menu

“Grandes Éxitos de la Música de Cine”-ren kontzertua bertan behera geratu da

Gaurkotasunak / 31 martxoa, 2015

Datorren apirilaren 4rako aurreikusitako Cinema Symphony Orchestra-ren “Grandes Éxitos de la Música de Cine” kontzertua, bertan behera utzi behar izan da, Eurospectacles antolatzaileak adierazi duenez.
Sarreren diru itzulpena erosketan erabilitako kanal berdinen bitartez egingo da.

– Erosketak txarteldegian: Txarteldegian itzuliko dira.
Astelehenetik asteazkenera 11.30tatik 13.30tara
Osteguna eta ostirala 11.30tatik-13.30tara / 17etatik 20tara
Larunbata 17tatik 20tara
– www.kursaal.eus eta www.entradas.com kanalen bitartez egindako erosketak 902 65 65 79 telefonoan astelehenetik igandera 12tatik 21tara edo ayuda@entradas.com posta elektronikoaren bitartez

Enbaxadore Programak 8 enbaxadore berri izendatu ditu

Gaurkotasunak / 26 martxoa, 2015

Zortzi profesional Donostiaren eta Gipuzkoaren enbaxadore izendatu zituzten atzo, Donostia Turismo & Convention Bureauk eta Kursaalek sustatutako Enbaxadore Programaren baitan. Programa honen helburua hemen egiten diren bilerei lotutako turismoa babestea eta bultzatzea da.
Honako hauek dira 2012an sortutako “elkarte” ospetsua osatzen duten 36 profesionalen zerrendan gehituko diren zortzi enbaxadore berriak: Daniel Zulaika, HIESaren aurkako EAEko Planaren koordinatzailea (HIESari buruzko Biltzar Nazionala lortu du 2015eko maiatzerako); Xabier Benegas eta Rafael Benegas, lehenengoa EAEko Podologoen Elkargoko presidentea (Podologiako Biltzar Nazionala lortu dute 2016ko ekainerako); Alejandro Toral eta José Antonio Navarro, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Haurren Alergologia Unitatekoak (Espainiako Alergologiaren eta Immunologia Klinikoaren Elkartearen Biltzarra 2016ko urrian hemen egitea lortu dute); Nina Camborda Coll, odontologoa (Endodontziaren Espainiako Elkartearen Biltzar Nazionala ekarriko du 2016ko urrian); Juan Carlos Garmendia, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Urologia Zerbitzuko laguntzailea (Neurourologiako eta Uroginekologiako Sozietate Iberoamerikarraren Nazioarteko Biltzarra 2014ko irailean Donostian egitea lortu zuen) eta Alberto Hernández Fernández, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Bizkarrezurreko kirurgialaria (2017ko ekainean Donostiara ekarriko du Bizkarrezurreko Gaixotasunak Aztertzeko Elkartearen Biltzar Nazionala).

Alkatea, diputatua eta Pedro Miguel Echenique

Izendapenak entregatzeko ekitaldia Gipuzkoako foru diputatuak eta Donostiako alkateak zuzendu zuten. Bertan izan ziren aurreko edizioetan izendatutako hogeita hamar bat enbaxadore, eta ongietorria egiteko hitzaldi labur bat eman zuen Pedro Miguel Echenique ohorezko enbaxadoreak. Ekitaldian parte hartu zuten programa hau sustatzen duten Donostia Turismo & Convention Bureau eta Kursaal erakundeen zuzendariek ere, Manu Narváezek eta Iker Goikoetxeak.

Zortzi enbaxadore berriei beren izendapenak entregatzeko ekitaldiaren ondoren afari bat egin zen Kursaaleko “Ni Neu” jatetxean, lehen mailako profesionalak biltzeko, ezagutzak trukatzeko eta sinergiak bilatzeko. Asturiasko Printzea Saria jaso zuen Pedro Miguel Echeniquek eskerrak eman zizkien bertan bildutakoei, “Donostiarekin eta Gipuzkoarekin duten konpromisoarengatik”, eta hiriaren eta lurraldearen alde lanean jarraitzera animatu zituen, biltzar, bilera eta jardunaldien bitartez jakintza erakarriz.
Narváezek eta Goikoetxeak ere eskerrak eman zituzten bertaratzeagatik, eta izendatu berriei “esperientzia errepikatzeko edo beste lankide batzuk biltzarrak Donostiara erakartzeko erronkarekin bat egitera animatzeko” deia egin zieten.

