menu

SOFT-28. Fusio Teknologiaren Sinposioak ia mila europar zientzialari erakarriko ditu Kursaalera

Gaurkotasunak / 28 iraila, 2014

Kursaal congreso SOFTIraila bukaeran Kursaalen egingo da 28th Symposium on Fusion Technology (SOFT) nazioarteko biltzarra. Hori dela eta, 900 zientzialari baino gehiago bilduko dira Donostian. Espainian, CIEMAT (Energia, Ingurumen eta Teknologia Ikerketen Zentroa) izan da ekitaldiaren sustatzaile nagusia.

Enrique Ascasibar donostiarrak orain dela hiru urte, CIEMATeko Fusio Laborategi Nazionalean duen karguaz baliatuz, sinposioa Kursaalen egiteko proposamenaren alde egindako lana erabakigarria izan zen Donostia egoitza gisa hautatzeko. Madrilen bizi den zientzialari donostiarrak ahalegin handia egin zuen biltzarra horren maitea duen hirira ekartzeko. Gainera, ondo daki biltzarrak nolako ekarpen ekonomikoa egingo dion hiriari eta Donostia zientzia eta teknologia ekitaldien Europako egoitza bihurtzeak nolako garrantzi estrategikoa duen.
CIEMATen apustuak Kursaalen eta San Sebastián Convention Bureau enpresaren babesa izan zuen. Haiek ere gogor egin zuten lan hautagaitzaren alde. Kursaal eta Donostiak maila handiko lehiakideak izan zituztela nabarmendu behar da; esaterako, Budapest, eta baita Bartzelona ahaltsua ere.

Bi urtean behin egiten den SOFT biltzarrak bost egun iraungo du, eta Liejan (2012), Porton (2010) eta Rostocken (2008) egin izan da lehenago. SOFT biltzarraren helburua fusio esperimentuen diseinuari eta egungo fusio makinen teknologiari buruzko informazioa trukatzea da, alor horretan jarraitu beharreko pausoak zehazteko. Gaur egungo nazioarteko fusio programaren funtsezko elementua 2019an martxan jarriko den ITER proiektua da. Berau pauso erabakigarria izango da fusio erreaktoreetan oinarritutako energia iturri berriak garatzeko garaian.

 

Chrissie Hynde, Ainhoa Arteta, Angel Corella eta Ara Malikian, besteak beste, Kursaal Eszenako denboraldi berrian

Gaurkotasunak / 16 iraila, 2014

Kursaal Eszena nueva temporadaUdazken-neguko denboraldiak 18 kontzertu hartuko ditu bere baitan: 6 musika klasikoan, 10 herri musikan eta 2 haur eta familiei zuzenduta.

MUSIKA KLASIKOA
BBCko Orkestra Sinfonikoak urriaren 19an eskainiko duen kontzertua musika klasikoko ataleko lehenengoa izango da.  Besteak beste “Suzko txoria” interpretatuko dute, Stravinskiren maisulanetako bat eta koreografo askoren inspirazio-iturri dena.

Ainhoa Arteta, nazioarteko agertoki nagusietan ohikoa den artista eta musikaren-heldutasun betean dagoena, izango da gure gidaria, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera,  Puccini, Mascagni, Giordano eta Cilearen aria erromantiko eta verista ezagunetan barna, urriaren 28an,  egingo dugun ibilbidean.

The King´s Consort taldeak, ingeles barrokoaren espeizalista handienetakoak, Purcellen “Arturo erregea” interpretatuko du azaroaren 7an, ingeles errepertorioko bitxi bat.

Ángel Corellak eta Ara Malikianek, indarrak bateratuko dituzte, baita beren kemena, ausardia eta publikoarekin konektatzeko duten ahalmenta ere. Xarmaz, indarrez eta sugestioz beteriko egitarau bat aurkeztuko dute azaroaren 24an .

Abenduaren 2ko programak, Anne Sofie Von Otter, suediar mezzosoprano handiaren egokikortasuna agertuko du, gure agertokietan gutxitan ikusten den gauza: programa berean Poulenc eta Moustaki edota Trenet eta Debussy bateratzeko gauza baita.

