menu

“SDB 2016: Sortuko dira besteak”, Kursaaleko urteroko hitzordua euskal kulturarekin

Gaurkotasunak / 30 abendua, 2015

  • Ikuskari hau Kursaalen ikusi ahal izango da urtarrilaren 2an, 20:00tan

Petti, Maddi Oihenart, Mixel Ducau, Estitxu Pinatxo, Joseba B. Lenoir, Miren Narbaizaren ahotsak elkartuko dira Eguberrien inguruko hitzordu nagusietako bat bihurtu den honetan, Kirmen Uribek ere parte hartuko duen ikuskari bat eskaintzeko.

Beren diskoetako abestiez gainera, eta, besteak beste, Leonard Cohen, Joe Cocker, Crosby, Still & Nach eta Jacques Brelen abestien bertsioak interpretatuko dituzte, denok ezagutzen ditugun euskal kantutegiko obra enblematikoen sorta hautatu bat abesteaz gainera.

“Sortuko dira besteak” ikuskariak, bestalde, eskarmentu handiko musikariek osaturiko banda bat elkartuko du: Michel Longaron, Txema Garces, Joseba B. Lenoir, Fredi Pelaez, Luis Fernandez eta Xabi Zeberio. Mixel Ducau izango da musika zuzendaria.

Aurten bosgarren aldiz bateratuko ditu “Sortuko dira Besteak” ikuskariak kontzertu kolektibo batean musika-panorama euskalduneko artistak. 2011. urtean hasi zen dena, Xabier Leteren irudia omendu zuten gala-sailean. Sentikortasun- eta musika-estilo desberdinen lehen topaketa hartatik sortu zen kontzertu-sail berri honen ideia, haren “Izarren hautsa” guztiz ezagun eta bertsionatutik ateratako ikurritz ospetsu honekin bataiatua: sortuko dira besteak (oiartzuar poeta eta abeslariak belaunaldi berriei egindako gonbidapen agerikoa, aurreko musikarien eta sortzaileen lanarekin jarrai zezaten).

Kontzertu honek aukera berri bat dakarkigu gure kulturarekiko urteroko hitzordu honetaz gozatzeko, gure musika-, literatura- eta kultura- inguruko unibertso desberdinen arteko belaunaldi-zubia izan nahi duen apustu aberasgarri eta interesgarri honetan.

SORTUKO DIRA BESTEAK
Larunbata 02 / 20:00
2016 Urtarrila
19 €

Salgai daude Kursaal Eszenako denboraldi berrirako sarrerak

Gaurkotasunak / 21 abendua, 2015

  • Kontzertu-denboraldi berria 2016ko urtarrila eta uztaila artean gauzatuko da eta tarte horretan 15 musika-hitzordu izango dira: 7 musika klasikoaren esparruan, 6 herri kusikari eskainitakoan eta 2 haur nahiz gaztetxoei zuzenduta.
  • Sarrera solteen salmenta astelehenean, abenduak 18, abiaraziko da, goizeko 11:30etan, www.sarrerak.kursaal.eus helbidea eta Kursaaleko leihatila bitarteko direla (astelehenetik ostiralera 11:30-13:30; ostegun eta ostiraletan baita 17:00-20:00 ere. Larunbatetan 17:00-20:00).
  • Kursaal Eszenako kontzertu-denboraldi berriak bat egin du Gipuzkoako foru Aldundiak martxan jarritako “Kultura Bonua” ekimenarekin.

Kursaal Eszenak dozenatik gora kontzertu atondu ditu urtarrilaren 2an hasi eta uztailaren 6an amaituko den denboraldi berrirako. Bitarte horretan 15 kontzertu/ikuskizun gauzatuko dira, nola Kursaaleko Auditorioan ala Ganbera Aretoan nahiz Areto Balioaniztunetan.

Musika Klasikoa: 7 kontzertu / ikuskizun

Suediako Ganbera Orkestra (otsailak 9) izango da 2016.urtean Kursaal Auditorioak hartuko duen lehen formazio klasikoa. Oso-osorik Mozart-eri eskainitako programa bat interpretatuko du, eta tartean izango da errepertorio klasikoko pieza ezagunenetako bat: Salzburgoko jeinuak konposatu zuen “klarinetearentzako kontzertua”.

