menu

Kursaal biltzar-jauregiaren balantzea 2015: Susperraldia finkatu da

Gaurkotasunak / 11 otsaila, 2016

Negozio-bolumena % 4 hazi da 2014ari dagokionez eta, autofinantziazioari eutsita, % 8 handitu da superabita aurreko urtekoarekin alderatuta

Aurreko ekitaldiak finkatu egin du 2014an Kursaalen jardueran izandako susperraldia, negozio-bolumena (Kursaal Eszena aintzat hartu gabe) handitu egin baita, 3,3 milioira arte (hots, % 4 gehiago). Oraingoan ere, autofinantziazioari eutsita, superabita 502.034 euro handitu da, hau da, aurreko urtean baino % 8 gehiago.

Balantzea oso positiboa da. Haren oinarri nagusia da biltzarren arloko jarduerak % 22 handitu dituela salmentak, eta biltzarren nazioartekotasun-mailari ere eutsi zaiola (biltzar guztien % 33 izan dira nazioartekoak).

Bestalde, gogoan izan behar da Kursaalek autofinantziazioa darabilenez, ez duela ekarpen publiko ekonomikorik behar izan hamazazpi urtez jarraian, ateak zabaldu zituenetik, hots, 1999an.

44 milioiko eragin ekonomikoa

Donostiako biltzar-jauregiak susperraldi- eta finkatze-egoeran ematen dio amaiera ekitaldiari. Testuinguru horretan, esanguratsua da aipatzea, baita ere, jarduerak eragin ekonomiko handia izan duela Donostian eta Gipuzkoan, hain zuzen ere, 44 milioi eurokoa.

Zifra garrantzitsu horretara iristeko, nabarmentzekoa da iaz zenbait biltzar handi egin zirela, besteak beste, hauek: PSIK (nanoteknologiari buruzkoa), 1.100 pertsonakoa eta nazioartekoa; Geriatriako Biltzar Nazionala, arloko mila profesional baino gehiago bildu zituena; eta Medikuntza Intentsibo eta Kritikoko eta Unitate Koronarioetakoa (SEMICIUC), ia 1.500 pertsonakoa. HIESaren Biltzar Nazionalak eta Ugalketaren Biologiakoak ere mila ordezkari baino gehiago izan zituzten.

2015eko gertakarien artean nabarmentzekoa da, baita ere, bezeroen gogobetetasun-mailak markak hautsi dituela, 8,76ko batez besteko puntuazioa lortu baitu.
Bestalde, Kursaaleko zuzendari nagusi Iker Goikoetxea Espainiako Biltzar Jauregien Elkarteko (APCE) presidenteorde izendatu zuten urtarrilean. Elkarteak estatu osoko 33 azpiegitura biltzen ditu, eta kide diren biltzar-jauregien interes komunak defendatzea eta ordezkatzea du helburu.

Handitu egin da Kursaal Eszenaren kontzertuetara etorritakoen batez besteko kopurua

Kulturaren arloan aipagarriena da handitu egin dela Kursaal Eszenak programatutako kontzertu eta ikuskizunetara etorritakoen batez besteko ehunekoa (tokien % 75).

Guztira 119 ikuskizun kultural egin ziren, eta haietatik 23 Kursaal Eszenak programatu zituen. Azken horien artean daude, besteak beste, Morodo eta Neneh Cherry, James Taylor, Marseillako Balleta, Joe Satriani, Londreseko Orkestra Filarmonikoa eta Dantza Konpainia Nazionala. Jende asko erakarri zuten, baita ere, Musika Familian ataleko haurrentzako hiru ikuskizunek: “Suzko Txoria”, “El pájaro prodigioso” eta “Zirku soinua”.

Sustatzaile pribatuen kontzertuei dagokienez, bete egin zuten auditoriuma hauek: Sergio Dalma, Estrella Morente, Joan Manuel Serrat, Leo Harlem eta Kubako Balleta (“Beltxargen aintzira”). Haurrei izugarri gustatu zitzaizkien “Disney Live” eta, ohi bezala, “Pirritx, Porrotx eta Marimotots”.

EOSen ordainpeko denboraldiko kontzertuek, Hamabostaldikoek, Heineken Jazzaldikoek eta Zinemaldiko proiekzio zinematografikoek osatzen dute 2015eko atal kulturala.

Estreinaldia: “Kursaal besaulkirik gabe”

Kulturaren arloan aipatzekoa da, halaber, K espazioaren estreinaldia, “Kursaal besaulkirik gabe”, kontzertu gazte eta informalagoetarako. Arrakasta handiz estreinatu zen, azaroan, Morodo eta Neneh Cherryren ikuskizunetarako.

Morodoren reggae eta hip-hopak eta pop-ikono Neneh Cherryren azken lanaren aurkezpenak eman zioten hasiera gazteentzako ekimen berri honi. Zuzeneko bi kontzertuok K gunean egin ziren. Eremu gardena da, besaulki eta formalismorik gabea, zenbait motatako musikaz hobeto gozatzeko.