Biltzarren eragina Gipuzkoan
Donostia Turismo & Convention Bureauk eta Kursaalek sustatutako programa honen helburua Estatuko zein nazioarteko ekitaldi garrantzitsuak Donostiara eta Gipuzkoara ekartzeko eta Donostia eta Gipuzkoa ezagutarazteko eta sustatzeko beren ekarpena egin duten pertsonen lana aintzatestea da.
Hautagaitza aurkezteak eta biltzar bat antolatzeko ardura hartzeak eskatzen duen ahalegina nabarmendu nahi dute Kursaalek eta Donostia Turismo & Convention Bureauk, izan ere, lan desinteresatu honek eragin handia du; bai ekonomian bai gure ingurunean jakintza sortu eta zabaltzeari dagokionez.

Biltzarrek hazkunderako indar handiena duen segmentua osatzen dute; kuantitatiboki lurraldeko baliabide ekonomikoak dinamizatzen dituen ekintza da. Azken sei urteetan 115 milioi euro inguruko eragina sortu du Donostian, bertan egin diren 700 biltzar baino gehiagori esker.

Biltzarren jarduera lurraldearen apustu estrategiko bat da, jakintzaren ekonomia bultzatzen duen jarduera bat. Estatu mailan, Gipuzkoa eta Donostia posizio bikainean daude sektorean: Kursaal APCEren (Espainiako Biltzar Jauregien Elkartea) biltzar jauregien sailkapeneko 4. postuan egon zen 2010. urtean, hiriaren edertasunari, gastronomiari eta giza kapitalari esker.

Congreso Nacional de Podología Xabier Benegas – Rekondo y Rafael Benegas Rekondo
Congreso Nacional de la Asociación Española de Endodoncia (AEDE) – Nina Camborda Coll
Congreso Nacional del GEER (Sociedad para el Estudio de las Enfermedades del Raquis) – Alberto Hernández Fernández
Congreso de la Sdad. Española de Alergología e Inmunología Clínica (SEAIC) – Alejandro Foral Badas y José Antonio Navarro Echeverría
Congreso Internacional de Sociedad Iberoamericana de Neurourología y Uroginecología (SINUG) – Juan Carlos Garmendia Larrea
Congreso Nacional sobre el SIDA (SEISIDA) – Daniel Zulaika Aristi

Gaurtik aurrera, Kursaalen ospatuko diren 50. Heineken Jazzaldirako sarrerak salgai jarriko dira

