menu

Donostia Kantuan jaialdia azaroaren 28an egingo da Kursaalen Xabier Euzkitzek eta Zuriñe Hidalgok aurkeztuta

Gaurkotasunak / 27 azaroa, 2015

Euskal abesti ezagunak eskainiko dituzte aurkezleekin batera, besteak beste, Urko, Pantxoa Carrere eta Easo-Araoz nahiz Pasai Txiki Abesbatzek.

Azaroaren 28an Donostia Kantuan, betiko euskal kantaz osatutako jaialdia, izango da ikusgai Donostiako Kursaal Auditorioan, Xabier Euzkitzek eta Zuriñe Hidalgok aurkeztuta.

Euskal musika zabaltzea eta ikusleen parte hartzea bultzatzea da aipatu jaialdiaren asmoa. Gaur Donostian egin den aurkezpenean Miguel Martinek, Kursaal Eszenako programatzailea da bera, Angel Mariezkurrena jaialdiaren sustatzaileak, Xabier Euzkitze saioaren aurkezleak, Iñaki Dieguez musikariak eta Easo-Araoz nahiz Pasai Txiki abesbatzatako kideek hartu dute parte.

Abeslari, musikari, abesbatza eta dantzari ezagunak igoko dira oholtza gainera hilaren 28an, arratsaldeko 20:00etan, hasiko den jaialdian. Aurkezleek ere abestuko dute eta eurekin batera, Urko, Laura Latienda, Jaione Olazabal, Pantxoa Carrere, Easo-Araoz eta Pasai Txiki Abesbatzak, Hendaiako Gazteluzahar Abesbatza, Bankako Menditarrak eta Doneztebe eta Leitzako dantzariak izango dira Kursaal Auditorioko emanaldian.

Hogeitabost abestitik gora izango dira emanaldian eta tartean, ‘Txoria txori’, ‘Nere herriko neskatxa maite’ ‘Joseba Elosegi’ eta ‘Agur Xuberoa’ entzun eta abestu ahal izango dira.

Donostia Kantuan jaialdirako sarrerak (18 €) Kursaaleko leihatilan, eta www.kursaal.eus helbidean eskuratu daitezke. ETBk, halaber, datozen hilabeteetan eskainiko du jaialdia bere lehen katean.

Donostia Kantuan ez da gisa honetara egiten den lehen ekitaldia. Aurretik, 2013an eta 2014an, Iruñea Kantuan egin zen Baluarten eta oso harrera ona izan zuen. Aurten, Euskalduna eta Baluarte Jauregietan Bilbo Kantuan eta Iruñea Kantuan ospatu dira eta, bakoitzak bere nortasuna mantenduz, ikuskizun arrakastatsuak izan dira.

Donostia Kantuan
Azaroak 28, larunbata (20:00)
Kursaal Auditorioa
Salneurria
: 18 €

Sarrera erosi

Neneh Cherry eta RocketNumberNine Kursaalen arituko dira

Gaurkotasunak / 26 azaroa, 2015

  • Kontzertua (azaroak 28) Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoetan izango da espazio zabal batean beraz, eta besaulkirik ez da izango, musikaz zuzenean gozatu ahal izateko.

Neneh Cherry da Donostiako Kursaal Eszenaren programazioaren izarretako bat. Honako hau azaroaren 28an izango da, orduan eskainiko baitu abeslari suediarrak bere zuzeneko emanaldia Donostian. 2014an argitaratu zuen “Blank Project” diskoko abestiak kantatuko ditu, hasierako edo aspaldiko kanta famatuak errepikatzetik bizi ez den karrera baten erakusgai erakargarri eta berrizale baten gisa. Izan ere, gauza gutxi dago “Blank Project” horretan abeslariaren lehen hiru albumetan –”Raw Like Sushi” (1989), “Homebrew” (1992) eta “Man” (1996)– aditzen zenetik, hura beste dimentsio batean mugitzen baita, eta gertuago dago Neneh-k The Slits edo Rig Rig & Panic gisako post-punk taldeengandik sentitzen duen erakarpenetik.