Hogei biltzar 2016rako

2016an hogei biltzar izango dira Kursaalen. Hauek dira nazioartekoetako batzuk: Hizkuntza Aniztasunaren Europako Gailurra, Donostia-San Sebastián 2016 ekimenaren esparruan; Umeen eta Nerabeen Psikiatriako Biltzarra (AEPNyA), 800 pertsonakoa; eta XXII. CIDEU Biltzarra (Hiri Garapen Estrategikoko Zentro Iberoamerikarra), “Hirien etorkizuna: erronka handiak” lelopean.

Bereziki aipatzekoa da, aurten, eta datozen bi urteetan, Club de Creativos elkartearen egoitza izango dela Kursaal. Elkarteak estatu osoan dihardu, eta Publizitate Sormeneko Sari Nazionala banatzen du. Aurtengo ekitaldiak publizitatearen arloko 800 bat profesional bilduko ditu.

Biltzar mediko nazionalen artean hauek aipa daitezke: Alergologia (1.000 profesional inguru), Podologia (700 bat espero dira), Gineonkologia (500 baino gehiago), GESIDA (HIESa Aztertzeko Taldea; 600 profesional) eta Neuroraquis.

Hauek ere aurreikusita daude: Gastronomika, Administrazio Publikoen Kudeaketa, Endodontzia, Justizia Leheneratzailea, etab.; guztira, 20 bat.
2016ko biltzar eta azoka nagusiak

Biltzarrak

• Neuroraquis Biltzarra (250 pertsona)
• CIDEU (400)
• Club de Creativos (500) XIII. Sormen Lehiaketa (Día C) eta VII. Sortzaileen eta Iragarleen arteko Topaketa (Día A)
• LH Biltzarra (apirila)
• IX. Administrazio Publikoen Kudeaketako Biltzarra (200)
• Osasun Eskolen Jardunaldi Nazionalak
• Nerabezaroa, aukerez betetako garaia
• Umeen eta Nerabeen Psikiatriako Biltzarra – AEPNyA (800)
• Podologiako Biltzar Nazionala (700)
• Justizia Leheneratzaileko Biltzarra (300)
• LH Biltzarra (ekaina)
• San Sebastián Gastronomika (1.000)
• Alergologiako Biltzar Nazionala – SEAIC (1.000)
• Endodontziako Biltzar Nazionala – AEDE (400)
• Gineonkologiako Biltzar Nazionala (550)
• Laneko Traumatologiako Biltzarra – SETLA (300)
• GESIDA Biltzarra (600)
• Hizkuntza Aniztasunaren Europako Gailurra (Donostia-San Sebastián 2016)
Azokak

• Playmobil
• Sevatur 2016, turismoaren azoka handia (18.900)
• Stock Azoka (13.000)
• III. DonostiArtean (4.000)
• San Sebastián Gastronomika (12.000)
• Gipuzkoako Ezkontzak (1.500)
• Graduondokoen eta Hizkuntzen EspecializaT Aretoa

“Ploc, Ploc…Plik!” haurtxoentzako kontzertuarekin hasiko da larunbatean Kursaal Eszenako 2016ko “Musika Familian”

Gaurkotasunak / 11 otsaila, 2016

Entzun al duzu inoiz uraren soinua esekitako arropatik erortzen denean? Zer erritmo ezkutatzen dituzte loredun soineko baten tantek? Zer nolako melodiek ihes egiten dute marradun galtza batetik? Eta adur-zapi batetik eroritako ur-tanta bakarra Lur azpian galduko balitz? Noraino joan beharko genuke hura bilatzera?

Galdera hauek eta beste hainbat erantzungo dituzte Pasadas las 4 konpainiakoek, larunbat honetan (otsailak 13: arratsaldeko 17:15 eta 18:30etan) 0 eta 3 urte arteko haurtxoentzako eskainiko duten kontzertuan.

Suediako Ganbera Orkestra Kursaalean arituko da Mozarti osoki eskainitako programa batekin

Gaurkotasunak / 8 otsaila, 2016

Suediar taldea, Thomas Dausgaarden zuzendaritzapean, Kursaalen arituko da, bihar asteartean, otsailak 9, arratsaldeko 20:00etan eta Salzburgoko jeinuaren bi obra guztiz garrantzitsu interpretatuko ditu (39. eta 41. sinfoniak) . Hauetaz gain, klarinetista guztien errepertorioan dagoen eta musika klasikoko obrarik ezagunenetako den  Mozarten Klarineterako kontzertuak osatuko du egitaraua.

