menu

Bi opera eta aparteko orkestrak, 76. Musika Hamabostaldiaren egitaraua Kursaalen edo Kursaalean

Gaurkotasunak / 30 apirila, 2015

Donostiako 76. Musika Hamabostaldia, abuztuaren 1ean hasi eta hilabete beraren 30ean amaituko da. 30 egunotan jaialdiak ia 70 proposamen eskainiko ditu, guztira 9 sailetan antolatuta. Emanaldiak bai Donostian, bai Gipuzkoako beste lekuetan egingo dira, baita Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere.
Mahler Chamber Orchestraren bi kontzerturekin hasiko da Kursaal Auditoriorako diseinaturiko programa sinfonikoa. Europako ganbera-talde ospetsuenetako bat da, eta Manfred Honeck maisuaren agindupean arituko da (abuztuak 1 eta 2). Prokofiev, Beethoven eta Mozarten obrek osatzen dute abuztuaren 1eko errepertorioa. Bigarren emanaldian, Andra Mari Abesbatza arituko da orkestrarekin batera Mozarten “Meza do minorrean” bikaina abestuz, zeina, “Requiem”arekin batera, austriar musikagile handiaren eliz obra nagusia baita. Programa osatzeko, Haydnen “93. Sinfonia” eskainiko da.
Programa bikoitza eskainiko du halaber beste talde batek, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak. 1993an eta 2012an Hamabostaldira egindako beste bi bisitaldietan bezala, taldearen zuzendari titularra den Yuri Temirkanov izango da orkestraren gidaria. Temirkanov da, kritika espezializatuaren arabera, “XX. mendean indar bereziz distiratu duten errusiar zuzendarien belaunaldi handi baten derrigorrezko erreferentea”. Bi kontzertuetako aurrenekoan (abuztuak 17) espiritu jostariko programa bat eskainiko digu errusiar taldeak, Elgar eta Ravelen obrez osatua. Azken horren “Pianorako kontzertua sol maiorrean” interpretatzeko, orkestraz gainera, Javier Perianes pianista arituko da, hura baita, askoren iritzian, gaur egungo kontzertu-panoramako artista aipagarrienetako bat. Bigarren egunean (abuztuak 18) Prokofieven obretan zentratuko da errepertorioa: “Alexander Nevski” kantata interpretatuko da, dramatismoz eta bortizkeriaz betea, eta Donostiako Orfeoiak abestuko duena; eta kontraste gisa, “Romeo eta Julieta”ko 1 eta 2 suiteak eskainiko dira.
Cadaqués, Oslo eta Colonia
Cadaquéseko Orkestraren eskutik etorriko da Kursaaleko hurrengo hitzordu sinfonikoa (abuztuak 25). Musika Hamabostaldira egiten duen bigarren bisitaldia da; aurrenekoan, 2006an, Neville Marriner maisua izan zen zuzendaria eta aurten, Rossiniren obran espezialdua den Alberto Zedda maisuak gidatuko du orkestra, italiar musikagileari osorik eskainiriko programa gauzatzeko. Donostiako Orfeoiak lagunduko dio orkestrari, “Didoneren heriotza” eta 2000. urteaz gero Hamabostaldian entzun ez den “Stabat Mater”a interpretatzen.
Koloniako Irratiko Orkestrak, bestalde, bere zuzendari titularra den Jukka-Pekka Saraste maisua izango du gidari (abuztuak 26 eta 28). Talde alemaniarraren lehen kontzertuan, Bartók eta Brucknerren musika aditu ahal izango dugu, eta Brahmsen “Requiem alemaniarra”, Donostiako Orfeoiak lagundurik, izango da orkestra honek Kursaalen emango duen bigarren saioaren protagonista. Brahmsen “Requiem” da, Verdiren “Requiem”arekin batera, Hamabostaldian gehien programatu den obretako bat. Konposizio honek, requiem latinoen izugarrikeriatik urruti, kontsolamendua eta itxaropena igortzen ditu, eta, gainera, Orfeoiaren erreferentziazko lanetako bat da. 2008an interpretatu zen azkeneko aldiz jaialdian, Ataúlfo Argentaren heriotzaren 50. urteurrena zela-eta.
Osloko Orkestra Filarmonikoa izango da aurten Kursaal Auditoriora etorriko den azkeneko orkestra (abuztuak 30). Bere historiako 76 edizioetan, Hamabostaldia bisitatzen duen aurreneko eskandinaviar orkestra da. Vasily Petrenko maisuaren batutapean, zeina jarduna baita lehendik ere jaialdian Liverpooleko Orkestrarekin (2010), Brahms eta Txaikovskiren obrek osaturiko programa herrikoi bat eskainiko digu iparreko taldeak.
Musika Hamabostaldiaren 76. edizioak, opera eszenaratuarekin izan ohi duen hitzorduarekiko leial, operaren munduko titulu ezagun eta unibertsalenetako bat eskainiko du: G. Pucciniren “Tosca” (Abuztuak 13 eta 15), zeina duela 50 urtetik gora ez baita hirian aurkezten. Produkzio hau Bartzelonako Gran Teatre del Liceu-rena da (2014), eta abeslarien artean daude, besteak beste, Ainhoa Arteta (Floria Tosca), Teodor Ilincai (Mario Cavaradossi), Roberto Frontali (Il Barone Scarpia), David Lagares (Cesare Angelotti)…
“Mendi Mendiyan”
Oroitzapen-ospakizunen atalean, Jose Maria Usandizaga konpositorearen irudia gogoratuko du jaialdiak (1887-1915), haren heriotzaren 100 urte betetzen diren honetan. Horretarako, donostiar egileak idatzi zuen aurreneko opera programatu du Hamabostaldiak, “Mendi Mendiyan” (abuztuak 22). 1910eko maiatzaren 21ean estreinatu zen Bilboko Campos Elíseos antzokian, eta garai hartarako berebizikoa zen arrakasta eskuratu zuen obrak; hala, estreinaldiaren ondoren, artista egiaz herrikoi gisa itzuli zen Usandizaga Donostiara. Operaren libretoa euskaraz idatzia dago, eta kontzertu-bertsioan interpretatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak. Arantza Ezenarro eta Miguel Borrallo bakarlariak izango dira, hurrenez hurren, operako protagonistak, Andrea eta Joshe Mari.
Azkenik, Kursaal Auditorioan urtero egiten den dantza-saioan, Sara Baras eta haren azken ikuskaria, “Voces”, ikusi ahal izango ditugu (abuztuak 20). Cadizko bailaora oparoak, bere konpainiako dantzariek eta ikuskariaren musika zuzenean interpretatuko duten musikari flamenkoez lagundurik, omenaldi bat eskainiko die maisu izan dituen artista handiei: Paco de Lucía, Camarón de la Isla, Antonio Gades, Enrique Morente…