Bukatzeko, urtarrilaren 11n,  Pierre-Laurent Aimard pianista frantsesak ez du inor axolagabe utziko musikaren historiako teklaturako obra nagusienetako bat interpretatuz, J.S. Bachek, Eisenbacheko jeinu barrokoak, idatzi zuena. Birtuosismo eta nortasun erabatekoa.

HERRI MUSIKA
Atal honetako lehen hitzordua “Ni Petti Buhamea” pastorala izango da, urriaren 11n
Pier-Paul Berzaitz abeslari eta konpositoreak idatzia. Pastoral honek Pettiren istorioa kontatzen du; ijito lerden bat da Petti, eta herriko familia dirudun bateko alabarekin maitemindu da.

Urriaren 13an, Martin Barrek, Jethro Tulleko gitar-joleak, bandaren pieza klasikoak joko ditu.

Yann Tiersen, musikari frantsesa, “Amélie” filmaren sortzailea, Auditorioan izango da urriaren 21ean.

Egun bat beranduago, urriaren 22an, Chrissie Hyndek, rockaren ikonoak, “Stockholm”, bere azken lana aurkeztuko du, baladak eta tarteko denborak nagusitzen diren abesti-bilduma.

Pettik, erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakona ditu ezaugarri eta kubo txikian arituko da urriaren 24an.

Guitar Conference banda, jazz-gitarrista hoberenak agertokia partekatu eta musika-ideiak truka ditzaten sortua, Kursaalen arituko da azaroaren 11n.

Anne Etchegoyenen ahots gozo eta indartsuak publikoa konkistatuko du azaroaren 14an. Arrakasta erabatekoa lortu du bere azken diskoarekin. Albumean euskal folkloreko abesti tradizionalak eta Etchegoyenen beraren konposizioak ageri dira, gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez kantatuak.

Azaroaren 20an, galdu ezin dugun hitzordua dugu azken hamar urteotan soulak eta funkak izan duen revivalaren ikono nagusietako batekin: Sharons Jones eta bere ohiko lagun diren The Dap-Kingsekin, hain zuzen ere.

Gure gabonetako proposamena “Kantuz topa” ikuskizuna izango da. Abenduaren 27an, “euskal kantagintzaren” ahots ezagunenek betiko abestiak eskainiko dituzte.

Eta bukatzeko, James Taylorrek, publikoa txundituko du martxoaren 15ean bere baritono ahots goxoarekin eta gitarra jotzeko duen berezko estilo horrekin.

MUSIKA FAMILIAN
Familiei zuzenduta dagoen ziklo honek bi proposamen jasotzen ditu: Urriaren 18an “Koko le clown” ikuskizunak liluratu egingo gaitu musika eta zinema nahasten dituen birraurkikutza freskagarri honetan. Eta azaroaren 29an ospatuko den “Metalikoak, S.A.” ikuskizunak, publikoari haize-metalezko instrumentuei eskainitako konposizioa sorta zabal bat hurbildu nahi dio publikoari.

Informazio gehiago aurkitu dezakezue gure webgunean: http://kursaaleszena.kursaal.org/eu/

 

