuko Bilera (GINEONCO). 400 pertsona. DONOSTIA OSPITALEA
José Antonio Lozano IEEE-Congress on Evolutionary Computation CEC. 425 pertsona. EHU-UPV
Luis Liz-Marzán International Conference on Self-Assembly on Confined Spaces (SACS). 200 pertsona. CIC biomaGUNE
José Ramón Aranzábal International Congress of the International Society for Medical Shockwave Treatments (ISMST) 2017. 250 pertsona HOSPITAL BIDASOA
Guille Viglione Club de Creativos Lehiaketa. 1500 pertsona  Club de Creativos

300 artistatik gora Kursaalean DonostiArtean III. Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokan

Gaurkotasunak / 12 maiatza, 2016

DonostiArtean Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokaren 3. Edizioa

DonostiArtean Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokaren 3. Edizioa Kursaalean dugu dagoneko. Bertan 300 artista baino gehiagoren pintura, fotografia, eskultura, marrazki eta /edo grabatu lanak aurkezten dituzten 32 erakusketari daude, haietatik hamaika atzerritik etorritakoak.

Maiatzaren 12tik 15era egingo den azokak “bisitariarentzat erakargarria den eta gertukoa duen” eskaintza aurkezten du, non artelanak ezagutarazi eta eros daitezken. Bertan artista euskaldunen artelanak aurkituko ditugu, Eduardo Chillida edo Jorge Oteizarenak, besteak beste; baita Miquel Barceló, Joan Miró, Rafael Canogar, Antonio Saura edo Antoni Tàpiesenak ere.

Nazioarteko galerien presentzia nabarmenak DonostiArtean “urtetik urtera sendotzen ari den eta artea hiritarrei gerturatzeko proposamena egiten duen erreferentziazko azoka” bihurtzea du helburu.

Proiektu honek Donostiako Udalaren, Donostiako Turismo Bulegoaren eta DSS2016ren babesa jaso du eta 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren programako ekitaldi osagarrietako bat da.

La III Feria Internacional de Arte Contemporáneo DonostiArtean

Buikak, berriz ere agertokietara etorrita, bere azken lana aurkeztuko du Kursaalen

Gaurkotasunak / 12 maiatza, 2016

Badator Buika berriz. Eta bere azkeneko diskoarekin dator, “Vivir Sin Miedo”: arnasa handiko lana, ingelesez, gaztelaniaz eta spanglishez abesten duena, eta lankidetzat, besteak beste, Jason Mraz eta Meshell Ndegeocello dauzkana. “Vivir sin miedo” Buikak berak ekoitzi du Martin Terefe-rekin elkarlanean (Coldplay, James Blunt), eta Mallorcako abeslariaren musika interes zabalen emaitzarik zuzenena da, baita, beharbada, orain arte egin duen lanik pertsonalena ere. Beti bezain basatia, baina aldi berean denboraren eta esperientzien baturak sotiltasunez aberastua, “Vivir sin miedo” horrek egiaz merezi duela abestuko du Buikak.

Konpositorea, musika-ekoizlea, poeta… World music, jazz, flamenko, eta fusio-estilo garaikideko izar gisa txalokatzen dute denek Buika.

2001n hasi zuen bere karrera, “Mestizüo” lanarekin (2001). Album honen ondoren “Buika” etorri zen (2005),“Mi niña Lola” ( 2006), “Niña de Fuego” (2008), “El último trago” (2009), “En mi piel” (2011) eta “La noche más larga” (2013).

2011n egin zuen soinu-bandarik eta zinemako lanik aipagarriena, Pedro Almodóvar Mantxako zuzendariak bere “La piel que habito” filmeko “Por el amor de amar” eta “Se me hizo fácil” abestiak interpretatzeko deitu zionean.

Sari asko jaso ditu, besteak beste album onenaren Latin Grammy bat  eta ekoizpenik hoberenarena “Niña de Fuego” diskoarengatik; album tradizional tropikalarena “El último trago” lanagatik (2010), eta urte berean urteko diskorik hoberenerako izendatu zuten “La noche más larga”  lanagatik, baita Latin Jazzeko album hoberenagatik ere 20014ko Grammyetan Los Angelesen.