Era berean, joan den urteko lana cirKus laukotearekin egin zuen ibilbidearen jarraipen gisa ere interpreta liteke –talde harekin bi disko atera zituen, 2006an eta 2009an–, eta, batez ere, 2012an mahai gainean jo zuen ukabilkada gogorraren luzapen gisa, The Thing jazz esperimentaleko “The Cherry Thing” hirukote eskadinaviarrarekin batera “The Cherry Thing” argitaratu zuenean: bertsio bikainez beteriko album probokatzailea zen, gertutasun handikoa, eta urte horretako sorpresarik atseginenetako bat izan zen. Hortxe erakutsi zuen Neneh Cherryk bere ahotsa, beti bezain zoragarria ez ezik, inoiz baino hobea zela, eta, era horretan, “comeback” sendo baten lehen harria ipini zuen, zeren “Blank Project” lanak, Four Tet-en produkzioak areagotzen duen bere indar urduri horrekin (“seduzitzailea eta kitzikagarria”, MixMag-en hitzetan;“inoizko hotsik garrantzitsuena du”, DIY Magazineren arabera), berretsi baitu egungo egunera itzultze hau oso gauza serioa dela.

 

Neneh Cherry With RocketNumberNine
Larunbata 28 Sábado / 20:00
Noviembre 2015 Azaroa
16 €

Sarrerak erosi

Dantza Konpainia Nazionalak “Carmen” aurkeztuko Kursaalen

Gaurkotasunak / 25 azaroa, 2015

Johan Inger koreografo suediarraren lanak hurbilpen harrigarria egiten du espainiar nortasun argia duen mito honetara. Horretarako koreografiak biolentziaren gaia hartzen du abiapuntu baina, esparru horretara, haur baten begirada kutsatu gabekotik gerturatuz.

Ostegun honetan, azaroak 26, Dantza Konpainia Nazionalaren “Carmen” koreografia ikusteko aukera izango da Kursaal Auditorioan (20:00). Johan Inger koreografo suediarraren jatorrizko lan hau, DKNak berak estreinatu zuen 2015eko apirilaren 9an, Madrilgo Zarzuela antzokian.

 “Nere Carmen-ak Mérimée-ren jatorrizko istorioan du abiapuntua, non José den benetako protagonista. José, bere maitearen askatasuna jasateko ez da gauza eta infernurako bidean murgiltzen da, gizakiaren sen primitiboenek, pasioak eta mendekuak, hartara bultzatuta”.

Dantza Konpainia Nazionalak Carmenen bertsio berri bat muntatzeko eskaera egin zionean Johan Ingerri, ‘Carmen’ espainiar nolakotasun nabaria duen obra izanik, eta Inger, berriz, suediarra, erronka handi bat sortu zitzaion honi, baina baita aukera handi bat ere. Izan ere, ekarpen berriren bat egin behar zion Carmenen mito unibertsalari. Horretarako, bortizkeriaren mitoan barneratzea erabaki zuen Ingerrek, eta begirada argi eta kutsatu gabe baten bitartez hurbildu zen hartara: ume baten begirada. Ikuspegi horretan oinarrituta, Ingerrek pertsonaia bat sortu zuen, bere begi tolesgabeetatik begiratzen duelarik, gertatzen den ororen lekuko bihurtzen gaituena, baina aldi berean haren aldaketa ere ikusten dugula.

“Bada pertsonaia honetan halako misterio bat, edozein ume izan daiteke, Don José umetan izan daiteke, edo Micaela gaztea, edo Carmenen eta Joséren seme jaiogabea. Gutako bat ere izan daiteke, geure ontasun primitiboarekin, bortizkeriaren esperientzia batek zauriturik, esperientzia horrek, laburra izanik ere, eragin negatiboa izango baitzukeen geure bizitzetan eta, betikoa, besteekin harremanak izateko dugun ahalmenean.” -Johan Inger-

 2015eko azaroak 26, osteguna
Kursaal Auditorioa / 20:00
46 / 37 / 30 / 24 / 12 €

“CARMEN”