Gaurkotasunak / 18 martxoa, 2015

Donostiako Jazzaldiak, gaur egun, Heineken Jazzaldia, bere 50. edizioa eskainiko du aurten. Uztailaren 22tik 26ra, Europako jazz-jaialdi urtetsuenetako batek urteurren gozatsu hori ospatuko du bere ikus-entzuleekin batera, eta momentu benetan bikainean harrapatzen du urteurrenak: bere prestigioa urtetik urtera gorantz doa, ikus-entzuleak gustura ateratzen dira emanaldietatik eta, azkeneko 10 edizioetan, batez beste, urtean 150.000 entzule inguruko jarraipena izan du.
Urteotan, Jazzaldiak mota guztietako ikus-entzuleak erakartzen asmatu du, bere eskaintza plural eta, era berean, zorrotzari esker. Jazzean oinarritutako programazioak izan dira gehienbat, harritzekoa ez den bezala, baina beste mota batzuetako musiketara ere (kalitatekoak, hori bai) hurbiltzen jakin izan du. Jazzaldiaren agertokiak, bestalde, hiriko puntu ezaugarri eta ederrenetako batzuetara hedatu dira, Donostian erreferentziakoak diren kontzertu-aretoez gainera.
Trinitate enparantzan, Alde Zaharraren bihotzean, jaio zen Jazzaldia 1966an, eta bera da oraindik ere, Jazzaldiaren agertoki printzipala. Denborarekin, jaialdiaren eskaintza zabaltzen duten beste puntu batzuetara hedatu da: Zurriolako hondartzan kokatutako Agertoki Berdea, non, Jazzaldiko gauetan, milaka ikus-entzule biltzen diren hainbat estilotako taldeak eta artistak entzutera; Kursaal Auditorioa – Kutxabank Gunea, Victoria Eugenia Antzokia –Skoda Gunea, Kursaaleko Terrazak, Nauticool (Club Náuticoren alboan, Portuan), San Telmo Museoa, Basque Culinary Center…
Datozen hilotan izango dugu Jazzaldiak bere une distiratsuenak gogoratzeko baliatuko dituen ekitaldiak: data seinalatuak, irudi bakanak eta hiriarekin eta ikus-entzuleekin izan duen lotura adieraziko dutenak, azken bost hamarraldiotan zehar.
Baina dagoeneko aurrera ditzakegu edizio berezi honetako kontzertuetako protagonistak izango diren hainbat musikariren eta talderen izenak. Jazzeko abeslariek ordezkaritza zabala izango dute, generoko izen entzutetsuenak barne direla: Jamie Cullum, Melody Gardot, Dee Dee Bridgewater, Gregory Porter, eta abar. Jazz instrumentalak ere ordezkari bikainak izango ditu: John Zorn –hirukoan etorriko da, duela bi urte haren Marathon emanaldiek izandako arrakasta itzelaren ostean–, Benny Golson, Charles McPherson, Azar Lawrence, Billy Hart, Eddie Henderson, Donald Harrison, Dan Weiss, Billy Harper, Cecil McBee eta George Cables, esate baterako. Eta, jakina, hainbat estilotako beste izen ospetsu asko ere etorriko dira, hala nola, Earth, Wind & Fire Experience, Jimmy Cliff, Zaz, Lee Fields eta Sílvia Pérez Cruz, tartean direla.

www.kursaal.eus/eu/sarrerak/

Charles Aznavour “chanson” frantsesaren mitoa Kursaalen, maiatzaren 9an

Gaurkotasunak / 3 martxoa, 2015

91 urte betetzear dituela, Charles Aznavourrek, bere taldearekin batera, kontzertua eskainiko du maiatzaren 9an Kursaalen, eta bere arrakasta nagusiak aurkeztuko ditu.

Munduan barrena ibili den Charles Aznavour abeslari frantses ospetsuak Donostian kantatuko du, 70eko hamarkadaz geroztik Euskadin abestu gabe egon ondoren. Kontzertu aparta eta antologikoa eskainiko du Kursaal Auditorioan, maiatzaren 9an, larunbata. Bere abesti ezagunenak eta belaunaldi osoak markatu dituztenak barne hartuko ditu errepertorioan. Besteak beste, honako hauek: La Bohème, La Mamma, Sur ma vie, Aprés l’amour, Parce que, Que c’est triste Venice, Les plaisirs démodés eta Comme ils disant.

Jatorri armeniarreko abeslari, konpositore eta aktore frantses hau Parisen jaio zen 1924an, eta 50 disko baino gehiago argitaratu eta 100 milioi kopia baino gehiago saldu ditu bere ibilbide luzean zehar. Abestiak konposatu izan ditu, besteak beste, Mistinguettentzat, Patachourentzat, Edith Piafentzat eta Juliette Grécorentzat. Artista polifazetikoa da, eta Charles “Aznavoice”-k mundu erdia konkistatu du bere ahots bereziarekin, bakarka zein Liza Minelli, Compay Segundo eta Elton John bezalako goi-mailako artistekin duetoak eginez.