Denzel Washington eta Benicio del Toro izango dira Zinemaldiko izarretako bi

Gaurkotasunak / 15 iraila, 2014

Festival de Cine KursaalBihar, iIrailak 19an hasi eta 27an amaitzen den 62. Donostia Zinemaldiak hainbat izar ekarriko ditu hirira; besteak beste, Benicio del Toro, Denzel Washington, Charlotte Gainsbourg, Viggo Mortensen eta Antonio Banderas.
Egun hauetan, azken urteetan bezala, kongresu jauregiak lehiaketaren kartel ofiziala irudikatzen duen argiztapen deigarria du ikusgai. Izan ere, jaialdiaren egoitza nagusia izango da, foku guztiak erakarriko ditu eta bertako alfonbra gorritik hainbat zinemagile, aktore, gonbidatu eta ikusle igaroko dira.
Lehiaketaren bederatzi egunetan, ehun film baino gehiago emango dira aparteko zinema areto bihurtutako Auditoriumean eta Ganbera Aretoan (Kursaal 1 eta Kursaal 2), eta 100.000 ikusle baino gehiago hartuko dituzte. Bertako agertokietan egingo dira inaugurazio eta amaiera ekitaldiak, baita Donostia Sarien banaketa ere.
Gutxi gorabehera 40 herrialdetako 1.500 kazetari inguru arituko dira lanean Kursaalen, akreditazio gelatik hasi eta prentsa aretoetaraino; eta, noski, jauregia Zinemaldiko prentsaurreko jendetsuen egoitza izango da (guztira, berrogei baino gehiago). Akreditatutako hedabideez gain, egun hauetan zinemaren munduko ehunka gonbidatu igarotzen dira Kursaaletik, artearen nahiz industriaren esparrukoak, bertan kokatzen baita The Industry Club ere.
Ohiko sailei (Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak, Zinemira, Culinary Zinema, Savage Zinema eta Zinema Eraikitzen) beste bi sail berezi gehitu zaizkie aurten, Dorothy Arzner-en atzera begirako bat eta atzera begirako tematiko bat: Eastern Promises.

 

San Sebastian Gastronomika 2014, Italiarekin hitzordua (Iparraldea vs. Hegoaldea)