Zuzendaritza eta koreografia: Johan Inger
Koreografoaren laguntzailea: Urtzi Aranburu
Musika: Rodion Shchedrin y Georges Bizet
Jatorrizko musika osagarria: Marc Álvarez
Dramaturgia: Gregor Acuña-Pohl
Eszenografia: Curt Allen Wilmer (AAPEE)
Eszenografia laguntzailea: Isabel Ferrández Barrios
Argiztapena: Tom Visser
Jantziak: David Delfín

CARMEN: Emilia Gísladöttir
DON JOSÉ: Daan Vervoort
HAURRA: Jessica Lyall
ESCAMILLO: Isaac Montllor
ZUÑIGA: Toby William Mallitt

Sarrera erosi

 

Clan TV-k bere 10. urteurrena ospatuko du “Ven a mi cumple” ekitaldiarekin

Gaurkotasunak / 24 azaroa, 2015

“Ven a mi cumple” ikuskizun handiak Clan telebista-kateko pertsonaiarik maiteenak elkartzen ditu, kateak dibertsioa eta fantasia eskaintzen hamar urte daramatzala ospatzeko. Urtebetetze-festan izango dira, besteak beste, Pocoyo, Elly eta Pato, Caillou eta bere amona, Maya erlea eta Willy, Heidi, Sendokai telesaileko Zak, eta, aurkezle gisa, Lunniak. Urte hauetan guztietan, TVE etxeko haurrentzako kanalak pertsonaia ugari sortu ditu, milioika haurrentzat benetan maiteak. Orain, pertsonaia horien urtebetetze-festara etorri ahal izango dute haurrek, eta kandelak itzaltzen lagundu ahal izango diete.

Tricky-k, Massive Attack taldeko “Izatezko kidea”k bere azken proiektua aurkeztuko du Donostian

Gaurkotasunak / 24 azaroa, 2015

  • Erabilera anitzeko aretoetan arituko da martxoaren 12an
  • Sarrerak azaroaren 24tik aurrera eros kursaal.eus helbidean eta Kursaaleko leihatiletan (Astelehentik ostiralera 11:30etatik 13:30etara. Ostegun, ostrial eta larunbatetan baita ere 17:00etatik 20:00etara)

90 urteen hasieran egin zen famatua, Bristolgo hirian giroa bizi-bizia zenean. Tricky (Adrian Thaws musikari britainiarraren goitizen artistikoa) The Wild Bunch taldeko kidea zen orduan. Troupe rapero bat zen, eta haren aldaketatik atera zen Massive Attack. Azken horiek beren “Blue Lines” ospetsua kaleratu zutenean –1991n, hamarkada markatu zuen albumetako bat izan zen–, kopeta ilundu zuten Trickyk han sartu zituen raperoek.

Handik gutxira agertu zen haien lehen singlea, “Aftermath”, eta guztiz agerikoa gertatu zen izar bat ari zela azaleratzen. Eta horixe egin zuen bere debut luzearekin, “Maxinquaye” (1995), baita geroago ere, hurrengo biekin: “Nearly Gold” eta “Pre-Millennium Tension”, 1996koak bata eta bestea. Ikuspegi- eta irudimen-lan hirukoitza zen, soinuak aurrekaririk gabea zirudien eta etorkizun berri bat iragartzen zuen. Izan, bazen ordea aurrekari argi bat, alegia, Massive Attack taldeak zabaldutako atea; baina Trickyren eskuetan hark ez zituen ekarri, gurdi hartara igo ziren beste askok ekarri zuten bezala, lurralde erosoetarako bideak. Era berean, ez zuen jo gizarte-bileren giro musikala osatzera. Trickyren abestiak leku fantasmagorikoetan mugitzen ziren, non generoak alderantzizkatu egiten ziren, sentipen mehatxugarrien artean. Gaurkotasuna markatzen zuten izenen artean kokaturik, 2003 arte maiz argitaratzen jarraitu zuen; “Juxtapose” (1999) da garai horretako obra nagusia, baina eskakizun gutxiagokoa.

