menu

Musika Hamabostaldirako sarreren salmenta erritmo onean doa aurrera

Gaurkotasunak / 29 ekaina, 2015

Agortu dira, dagoeneko, Sara Baras flamenko-dantzariaren Voces ikuskizunerako sarrerak. Datorren abuztuaren 20an izango da emanaldia, 76. Musika Hamabostaldiaren (abuztuak 1-30) baitan. Cadizko flamenko-dantzari polifazetikoari ezaguna zaio Donostiako publikoa, jaialdiaren 61. eta 69. edizioetan, Sueños eta Carmen ikuskizunak aurkeztu baitzituen, hurrenez hurren. Oraingo honetan, Voces, bere azken lana, jendarteratuko du, harengan eragin nabarmena izan duten maisu handiei -hala nola, Paco de Lucia, Camaron de la Isla, Antonio Gades edota Enrique Morenteri- gorazarre egiten dien ikuskizuna.

Sara Barasen proposamenarekin batera, Pucciniren Tosca operako lehen emankizuna (abuztuak 13) eta San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak eskainiko duen bigarren kontzertua (abuztuak 18) izan dira ikus-entzuleen artean ikusmin handiena sortu dutenak. Berrogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Tosca opera-lan entzutetsua hirian, azken aldiz, taularatu zenetik. Oraingo honetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Miguel Angel Gomez Martinez maisuaren ardura izango da aipatutako opera-lanari musika jartzea. 2014an estreinatu zen Tosca-ren ekoizpen berri honek, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu-ren zigilua darama eta Ainhoa Arteta sopranoa ariko da protagonistaren paperean. San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak, berriz, Yuri Temirkanov zuzendari titularra izango du gidari, eta abuztuaren 18ko saioan, Donostiako Orfeoiarekin batera ariko da. Sergei Prokofiev izango da errepertorioaren ardatza.

Orain dela hilabete Musika Hamabostaldia aurkezteko egin genuen prentsaurrekoan, hain zuzen, jaialdiaren zuzendari den Patrick Alfayak, zera nabarmendu zuen: “krisiak krisi, Hamabostaldiko ‘Lagun’ kopuruari eustea lortu dugu, eta abonuen %100a berrituta ekingo diogu sarreren salmenta orokorrari”. Jaialdia hasteko hilabete falta den honetan, sarreren salmenta erritmo onean doala azpimarratu beharrean gara -14.800 sarrera saldu dira gaurdaino-, eta 76. edizioa arrakastatsua izango dela pentsatzera garamatza honek.

Gaur-gaurkoz, Musika Hamabostaldiak 681.000 euro bildu ditu, 2015eko ekitaldirako egindako hasierako aurreikuspenaren %75a, hain zuzen; 2014ko epe berean pilatutakoarekin alderatuz gero, %3ko igoera suposatzen du horrek. Pasa den ekainaren 5etik salgai dauden sarrerak, www.quincenamusical.eus webgunearen bidez eskura daitezke, eta baita Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletara gerturatuta ere.

Dagoeneko jarri dira salgai “Trending Tronching” komedia ikuskizunerako sarrerak

Gaurkotasunak / 3 ekaina, 2015

Irailaren 5an, 20:00tan, “Trending Tronching” ikuskizuna izango da Kursaaleko auditorioan eta horretarako sarrerak salgai jarri dira, gaur ekainak 3an.
Komedia ikuskizun bikain bat da. Bakarrizketa edo stand-up comedy bat da eta protagonista Leo Harlem du, halakoetan benetako izarra. Oraingoan ere gonbidatu bat izango du lagun, hots, Sinacio, eta ordu eta erdiz barre eginaraziko digu.