Buika, ahotsa; Glen Scott, teklatuak, ahotsa, musika-zuzendaritza; Sven Lindvall, baxu elektrikoa; Kristoffer Sonne, bateria; Ramón Porrina, kaxoia, perkusioa; Ahmed King, gitarra, ahotsa; Erin Johnson, flauta, ahotsa

BUIKA
Ostirala, maiatzak 13/ 20:00
21 €

 

Susanna Malkki Orkestra zuzendaria eta Helsinkiko Orkestra Filarmonikoak Sibeliusi eskaintzen dio bere programa

Gaurkotasunak / 9 maiatza, 2016

Oso nekez izaten dugu Finlandiako musikariek interpretaturiko musika finlandiarrez gozatzeko aukera. Sibeliusen musika bere bikaintasun osoan entzungo da Kursaalen (maiatzak 10, 20:00). Prokofieven 3.kontzertu birtusosoa ere entzuteko aukera izango dugu.

Helsinkiko Orkestra Filarmonikoa izan zen Iparraldeko herrialdeetan eratu zen lehen orkestra sinfoniko profesionala, eta 132 urtez etengabe aritu da lanean. Bigarren aldiz dator Kursaalera bisitan Susanna Mälkkiren eskutik, zeina musika garaikideko espezialista handia eta gaur egungo orkestra-zuzendari aipagarrienetako bat baita; duela gutxi izendatu dute Los Angelesko Orkestra Filarmonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia. Programa nagusiki finlandiarra da, eta, besteak beste, Sibeliusen harientzako Romantza delikatua eskainiko dute, baita haren bosgarren sinfonia ere. Sinfonia hori da, bigarrenarekin batera, musikagileak gehiena estimatzen zuenetako bat.

Erabateko kontrastea sortzen du laugarren sinfoniaren aldean, azken hori barrenkoia eta lausoa baita. Bosgarrenarekin, bigarrenaren mundu indartsura itzuli zen Sibelius, baina askoz ere sofistikazio handiagorekin. Obra honek hainbat berrikustaldi izan ditu, eta hirugarren bertsioa nagusitu zen azkenik, 1919 arte argitaratu ez zena.

Beethovenek, Rubinsteinek eta Saint-Saënsek bezala, pianorako bost kontzertu konposatu zituen Prokofievek ere, inondik ere haren ekoizpenaren gailurra direnak. Prokofiev bera pianista birtuosoa zen, eta tresna horren teknika berriztatu zuen, perkusio-efektu asko lortuz, baina melodiaren lerroari kalterik egin gabe. 3.a da dudarik gabe kontzertuotako ezagunena, gaur gauean jokatuko dena. Prokofievek 1921ean bukatu zuen, Bretainian egin zuen egonaldi batean. Haren arbaso erromantiko askok konposaturiko pianorako kontzertu asko ez bezala, orkestra bigarren mailako laguntzaren gainetik nabarmentzen da, eta oso eginkizun aktiboa jokatzen du. Hasierako errusiar estiloko melodia gozoaren ondoren lastertasun arin bat dator, teklatuko nota baxuetatik nota altuetara salto egiten duten akorde masiboekin aldizkatzen dena.

HELSINKIKO ORKESTRA FILARMONIKOA

Maiatzak 10 asteartea / 20:00
Susanna Malkki
, zuzendaria
Simon Trpceski, pianoa

Romanza para cuerdas, J. Sibelius
Con para piano nº3, Sibelius
Sinfonía nº5, Sibelius

“Herritarrentzako Osasun Eskolen Sarearen 1.go topaketa nazionala”

Gaurkotasunak / 3 maiatza, 2016

Osakidetzak maiatzaren 6 eta 7an “Herritarrentzako Osasun Eskolen Sarearen 1.go topaketa nazionala” antolatuko du Kursaalean. Ikasketa inguru eta eztabaida gune izango den topaketan parte hartuko dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordea den Guillermo Viñegrak, baita Osakidetzako zuzendari nagusi den Jon Etxeberriak ere.

Biltzarretan hiritar, paziente, zaintzaile eta profesional desberdinek hartuko dute parte, eta bertan gaixotasunaren auto zainketa eta auto kudeaketaren inguruko ezagutzak partekatuko dituzte zenbait gai argitzeko asmotan, besteak beste, benetan pazientea sistema sozial eta sanitarioaren erdian ote dagoen. Osasun Eskolen Sareak, zenbait txosten bitarteko,  pertsonen lankidetza eta parte-hartzea sustatzea du xede, hauek Osakidetzaren esanetan “sistema sozial eta sanitarioaren aktibo bihur daitezen”, auto kudeaketa, heziketa, informazioa eta auto zainketaren alorretan trebetasun pertsonalak garatuaz.

Egitasmoa 2012. urtean sortu zen eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak bultzatua izan zen, Kronikotasunari Heltzeko Estrategiaren argitalpenean oinarrituta.