Bost urteko eten baten ondoren, haizeberrituta, 2008an itzuli zen “Knowle West Boy” autobiografikoarekin. Lan indartsua baina iristen erraza zen, eta hasierako trilogiaren doinua berreskuratzen zuen. Harrezkero, eta 2015 arte, ildo bereko beste hiru album argitaratu ditu. “Adrian Thaws” da azkena, eta nabarmena da bertan eraginen ugaritasuna, segurtasun-eremurik gabekoa. Arrisku horrek jarraitzen du Trickyren jomuga izaten 2016ko urtarrilean argitaratuko duen “Skilled Mechanics” lanean, non Trickyren ahotsak aspaldian ikusten ez zen protagonismo batekin hartzen baitu proiektuaren buruzagitza. Lan honen hazia Berlinen sortu zen joan den udaberrian, eta hainbat musikarik dihardute albumean elkarlanean. DJ Milo da inondik ere aipagarriena –Trickyren ezkutari nagusietako bat, eta Trickyrekin batera grabatu zuen aurreneko musikarietako bat; The Wild Bunch taldearen garaietara egindako bidaia da–, hamahiru ebakietatik bostetan parte hartzen baitu, eskola zaharreko hip hop-aire bat ekarriz, ez ordea zaharkitua, oso modernoa baizik. Aipagarria da berebat Luke Harris bateriaren ekarpena, zeina Trickyren azken itzuli guztietan egon baita. Aldaketak bereganatzeak, mugitzen eta aldatzen jarraitzeak: horrek mantentzen du Tricky bizirik artista gisa. “Skilled Mechanics” lanean buru-belarri sartu da rol horretan.

Sarrera erosi

“Sortuko dira besteak” eta “La Traviata”ren sarreren salmenta

Gaurkotasunak / 23 azaroa, 2015

Datorren asteazkenean, azaroak 24, goizeko 11:30etatik aurrera, “Sortuko dira besteak” eta “La Traviata” rentzako sarrerak aterako dira salmentara.  Aipatu sarrerak, www.sarrerak.kursaal.eus helbidean eros daitezke, edota Kursaaleko leihatilan (Astelehenetik ostiralera 11:30 etatik 13:30etara. Ostegun, ostiral eta larunbatetan, baita ere, 17:00etatik 20:00etara.

SDB 2016 – SORTUKO DIRA BESTEAK
Urtarrilak 2 Larunbata / 20:00
19 €

Petti, Estitxu Pinatxo, Joseba B. Lenoir, Miren Narbaiza (Napoka Iria), Maddi Ohienart,  Kirmen Uribe…

Ikuskari berri bat, kontzertu kolektibo batean euskal musika-panoramako ahotsik garrantzitsuenetako hainbat elkartzen dituena, Kirmen Uribe idazleak indarturik.

 

“LA TRAVIATA
Otsailak 19 ostirala  / 20:00
Otsailak 21 Igandea / 19:00
71 – 56 – 46 – 36 – 12 €

Antzeztutako opera
Opus Lírica-ren produkzioa

Alexandre Dumas idazlearen “Kamelien Dama” obrak inspiratu zuen Verdi bere obra helduenetako bat idazteko. Baina La Traviata, aldi berean, Verdiren opera ezohikoenetako bat da: drama psikologikoa, intimista, Verdiren operetan nagusitu ohi ziren gertaera historiko handiak ez bezalakoa guztiz.

 

Kursaal, gaurtik aurrera Ugalketaren Biologiari buruzko VIII. Biltzarraren kokaleku

Gaurkotasunak / 18 azaroa, 2015

Gaur hasi eta ostiralera bitartean, hilak 20, Ugalketaren Biologia Ikertzeko Elkartearen (ASEBIR) bi urtez behingo VIII. biltzarra izango da Kursaalen. Hemengo eta nazioarteko 400 adituk baino gehiagok parte hartuko dute, eta gai berrienei helduko diete zailtasunak dituzten bikoteek haurdun geratzeko aukera gehiago eta hobeak izateari dagokionez.