Gaurkotasunak / 9 iraila, 2014

Kursaal San Sebastián GastronomikaSan Sebastian Gastronomikak XVI. edizioa du 2014. urte honetan. Goi gastronomiaren munduko erreferentzia gisa finkatu da, eta galdu ezinezko hitzordua izango da urriaren 5etik 8ra Kursaalen. Italia izango da herrialde gonbidatua.
Italiak kultura asko biltzen ditu. Sentsibilitate asko. Eta, beraz, sukaldaritza asko. “Italia: Iparraldea vs Hegoaldea” izenburupean, Kursaalek bi mundu gastronomiko hartuko ditu, munduko sukaldaritza liluragarri, sutsu eta kromatikoenetako bat birsortuz. Italiak —Iparraldeak eta Hegoaldeak— ezagutzea merezi duten aromen panoramika bikoitz bat eskaintzen du. Beren tradizioetan eta haien berrikuspenean ez ezik, baita beren itsaso, mendi, zerumuga eta abarren sormenezko interpretazio libretik sortutako abangoardia anitzetan ere.
Bi puntu kardinalen arteko erronka batean, biltzarrak, lehen aldiz elkarrizketa geografikoaren formatu hau baliatuz, Donostian bat egingo duten bi “Italia” ikasi, gozatu eta amesteko proposamena egiten du. Programak barne hartuko ditu sukaldaritza eta formatu guztiak. Ekoizleak eta chefak. Lehengaiak eta azken platerak. Historia eta eboluzioa. Finketa eta kalea.
Kursaalen izango dira, besteak beste, honako hauek: Massimiliano Alajmo, Massimo Bottura eta Niko Romito (3na Michelin izar dituzte). Parte-hartzaileen artean izango dira honako hauek ere: Carlo Cracco mediatikoa eta Gennaro Esposito, Davide Scabin, Norbert Niederkofler, Andrea Berton, Nino di Costanzo, Moreno Cedroni, Mauro Uliassi eta Pino Cuttaia. Guztira, Italiako 30 Michelin izar. Horien artean, nabarmentzekoak dira pizzaren hiru maisu handi ere: Enzo Coccia, Cinque Raimondo eta Enzo Piccirillo.
Italia izango da urriaren 5ean, igandez, ospatuko den Jardunaldi Herrikoi tradizionaleko protagonista ere. Kursaalaren atarian, benetako pizza dastatzeko aukera izango da. Barruan, Andrea Tumbarello eta Enzo Coccia chef italiarrek, besteak beste, jendearentzako eskola magistralak eskainiko dituzte.
Bestalde, biltzarrak Euskadiko eta Espainiako chefik onenak bilduko ditu berriz ere. Bertan izango dira Batzorde Teknikoko kide diren Juan Mari Arzak, Andoni Luis Aduriz, Martín Berasategui, Hilario Arbelaitz eta Pedro Subijana euskal sukaldariak, baita Eneko Atxa eta Josean Alija ere. Eta Espainiako goi-mailako gastronomian oso garrantzitsuak diren hauek ere han izango dira: Joan Roca, Carme Ruscalleda, Quique Dacosta, Francis Paniego, Paco Pérez, Ramon Freixa, Marcos Morán, Dani García eta Ángel León.
Pedro Arreguiri (Elkano) hil osteko aitorpena egingo zaio Kursaaleko auditoriumean, eta, bestalde, jantokiko lanaren VI. Urrezko Gueridón  saria emango zaio, aurtengoan, Quique Dacosta jatetxeko Didier Fertilattiri. Horrez gain, Pau Albornà i Torras Kazetaritza Gastronomikoaren Sariaren bigarren edizioko irabazlea nor den ere jakitera emango da.
OFF ETA HERRIKOIA
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Countryk lau gune bereizi dauzka. Kursaaleko auditoriumean ospatzen den eta chef handien hitzaldiak, ardoaren mundua, jantokia eta goi mailako gastronomiaren mundu guztia hartzen duen ALTA atalaz gain, badu bere lekua OFF atalean ere.
Aurten berriro izango ditugu enologiari eskainitako Wine Sessions saioak (El Bulli jatetxeko sommelier ohi Ferran Centelles, Cristina Alcalá eta El Celler de Can Rocako Josep Roca buru dituen kontzeptua). Italiako ardoak ere izango du bere protagonismoa. Gure artean izango ditugu gai horretako aditu handienetako batzuk; Luca Maroni, Juancho Asenjo eta Walter Speller, besteak beste. OFF atalean, Wine & Win lehiaketaren bigarren edizioa ere jokatuko da. 30 bikote lehiatuko dira, ardoari buruz gehien dakitela erakutsi nahian. Eta dagoeneko tradizio bihurtu den Parrilla Lehiaketa Nazionala ere egingo da, profesionalek eta zaleek osatutako epaimahai misto batekin.
OFF atala aukeratu da formatu txikiko beste jarduera batzuetarako ere: “…kin sukaldean” saioak, chef onenekin eskola partikularrak (gehienez bost pertsonarentzat), eta “Sukalde pribatuak” (gehienez 15 ikaslerentzako tailerrak). Maisuen artean, Virgilio Martínez (Restaurante Central de Lima), Ricard Camarena, Dani García, Quique Dacosta, Andoni Luis Aduriz eta Pedro Subijana.
HERRIKOIA: Urriaren 5ean, igandez, Jardunaldi Herrikoi tradizionala egingo da, hiriari irekitako biltzarrari hasiera emanez. Kursaalaren atarian, donostiarrek aroma italiarra duen street food-ik onena dastatzeko aukera izango dute. Eta Kursaaleko Ganbera Aretoan, ateak zabalik izango dira Espainian gastronomia italiarraren erreferente diren hiru sukaldariren eskola magistraletan parte hartzeko: Andrea Tumbarello (Don Giovani), eta Max eta Stefano Colombo (Xemei). Bertan izango dira Enzo Coccia, Cinque Raimondo eta Enzo Piccirillo maisu pizzagileak ere.
MARKET: Nazio zein nazioarte mailako produkturik onenak eta sektoreko azken joerak erakusteko hainbat lekutatik etorritako erakusleak bilduko ditu. Aurten 150 enpresa ingururen ordezkaritza izango da biltzarraren historiako MARKET erakargarrienetako batean, marka italiarren presentzia handiarekin. Berritasun gisa, dinamizazio gune berri bat jarri da MARKET bete-betean; zuzeneko erakustaldiak egingo dira bertan, nazio zein nazioarte mailako produkturik onenekin.
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Countryk jende arrakasta handiarekin amaitu zuen azken edizioa; 12.500 bisitatik gora jaso zituen.