Charles Aznavour-ek Donostiako Kursaalen eskaini behar zuen kontzertua Urriaren 24era atzeratuko da

Gaurkotasunak / 24 apirila, 2015

Charles Aznavour-ek Universal Music disketxearekin aterako duen diskoaren argitaratze-data berria dela eta, -maiatzaren 5ean-, artistak Donostian iragarrita zuen kontzertua atzeratu behar izan du, diskoaren promozio-kanpainarekin erabat bateraezina baita.
Sarrera erosi duen pertsona oro argibide gehiagrorekin izango da kontaktatua, bai urriaren 24ean kontzertura joateko interesatuta jarraitzen duena, bai eta sarrera itzuli nahi duena ere.
Sarrera itzuli nahi duenak, ekainaren 9a baino lehen egin ahal izango du erositako kanal beretik.

Marsellako Balletak “Orfeo eta Euridice”ren bertsio berritu bat eskaintzen digu

Gaurkotasunak / 17 apirila, 2015

Frantziako dantza-konpainia astelehenean arituko da astelehenean, hilak 20, arratsaldeko 20:00etan Kursaalen.

Orfeo negarrez ari da, Euridice galdu baitu, eta horretan Amodiok, Jupiterrek bidalita, haren bila jaisteko Infernuetara proposatzen dio, baldin eta Furiak abestuz baretzen baditu, bere maiteari begiratzen ez badio eta ez badu haren aurrean
bere burua zuritzen.

Betiereko gai honek hogei bat opera inspiratu ditu, eta Glucken Orfeo hau erdibidean dago (denborazko erdibidean) Monteverdiren Orfeo gorenaren eta Offenbachen Orfeo Infernuetan barre-eragilearen artean. Mito horrek inspiratzen du Frédéric Flamandenikuspegi erabat berritzaile hau, Hans Op de Beeck belgikar artista diziplinaanitzak lagundurik bideratu dena. Arte plastikoen alorreko artista hau nazioartean ezaguna da, eta eszenografia, irudiak eta jantziak izenpetzen ditu
hemen.

Orfeok, bere grina neurrigabean, ez du aski Infernuetara jaisten den poeta izatea; jainkoen agindua urratu eta Euridicerengana itzultzen da. Nahiago du mundu ikusgaia, eta era horretan, “ikustearen” tragediari ere aurre egin beharko dio. “Ez ikustearen” ezintasunaren istorio honek, “gehiegizko” begiratu horrek, erronka egiten digu, eta begiradaren, irudiaren eta ikusmenaren kulturari buruzko hausnarketa gogorazten digu, kultura horrek Platonengandik jadanik asesten baitio Mendebaldeko munduari.

Mitoaren interpretazio agortezinari erantzuteko, bi dantzarik gorpuzten dute, hurrenez hurren, Orfeoren nortasun bikoitz aberatsa, desiratzen duenaren eta debekatuaren, iluntasunaren eta argitasunaren artean zalantzan. Frédéric Flamandek eta Hans Op de Beeck-ek, mitoa berrikusi nahian, fikziozko metropoli batean kokatu dute, zeina etengabe aldatzen baita (hiri garailea, hiri suntsitua, infernuetako hiria, hiri melankolikoa). Iruditeria mitologiko berri bat nagusitu da gaur egun hiriaren bihotzean. Hiri-inguru berri honetan, nolako estatusa emango diogu gorputzari?

BALLET NATIONAL DE MARSEILLE
Apirilak 20 Astelehena / 20:00
Emio Greco & Pieter C. Scholen, zuzendariak
Frédéric Flamand, koreografoa
Orfeo eta Euridice, C. W. Gluck
36 / 29 / 23 / 19 / 12 €