ASEBIR elkartearen VIII. Biltzarreko Batzorde Antolatzaile eta Zientifikoak prestatu du programa zientifikoa. Batzordeburua Yosu Franco Iriarte da, Biologia Molekularrean doktorea (Nafarroako Unibertsitatea) eta Donostiako Euskal Ugalkortasun Institutuko zuzendaria. Programak espezialitatearen erronkei erantzuten die eta, haren bidez, informazio zientifikoa eta profesionala truka daiteke ugalketarekin erlazionatutako arloen artean, besteak beste, andrologia, enbriologia, kalitatea, genetika eta kriobiologia.

Espainiako eta beste hainbat herrialdetako (adibidez, Italia, Suedia edo AEB) ospitale ospetsuenetako adituek parte hartuko dute eta askotariko gaiei helduko diete, hala nola antioxidatzaileak eta haziaren kalitatea, eta obuluen bankuekin lan egitearen abantailak eta arazoak.

Bi berritasun aurtengoan

Ostegunean, hilak 19, jakintza eta elkartasuna uztartu egingo dira 5 km-ko lasterketa solidario batean, “Juneren hegoak” irabazi-asmorik gabeko elkarteari laguntzeko. Elkarteak Errenterian du egoitza eta sare bat sortu nahi du seme-alabaren bat galdu duten edo gaixo nahiz doluan duten familientzat, esperientzia zail horretan laguntzeko. Yosu Franco doktorearen hitzetan, “gizartearekiko gure konpromisoak ezin du izan zientifikoa soilik, baizik eta baita solidarioa ere”.

Bigarren berritasuna da CRIO Merck Serono-ASEBIR saria emango zaiola kriobiologiako lanik onenari, eta beste sari bat enbriologia klinikoko ASEBIR ziurtagiria lortzeko azterketan kalifikazio onena jaso duenari.

Christian Zacharias Kursaalera itzultzen da pianorako konposatutako lanetan zehar ibilbide bat egiteko asmoz

Gaurkotasunak / 17 azaroa, 2015

  • Teklaturako lanik hoberenak idatzi dituzten zenbait musikagileren lanak eskainiko ditu hirian gonbidatu ohiko den Christian Zacharias-ek, ibilbide zabal bat osatuz: Solerren eta Scarlattiren lanetik hasita, Ravelen inpresionismoraino, Chopin erromantikoaren obra distiratsuenetatik igaroz.
  • Kontzertua asteazkenean ospatuko da, azaroak 18, 20:00etan, Kursaalen.

“Ez ezazula honako konposizio hauetan asmo sakonik bilatu; saia zaitez areago artearen josteta argitsu bat aurkitzen, klabezinaren erabilera ausarta lantzeko xedea duena”. Hitz horiekin jarri zuen abian Domenico Scarlattik mundu osoan ospea eman dioten bere klabezinerako “sonaten” lehen argitalpena. 1738an bere Exercizi izenekoak argitaratu zituenean, ez zien sonata izena eman. Zer dira: sonatak, ariketak, estudioak, suiteak? Batzuk gauza bat eta bestea dira, eta gehienak birtuosoentzako piezak dira, batzuetan guztiz distiratsuak eta zailak. Scarlattiren musika alaia eta bizia da, eta eragin handia izan zuen bere garai bereko musikagileengan nahiz bere zuzeneko jarraitzaileengan, aita Antonio Solerrengan esate baterako.

Solerren sonatek agerikoa dute Scarlattiren oroitzapena, nahiz eta bestelako bitartekoak erabili. Musikagile katalanarentzat, bere maisuaren aldean, ez du halako garrantzirik gitarraren eraginak, nahiz eta funtsean hizkera espainiarra erabili, zeina garai hartako gitarraren indarraren itzalpean sortu baitzen.

Ravelen Sonatine obraren fintasunak eta malenkoniak zubi-eginkizuna betetzen dute bi egileen artean, eta beste muturrean dago estiloari eta interpretazio-teknikari dagokionez.