Bere bizitza laburraren azkenaldian, 1788ko uda oparoan, ondu zituen Mozartek bere azken hiru sinfoniak (39, 40 eta 41.a), bi hilabeteko epean. Baliteke etorkizuneko kontzertuetarako pentsatuak izatea, baina egilea bizirik zela ez ziren inoiz jo. Azkenaurrekoa da azkeneko seiek osatzen duten multzotik gutxiena ezagutzen dena, eta egileak bere alaba Teresa hil baino hiru egun lehenago bukatu zuen. Aldi beltza izan zen hura Mozarten bizitzan: Don Giovanni operak arrakasta izan zuen Pragan baina ez hainbeste Vienan, eta gero eta larriagoa zen musikagilearen egoera ekonomikoa. 39. sinfonia eta orobat 41.a egiazko maisulanak dira, ordu arte inoiz lortu ez zen adierazkortasuna, dramatismoa eta trinkotasuna dutenak, eta sinfonia klasikoaren eta musikagilearen obra sinfonikoaren gailurrik beteena suposatzen dute. Kontrapuntua eta harmonia maisutasun bikainez daude landuak, itxurazkoa besterik ez den soiltasun batez disimulaturik. Gai honi buruz asko idatzi bada ere, ez dago sentimendu erromantikorik Mozarten azken sinfonietan, kutsu tragiko, suhar eta pozez betetako bat baizik. Harentzat musika, oroz gain, horixe zen, musika, pasioen, zoritxarraren edo zorionaren gainetik.

1791 urtea, konpositorea hil zena, maisulan handien urtea da: urte hartan ondu zituen pianorako azken kontzertua, Txirula Miragarria, Requiema, KV 614 Hari Kintetoa… eta KV 622 Klarineterako Kontzertua. Bigarren mugimenduko doinu cantabile ederragatik da batez ere azken hori ezaguna, eta Mozarten anaikide masoia eta lagun handia zen Anton Stadlerri dago eskainia. Tresnak berez dituen aukera guzti-guztiak, haren sonoritatea, ezin imitatuzko betetasun batez ustiatzen ditu, eta sonoritate hori birtuosismoa ahantzarazten digun samurtasunak eta malgutasunak bakarrik berdintzen baitu.  Oraingoan, obra hau Martin Fröstek joko du, batzuentzat “munduko klarinetista hoberena” denak.

SUEDIAKO GANBERA ORKESTRA
Otsailak 9 asteartea / 20:00
Thomas Dausgaard
, zuzendaria
Martin Fröst, klarinetea

39.Sinfonia, W.A. Mozart
Klarineterako kontzertua, W.A. Mozart
41.Sinfonia, W.A. Mozart

Otsailaren 26an, Gazteen Kontzertu Solidarioa errefuxiatuen alde

Gaurkotasunak / 3 otsaila, 2016

Otsailaren 26an, VIII. Gazteen Kontzertu Solidarioa izango da Kursaaleko Auditorioan. Aurten, Kontzertuaren helburua funtsak biltzea da, errefuxiatuei laguntzeko, bai bertan, bai nazioartean. Bildutakoaren erdia Cáritas Internationalisen harrera-programetarako izango da; eta beste erdia, berriz, Cáritas Gipuzkoaren proiektu lokaletarako.
Kontzertuak aparteko interpretazio musikala eskaintzen du. Banda sinfonikoen Estatuko zuzendari onenak, José Rafael Pascual Vilaplanak, zuzenduko du Musikeneko bandak eta Donostiako Orfeoiak interpretatuko duten programa. “Clásicos con Banda” izena du, arretaz aukeratu da, eta hainbat klasiko handi hartzen ditu barnean.
Lehenengo zatian, Charles Gounoden obrak entzun ahal izango dira; eta bigarrenean, berriz, Giuseppe Verdi, Giacomo Puccini eta Pietro Mascagniren pasarteak.

“Mamma mía” musikala, lau egun bakarretan Kursaalean

Gaurkotasunak / 3 otsaila, 2016

Donostia Kulturak jakinarazten du MAMMA MIA musikala Kursaalen izango dela ekainean. ABBA unibertsoa Donostiara etorriko da 2016ko uda-hasieran, lau egunetan (ostegunetik igandera) zazpi emanaldi eskaintzeko, hemengo ikus-entzuleak gehitzeko asmoz mundu osoan musikalaz gozatu duten 54 milioi lagunei.

Ama, alaba, alabaren aita izan daitezkeen hiru gizon, eta inoiz ahaztuko ez duzun ezkontza bat.
Interprete talde bikain batekin, eta denen artean Nina buru dela, MAMMA MIA! ekainaren 30etik uztailaren 3ra izango da Donostiako Kursaalean, Donostia Kulturaren eta Stage Entertainment-en eskutik. 4 egun, 4!
Bizipozez betetzeko modu polita da MAMMA MIA!, mundu osora hedatu den fenomeno bat. Dantzatu, abestu eta barre egingo duzu, bizitzako alderik baikor eta bihotz-altxagarrienera bidaiatzearekin batera.

ABBAren kanta itsaskor eta ahaztezinen inguruan eraikitako musikal honek 54 milioi ikus-entzuletik gora beretu ditu mundu osoan, 440 hiritan aurkeztu da, eta 16 urtez etengabe biran ibili ondoren, oraindik ere jarraitzen dute antzezten Londresko West End-en. Nola egin kontra horri?

Sarrerak salgai daude Kursaaleko eta Donostia Kulturako leihatiletan (Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean), bai eta www.donostiakultura.com/sarrerak helbidean ere. Bazkideek % 10eko deskontua izango dute, ohi bezala.

MAMMA MÍA
Eguna Ordutegia
30 20:30
1,2 18:00, 22:00
3 16:30, 20:30