Egun batzuk beranduago (otsailak 19 eta 21) G. Verdiren La Traviata operaren errrepresentazioa hartuko du Kursaal Eszenak (antzeztutako opera). Opus Liricaren produkzio honek Ainhoa Garmendia eta Alessandro Lucianoren partehartzeak izango ditu Violetta Valery eta Alfredo Germont-en paper nagusietan.

Denboraldi honetan dantzarekin hitzordu bakarra izango da, martxoaren 14an hain zuzen, Alemaniako Sasha Waltz konpainia ezaguna eta haren “Sacre” ikuskariaren eskutik. Stravinsky-ren “Udaberriaren sagaratzea”–ri buruzko koreografia berri honek arrakasta itzela lortu zuen 2013an.

Nazioarteko panorama lirikoan nabarmentzen ari den irudietako bat, Javier Camarena, aurrenekoz izango da Donostian apirilaren 6an. Mundu osoko antzoki eta auditorioetan arrakasta handia lortu duen tenor honek, opera ezagunenetako ariak abestuko ditu gurean.

Helsinkiko Orkestra Filarmonikoak, Susanna Malkkik zuzenduta, Eskandinaviako musikariek interpretaturiko musika finlandiarraz gozatzeko aukera eskainiko digu. Gisa honetan Sibelius-en 5. Sinfonia bere bikaintasun osoan adituko da Prokofieven 3. kontzertu birtuosoaren alboan (maiatzak 10).

Jone San Martin eta Josh Elliot Jonhson-ek gidatuko duten dantzatutako hitzaldia izango da esparru honetako hurrengo proposamena (maiatzak 30).Forsytheren laneko notazioaren gaiean oinarrituta, dantzariak material hori nola baliatzen duen aztertzen du ,Legitimo / Rezo´-k: material koreografiko bihurtu aurretik, idazkerak duen prozesua “dantzatzea” hain zuzen.

Azken hitzordu klasikoa maiatzaren 31ean izango da Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala eta Donostiako Orfeoiarekin. Tugan Sokhiev maisu entzutetsuak zuzenduta, Berlioz-en sorkari bikainenetako bat, bere “Requiem”a, interpertatuko dute.

Musika Herrikoia: 6 kontzertu / ikuskizun

“SDB 2016: Sortuko dira besteak, gabon giroko egunetan ezinbesteko hitzordu bilakatu dena, izango da denboraldi berriak esparru honetan izango duen lehen hitzordua (urtarrilak 2). Bertan belaunaldi eta estilo ezberdinetako hainbat euskal kantari elkartuko dira, beti-betikoak diren euskal kantuak eta euskarara moldatu diren nazioarteko abesti ezagunak eskaintzeko.

Denboraldi berriak, herri musikari eskainitako atalean, beste hainbat artistaren bisitak ere hartuko ditu, Buika polifazetikoarena esaterako (maiatzak 13), zeinak bere azken lana, “Vivir sin miedo” izenekoa, aurkeztuko duen. Abeslari afro-espainiarrak bere sorkuntzazko DNAri azken urteotan erantsi dizkion esperientziak, sentimenduak, irakasbideak, pasioak eta erritmoak bildu ditu bertan.

Britania Handiko Elvis Costello musikari, abeslari eta konposagile ezaguna ekainaren 6an izango da Kursaal Auditorioan, lagunarteko traza duen kontzertu bat eskaintzeko. Costello bakarka jardungo da, bere pianoaz edo gitarraz lagunduta, eta pantaila bat bitarteko dela bere haurtzaroko irudiak eta oroitzapen nahiz pasadizoak erakutsiko dira.

Hilabete bat beranduago, uztailaren 6an, George Benson, azken hamarkadatako jazz artista ezagunenetakoa dena izango da gurean. Goreneko gustua duen gitarrista izateagatik, soinu borobilekoa, eta bere soloak taxutzerakoan logikaren zentzu miresgarria enpleatzeagatik nabarmentzen da Benson estatubatuarra.