Chopini eskainiko dio Christian Zachariasek programaren bigarren zatia. Musikagile poloniarrak modu diferente askotan landu zuen pianoa: polonesak, baltsak, mazurkak, scherzoak, nocturnoak, baladak, rondoak… Mozarten eta Bachen ikasketan trebatu zelarik, eta haien eragina agerikoa duelarik, Chopinek arima erromantiko baten baitako espiritu klasikoa irudikatzen du. Chopinen pianorako obra ez da inoiz ideia literario baten ondoriozkoa, eta sentimendua nagusitzen da beti irudikapenaren gainetik. Mazurkak etengabeak izan ziren Chopinen pianorako ekoizpenean, eta, polonesekin batera, haren musika beti lotua dagoen nazio-sentimenduaren isla dira. Chopinen scherzoak, azkenik, birtuosismo eta fantasia hutsa dira.

CHRISTIAN ZACHARIAS
Azaroak 18 asteazkena  / 20:00
36 / 29 / 23 / 19 / 12 €
Scarlatti, Soler, Chopin eta Ravel-en obrak

carrito Sarrera erosi

“Txori miragarria” familia –ikuskariak Fenixaren mitoa berregiten du, Igor Stravinskiren musikarekin

Gaurkotasunak / 12 azaroa, 2015

“Txori miragarria” Fenixaren mitoan oinarrituriko ikuskari bat da, ikuslea bidaia iniziatiko batean daramana, altxorrik desiratuenaren inguruan: bizitzaren txinparta. Musika-partituraren bidez kontatzen da obra, eta pianoaren eta elektroakustikaren, keinu-antzerkiaren, testuaren, maskaren, txotxongiloen eta proiekzioen bidez interpretatzen da.

Ikuskari honetan, antzerkiko elementuak musikarekin solastatzen dira, eta solasaren emaitza ikuskari trinko bat da. Pieza honen inguruan, Stravinskiren musika-lan bereziki soilak eta laburrak erabiltzen dira, eta horietan bi nabarmentzen dira oroz gain, bikainak eta minimalistak: “Bost behatzak” eta “Pieza errazak”. A priori, belarri ez oso trebatuetan, abstraktu samarra gerta litekeen musika da, baina esanahiz eta adierazkortasunez beterik antzematen da eszenaratzen denean.

Ikuskaria esperientzia berdingabea da 4 eta 99 urte bitarteko haur- eta familia-publikoarentzat.

Azaroak 14 Larunbata  / 18:00
7 € / 3 € (<12años)

carrito Sarrera erosi

Marc Ribotek and The Young Philadelphians taldeak Filadelfia hotsa dakarkigu Kursaalera

Gaurkotasunak / 11 azaroa, 2015

Datorren igandean, azaroak 15, Marc Ribot Kursaalen jardungo da Young Philadelphians bandarekin, Filadelfiako soula eta hard groovearenganako maitasunak elkarturik.

 

The Young Philadelphians bandak bi ondare bikiri eskaintzen die bere mirespena: Ornette Colemanen Prime Time bandari eta hirurogeita hamar urteetako Filadelfiako soularen erritmo harmoniotsu eta optimistari. Ribotek Jamaaladeen Tacuma baxu-jotzailea eta G. Calvin Weston bateria sartu ditu taldean, zeinak, Prime Time Band the Ornette taldean jotzeaz gainera, Filadelfiakoak bertakoak baitira; eta berebat sartu du Mary Halvorson gitarrista, gehi hari-hirukote bat.

Marc Riboten musika esperimentazioarekin dago beti lotua, eta denok ezagutzen ditugun tema estandarren bertsioen inprobisazioarekin: Jimi Hendrix, Duke Ellington, Charlie Haden, Albert Ayler eta Chet Atkins dira Riboten irazki berezitik pasatutako musikari batzuk. Izan ere, erabateko askatasunaren parametroen baitan idazten eta interpretatzen du Ribotek bere musika. Senari ez dio inoiz oztoporik jarriko, baina, aldi berean, eta sen hori oso barrukoa bada ere, ez dio behin ere protagonismoa osorik hartzeko utziko.

