menu

Trickyk, Massive Attack taldearen izatezko kideak, “Skilled Mechanics” bere disko berria aurkeztuko du Kursaalen

Gaurkotasunak / 10 martxoa, 2016

  • Martxoaren 12an, larunbata, K espazioan jardungo du Trickyk. Espazio irekia da, butakarik batere gabea, musikaz zuzenean hobeto gozatu ahal izateko.

Tricky britainiar artistak martxoaren 12an bisitatuko du Kursaala, joan den urtarrilaren 22an argitaraturiko “Skilled Mechanics” bere azken proiektuarekin. Album berria Berlinen sortu eta grabatu zen, eta bertan parte hartu dute DJ Milok (zeinak diskoa osatzen duten hamahiru abestietatik bostetan parte hartu baitu) eta Luke Harrisek (Trickyren taldekidea eta bateria azken itzulietan). Harrisez gainera, Paul Noelsek laguntzen diola gitarran etorriko da Tricky Donostiara.

Adrian Thaws, Tricky ezizenez, Bristolen jaio zen. 90. hamarkadan egin zen famatua, The Wild Bunch troupe raperoarekin, eta talde hartatik atera zen gero Massive Attack. “Blue Lines” izan zen talde hark kaleratu zuen lehen diskoa, eta arrasto nabarmena utzi zuen, rap-saioengatik batez ere. Handik gutxira kaleratu zuen Trickyk bere lehen singlea, “Aftermath”, eta harekin oso argi ikusi zen artistak ibilbide luzea egingo zuela hip hop musikaren munduan. Debut bikaina egin zuen, bi urte eskasean hiru disko argitaratu baitzituen: “Maxinquaye” (1995ean), “Nearly Gold” eta “Pre-Millennium Tension” (1996an biak). Hirukote hark itxuraz aurrekaririk ez zeukan eta etorkizun berri bat iragartzen zuen soinu bat sortu zuen. Baina aurrekari bat bazen, izan: Massive Attack taldea, nahiz eta Trickyk harekin ez elkartzea erabaki zuen. Trickyren abestiak ezagunak egin ziren eta musika-generoak iraultzen ziren toki berezietatik mugitzen ziren. Tricky gaurkotasuna markatzen zuten izenen artean kokatu zen, eta 2003 arte erregulartasunez jarraitu zuen diskoak argitaratzen. “Juxtapose” (1999) da aldi horretako obrarik aipagarrienetako bat.

Bost urtez desagerturik eman ondoren, 2008an azaldu zen berriz, “Knowle West Boy” diskoarekin; album autobiografikoa da, eta bere hasierako trilogiaren estilora itzuli zen Tricky harekin. 2014aren bukaeran “Adrian Thaws” argitaratu zuen, non agerikoa baita eraginen dibertsifikazioa soinuari dagokionez. Trickyk ildo beretik jarraitu du bere azkeneko diskoan, eta, era horretan, “Skilled Mechanics”en ahotsak hartu du lan osoaren nagusitasuna, aspalditik ikusten ez zitzaion protagonismo batekin. Aldaketari heldu, mugitzen eta berritzen jarraitu, horrexek mantentzen du Tricky bizirik artista gisa.

TRICKY
Martxoak 12 larunbata / 20:00
16 €

carrito Sarrera erosi