Atal honetako eskaintza beste bi proposamenekin osatuko da: trip-hop-aren sortzailetako bat den Tricky britaniarrarena izango da bata (martxoak 12) eta Rapsusklei raperoarena bestea (maiatzak 21). Biak ala biak ere, “K Espazioa”ren, Kursaal Eszenak pasa den denboraldian abian jarritako kontzertu-ildo berriaren, baitakoak izango dira: bi zuzenekoak Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan egingo dira baina eserlekurik gabe, formalismoak baztertuta, musikaren gozamena errazte aldera.

Musika Familian: 2 proposamen

Musika Familian izenpean etxeko gazteenentzat prestatzen den ohiko programazioak azkenik, bi hitzordu izango ditu: Ploc, ploc…plik! (otsailak 13) proposamena 0 eta 3 urte arteko haurtxoei zuzendutakoa da, eta esekitako arropatik erortzen den uraren soinua edota marradun galtza batetik ihes egiten duten melodiak entzutera gonbidatuko gaitu.

Bigarren hitzordua apirilaren 16an izango da. Bertan Stick Dance Quartet taldeak eguneroko hainbat objetu, une batez euren ohizko funtzioa alde batera utzi eta musika instrumentu nola bihurtu daitezkeen erakutsiko digute (4 urtetik gorako haurrei zuzenduta).

Kultura Bonua

Kursaal Eszenako kontzertu-denboraldi berriak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Kultura Bonua ekimenarekin.

Kursaal Zentroaren kasuan, eta hedaduraz Kursaal Eszenako programazioarenean, Kultura Bonuak kultur-programaziorako sarrerak beherapen bereziarekin eskuratzeko aukera eskaintzen dio erabiltzailerari: bonu bat erosita (25 euro) 40 euroko gastua egiteko aukera hain zuzen. Salgai jarriko den bonu kopurua mugatua da eta, hau horrela, Kultura Bonu bakarra salduko da pertsona bakoitzeko.

Aukera hau aprobetxatzeko interesa duten lagunek Kursaal Zentroko leihatilan eros dezakete euren bonua (astelehenetik-ostiralera: 11:30-13:30 / ostegun, ostiral eta larunbatetan:17:00-20:00) eta, gero, euren sarrera edo abonuak erosterakoan trukea egin besterik ez dute izango.

Haendelen “Mesias” obra, Eguberrietako atarikoa izango da

Gaurkotasunak / 21 abendua, 2015

Datorren asteartean, abenduak 22, Haendelen “Mesias”, inondik ere, musika erlijiosaren maisulana, Eguberrien atarikoa izango da Gabrieli Consort eta Paul McCreeshen eskutik.

Musikari askok hartu zuten Ingalaterra adopzio-herritzat, eta Haendel izan zen haietako bat. Hasieran halako arrakasta bat izan zuen bere opera italiarrekin, baina eliz obra handiak konposatzen hasi zenean iritsi zitzaion egiazko ospea. Mesias HWV 56, 1741an idatzia, antzinako pasio eta kantata alemaniarren tradizioan sustraitzen da. Testua Charles Jennensena da, zeinak urte horretan libretoa bidali baitzion oratorio bat ingelesez konposatzeko: kantu bat da, eta gizakiaren eta Jainkoaren arteko harremanari buruzko hausnarketa, eta berebat heltzen dio Berrerospenaren misterioari. Ekonomia- eta sorkuntza-krisi larri batean sartuta, Haendel genero lirikotik urrunduz joan zen.

Jennensek opera bat balitz bezala planteatu zuen obra; hiru ekitalditan dago banatua, eta ekitaldi bakoitza agerraldietan, hurrenez hurren aurkeztuz aria, duetto, errezitatibo eta koruak. 24 egun besterik ez zituen erabili Haendelek obra idazteko, eta 1742an estreinatu zen Dublingo New Music Hall-en, ongintzazko emanaldi gisa, hainbat presoren eta era guztietako gaixoen alde. Sekulako arrakasta izan zuen, eta behin baino gehiagotan interpretatu zen Irlandan Londresen estreinatu aurretik, baina han ez zioten halako harrera ona egin. Harrezkero etengabe jo izan da, eta gizadiaren ondarearen parte da.