Ribotek oso ospe zabala du (Bill Frisell eta John Scofieldekin batera) gaur egungo gitarrista irudimentsuena eta abenturazaleena delakoan, teknika harrigarria du, eta herri-musikako era guztietako musikari ospetsuekin lan egin du. Surf-gitarratik Kubako erritmoen gaineko inprobisazio gaiztoetara, bluesaren eta no-wavearen arteko topaketatik soul-omenaldietara, zinemarako soinu-banda eklektikoetatik igaroz, Riboten lan eta kontzertu bakoitzak ondo agerian jartzen ditu bere talentuaren handitasuna eta estilo itxuraz kontrakoak bereganatzeko duen modu guztiz berezia.

Egiaz luzea da Ribot agertzen den albumen zerrenda, eta bertan daude, besteak beste, Tom Waits, Soloman Burke, Elvis Costello, Marianne Faithful, Arto Lindsay, Caetano Veloso, Laurie Anderson, Susana Baca, McCoy Tyner, The Jazz Passengers, John Lurie’s The Lounge Lizards, Medeski, Martin & Wood, Jamaaladeen Tacuma, Cibo Matto, Medeski Martin & Wood, James Carter, Vinicio Capposella, Auktyon Sierra Maestra, Alain Bashung, Joe Henry, Allen Toussaint, Marisa Monte, Allen Ginsburg, Madeleine Peyroux, Sam Phillips, eta, azkenaldi honetan, Norah Jones, Akiko Yano, The Black Keys, Jakob Dylan, Jolie Holland, Elton John/Leon Russell, John Mellancamp, etab.

Azaroak 15 Igandea  / 19:00
19 €

carrito Sarrera erosi

Belle and Sebastian Europan zehar egin behar zuen bira bertan behera gelditu da

Gaurkotasunak / 5 azaroa, 2015

Abeslari nagusia den Stuart Murdoch-en osasun arazoak direla medio, Belle & Sebastian taldeak Europan zehar iragarri zuten bira bertan bera gelditu da. Bira honetan, “Girls in peacetime wants to dance” diskoa aurkeztu behar zuten.

Internet bidez sarrerak erosi dituzten pertsonei zuzenean egingo zaie diru itzultzea. Leihatilan erosi zutenek berriz, Kursaaleko leihatiletan egin beharko dute itzultzea.

Reggae festa izango da Kursaalen Morodo & Okoumé Lions-en eskutik

Gaurkotasunak / 5 azaroa, 2015

  • Morodok Kursaaleko Areto Balioaniztunetan jardungo du larunbatean, hilak 7, espazio zabal batean beraz, eta besaulkirik ez da izango, musikaz zuzenean gozatu ahal izateko.
  • Ateak 19:00etan irekiko dira eta sarreak Indaglory Hall-erako sarbidea ematen du (Reggae eta hip hoparekin erlazioa daukaten ekintza eta standak)

Morodok, zeina ragga eta reggaearen bilakaeran funtsezko erreferentzia baita penintsulan, Okoumé Lions bandarekin batera jardungo du azaroaren 8an, datorren larunbatean, Kursaaleko Areto Balioaniztunetan. Kontzertua 20:00tan hasiko da, baina 19:00etatik aurrera ateak zabalik egongo dira, publikoak gozatu ahal izan dezan “Indaglory Hall”en reggaearekin eta hip-hoparekin loturiko jarduera eta standetan.

Morodok bere estudioko laugarren diskoa aurkeztuko du, “Reggae Ambassador” deritzana, Mad91 Records disko-etxearekin. Reggae Ambassadorren aurkezpen-bira Okoumé Lions bandarekin batera ari da egiten, eta Estatuko, Argentinako eta Txileko hainbat hiritatik igaro da jadanik, arrakasta handiz.