Haurtzaroan gurasoek, jatorria armeniarrekoek, antzerkirako sena sustatu zuten beragan. Aldi berean egin du pantaila handiko bere ibilbidea. Bere lehenengo filma La tête contre les murs izan zen 1958an (gizonezko interpretazio hoberenaren César Saria jaso zuen), eta hainbat lanetan parte hartu du: Tirez sur le pianiste, El tambor de hojalata eta Les fantômes du Chapelier. 2002an egin zuen bere lanik personalena, Atom Egoyan errealizadoreak 1915ean herri armeniarrak jasandako genozidioari buruz egindako Ararat filmean.

Kursaal kongresu jauregiaren 2014 balantzea: Susperraldia

Gaurkotasunak / 3 martxoa, 2015

Jarduera maila, ekitaldi kopuruari dagokionez, % 37 hazi da 2013ari dagokionez; negozio bolumena 3,2 milioira iritsi da eta %15eko hazkundea eta, beste urtebetez, diruzaintza operatiboan superabita ekarri ditu -aurreko urteko emaitza hirukoizten du-. Kursaalen balantzea osatzen duten datu hauek erakusten dutenez, 2014a “susperraldi”-tzat har daiteke ezbairik gabe.

Balantze hau, Donostiako kongresu jauregiak izan duen eta etorkizun hurbilean sendotu nahi duen susperraldi nabarmenaren erakusle dena, aurrez aipaturiko hiru daturen emaitza da, eta orain zehaztuko ditugu datu horiek. Alde batetik, oso nabarmen hazi da jarduera maila; 274 ekitaldi izan dira guztira, 2013an baino % 37 gehiago. Bestetik, fakturazio edo negozio bolumena, Kursaal Eszena kontuan hartu gabe, 3,2 milioi eurora iritsi da, eta aurreko urtean baino %15 handiagoa izan da, Kursaal fundazioa kontuan hartu gabe. Azkenik, 481.005 euroko superabita lortu da diruzaintza operatiboan, eta datu horrek hirukoiztu egiten du aurreko ekitaldikoa.

48 milioi euroko eragin ekonomikoa

Kursaalen 2014ko jarduerak eta bere datu positiboek 48 milioi euroko eragin ekonomikoa dute Donostian eta Gipuzkoan, 428.054 pertsona bertaratu baitira, aurreko urtean baino % 11 gehiago, kultura arlokoak zein bilerak kontuan hartuta (hau da, biltzarkideak, jardunaldi eta konbentzioetako ordezkariak, azoketako bisitariak zein ikuskizun eta kontzertuetako publikoa).

2014ko gertakarien artean nabarmentzekoa da ekitaldi korporatiboak pixkanaka areagotu egin direla, izan ere, nabarmen gehitu dira enpresa batzarrak, eta % 76 hazi dira sektore honetako salmentak (2008az geroztik lortutako zifrarik hoberena da). Bestalde, biltzarren batez besteko tamaina hazi da (623 ordezkari) eta horien herena nazioartekoak izan dira 2014an.

Biltzarren arloan, 2014an nazioarteko lau biltzar egin ziren (Kontrazepzioa, Lanbide Heziketa, Aquaculture eta 28th Symposium on Fusion Technology – SOFT) guztira antolatutako 11 hitzordu profesionaletatik.

 

Kursaalek bezeroen gogobetetze maila altuari eustea ere lortu zuen (10etik 8,3), eta lan arriskuen OSHAS 18.001 ziurtagiria lortu zen, lan arloko prebentzioaren kudeaketa sistemarekiko bat-etortzearen aintzatespen eta erakusgarri gisa.

Datu ekonomikoetatik eta jarduera datuetatik ondorioztatzen diren inpresio on berberak ondorioztatzen dira bi urtez behin Kursaalek Ikerfel Merkatu eta Marketin Estrategikoko Ikerketen Institutuari eskatzen dion inkestatik ere. 2014ko abenduan egindako inkestaren ondorio nagusia da jardueraren ospea eta balorazioa hazi egin direla, eta bertaratzea egonkortu egin dela. Inkestatutakoen % 79k (gipuzkoarrak) Kursaalen jardueraren balorazio positiboa egin dute, eta 10etik 7 ekitaldiren batean izan dira.

