menu

Dulce Pontesek Kursaalen eskaintzekoa duen kontzertua atzeratu egin da

Gaurkotasunak / 29 urtarrila, 2015

Dulce Pontes abeslari portugaldarri belauneko ebakuntza egin behar izan diote, meniskoa eta ligamentuak hautsi ondoren. Hau horrela otsailaren 5ean Kursaalen eskaintzekoa zuen kontzertua hilabetez atzeratu da medikuek hala aginduta eta, azkenean, martxoaren 5ean egingo da Kursaal Auditorioan.

Otsailaren 5eko kontzerturako erositako sarrera berberak erabili ahal izango dira martxoaren 5ean ospatuko den kontzertua ikusteko. Sarrerak itzuli nahi dituztenek, berriz, Kursaal Eszenako bulegoetara deitu beharko dute (943 003 180).

 

Tigranyan biolin-jotzailea eta Classical Concert Chamber Orchestra izango dira otsailaren 22an Auditorioan

Gaurkotasunak / 28 urtarrila, 2015

Ashot Tigranyan biolin-jotzaileak, bere Classical Concert Chamber Orchestrarekin batera, biolin eta orkestrarako obra sorta bat joko du otsailaren 22an, Kursaaleko Auditorioan.

Estatu espainiarrean egiten duten laugarren bira honetan, Vivaldi eta Mozart konpositoreen obrak joko dituzte, baita Manuel de Fallaren Siete Canciones Populares Españolas obran oinarritutako Suite Popular Española ospetsua eta Pablo Sarasateren Fantasía de Carmen Op. 25 ere.

Ashot Tigranyan biolin-jotzaile birtuosoa da eta Moskuko Kontserbatorioko eskola famatutik gelditzen diren musikari apurretako bat da. Mundu osoan zehar birak eginez maisu handi bilakatu zen, musikarako trebetasun eta sentsibilitate bikaina erakutsiz, eta duela zortzi urte Classical Concert Chamber Orchestra sortu zuen.

Talde trinko eta aldakor hau 35 musikarik osatzen dute, eta ganbera orkestra tradizionalen forma eta soinua islatzen ditu, aparteko birtuosismoarekin.