Gaztetandik hartu zituen Morodok bizi-estilo gisa hip hop kultura eta Jamaikako musika, gaztelaniaz egindakoa bereziki, zeina laurogeien hamarkadaren hasieran sortu baitzen Panaman, zehatzago Colon hirian, eta hamarraldi baten ondoren hasi zen Espainiara heltzen. Halamalau urte zituela jadanik ohiko gauza zen hip hopeko Jam askotan Morodo ikustea, Estatuko lurralde osoan barna, Ozm Posseren beste kideekin batera. Hasieratik nabarmendu zen Morodoren “rap-ragga” estilo gordina, saio amaigabeak egiten zituen mikrofonoan, maketak grabatu zituen hainbat abeslari eta ekoizlerekin batera. Eta, pixkana-pixkana, gaur egun denok ezagutzen dugun Singjay/Abeslaria bihurtu eta tankeratu zen.

1999. urtean heldu zen Morodoren disko-estreinaldia, “Smooka”, Souchi Mc eta produktorearen eskutik, eta “La Esencia 1” diskoan ere sartu zen tema. 2001ean, Souchi eta Dahani-rekin aritu zen, besteren artean, bere bakarkako lehen lana ekoizteko, “Ozmstayl” (Fünkdamental). Disko honek harrituta utzi zituen bertakoak nahiz kanpokoak, sustrai jamaikarreko estiloak eta hip hopekoak gaztelaniara egokitzen zituen modu orijinalagatik, eta Morodo betiko bihurtu zen, Mc-Singjay gisa, funtsezko erreferentzia Espainiako ragga eta reggaeren bilakaera ulertzeko garaian.

2004ko urrian hiru urtetik gorako isilunea hautsi zuen, bere bigarren lana argitaratuz, “Cosas que Contarte” (Taifa Records), zaleek irrikaz espero zutena. Hartan oraindik argiagoa zen musika jamaikarraren oihartzuna, eta artistaren kontzeptu osoagoa eta zehatzagoa agertzen da bertan. 16.000 ale baino gehiago saldu ziren, eta aldi berri baten hasiera markatu zuen. Abagune hartarako berariaz sorturiko proiektu diskografikoarekin eta ordezkaritzarakoarekin –Tafia Records–, bira garrantzitsu bat egin zuen Estatuan, zeinarekin sendotu baitzen Espainian reggaearen ordezkari gisa betetzen zuen eginkizuna. 2006an egin zuen estreinaldia nazioarteko eszenan, eta aurreneko aldiz bisitatu zituen Belgika (Soundstation), Holanda, Portugal (Carviçais Festival) eta Alemania (Popcorn Festival). Era berean, aurreneko aldiz gurutzatu zuen Atlantikoa, gaztelaniar hizkuntzako herrietan bere musika zuzenean aurkezteko.

 

Ia sei urte isilik egon ondoren, diskorik grabatu gabe, 2010ean itzuli zen, eta estudioko bere hirugarren diskoa argitaratu zuen, “Rebel Action” (Taifa Records). Aurkezpen-bira luze bat egin zuen harekin, zuzenekoa, Ranking Soldiers bandarekin batera. “Rebel Action Tour” birak Espainiako areto eta jaialdi nagusietara eraman zuen.

2014ko urrian bere laugarren estudioko diskoa argitaratu zuen, “Reggae Ambassador” deitua, Mad91 Records etxearekin. Hilabete horretan bertan kaleratu zuen bere azken bideoklipa, Feat. Mad Division “Ponme El Riddim”. Reggae Ambassador diskoaren aurkezpen-bira Okoumé Lions bandarekin ari da Morodo egiten, eta dagoeneko pasatu da Espainia, Argentina eta Txileko hainbat hiritatik, arrakasta handiz gainera.

MORODO & OKOUME LIONS

Larunbata 07 Sábado / 20:00

Noviembre 2015 Azaroa

11 €

 Ate irekiera. 19:00 Indaglory Hall. Reggae eta hip-hoparekin zerikusia duten ekintza eta standak

1- Dreadlocks (txurroak)
2- Navascues (reggae, soul, hip-hop… itxura duten koadro eta posterren diseinua)
3- GanjaWears (musika reggaereari lotuta dagoen arropa)
4- El Establo Pirata (Skate)
5- Indaglory (Reggae Hip-Hop Elkartea)
6- Comandoz & Dj ArtieNorth (DJ + BREAKERS)

carrito Sarrera Erosi