menu

Kursaal Eszena: Hamabi hitzordu eta musika norabide berriak gazteei begira

Gaurkotasunak / 31 abuztua, 2015

Kursaal Eszenak dozena bat kontzertu atondu ditu bere denboraldi berrirako. Denboraldia irailaren 30an hasiko da, itzal handiko Joe Satriani gitarrista estatubatuarrak eskainiko duen kontzertuarekin eta berrikuntzen artean aipatzekoa da, izpiritu gazte eta informaleko kontzertu-ildo berria.

Morodoren reggae eta hip-hop nahasketa bereziak (azaroak 7) eta pop arloko ikono den Neneh Cherry musikariaren azken lanak (azaroak 28) emango diote hasiera gazteei zuzendutako ekimen berri honi. Bi zuzenekoak Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan egingo dira baina eserlekurik gabe, formalismoak baztertuta, musikaren gozamena errazte aldera.

Denboraldiak, musika herrikoien atalean, Estatu Batuetako beste gitarrista esperientziadun baten bisita, Marc Ribot eklektikoarena (azaroak 15), eta euskal musikari eskainitako “Donostia kantuan” hitzordu kolektiboa (azaroak 27) hartuko ditu.

Esparru klasikoan, berriz, bost proposamen egingo dira; Vladimir Jurowskik zuzenduta London Philharmonic Orchestrak eskainiko duen errepertorio sinfonikotik hasi (urriak 9) eta Euskal Barrokensemblek gerturatuko digun antzinako musika arterakoak (urtarrilak 17). Gainera, Christian Zacharias pianista (azaroak 18) eta Dantza Konpainia Nazionala (azaroak 26), azken hau “Carmen” oinarri hartuta egin duen produkzio berrriarekin, bueltan izango dira. Esparru hau maisulan batek osatuko du; Gabrieli Consort taldeak interpretatuko duen Haendel-en “El Mesías” lanak (abenduak 22) hain zuzen.

Musika Familian izenpean etxeko gazteenentzat prestatzen den ohiko programazioak, azkenik, bi hitzordu izango ditu:”Zirku Soinua!” (urriak 24) eta “El Pájaro prodigioso” (abenduak 14).

Programazio berri honek pasa den ekainean amaitu zen denboraldia osatzen du. 2015eko lehen sei hilabeteetan hamabi kontzertu eskaini ziren, %70eko okupazioa eta 11.450 ikus-entzule lortuz.
Kursaal Eskura

Kursaal Eszenak aurrera segiko du, denboraldi honetan ere, Kursaal Eskura proposamenarekin. Ekimen honen helburua, Donostiatik urrutien dauden udalerrietako zaletuei Kursaal Eszenak antolatzen dituen kontzertuak eskura jartzea da. Gaurdaino Antzuola, Arrasate, Bergara, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako publikoak izan du aipatu ekimenaz gozatzeko aukera baina, denbora asko baino lehen, ekimena herri gehiagotara zabaltzea espero da.
Kursaal Eskura, Kursaal Eszena eta Gipuzkoako hainbat udalerriren arteko elkarlanaren emaitza da, eta doaneko autobus zerbitzua jartzen du, Kursaal Eszenak antolatutako kontzertuetara etortzeko interesa duten zaletuen eskura. Autobusak aurrez aipatutako herrietatik atera eta, behin Kursaaleko kontzertu/ikuskizuna amaitutakoan, berriz ere jatorrizko herrietara bueltatzen dira.

Abonuak eta Sarrerak
Abonuak saltzeko epea, esparru klasikoko kontzertuetarako bakarrik, datorren ostirala arte, irailaren 4 arte, zabaldu da. Hainbat denboralditan abonudunen zenbateko osoak murrizketa txikiak izan baditu ere, denboraldi berriari begira aurreratu daiteke joera hori alderantzizkoa izango dela.

Bestalde denboraldi berriko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta irailaren 9an hasiko da. Sarerrak Kursaaleko leihatilara gerturatuta edota Kursaal zentroko webgunean (www.sarrerak.kursaal.eus) erosi ahal izango dira.

Salbuespen bezala aipatu, Joe Satrianiren kontzerturako sarrerak uztailean jarri zirela salgai. Salmenta erritmo onean doa eta, gauzak horrela, datozen asteotan kontzertu honetarako edukiera handitu egingo da.

Abuztuaren 27, 28 eta 29an jarriko dira salgai Kursaal Eszenaren Musika Klasikoko abonu berriak

Gaurkotasunak / 25 abuztua, 2015

Kursaal Eszenak 2015eko irailetik 2016ko urtarrila bitarteko denboraldirako atondu duen musika klasikoko abonuak jarriko ditu salmentan ostegun, ostiral eta larunbat honetan, alegia, hilaren 27, 28 eta 29an. Oroi dezagun, sarreren zenbateko osoaren gaineko %20ko deskontua jasotzeko aukera dutela abonua eskuratzen dutenek.

Guztira bost kontzertuz osatuta dagoen denboraldi honetarako abonuak Kursaaleko leihatilan ostegun eta ostiralean (11:30 – 13:30 / 17:00 – 20:00) eta larunbatean (17:00-20:00) baita internet bidez, www.kursaal.eus helbidean erosi daitezke.

Europako orkestra adierazkorrenetako bat den London Philharmonic Orchestrak emango dio hasiera denboraldiari. Programa zabal bat eskainiko du urriaren 9an. Nazioarteko sona handia duten bi izar izango ditugu bisitari: Kavakos eta Jurowski. Erreferentetzat hartzen da bakoitza bere eremuan, eta britainiar orkestra aipagarrienetako baten laguntzaz arituko dira.

Azaroaren 18an, Christian Zacharias izango dugu Kursaalen. Teklaturako lanik hoberenak idatzi dituzten zenbait musikagileren lanak eskainiko ditu hirian gonbidatu ohikoa den pianista honek. Soler, Scarlatti, Ravel eta Chopinen lanak joko ditu.

Azaroaren 26an, Compañía Nacional de Danza-ren txanda izango da. Johan Inger koreografo suediarrak hurbilpen harrigarri bat egiten du espainiar nortasun argia duen mito honetara, “Carmen”,alegia. Haur baten begiratu argi eta kutsatu gabe baten bitartez sortzen du Ingerrek pertsonaia.

Abenduaren 22an, Gabrieli Consort Handelen “Mesias” dakarkigu.
“Mesias”, inondik ere, mendebaldeko musikan eraginik handiena izan duen musikagileetako baten maisulana da, eta obra hauxe atarikoa izango da Eguberria ospatzeko.

Azkenik, urtarrilaren 17an, Euskal Barrokensembleren txanda izango da. Enrike Solinisek, Jordi Savall violagambista ospetsuaren bermearekin, XV. eta XVI. mendeetako euskal gaien bilduma bat jaso eta grabatu du.

Abonuen Prezioak
A eta B Gunea 177€
C1 gunea, 1-8 palkoak 142€
C2 gunea, 9-12 palkoak 114€
C3 gunea, 13-18 palkoak 92 €
30 urtetik beherakoak eta langabe 51 €