 

Pasarterik ezagunena, “Aleluia”, bigarren zatiaren amaieran abesten da; lehendik ere erabilia zuen egileak material hori, aurreko bi lanetan prestaturiko bertsio laburragoetan. Haendelek oratorioaren hainbat bertsio egin zituen bere bizitzan zehar, bai ahozko alderdiari dagokionez, bai alderdi instrumentalari dagokionez. Mozartek Vienan 1789an aurkeztu zuen entzunaldi batean oinarritzen da, dirudienez, azken 250 urteotan aditu dugun bertsioa.

Gabrieli Consort & Players, orain dela 30 urte Paul McCreeshek sortutako talde bokal eta instrumentala da eta Errenazimendu eta Barroko garaiko obrak interpretatzen adituak dira.   Bere emanaldietan, publikoa txunditzea eta inspiratzea lortzen dute.

 

GABRIELI CONSORT & PLAYERS
2015eko abenduak 22, asteartea
Kursaal Auditorioa / 20:00
51 / 41 / 33 / 27 / 12 €

 

Sarrera erosi

Kursaal Eszenaren Musika Klasikoko abonu berriak salgai

Gaurkotasunak / 18 abendua, 2015

Kursaal Eszenako denboraldi berriko abonuak saltzeko epea, esparru klasikoko kontzertuetarako bakarrik, abenduak 18an, abiaraziko da eta otsailaren 9ko asteartez amaituko.

Abonu honek, 2016ko urtarrila eta uztaila artean egingo diren 5 kontzertu/ikuskizun barne hartzen ditu eta bost ikuskizun horien banakako sarreren salneurriaren %20ko beherapena eskaintzen du. Abonuen prezioak 186 €tik hasi (Kursaal Auditorioko A eta B zonaldeetarako) eta 51 € (30 urtetik beherako lagunentzat eta langabetuentzat apropos atondutako abonuak) bitartekoak dira.

Denboraldi berriko abonu hauek erosteko interesa dutenak Kursaaleko leihatilara gerturatu daitezke (astelehenetik ostiralera 11:30-13:30. Ostegun eta ostiraletan baita 17:00-20:00 ere. Larunbatak 17:00-20:00) edo bestela Kursaal Zentruko 943 00 30 39 zenbakira dei dezakete (abonuen salmentarako soilik eta leihatilako ordutegian bakarrik).

Bost kontzertu/ ikuskizun:

Suediako Ganbera Orkestra (otsailak 9) izango da 2016.urtean Kursaal Auditorioa bisitatuko duen lehen formazio klasikoa. Oso-osorik Mozart-eri eskainitako programa bat eskainiko dute, eta tartean izango da errepertorio klasikoko pieza ezagunenetako bat: Salzburgoko maisuak idatzi zuen “klarinetearentzako kontzertua”.

Denboraldi honetan dantzarekin hitzordu bakarra izango da, martxoaren 14an hain zuzen, Alemaniako Sasha Waltz konpainia ezaguna eta haren “Sacre” ikuskariaren eskutik. Stravinsky-ren “Udaberriaren sagaratzea”–ri buruzko koreografia berri honek arrakasta itzela lortu zuen 2013an.

Nazioarteko panorama lirikoan nabarmentzen ari den irudietako bat, Javier Camarena, aurrenekoz izango da Donostian apirilaren 6an. Mundu osoko antzoki eta auditorioetan arrakasta handia lortu duen tenor honek, opera ezagunenetako ariak abestuko ditu gurean.

Helsinkiko Orkestra Filarmonikoak, Susanna Malkkik zuzenduta, Eskandinaviako musikariek interpretaturiko musika finlandiarraz gozatzeko aukera eskainiko digu. Gisa honetan Sibelius-en 5. Sinfonia bere bikaintasun osoan adituko da Prokofieven 3. kontzertu birtuosoaren alboan (maiatzak 10).

Azken hitzordu klasikoa maiatzaren 31ean izango da Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala eta Donostiako Orfeoiarekin. Tugan Sokhiev maisu entzutetsuak zuzenduta, Berlioz-en sorkari bikainenetako bat, bere “Requiem”a, interpertatuko dute.