Kultura arloko % 40 ekitaldi gehiago

Kultura arloko eskaintza nabarmen hazi da, izan ere, iaz mota honetako % 40 ekitaldi gehiago izan ziren Auditorioan eta Ganbera Aretoan. Guztira 139 izan ziren, eta horietatik 32 Kursaal Eszenak antolatu zituen.

Bertako kontzertuez gain -Kursaal Eszena- eta EOSen ordainpeko denboraldiko ohikoez gain, sustatzaile pribatuek antolatutako ikuskizunen artean honako musikal hauek nabarmentzen dira: “Sonrisas y lágrimas” eta “Los Miserables”, bien artean, ia 15.000 pertsona erakarri zituzten Auditoriora.

Oreka TX-tik hasi eta Raphael eta “Peppa Pig” arte

Erabateko betealdiak eta publiko arrakastak lortu zituzte hainbat talde, abeslari eta komikok. Besteak beste, honako hauek: Les Luthiers,  Oreka TX, Estopa, Andrés Calamaro, Vetusta Morla, Roger Hodson, Leo Harlem eta Raphael. Haurren kapituluan, Kursaal Eszenaren kontzertu didaktikoek ez ezik –Musika Familian–, milaka haur erakarri zituzten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo klasikoek eta 2014an nobedade izan dugun “Peppa Pig”-ek ere.

 

Hamar biltzar 2015erako

Kursaalen egingo dira, 2015eko ekainean, alde batetik, Medikuntza Intentsiboaren, Kritikoaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen 50. Biltzarra (SEMICYUC), 2.000 ordezkarirekin, eta, bestetik, aldi berean, Erizaintza Intentsiboaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen biltzarra.  Ekainean izango da 57. Geriatria Biltzar Nazionala ere, 800 parte-hartzailerekin. PSI-K – Electronic Structure Calculation of Complex Processes in Materials, material berrien, biomolekulen eta nanoegituren simulazio teorikoaren arloko bilera espezializatua, 1.500 ordezkarirekin, urteko hirugarren biltzar nagusia izango da.

Donostiako kongresu jauregian izango dira, 2015ean, ICAE 2015 – Inguratzaile Arkitektonikoei buruzko 7. Nazioarteko Biltzarra, eta Ugalketaren Biologia Aztertzeko Elkartearen (ASEBIR) VIII. Biltzarra, Medikuen, Sendatzaileen eta Terapeuten 4. Biltzarra, HIESari buruzko Biltzar Nazionala eta Terapia Genikoari eta Zelularrari buruzko Biltzarra.

2015eko biltzar eta azoka nagusiak

Biltzarrak

  • Medikuntza Intentsiboaren, Kritikoaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen (SEMICYUC) L. Biltzarra eta Erizaintza Intentsiboaren eta Unitate Koronarioaren Espainiako Elkartearen (SEEIUC) XLI. Biltzar Nazionala (2.600 ordezkari)
  • San Sebastián Gastronomika 2014 (1.800 ordezkari)
  • PSI-K – Electronic Structure Calculation of Complex Processes in Materials (1.800)
  • 57. Geriatria Biltzar Nazionala (800) eta Euskadiko Geriatria Elkartearen XIV. Biltzarra (200)
  • Ugalketaren Biologia Aztertzeko Elkartearen (ASEBIR) VIII. Biltzarra (500)
  • Medikuen, Sendatzaileen eta Terapeuten 4. Biltzarra (500)
  • ICAE 2015 – Inguratzaile Arkitektonikoei buruzko Nazioarteko Biltzarra (300)
  • HIESari buruzko Biltzar Nazionala (300)
  • Osasun-arloko Zuzendarien Espainiako Elkartearen Biltzarra (300)
  • Terapia Genikoari eta Zelularrari buruzko Biltzarra (300)
  • 5th Young Neurosurgeons Committee Meeting – Neurokirurgialari Gazteen 5. Biltzarra (50)

Azokak

  • Sevatur 2014, turismoaren azoka handia 
  • DonostiArtean
  • 11. Stock azoka
  • SS Gastronomika
  • Kursaal Ezkontzak
  • Unibertsitate Azoka